Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

150/2008 DEKRETUA, uztailaren 29koa, Elebide -Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua- sortu eta kontsulten, iradokizunen eta kexen araubidea ezartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 154
  • Hurrenkera-zk.: 4788
  • Xedapen-zk.: 150
  • Xedapen-data: 2008/07/29
  • Argitaratze-data: 2008/08/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak bere 6. artikuluan xedatzen du euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, ofiziala dela gaztelaniarekin batera, eta herritar guztiek bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea dutela.

Halaber, Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagokie bi hizkuntzen ofizialtasuna arautzea, eta hizkuntza ofizialen ezagutza eta erabilera bermatzea. Era berean, inork ez du bazterketarik jasango hizkuntza dela eta.

Inguru horretan onartu zen Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea. Gerora, hizkuntza ofizialen erabilerari zein hizkuntza eskubideei eragiten dieten arau ugari eman dira.

Horrela, Euskararen erabilera arautzen duen Oinarrizko Legeak herritarren hizkuntza eskubideak aitortzen ditu, eta bere 4. zein 5. artikuluetan xedatzen du botere publikoek beharrezko neurriak hartuko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza dela eta inork bazterketarik jasan ez dezan, eta aipatutako botere publikoek eskubide horien erabilera bermatuko dutela benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen.

Beste alde batetik, Kultura Sailaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuaren 15.2.h) artikuluaren arabera, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzaren eskumena da, eskatzen duten herritarrei, beren hizkuntza eskubideak babesteko informazioa eta aholkularitza ematea, eta eragindako erakundeei eskubide horiek benetan bete daitezen elkarlana eskaintzea.

Zeregin hori aipatutako Zuzendaritzak beteko du, eragindako Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko erakunde eta Sailekin lankidetzan, hizkuntza eskubideen gaineko eskumenak dituzten herri-erakunde eta -instituzio guztiei zabalik egongo den lankidetza.

Bildutako esperientziak eta gizartearen eskaera gero eta handiagoak Zerbitzu berezia sortzeko beharra erakutsi dute, herritarrak hizkuntza eskubideei buruz sentikortu eta informatuko dituena, herritarrek aurkezten dituzten hizkuntza arloko kontsultak eta erreklamazioak bideratu eta kudeatuko dituena, eta prozedura berezitua, arina eta erraza ezarriko duena zeregin horiek modu eraginkorrean bete ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren barruan zein eskumena duten beste erakunde publiko batzuekin koordinatuta. Horregatik sortzen da Elebide –Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua-, aipatutako legerian jasotakoa garatzeko eta ezartzeko.

Dekretu hau izapidetzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak exijitzen dituen derrigorrezko txostenak eman dira.

Ondorioz, Kultura sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko uztailaren 29ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Elebide –Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua- sortzen da, Zerbitzu organo-izaerarekin, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari atxikita.

  1. – Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren zereginak izango dira, hizkuntza eskubideen gaineko sentikortasuna sustatzea, eskatzen duten herritarrei horien babesari buruzko informazioa eta aholkularitza ematea, eta lankidetza eskaintzea eragindako Sail, instituzio eta erakundeei, aipatutako eskubideak bete daitezen.

  2. – Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren jarduketetan, indarreko araudian aitortutako hizkuntza eskubideak hartuko dira oinarri.

  1. – Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak jarduketa hauek egingo ditu:

    1. Ekintzak eta kanpainak sustatzea, herritarrak dagozkien hizkuntza eskubideen gainean sentikortu eta informatzeko, baita horien babesa eta bermea artikulatzeko moduaz ere.

    2. Hizkuntza eskubideen eta hizkuntza araudiaren gaineko informazioa eta aholkularitza ematea.

    3. Kexak jaso eta izapidetzea, hizkuntza eskubideak urratu direlako edo erabiltzearen ondorioz kalteak jasan direlako.

    4. Kexen objektu diren Sail, instituzio eta erakundeei lankidetza eta aholkularitza teknikoa eskaintzea, hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen, eta zerbitzuen kalitatean hobekuntza iraunkorra sustatzea, hizkuntza arloan ere.

    5. Hizkuntza eskubideen babesarekin lotutako iradokizunak jaso eta izapidetzea.

  2. – Dekretu honetan aurreikusitako zereginak betetzeko, Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua eragindako Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Sailekin lankidetzan arituko da.

  3. – Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak kooperazioa sustatuko du hizkuntza eskubideen babesaren gainean eskumena duten edo eraginda dauden instituzio, organismo eta erakunde publiko zein pribatuekin.

  1. – Kexak izango dira, Dekretu honen ondorioetarako, herritarrek Elebide Hizkuntza Eskubideak bermatzeko zerbitzura bidaltzen dituzten idatzi eta jakinarazpenak, haien hizkuntza eskubideak urratu direla urte dutenean.

  2. – Kexek ez dute administrazio-errekurtso, akzio judiziala egikaritu aurreko erreklamazio, administrazioaren ondarezko erantzukizunagatiko erreklamazio, edo administrazioarekiko diru-erreklamazio izaerarik, eta beraz, horiek aurkezteak ez du aipatutako errekurtso eta erreklamazioetarako indarreko araudian ezarritako eperik eteten. Era berean, ez dute Eskea egiteko Eskubidea arautzen duen abenduaren 12ko 4/2001 Lege Organikoaren babesean aurkeztutako eskaeren izaerarik.

