Arautegia
Inprimatu30/2007 DEKRETUA, otsailaren 20koa, Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritza sortzen eta arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 46
- Hurrenkera-zk.: 1380
- Xedapen-zk.: 30
- Xedapen-data: 2007/02/20
- Argitaratze-data: 2007/03/06
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko martxoaren 15ean onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Kanpo Harremanetarako Estrategiaren baitan, Eusko Jaurlaritzak kanpo-harremanen alorrean izango dituen jarduera-ildoen plangintza zehaztu da VIII. legegintzaldirako. Dokumentu horren ardatzen artean nabarmentzekoak dira, zehazki, euskal gizataldeekiko harremanak, erakunde aldeanitzetan parte hartzea, sektore jakin batzuek atzerrian duten ordezkaritzak bultzatzea eta Euskadik atzerrian dituen ordezkaritzak.
Joan den legegintzaldian argi geratu zen atzerrian ordezkaritzak sortzeko beharra. Izan ere, Bruselakoarekin batera, ordezkaritzek erraztu egingo diote Euskadiri lankidetza-lotura bereziak dituen herrialdeekin harremanak izatea. Jaurlaritzak politika hori sakontzeko xedea ezarri du, eta ildo horretan Europako nahiz Ipar Amerikako zenbait herrialdetan ordezkaritzak irekiko ditu, Estatu Batuetako ordezkaritzari lehentasuna emanda.
Maiatzaren 27ko 8/1994 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanei buruzkoak, bere helburuen artean zehaztu zituen, besteak beste, harreman sozialak, kulturalak eta ekonomikoak instituzionalizatzea eta atzerrian diren euskaldunei bultzada eta babes integrala ematea; eta zenbait eskubide eta prestazio onartu zituen horretarako. Legea indarrean sartu zenetik, lankidetzan aritzeko eta parte hartzeko modu egokiak ezartzeko beharra nabaritu da, helburuok era eraginkorragoan lortuko badira behintzat. Hartara, Estatu Batuetako euskal gizataldeekin badago harreman egonkor bat, bai North American Basque Organization (Ipar Amerikako Euskal Erakundeen Elkartea) erakundearen bidez, bai eta aitortutako beste euskal etxe batzuen bidez ere.
Uztailaren 7ko 23/1998 Estatuko Legeak, Garapenerako nazioarteko lankidetzari buruzkoak, gizakion garapen globala sustatzeko beharra onartu du, garapenerako lankidetzako politika eraginkorrak eta koherenteak bultzatze aldera. Horren guztiaren helburua da munduko pobrezia desagerraraztea, bai eta garapen bidean diren herrialdeetan garapen ekonomiko jasangarria eta iraunkorra indartzea ere. Ildo horretan, legeak berak ezartzen duenez, autonomia-erkidegoetan egiten diren ekintzak gizartearen beraren elkartasunetik sortutako adierazpenen ondorio dira. Ekintza horiek autonomia-erkidegoko aurrekontuetan eta erkidegoak gai horren inguruan hartutako erabakietan eta ekintzetan oinarritzen dira. Testuinguru horretan, Estatu Batuetan ordezkaritza izatearekin errazagoa izango litzateke erakunde aldeanitzekin lankidetzan aritzea Euskadiren jarduera solidarioa sustatzeko.
Ekonomiari dagokionez, industriaren alorrean lehendik ere badira jarduera erregularrak eta onak SPRIren Chicagoko bulegoaren bitartez. Horrez gain, zientziaren, teknologiaren, justiziaren edo kulturaren alorretan ere badira harremanak, eta ororen artean Bilboko eta Estatu Batuetako Guggenheim museoen artekoa nabarmentzen da.
Ekintza horiek guztiek duten garrantzia ikusita, komenigarria da Euskadiren ordezkaritza sortzea Estatu Batuetan.
Ondorioz, Lehendakaritzak hala proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko otsailaren 20an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritza sortu da Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren baitan.
Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoak zenbait arlotan duen ordezkaritza-organoa da: zehazki, garapenerako lankidetzaren arloan, euskal gizataldeekiko harremanen arloan, eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenen baitan hainbat sektoretako interesak babestearen eta bultzatzearen arloan duen ordezkaritza-organoa.
Oro har, Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritzak honako egiteko hauek ditu, betiere aurreko artikuluan zehaztutako esparruaren barruan:
Euskal Autonomia Erkidegoak Estatu Batuetan dituen eragile sozialen arteko lankidetza eta elkartzea bultzatzea.
Bisitak, bilerak eta informazio-trukeak ezartzeko harremanetarako organo izatea.
Euskal Autonomia Erkidegoko eragileen arteko topaketak antolatzeko azpiegitura eta zentro lagungarri izatea.
Euskal Autonomia Erkidegoko zerbitzuei eta jarduerei buruzko laguntza teknikoa, aholkularitza eta informazioa eskaintzea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatu Batuetako eragileek dituzten beharren aurreikuspenak balioztatzea eta dagozkien proposamenak bideratzea.
¿ Euskadiren Estatu Batuetako ordezkariak zuzendari-maila izango du ekainaren 30eko 7/1981 Legean jasotakoaren ondorioetarako.
¿ Euskadiren Estatu Batuetako ordezkaria Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren organoen funtzionamenduen mende egongo da, eta honako zeregin hauek izango ditu bere esparruan:
Estatu Batuetan bizi diren langileak kontratatzea eta langileekin nahiz erakunde publiko eta pribatuekin enpresaburuek dituzten eskumenak betetzea.
Kontratazio-organo izatea, bai Herri Administrazioen kontratuei buruzko legedian araututako kontratu txikietan, bai higiezinen errentamendu-kontratuetan, Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legearen 41. artikuluko a) eta b) letretan aurreikusitakoaren arabera.
Herri Administrazioetan Eusko Jaurlaritza ordezkatzea ordezkaritzaren ohiko funtzionamendurako beharrezkoak diren izapide guztietan, eta, zehazki, tributuak kudeatzean eta ordaintzean nahiz baimenak lortzean.
Vitoria-Gasteizen, 2007ko otsailaren 20an.
Lehendakaria,
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Indargabetutakoa: 1/2010 DEKRETUA, urtarrilaren 12koa, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituena.
- Ikus: 8/1994 LEGEA, maiatzaren 27koa, Euskal Autonomi Elkarteaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetarakoa.
- Ikus: Ekainaren 30eko 7/1981 LEGEA, "JAURLARITZAREN LEGEA"-ri buruz.