Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

166/2007 DEKRETUA, urriaren 2koa, audioprotesi-establezimenduen betebeharrei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 217
  • Hurrenkera-zk.: 6150
  • Xedapen-zk.: 166
  • Xedapen-data: 2007/10/02
  • Argitaratze-data: 2007/11/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Osasun eta kontsumoa; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzko oinarri orokorrak ezarri zituen urriaren 10eko 1277/2003 Dekretuak honela definitzen ditu audioprotesi-establezimenduak: indarrean dagoen legeriaren arabera eskatzen den titulazio ofiziala, kualifikazio profesionala edo esperientzia duten langileen zuzendaritza teknikoarekin, eta paziente bakoitzaren arabera egokituta, entzumeneko gabeziak zuzentzeko produktu sanitarioak saltzen dituen establezimendu sanitarioa.

Osasun-arloko lanbideak antolatu zituen azaroaren 21eko 44/2003 Legeak ezartzen duenaren arabera, lanbide-heziketako osasun-arloko profesionalak honako hauek izango dira: osasunaren lanbide-arlokoak diren lanbide-heziketako tituluak, edo horien baliokideak diren titulu edo egiaztagiriak dituztenak. Goi-mailako profesionalei dagokienez, berriz, Audioprotesiko goi-mailako titulua dutenak. Profesional horiek lanbide-heziketari, prestakuntza-mailei eta titulazio zehatzari dagozkien arauen arabera jardun behar dute, betiere, osasunaren arloko lanbide titulatuek duten eskumen profesionalarekiko, erantzukizunarekiko eta autonomiarekiko errespetuz jokatuz.

Bestalde, produktu sanitarioak arautzen dituen martxoaren 1eko 414/1996 Errege Dekretuaren 18. artikuluaren arabera, paziente bakoitzari egokitu behar zaizkion produktuak zuzenean saltzen dituzten establezimenduek, egokitze hori egiteko beharrezkoa den ekipamendua eta horretarako gaitua dagoela egiaztatzen duen titulazioa duen profesionala izan beharko dute. Eta Errege Dekretu horren hamaikagarren xedapen gehigarriaren arabera, tituludun profesional hori ez dagoen kasuetan ere saldu ahal izango dira erabiltzaile bakoitzari egokitutako audioprotesi-produktuak, baldin eta jardunean dagoen eta, gutxienez, hiru urteko esperientzia duen profesional batek gainbegiratzen badu jarduna. Profesional horrek, 16.3 artikuluaren arabera, halaxe identifikatuta egon behar du dagokion Autonomia Erkidegoko osasun-agintariei egindako jakinarazpenean. Esperientzia abenduaren 18ko 2727/1998 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera egiaztatuko da.

EAEko zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeko prozedura otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan arautu zen. Dekretu horren azken xedapenetatik bigarrenean aurreikusitakoaren arabera, araua zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitario guztientzat egongo da indarrean. Salbuespen izango dira, ordea, audioprotesi-establezimenduak; izan ere, betebeharrak ezartzen dizkien araua indarrean sartzen denetik aurrera eragingo die arau horrek. Aurreikuspen hori betetzeko ordua iritsi da, eta horretarako, Dekretu hau onartuko da.

Hiru motakoak dira establezimendu sanitarioek bete beharreko baldintzak: langileei dagozkienak, instalazioei eta ekipamenduari dagozkienak eta dokumentazioari dagozkionak. Lehendabizikoetatik oso modu berezian nabarmentzen da zuzendari teknikoaren arautzea. Adierazitako araudiaren arabera, Audioprotesiko goi-mailako teknikari titulua edo Audioprotesiko teknikari espezialista titulua izan behar du. Titulazio hori jada ez da eskaintzen, baina ondorio ekonomiko eta profesional berberak ditu, urtarrilaren 26ko 62/2001 Errege Dekretuaren 2.5 artikuluan ezartzen denaren arabera (62/2001 Dekretua, Audiprotesiko goi-mailako teknikari titulua eta dagozkion gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituena). Jakina, gerora begira, baliokideak diren lanbide-heziketako tituluak edo profesionaltasunaren egiaztagiriak eduki ahal izango dira, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera (5/2002 Lege Organikoa, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzkoa).