  3. – Kexaren berezko izaera dela eta, bere erantzunaren aurka ezingo da errekurtsorik jarri, nahiz eta kexaren zioak berriro azaldu ahal izango diren lotutako administrazio prozeduraren barruan jar litezkeen balizko errekurtsoetan.

  4. – Kexa jartzeak ez du pertsona interesdunaren esku leudekeen erreklamazio, eskubide, edo administrazio nahiz judizio izaera duen akziorik egikaritzea eragozten edo baldintzatzen, eta ez du, ondorioz, horiek aurkezteko eperik etengo.

Dekretu honen ondorioetarako, iradokizunak dira hizkuntza eskubideen berme eraginkorra bultzatzeko eta hizkuntza arloan zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko herritarrek egiten dituzten proposamenak.

Dekretu honen ondorioetarako, kontsulta da hizkuntza eskubideen eta Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen araudiaren gainean herritarrek aurkeztutako edozein informazio eskaera.

  1. – Kontsultak, kexak eta iradokizunak idatziz azalduko dira, izen-abizenak, nortasun agiria, pertsona interesdunaren helbidea jakinarazpenak jasotzeko, egitateak eta kontsulta, kexa edo iradokizunaren azalpenaren muina diren arrazoiak, lekua eta data adieraziz.

  2. – Halaber, kontsultak, kexak eta iradokizunak telefonoz azaldu ahal izango dira. Kasu honetan, Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak idatziz jasoko ditu, aurreko paragrafoko datuak bilduz, eta pertsona interesdunari bidaliko dizkio onespena eman dezan.

  3. – Era berean, kontsultak, kexak eta iradokizunak edozein bide elektroniko, informatiko edo telematikoren bitartez aurkeztu ahal izango dira, kautotasuna egiaztatuz, indarrean dagoen araudiarekin bat.

  4. – Kontsulta, kexa edo iradokizuna jasotzen duen idatziak beharrezko baldintzak betetzen ez baditu, pertsona interesdunari 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko eskatuko zaio, beren beregi azalduz, egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena legeek jasotako moduan eman ondoren.

  5. – Herritarrek Elebide Hizkuntza Eskubideak bermatzeko zerbitzuko langileen laguntza jasoko dute kontsulta, kexa edo iradokizuna azaltzeko eta konstantzia uzteko. Edozein kasutan, pertsona interesdunak sinatu beharko du onespena adieraziz.

  6. – Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak aukera izango du idatzi anonimoak eta fede gaizto ageria adierazten dutenak ez onartzeko.

  1. – Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak Kontsulten, Kexen eta Iradokizunen Erregistro bat kudeatuko du barne erabilerarako, eta guztiei buruzko informazioa jasoko da bertan, tartean haien izapidetze-prozedura eta, dagokionean, ebazpena edo erantzuna.

  2. – Kontsulta, kexa edo iradokizuna aurkeztuta, Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak informazio-espedientea zabalduko du, dagokionean egoki iritzitako ikerketak eta diligentziak eginez.

  3. – Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak eragindako Administrazioko erakunde edo Sailera bideratuko du jasotako kontsulta, kexa edo iradokizuna, aintzat hartu eta, dagokionean, erantzun egokia prestatzeko. Erantzuna Elebide Hizkuntza Eskubideak bermatzeko zerbitzura bidaliko da, eta honek pertsona interesdunari igorri.

  4. – Kontsulta, kexa eta iradokizun guztiak bideratuko dira, eta eragindako erakundeak edo Sailak emandako erantzuna jasoko dute. Kontsulta, kexa edo iradokizuna Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuan jasotzen denetik hilabeteko epean, bere izapidetze egoeraren berri emango zaio interesdunari. Erantzunaren jakinarazpena, izapide hau administrazio egintzetarako arautzen duten arauekin bat egingo da.

  5. – Kontsulta, kexa edo iradokizunaren xede den erakunde edo Sail bakoitzak beharrezko neurriak hartuko ditu erantzuna emateko betebeharra epe barruan bete dadin, baita azaldutako akatsak zuzentzeko ere. Egindakoaren berri Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuari eman beharko zaio, eta honek pertsona interesdunari helaraziko dio.

  6. – Pertsona interesdunak bere kontsulta, kexa edo iradokizunaren izapidetze egoerari buruzko informazioa eskatu ahal izango du edozein unetan.

  1. – Eragindako entitate eta Sailek, arreta eta erantzuna emateko arduradun bezala, kontuan izango dute kexa eta iradokizunen edukia, zerbitzuen kalitatearen hobekuntza iraunkorraren ondorioetarako.

  2. – Kexa edo iradokizun multzo baten analisitik akats berberak edo zerbitzu hobea emateko aukerak agerian gelditzen direnean, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak hobekuntza talde baten osaera sustatuko du, bere ordezkarien eta eragindako entitate edo Sailetako ordezkarien partaidetzarekin, beharrezko neurri zuzentzaileak aztertu, prestatu eta proposa ditzan, eta ezarri beharreko hobekuntza ekintzak zehatz ditzan.

Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak urteko memoria bat prestatuko du, eta horren berri emango dio Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari. Memoria hori publiko egin eta Eusko Legebiltzarrera zein Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako herri administrazioetara bidaliko da.

Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak idazkietan eta jakinarazpenetan jasotako datu pertsonalen babesa bermatuko du, Datu Pertsonalen Babesa arautzen duen abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat.