Arautegia
Inprimatu124/2006 DEKRETUA, ekainaren 13koa, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 123
- Hurrenkera-zk.: 3341
- Xedapen-zk.: 124
- Xedapen-data: 2006/06/13
- Argitaratze-data: 2006/06/29
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Sailak; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilua gizarte-zerbitzuei buruzko maiatzaren 20ko 6/1982 Legearen bidez sortu zen organo aholku-emaile gisa, eta gizarte-zerbitzuen esparruan lan egiten duten erakundeek eta zerbitzu horiek erabiltzen dituzten pertsonek hartzen dute parte bertan.
Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 15. artikuluak ezartzen duenez, herritarrek gizarte-zerbitzuen plangintzan eta ebaluazioan parte hartzeko aukera bermatuko dute Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek. Helburu horrekin, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilua sortu du organo aholku-emaile gisa, eta, 16. eta 17. artikuluetan, Kontseiluaren osaeraren eta funtzioen ildo nagusiak daude ezarrita.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren osaerari eta funtzionamendu-erregimenari buruzko irailaren 16ko 204/1997 Dekretuak adierazitako 5/1996 Legearen 16. eta 17. artikuluak garatzen ditu. Dekretu horrek aldaketak izan ditu geroago, azaroaren 3ko 298/1998 Dekretua eta uztailaren 3ko 124/2001 Dekretua betez.
Ildo horretan, gizarte-zerbitzuen eremua herri-administrazioek gehien garatu dutenetako bat bada ere, komeni da kontsultarako eta parte-hartzerako organo hori bultzatzea, administrazioek gizarte-zerbitzuen esparruko errealitate berriei garaiz erantzuteko.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilua, funtsean, kontseilu aholku-emailea da, baita gizarte-eragileek eta gizarte-instantziek gizarte-ongizatearen arloan dituzten asmoak eta proposamenak Eusko Jaurlaritzari helarazteko gunea ere, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekintzak koordinatzeko instantziatzat hartuta.
Kontseiluak erreferentziazko zeregina bete dezan eta Kontseiluaren garrantzia eta irudi publikoa susta dadin, gizarte-ongizatearen arloan esku hartzen duten eragile guztiekiko harremanak era berezian zainduko dira, Eusko Jaurlaritzaren erabakiak (aldez aurretik Osoko Bilkuran hartu direnak) babestuko dira, eta eremu geografiko txikiagoko kontseiluen (hala nola lurralde-kontseiluen edo udal-kontseiluen) zein gizarte-ongizatearekin zerikusia duten gaiei lotutako beste kontseilu batzuen katalizatzaile eta dinamizatzaile gisa betetzen duen zereginari garrantzi handiagoa emango zaio, betiere autonomiaren eta independentziaren bermetik abiatuta.
Helburu horrekin, eta arlo horri buruzko arauak hobeto argitzeko, bidezkotzat hartzen da Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren osaerari eta funtzionamendu-erregimenari buruzko irailaren 16ko 204/1997 Dekretua eta geroago izan dituen aldaketak (298/1998 eta 124/2001 Dekretuetan islatuak) indargabetzea, eta testu berrian aurreko araudiaren edukia eta sartutako berritasunak bateratzea eta Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren osaeraren eta funtzioen ildo nagusiak biltzea.
Horren ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari jarraiki eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko ekainaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren,
Dekretu honen xedea honako hau da: Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren osaera eta funtzioak arautzea eta, horretarako, gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 16. eta 17. artikuluak aplikatzea eta garatzea.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilua gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Sailari atxikita dago (Sailaren egitura organikoan sartuta egon gabe), eta Sail horren bulegoetan du egoitza, Gasteizen.
Dena dela, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluak Autonomia Erkidegoko beste edozein lekutan egin ahal izango ditu bilkurak.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilua osatzen duten organoak honako hauek dira:
Kide anitzeko organoak:
Osoko Bilkura.
Batzorde Iraunkor Delegatua.
Batzorde Iraunkor Sektorialak.
Batzorde Tekniko Espezializatuak.
Pertsona bakarreko organoak:
Lehendakaria.
Lehendakariordea.
Idazkaria.
Aurreko idatz-zatian xedatutakoa aparte utzi gabe, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eta Batzordeen erabakiaren arabera, honako hauek bilkuretara joan ahal izango dira, era iraunkorrean edo aldi baterako: gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen babesean sortzen diren beste lurralde-kontseilu eta udal-kontseilu batzuen ordezkariak, gizarte-ongizatearekin zerikusia duten gaiei lotutako beste kontseilu batzuen ordezkariak, eta arlo horretan duten esperientziagatik eta jakintzagatik Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluarentzat baliagarriak izan daitezkeen beste pertsona, erakunde eta elkarte batzuk. Ordezkari eta pertsona horiek ez dute botorik izango bileretan.
Honako funtzio hauek dagozkio Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluari:
Honako hauei buruzko txostena egitea, nahitaez eta ezer egin aurretik, hamabost eguneko epean:
Gizarte-zerbitzuen arloko lege-aurreproiektuak.
Gizarte-zerbitzuen arloko dekretuen eta araudien proiektuak.
Jardun-eremu gisa Euskal Autonomia Erkidegoa duten programa eta plan orokorrak edo sektorialak.
Jaurlaritzari gizarte-zerbitzuen jardunarekin zerikusia duen edozein arlori buruzko proposamenak eta ekimenak helaraztea eta horien inguruan aholkatzea.
Gizarte-ongizatearen arloan esku hartzen duten eragileen iradokizunak, informazioa eta proposamenak jasotzea, eta haiei ere ematea.
Eusko Jaurlaritzatik honako alderdi hauei buruzko informazioa jasotzea:
Gizarte-zerbitzuei buruzko aurrekontu-programak, onartu aurretik.
Jardun-programa eta jardun-plan orokorren, sektorialen edo lurralde mailakoen betetze-mailaren jarraipena eta ebaluazioa.
Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legea bete ez izanagatik Autonomia Erkidegoaren eremuan ezarritako zigorrak, aldizka.
Erakunde pribatuei emandako diru-laguntzak eta bestelako laguntzak, aldizka.
Gizarte-zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoan duten egoerari buruzko urteko txostena egitea, Eusko Jaurlaritzari igorri beharrekoa. Eusko Jaurlaritzak txosten horren berri emango dio Eusko Legebiltzarrari, eta Kontseiluaren ondorioak eta gomendioak jasoko dira bertan.
Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 18. eta 19. artikuluen babesean hurrenez hurren sortzen diren lurralde-kontseiluak eta udal-kontseiluak, eta gizarte-ongizatearekin zerikusia duten gaiei lotutako beste kontseilu batzuk sustatzea eta babestea.
Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legea garatuta esleitzen zaion edo indarrean dagoen araudiak eslei diezaiokeen beste edozein funtzio.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluan honako hauek daude ordezkatuta:
Jaurlaritza.
Foru Aldundiak.
Udalak.
Sindikatuak.
Erabiltzaileen erakundeak.
Gizarte-laneko boluntarioen erakundeak.
Enpresa-erakundeak eta kooperatibak.
Gizarte-zerbitzuen esparruan diharduten profesionalen erakundeak.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilua berrogeita bi kidek osatzen dute; erdiak herri-administrazioetakoak dira, eta beste erdiak d, e, f, g eta h idatz-zatietan adierazitako erakundeetakoak.
Honako hauek dira Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako kideak:
Herri-administrazioetakoak:
Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Saileko sailburu titularra; lehendakari gisa jardungo du.
Gizarte-ongizatearen arloko Sail eskuduna ordezkatzen duen kide bat.
Osasun-arloko Sail eskuduna ordezkatzen duen kide bat.
Hezkuntza-arloko Sail eskuduna ordezkatzen duen kide bat.