Euren ezagutzak direla medio, zuzendari tekniko gisa onartzen dira baita ere Otorrinolaringologiako mediku espezialistak, betiere, medikuntzan ez badihardute (oinarrizko araudiak debekatu egiten baitu aldi berean bi jardueratan aritzea).

Halaber, 1975eko otsailaren 18an Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako Aginduetan ezarritakoaren arabera, honako tituluen jabe diren Farmaziako lizentziatuak ere onartzen dira: Optika Oftalmikoko eta Akustika Audiometrikoko Diplomatura (Bartzelonako Unibertsitateak emandakoa) edo Optikako eta Akustika Audiometrikoko Diplomatura (Santiagoko Unibertsitateak emandakoa). Titulu horiek ere egun ematen ez diren arren, urte batzuetan zehar arlo horretan gutxieneko prestakuntza akademiko bat ziurtatzen zuten bakarrak izan ziren.

Gauza bera gertatzen da, abuztuaren 4ko 1396/1995 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera prestakuntza aitortu behar zaien europarrekin ere (1396/1995 Errege Dekretua, Europar Batasuneko estatu kideetako eta Espazio Ekonomiko Europarrari buruzko ituna sinatu duten beste herrialdeetako prestakuntza profesionalak aitortzeko bigarren sistema orokorra arautzen duena).

Azkenik, zuzendari teknikoak izan daitezke 414/1996 Errege Dekretuan eskatzen den esperientzia duten profesionalak (2727/1998 Errege Dekretuaren idazkera).

Establezimenduaren titularra da bertan egiten den jarduera ororen arduradun, baina zuzendari teknikoak berak egingo ditu jarduera horietako batzuk, horretarako gaitua baitago; zehazki, audioprotesiak paziente bakoitzari egokitzeari eta dokumentazioa landu eta gordetzeari dagozkionak.

Lokalei eta audioprotesi-establezimenduek izan behar duten ekipamenduari dagokienez, honako desberdinketa egiten da: ohiko araketak egin ahal zaizkien pertsonentzako audioprotesiak egokitzen dituztenak eta haurrekin dihardutenak. Hamar urtez azpiko haurtxoei euren adinarekin bat datorren araketa egin behar zaie, besteak beste: orientazio-erreflexu baldintzatuaren bidezko audiometria, ikusmen-laguntzarekin egiten den audiometria, errefortzu eragingarriarekin egiten den audiometria baldintzatua (peep-show), audiometria ludikoa, hiztegi-testarekin egiten den audiometria, edo hitzezko audiometria —hitza detektatzeko eta bereizteko probekin egiten dena—. Miaketa espezifiko horrek kontuan izan diren hainbat eskakizun barne hartzen ditu.

Audioprotesi-establezimenduek, Dekretu hau indarrean sartzen denerako, instalazio- eta funtzionamendu-baimenak izan beharko dituzte (orain arte ez zituzten behar). Bidezkoa da egoera berrira egokitzeko epe bat ematea, hirugarren xedapen gehigarrian egiten den moduan. Horrek ez du esan nahi, ordea, produktu sanitarioak arautzen dituen martxoaren 1eko 414/1996 Errege Dekretuaren 16. artikuluan adierazten diren jakinarazpenak egin behar ez dituztenik.

Horrenbestez, Elkargo Ofizialei eta sektoreko gizarte erakunde nagusiei entzun ostean, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Osasun sailburuak halaxe proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko urriaren 2an egindako bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honek audioprotesi-establezimenduen betebeharrak ezartzea du helburu.

  1. – Audioprotesi-establezimenduak izango dira urriaren 10eko 1277/2003 Errege Dekretuan zehaztutakoak.

  2. – ekretu honen ondorioetarako, audioprotesi-establezimendutzat joko dira optikak eta ortopediak, baldin eta paziente bakoitzari egokitutako produktu sanitarioak saltzen badituzte, entzumen-urritasunak zuzentzeko.

  1. – Debekatuta dago zentro eta zerbitzu sanitarioetan entzumen-urritasunak zuzentzeko produktu sanitarioak saltzea, paziente bakoitzari egokitu beharra izan ala ez.

  2. – Entzumen-urritasunak zuzentzeko produktu sanitarioen salmenta ibiltaria debekatuta dago.