Etxebizitza-arloko Sail eskuduna ordezkatzen duen kide bat.
Kultura-arloko Sail eskuduna ordezkatzen duen kide bat.
Lan-arloko Sail eskuduna ordezkatzen duen kide bat.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea ordezkatzen duen kide bat.
Giza eskubideen arloko Sail eskuduna ordezkatzen duen kide bat.
Droga-mendekotasunen arloko Sail eskuduna ordezkatzen duen kide bat.
Gizarteratze-arloko Sail eskuduna ordezkatzen duen kide bat.
Immigrazio-arloko Sail eskuduna ordezkatzen duen kide bat.
Ekonomiaren eta plangintza ekonomikoaren arloko Sail eskuduna ordezkatzen duen kide bat.
Eusko Legebiltzarreko Lan eta Gizarte Ekintza Batzordea ordezkatzen duen kide bat.
Foru Aldundi bakoitza ordezkatzen duen kide bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen lau ordezkari.
Gizarte-zerbitzuen eremuko erakundeetakoak, sindikatuetakoak, enpresa-erakundeetakoak, kooperatibetakoak eta profesionalen erakundeetakoak:
Euskadiko Pentsiodunen eta Erretiratuen Probintzia Elkarteen Lurralde Federazioa ordezkatzen duen kide bat.
Euskal Autonomia Erkidegoan familiaren esparruan diharduten erakundeak ordezkatzen dituen kide bat, Familia Batzorde Iraunkor Sektorialak proposatua.
Euskal Autonomia Erkidegoan haurren esparruan diharduten erakundeak ordezkatzen dituen kide bat, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialak proposatua.
Euskadiko Gazteriaren Kontseilua ordezkatzen duen kide bat.
Gizarte-zerbitzuen esparruan diharduten Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen erakundeak ordezkatzen dituen kide bat, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Aholku Batzordeak proposatua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Urritu Fisikoen Konfederazio Koordinatzailea ordezkatzen duen kide bat.
Urritasun psikikoa dutenen aldeko Elkarteen Euskal Federazioa (FEVAS) ordezkatzen duen kide bat.
Gaixo psikikoen eta senideen Elkarteen Euskadiko Federazioa (FEDEAFES) ordezkatzen duen kide bat.
Ezgaitasun sentsorialen esparruan diharduten Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeak ordezkatzen dituen kide bat.
Droga-mendekotasunen prebentzioaren eta gizarteratzearen esparruan diharduten Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeak ordezkatzen dituen kide bat, Droga Mendekotasunen Aholku Batzordeak proposatua.
Etorkinei Laguntzeko Euskadiko GKEen Koordinakundea ordezkatzen duen kide bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroak proposatua.
Orientazio sexualagatiko diskriminazioaren kontra diharduten Euskal Autonomia Erkidegoko gayen, lesbianen eta transexualen erakundeak ordezkatzen dituen kide bat.
Gizarteratzean eta gizarte-bazterketa larrian diharduten erakundeak ordezkatzen dituen kide bat, Gizarteratze Batzorde Iraunkorrak proposatua.
Gizarte-zerbitzuen sektorean parte hartzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen erakunde-ordezkaritza duten enpresa-erakundeak ordezkatzen dituzten bi kide, erakundeek berek izendatuak.
Gizarte-zerbitzuen sektorean parte hartzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatibak ordezkatzen dituen kide bat, kooperatibek berek izendatua.
Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ordezkaritza handiena duten sindikatuak eta langileen ordezkarien, enpresa-batzordeko kideen eta herri-administrazioen organoetako kideen % 10 edo gehiago lortu duten sindikatuak ordezkatzen dituzten hiru kide.
Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Laneko Diplomatuen Elkargo Ofizialak ordezkatzen dituen kide bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialak ordezkatzen dituen kide bat.
Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa aparte utzi gabe, Osoko Bilkurako kideez gain honako organo hauetako bakoitzak izendatutako ordezkari bat joan ahal izango da Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuraren bileretara, hitzarekin baina botorik gabe:
Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa.
Boluntariotzaren Euskal Kontseilua.
Droga Mendekotasunen Aholku Kontseilua.
Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseilua.
Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua.
Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen den eta gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen beste edozein organo sektorial.
Osoko Bilkurak bere gain hartzen ditu gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 17. artikuluan Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluari esleitutako funtzio guztiak, funtzio horiek Batzorde Iraunkor Delegatuaren esku uzteko ahalmena aparte utzi gabe.
Halaber, honako funtzio hauek dagozkio Osoko Bilkurari:
Kontseiluaren epe laburrerako eta luzerako jardun-ildo orokorrak ezartzea.
Batzorde Iraunkor Delegatua eratzea.
Batzorde Iraunkor Sektorialak eratzea eta horien osaera eta funtzioak ezartzea; nolanahi ere, beste batzorde iraunkor sektorial batzuk eratu ahal izango dira arau-xedapen bidez; kasu horretan, batzorde horien ezaugarriak sortzen dituen arauak berak finkatuko ditu.
Batzorde Tekniko Espezializatuak eratzea, eta haien osaera, helburuak, funtzionamendu-arauak eta iraupena ezartzea.
Dekretu hau garatzean eta aplikatzean ematen diren jarraibideak eta aginduak onartzea.
Bere eskumenak gauzatzeko aukera Batzorde Iraunkor Delegatuaren esku uztea.
Bere erabakien argitalpenari buruz erabakitzea.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren jarduerak azalduko dituen Urteko Memoria onartzea, eta gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Sailari aurkeztea.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Funtzionamendu Araudia lantzea eta aldatzea.
Gizarte-zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoan duten egoerari buruzko urteko txostena (Batzorde Iraunkor Delegatuak landua) onartzea.
Dekretu honen gainerakoak edo, hala badagokio, aplikagarri zaion araudiak esleitzen dion beste edozein funtzio.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilua sei hilean behin biltzen da gutxienez, baita Kontseiluaren Funtzionamendu Araudiak adierazten duenean ere.
Osoko Bilkurako kideak honako era honetan izendatuko dira:
Jaurlaritzako sail bakoitza ordezkatuko duten kideak sailburu titularrak izendatuko ditu.
Foru Aldundiak ordezkatuko dituzten kideak korporazio bakoitzaren funtzionamendu-arauei jarraiki izendatuko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Udalak ordezkatuko dituzten kideak Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) izendatuko ditu.
Gizarte-zerbitzuen eremuko erakundeak, sindikatuak, enpresa-erakundeak, kooperatibak eta profesionalen erakundeak ordezkatuko dituzten kideak erakunde horiek berek izendatuko dituzte, honako irizpide hauei jarraiki:
Jardun-eremu gisa Euskal Autonomia Erkidegoa duten edo, hala badagokio, Lurralde Historiko batean baino gehiagotan diharduten erakundeek izango dute kideak aukeratzeko lehentasuna.
Konfederazioek kideak aukeratzeko lehentasuna izango dute federazioekiko. Konfederazio, federazio eta erakundeen elkarte horiek zuzenean proposatuko diote Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurari haien ordezkarien izendapena.
Gizarte-zerbitzuen eremuko erakundeen kasuan, erakunde horiek kideak izendatu ondoren, eta betiere haien jardun-eremua kontseilu baten edo batzorde iraunkor edo sektorial baten jardun-eremuarekin bat badator, organo horiek helaraziko diote Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurari ordezkarien izendapena.
Gizarte-zerbitzuen eremuko erakundeen jardun-eremuarekin bat datorren kontseilurik, batzorde iraunkorrik edo sektorialik ez dagoenean eta, gainera, konfederazioak, federazioak edo erakundeen elkarteak ez direnean, Gizarte Ongizateko zuzendariak deialdia egingo die jardun-eremu gisa Euskal Autonomia Erkidegoa duten sektoreko elkarteei, dagokien kidea izendatzeko. Deialdia egin eta bi hilabeteko epean izendatzen ez bada, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak izendatuko du kidea.