  1. – Zuzendari tekniko bat izan behar dute audioprotesi-establezimenduek. Zuzendari horrek, jendaurreko ordutegian zehar, bertan egon beharko du beti.

  2. – Zuzendari teknikoak honako titulu hauetakoren bat izan behar du:

    1. Audioprotesiko goi-mailako teknikaria; edo bestela, lanbide-heziketako tituluak edo profesionaltasun-egiaztagiriak, baldin eta Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera, irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretuan ezarritako audioprotesiko lanbide-prestakuntza dutela egiaztatzen badute.

    2. Audioprotesiko teknikari laguntzailea.

    3. Otorrinolaringologiako mediku espezialista, baldin eta medikuntzan lanean ez badihardu.

    4. Farmaziako lizentziatura eta Optika Oftalmikoko eta Akustika Audiometrikoko Diplomatura, Bartzelonako Unibertsitateak emandakoa, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren 1975eko otsailaren 18ko Aginduan ezarritakoaren arabera.

    5. Farmaziako lizentziatura eta Optika Oftalmikoko eta Akustika Audiometrikoko Diplomatura, Santiagoko Unibertsitateak emandakoa, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren 1975eko otsailaren 18ko Aginduan ezarritakoaren arabera.

    6. Aurreko a), b) eta c) idatz-zatietan aurreikusitako tituluekin pareka daitekeen beste edozein titulu, baldin eta abuztuaren 4ko 1396/1995 Errege Dekretuan ezarritakoaren araberako aitorpena lortzen badute (1396/1995 Errege Dekretua, Europar Batasuneko estatu kideetako eta Espazio Ekonomiko Europarrari buruzko ituna sinatu duten beste herrialdeetako prestakuntza profesionalak aitortzeko bigarren sistema orokorra arautzen duena).

  3. – Titulaziorik ezean, zuzendari teknikoak 414/1996 Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriaren 2. paragrafoan eskatzen den esperientzia izan behar du (414/1996 Errege Dekretua, martxoaren 1ekoa, produktu sanitarioak arautzen dituena). Eta, hain zuzen ere, esperientzia hori egiaztatu behar du aipatutako Errege Dekretua aldatu zuen abenduaren 18ko 2727/1998 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera.

  4. – Entzumen-urritasunak zuzentzeko produktu sanitarioak, paziente bakoitzari egokitutakoak, saltzen dituzten optika eta ortopedietan, audioprotesi-jardueraren zuzendari teknikoaren egitekoa bateragarria da optika- eta ortopedia-jardueren arduradun asistentzialak edo zuzendari teknikoak duen egitekoarekin, baina horrek ez du esan nahi titulazioari edo esperientziari dagozkion baldintzak bete behar ez dituztenik.

Honako hauek dira zuzendari teknikoaren egitekoak:

  1. Medikuaren aginduak interpretatzea.

  2. Zuzenketa audiometrikorako beharrezkoak diren probak egitea: audiometria-probak, otoskopiak eta inpedanziometriak.

  3. Pazienteak miatzea, euren belarriaren kanpoaldeak dituen ezaugarri anatomofisiologikoak zehazteko.

  4. Kasu bakoitzerako egokia den entzumen-protesia aukeratzea eta doitzea; horretarako, protesiaren eraginkortasunaren kontrol-probak egingo dira.

  5. Inpresioak hartzea, egokitzaile anatomikoak eta protesien babesgarriak egiteko.

  6. Egokitzaile anatomikoak eta protesiak zuzentzea eta konpontzea, fabrikatzaileak esku hartu beharrik ez duenean.

  7. Pazienteei protesiak erabiltzeko, mantentzeko eta zaintzeko argibideak ematea.

  8. Lanerako prozedura arautuak eta 10. artikuluan adierazitako 10 urtez azpiko haurtxoen miaketarako protokolo idatzia lantzea.

    11. eta 12. artikuluetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatzea.

  1. – Audioprotesi-establezimenduetako langileen jarduna zuzendari teknikoak gainbegiratuko du beti.

  2. – 4.2 eta 4.3. artikuluetan adierazten den titulazioa edo esperientzia duten langileek 5. artikuluan ezarritako jarduerak burutu ahal izango dituzte; salbuespen izango dira, ordea, h) eta i) idatz-zatietako jarduerak.