Sindikatuek, enpresa-erakundeek, kooperatibek eta profesionalen erakundeek zuzenean Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurari helaraziko diote ordezkarien izendapena.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako kideen agintaldia 4 urtekoa izango da, eta agintaldiaren amaieran berriz aukeratu ahal izango dituzte. Adierazitako epea igaro ondoren, kideek beren funtzioak betetzen jarraituko dute, ondorengoen izendapenak ondorioak izan arte.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako kideen agintaldia honako kasu hauetan amaitu ahal izango da iraunaldiaren amaieraren aurretik:
Kidea izendatu zuen herri-administrazioak, gizarte-erakundeak, sindikatuak, enpresa-erakundeak edo profesionalen erakundeak erabakita agintaldia baliogabetzen edo eteten denean.
Karguagatik izendatutako kideen kasuan, izendatzeko arrazoia izan zen kargua galtzen denean.
Osoko Bilkurako lehendakariari kide izateari uko egiteko asmoa adierazten zaionean.
Heriotza.
Epaileak kargu publikoak betetzeko gaitasungabetzea edo eginkizungabetzea dakarren ebazpen judizial edo administratibo irmoa hartzen duenean.
Aurreko idatz-zatian aurreikusitako kasuetan, ordezkatu beharreko kidearen agintaldia betetzeko falta den denborarako izango dira ordezkapenak.
Lehendakaria oporretan, gaixorik edo kanpoan dagoenean, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Saileko sailburuordeak edo Gizarte Ongizateko zuzendariak (hura oporretan, gaixorik edo kanpoan badago) ordezkatuko du eginkizun guztietan.
Herri-administrazioek, gizarte-zerbitzuen eremuko erakundeek, sindikatuek, enpresa-erakundeek, kooperatibek eta profesionalen erakundeek, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurarako ordezkariez gain, haiek ez daudenean haien funtzioak beteko dituzten ordezkoak izendatu ahal izango dituzte. Administrazio edo erakunde eskudunak ordezkariekin batera izendatuko ditu ordezkoak, eta izendatzeko sistema bera erabili ahal izango du.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako kideek honako eskubide hauek dituzte:
Hitzarekin parte hartzea, botoa emateko eskubideaz baliatzea, kide anitzeko organoen bilkuretan boto partikularra ematea, eta botoaren esanahia eta arrazoiak adieraztea.
Parte hartzen duten kide anitzeko organoan aztertzen diren gaiei buruzko informazioa izatea, baita kide anitzeko gainerako organoena ere, esanbidez eskatzen denean.
Parte hartzen duten kide anitzeko organoetarako ezohiko deialdia eskatzea.
Proposamenak eta iradokizunak aurkeztea gai-zerrendan sartzeko, parte hartzen duten kide anitzeko organoetan erabakiak hartzeko edo gai jakin bat aztertzeko.
Kontseiluaren mandatuz joaten diren egintzetan Kontseilua ordezkatzea; nolanahi ere, lehendakariari dagokio ordezkaritza-esleipen nagusia.
Bilkuretarako deialdiaren eta gai-zerrendaren berri organo bakoitzerako ezarritako aurretiaz izatea, eta gai-zerrendan agertzen diren gaiei buruzko dokumentuak eta informazioa eta aurreko bilkurako akta izatea.
Galde-eskeak egitea.
Parte hartzen duten kide anitzeko organoetara joateagatik konpentsazio ekonomikoa jasotzea. Konpentsazio hori bateragarria izango da egiten diren bilkuretan parte hartzeak edo horietara joateak eragin ditzakeen bidaiei dagozkien kalte-ordainekin. Konpentsazio horiek zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan oro har aurreikusitako kopuruetan eta mugekin jasoko dira.
Dagokion kide anitzeko organoan sartu edo parte hartu beharra herri-administrazioan betetzen den karguak edo lanpostuak eragiten duenean, ez da ezein kasutan diru kopururik jasoko.
Bidaiei dagozkien kalte-ordainak zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako baldintzetan eta mugekin jasoko dira.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako kideek honako betebehar hauek dituzte:
Parte hartzen duten kide anitzeko organoen bilkuretara joatea.
Urte beraren barruan justifikatu gabe elkarren segidako bi bilerara edo bereizitako hiru bilerara joan ezean, kidea izendatu zuena kargutik kentzea proposatzeko komenigarritasuna aztertuko du nahitaez Osoko Bilkurak.
Bidezko isiltasunarekin eta zuhurtziarekin jardutea aztertzen diren gaien izaerak eskatzen duenean eta, bereziki, gai horiek ohore-eskubidea, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubidea eta norberaren irudirako eskubidea eraginpean hartzen dituztenean.
Araudi honen eta, hala badagokio, araudi hori garatzeko onartzen diren jarraibideei eta aginduei jarraiki jardutea.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Batzorde Iraunkor Delegatua Osoko Bilkuraren organo delegatua da. Osatzen dutenak honako hauek dira:
Gizarte-gaien arloan eskumena duen Saileko sailburu titularra edo, hori ez badago, sailburuordea.
Gizarte Ongizateko zuzendaria.
Gizarte-zerbitzuen arloko Sail eskuduna ordezkatzen duen kide bat, lehendakariak proposatua.
Foru Aldundi bakoitza ordezkatzen duen kide bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko Udalak ordezkatzen dituzten hiru kide, Eudelek proposatuak eta Osoko Bilkuran horren ordezkaritza dutenen artean aukeratuak.
Gizarte-zerbitzuen eremuko erakundeak eta gizarte-zerbitzuen esparruan diharduten sindikatuak, enpresa-erakundeak, kooperatibak eta profesionalen erakundeak ordezkatzen dituzten bederatzi kide, erakunde horiek Osoko Bilkuran dituzten ordezkarien artean aukeratuak.
Batzorde Iraunkor Delegatuko kideek Osoko Bilkurako kideen eskubide eta betebehar berak dituzte (Dekretu honen 10. eta 11. artikuluetan bilduak).
Honako hauek dira Batzorde Iraunkor Delegatuaren funtzioak:
Kontseiluaren Osoko Bilkurak prestatzea; horretarako, honako hauek egin behar dituzte:
Kontseiluko lehendakariari bilkuretako gai-zerrenda finkatzeko aholkuak ematea.
Bilkurarako beharrezkoa den dokumentazioa behar besteko aurretiaz biltzea.
Osoko Bilkuran aztertu beharreko gaien aurretiko txostenak prestatzea, beste Batzorde bati dagozkionean izan ezik.
Bidezko ondorioetarako, gizarte-ongizateko lurralde-kontseiluetatik edo udal-kontseiluetatik heldu zaizkion gaiak Kontseiluaren Osoko Bilkurara edo Batzordeetara eramatea.
Kontseiluaren jarduerak azaltzen dituen Urteko Memoria lantzea.
Gizarte-zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoan duten egoerari buruzko Urteko Txostena lantzea.
Dekretu honen 19. artikuluan aipatzen den Ekintza Plana lantzea.
Kontseiluaren Osoko Bilkuraren erabakiak eta Ekintza Plana betetzen direla zaintzea.
Osoko Bilkurak agintzen dizkion eginkizun guztiak aztertzea, bideratzea eta ebaztea.
Osoko Bilkurak esanbidez bere esku uzten dituenak.
Dekretu honen gainerakoak edo, hala badagokio, aplikagarri zaion araudiak esleitzen dion beste edozein funtzio.
Batzorde Iraunkor Delegatua Kontseiluaren Funtzionamendu Araudian adierazitako zirkunstantzietan biltzen da, lehendakariak deialdia egin ondoren.