  1. – Lokalek irisgarritasuna dela-eta indarrean dagoen legeria bete behar dute, eta, gutxienez, honako eremu hauek izan behar dituzte, bata bestearengandik behar bezala bereizita:

    1. Jendea hartzeko eremua; argi eta garbi zehaztu behar da eremu hori, bezeroa behar bezala atenditzeko moduan.

    2. Miatzeko, inpresioak hartzeko eta egokitzeko eremua. Audiometriak egiteko indarrean dauden arau teknikoak betetzen dituen gela intsonorizatu bat izan daiteke, baldin eta homologatutako sonometro eramangarri bat badu. Bestela, audiometriako kabina baten bidez gainerako eremuetatik bereizita dagoen gela bat izan daiteke. Miaketak egin ahal izango dira bertan, baina gehienez atera ahal izango den hotsa 40 dBA-tik beherakoa izan behar da. Halaber, audiometria egin behar duen pertsonarekin komunikatu ahal izateko sistema bat ere izan behar du gela horrek.

    3. Komunetako eremua.

    4. Biltegia, establezimenduan erabiltzen diren produktu guztiak behar bezala mantentzeko egokia izango dena.

  2. – Hamar urtez azpiko haurtxoei entzumen-urritasuna zuzentzen zaien audioprotesi-establezimenduetan, miatzeko, inpresioak hartzeko eta egokitzeko eremuak nahitaez izan behar du gela intsonorizatu bat; audiometriak egiteko indarrean dauden arau teknikoek exijitutako baldintzak bete behar ditu, eta sonometro homologatu eramangarri bat izan behar du. Gela horrek ekipamendua, miaketa edo egokitzea egin behar duen pertsona eta haurra bertan hartzeko nahikoa leku izan behar du, oso maiz burutzen den jarduera baita, eta gaixoari arreta egokia eskaini behar baitzaio.

  3. – Entzumen-urritasunak zuzentzeko produktu sanitarioak, paziente bakoitzari egokitutakoak, saltzen dituzten optika eta ortopedietan, jendaurreko eremuak, komunak eta biltegia establezimendu horien jarduna burutzen den eremu berean egon daitezke.

  1. – Miatzeko, inpresioak hartzeko eta egokitzea egiteko eremuak, gutxienez, honako ekipamendua izan behar du:

    1. Audiometro klinikoa, tonala edo ahotsezkoa. Honako hauek izango ditu audiometro horrek: irteerak (airez, hezurretatik, kanpo librean), bi kanal, ezkutatzeko gaitasuna, linean sarrerak —dauden euskarrietan grabatutako ahots-materialarekin lan egin ahal izateko— eta mikrofonoak. Audiometria tonalak utzi behar du airez 120 dB HTLko hots-mailara iristen, eta hezurretatik, 70 dB-ko mailara. Honako hauek izango dira, hurrenez hurren, maiztasun-tarteak: 125 Hz-tik 8.000ra, eta 250 Hz-tik 4.000ra. Ahots-audiometriari dagokionez, anplifikaziorako gaitasunak izan behar du 100 dB HTLkoa edo handiagoa airez eta kanpo librean.

    2. Otoskopioa. Botatzekoak ez diren espekuluak dituzten otoskopioak metodo eta produktu egokien bitartez desinfektatu behar dira.

    3. Inpedanziometroa.

    4. Doitasun-sonometroa.

    5. Software-a eta audiofonoak egokitzeko soinu-txartela duen ordenagailua.

    6. Audiofonoen analizatzailea, neurketak egitea ahalbidetuko duena, bai tinpano mailakoak —pazientearen belarrian audiofonoa doitzeko—, bai tinpanoaz kanpokoak —indarreko araudiaren arabera, audiofonoen kalitatea kontrolatzeko—.

    7. Baterien karga neurtzeko tresna.

    8. Stetoclip-a, audiofonoaren funtzionamendua konprobatzeko.

    9. Garbigailu ultrasonikoa, egokitzaileak garbitzeko.

    10. Inpresioak hartzeko egokia den besaulkia edo esku-ohea.

  2. – Fabrikatzaileak zehazten dituen mantentzeak egin behar zaizkio ekipamenduari.