Gizarte-zerbitzuen barruan berezko jardun-eremu bat osatzen duten arlo jakin batzuen tratamendu sektorialerako, Batzorde Iraunkor Sektorialak eratu ahal izango dira, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuraren erabaki bidez, edota arau-xedapen bidez.
Osoko Bilkuraren erabaki bidez eratzen diren Batzorde Iraunkor Sektorialek Osoko Bilkurak berak finkatutako osaera eta funtzioak izango dituzte. Nolanahi ere, batzorde horiek osatzen dituztenak aldatu egingo dira Osoko Bilkurako kideen osaera berritzen denean.
Arau-xedapen bidez eratutako Batzorde Iraunkor Sektorialek arau horretan bertan ezarritako osaera eta funtzioak izango dituzte.
Aurreko bi idatz-zatietan aipatutako kasuetan, Batzorde Iraunkor Sektorialen osaera paritarioa izango da Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilua osatzen duten erakundeen eta herri-administrazioen ordezkarien artean.
Esleitutako funtzioen betetzea bermatzeko beharrezkoa den egituraz hornituta egongo dira Batzorde Iraunkor Sektorialak.
Eratzen dituen Osoko Bilkuran edo arau-xedapenean finkatutako kideak zuzenduko ditu Batzorde Iraunkor Sektorialak.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuraren erabaki bidez, Batzorde Tekniko Espezializatuak era daitezke berariazko tratamendua behar duten arlo jakin batzuetan.
Batzorde Tekniko Espezializatuen osaera, helburuak, funtzionamendu-arauak eta iraupena Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren eskumena dira. Kontseiluak, gainera, eraketari buruzko erabakia hartuko du.
Esleitutako funtzioen betetzea bermatzeko beharrezkoa den egituraz hornituta egongo dira Batzorde Iraunkor Espezializatuak.
Eratzen dituen Osoko Bilkuran finkatutako kideak zuzenduko ditu Batzorde Iraunkor Espezializatuak.
Gizarte-gaien arloko sailburu eskudunak dihardu Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluko lehendakari-lanetan, baita Osoko Bilkurako eta Batzorde Iraunkor Delegatuko lehendakari-lanetan ere.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluko lehendakariak honako eskumen hauek ditu esleituta:
Kontseiluaren ordezkaritza izatea.
Kontseiluaren jardunak zuzentzea.
Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren bileretarako deialdia egitea eta bilera horiek zuzentzea, bilerak behar bezala egiteko jarraibide orokorrak lantzea, eta eztabaidak moderatzea.
Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren bileren gai-zerrenda egitea.
Bere sinadurarekin bilkuren aktak berrestea, erabakien igorpena eta argitalpena agintzea, eta bete daitezen xedatzea.
Kontseiluaren izenean erakundeetara, organismoetara, elkarteetara, agintariengana eta partikularrengana zuzentzea.
Dekretu hau betetzea eta betearaztea, eta Osoko Bilkurari bere interpretazioa proposatzea zalantzazko kasuetan, eta integrazioa adierazi gabekoetan.
Legean eta Dekretu honetan ematen zaizkion, lehendakari-karguari datxezkion eta, oro har, Dekretu honek beste organo batzuei esleitzen ez dizkien funtzio guztiak.
Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Gaietako sailburuordeari dagokio Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkor Delegatuaren lehendakariordetza.
Lehendakaria oporretan, gaixorik edo kanpoan dagoen kasuetan, lehendakariordeak ordezkatuko du eginkizun guztietan.
Gizarte-gaien arloan eskumena duen Sailari atxikitako teknikari bati dagokio Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren, Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkor Delegatuaren idazkaritza. Teknikari hori adierazitako arloan eskumena duen Saileko titularrak izendatzen du.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluko idazkariak honako eskumen hauek ditu esleituta:
Lehendakariak aginduta, bilkuretarako deialdia egitea.
Gai-zerrendan sartutako gaiei buruzko dokumentu guztiak Kontseiluko kideei eskuratzea.
Osoko Bilkuraren bileretara joatea eta horien aktak egitea, eta hartzen diren erabakiak bideratzea.
Kideek zein hirugarren batzuek Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluari aurkeztu nahi dizkioten gai, txosten, proposamen edo dokumentu guztiak biltzea, antolatzea eta prestatzea, eta guztiak bidezkoa den eran bideratzea.
Bidezkoak diren pertsonei edo erakundeei Kontseiluak sortzen duen edo eskuragarri duen informazioa helaraztea.
Fede-emaile gisa jardutea, lehendakariaren oniritziarekin irizpenak, aktak eta Osoko Bilkurak hartutako erabakiak egiaztatzea eta, hala badagokio, egiaztapena dagokion aktaren onarpenaren aurrekoa dela esanbidez jasoaraztea.
Espedienteak, bere kargura dagoen artxiboa eta dokumentuen sarrerako eta irteerako erregistroa antolatzea eta zaintzea, eta organoen eta kideen eskura jartzea, hori eskatzen zaionean.
Batzorde Iraunkor Delegatuari Kontseiluaren jarduerak azaltzen dituen urteko memoria eta gizarte-zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoan duten egoerari buruzko urteko txostena lantzeko bidezkoak diren datu guztiak ematea.
Lehendakariak agintzen dizkion edo bere karguari datxezkion kudeaketako eta koordinazioko zeregin guztiak betetzea.
Bere funtzioak behar bezala betetzeko, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Sailaren aurrekontuen kargura finantzatzen da Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilua.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluak bere jardunak antolatuko dituen ekintza-plan bat izan behar du bere funtzioak betetzeko. Plan hori, halaber, gizarte-zerbitzuen arloan esku hartzen duten eragileekiko elkarrizketa dinamizatzeko baliagarria izango da.
Indargabetuta geratzen dira Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren osaerari eta funtzionamendu-erregimenari buruzko irailaren 16ko 204/1997 Dekretua, hori aldatzen duten azaroaren 3ko 298/1998 Dekretua eta uztailaren 3ko 124/2001 Dekretua eta, oro har, Dekretu honetan xedatutakoa urratzen duten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Funtzionamendu Araudia lantzea eta aldatzea Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurari dagokio. Araudi hori gizarte-gaien arloan eskumena duen Saileko titularrak onartu beharko du. Araudi hori onartu eta indarrean jarri arte, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Funtzionamendu Araudia onartzen duen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 1999ko uztailaren 15eko Aginduak jarraituko du indarrean, Dekretu honekin kontraesanean ez dagoen alderdi orotan.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2006ko ekainaren 13an.
Lehendakaria,
JUAN JOSΙ IBARRETXE MARKUARTU.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVΝN.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (10)
- Aldatutakoa: Dekretu proiektua: Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluari buruzko Dekretua aldatzekoa.
- Ikus: 42/2011 DEKRETUA, martxoaren 22koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.
- Indargabetzen du: 124/2001 DEKRETUA, uztailaren 3koa, Gizarte Ongizaterako Kontseiluaren funtzionamendu-araudia eta osaera finkatzen dituen dekretua bigarrenez aldatzeko dena.
- Ikus: 538/2009 DEKRETUA, urriaren 6koa, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Ikus: 191/2013 DEKRETUA, apirilaren 9koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Ikus: 75/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Ikus: AGINDUA, 1999ko uztailaren 15ekoa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena. Agindu honen bitartez, Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluaren Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua onartu da.
- Indargabetzen du: 298/1998 DEKRETUA, azaroaren 3koa, Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluaren osaketari eta funtzionamendu erregimenari buruzko Dekretua aldatzeko dena.
- Indargabetzen du: 204/1997 DEKRETUA, irailaren 16koa, Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluaren osaketari eta funtzionamendu-erregimenari buruzkoa.
- Garatzen du: 5/1996 LEGEA, urriaren 18koa Gizarte Zerbitzuena.