  3. – Audiometro klinikoa eta inpedanziometroa urtero kalibratu behar ditu horretarako gaitua dagoen enpresa batek, IEC arauaren arabera.

  4. – Hamar urtez azpiko haurren entzumen-urritasunak zuzentzen dituzten audioprotesi-establezimenduek, aurreko paragrafoetan adierazitako ekipamenduaz gain, honako hauek ere izan behar dituzte:

    1. Altuera erregulagarria duten lau bozgorailu.

    2. Lau ikusmen-errefortzu bozgorailuetarako.

    3. Soinudun jostailuak.

    4. Jostailu elektrikoak.

    5. Soinudunak eta elektrikoak ez diren jostailuak.

  5. – Soinudun jostailuak urtero kalibratu behar ditu horretarako gaitua dagoen enpresa batek.

Audioprotesi-establezimenduek honako lanabesak izan behar dituzte:

  1. Kopetako argia eta baioneta motako pintzak.

  2. Tamaina askotako babesgarriak, inpresioak hartzeko.

  3. Guraizeak.

  4. Inpresioak hartzeko xiringa.

  5. Inpresioak hartzeko pastak.

  6. Audioprotesiko garbiketak, mantentze-lanak eta konponketak egiteko beharrezkoa den erreminta-sorta.

Audioprotesi-establezimenduek erabiltzaileei bermatu behar diete saldu dizkieten audioprotesi-modeloetara egokitutako pilak izango dituztela, modelo horiek erabiltzen ari diren bitartean.

  1. – Audioprotesi-establezimenduek idatziz jasota eduki behar dituzte lan-prozedurak. Zuzendari teknikoak landuko ditu prozedura horiek.

  2. – Haurren entzumen-urritasunak zuzentzen dituzten audioprotesi-establezimenduek protokolo bat idatzita izan behar dute, hamar urtez azpiko haurren miaketa, adin-tarteen araberakoa, egin ahal izateko.

  1. – Audioprotesi-establezimenduek egin duten salmenta ororen erregistro bat izan behar dute, eta bertan honako hauek guztiak zehaztu behar dituzte: zein egunetan agindu zen eta zein profesionalek agindu zuen, pazientearen identifikazio-datuak, audioprotesiaren fabrikatzailea, modeloa, serie-zenbakia, egindako egokitzapen mota eta salmenta-eguna.

  2. – Erregistroa Osasun Saileko dagokion Lurralde Zuzendaritzak bideratuko duen liburu baten bidez egin ahal izango da, edo bestela, datu eta programak gordeko dituela bermatzen duen euskarri informatiko baten bidez.

  3. – Erregistro horrek osasun-agintaritzaren eskura egon behar du, gutxienez, bost urtez.

  4. – Erregistroa euskarri informatikoan gorde bada, eta osasun-agintaritzak hala eskatzen badu, erregistratutako informazioa paperean inprimatu eta establezimenduaren titularraren sinaduraren bidez berretsi beharko da.

  5. – Erregistro horrek Norberari buruzko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako baldintza guztiak bete beharko ditu beti.

  1. – Audioprotesi-establezimenduek gorde egin behar dute 8.2, 8.3 eta 8.5 artikuluetan adierazitako ekipamenduaren mantentze- eta kalibratze-lanei dagokien dokumentazioa.

  2. – Dokumentazio horrek osasun-agintaritzaren eskura egon behar du, gutxienez, bost urtez.

Audioprotesi-establezimenduak martxan jartzeko eskaerak araututako lan-prozeduren eta 11. artikuluan adierazitako protokoloaren kopia batekin batera aurkeztu behar dira.

Audioprotesi-establezimenduak behartuta daude produktu sanitarioak arautzen dituen martxoaren 1eko 414/1996 Errege Dekretuaren 16. artikuluan adierazten diren jakinarazpenak egitera.

Dekretu hau indarrean sartzean martxan dauden audioprotesi-establezimenduetako titularrek urtebeteko epea izango dute otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan araututako instalazio- eta funtzionamendu-baimenak eskatzeko (31/2006 Dekretua, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzen dituena). Baimen biak batera eskatuko dira, aipatutako Dekretuko 19.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko urriaren 2an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.