Arautegia
Inprimatu395/2005 DEKRETUA, azaroaren 22koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoaren A-1 lanbide-taldeko profesional sanitarioen (medikuak eta goi-mailako teknikariak) garapen profesionala arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila; Osasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 230
- Hurrenkera-zk.: 5974
- Xedapen-zk.: 395
- Xedapen-data: 2005/11/22
- Argitaratze-data: 2005/12/02
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak mediku eta goi-mailako teknikarien lanbide-talderako ezarri nahi duen garapen profesionaleko sistema abiaraztea Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 25., 26., 27. eta 28. artikuluen (langileen araubideari buruzko III. kapitulua osatzen dutenak) eta Osasun Lanbideak antolatzeari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 37., 38. eta 39. artikuluen (Garapen Profesionalari eta bere aintzatespenari buruzkoak) esparruan kokatzen da, Osasun Zerbitzuen estatutuetako langileen Esparru estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legeari loturik. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sailaren politikari jarraitzen dio, "banakako lorpenak egiaztatu eta aintzatesten dituzten garapen profesionaleko mekanismoei heldu, eta partaidetza, autonomia eta erantzukizunaren arteko konbinaziorik onena aurkitzeko" asmoz.
Giza baliabideen garapenak garrantzi estrategikoa du Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzurako, bere funtsezko printzipioetan eta 2003–2007ko Plan Estrategikoaren oinarrizko ildoetan agertu dena.
Horrela, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak bere printzipioen artean sartzen du pertsonen konpromisoa eta garapen profesionala -eta bereziki profesional sanitarioenak- oinarrizkoak direla erkidegoko herritarrei kalitatezko zerbitzuak ematera bideratzen den eginkizuna bete ahal izateko.
Bere ustez, osasun arloan gertatzen diren aurrerapen teknologiko eta zientifikoetara egokitu eta etengabe eguneratzeak eta osasun jardueraren eremu guztietan kudeaketa eraginkorra egon beharrak, profesionalen partaidetza motibatua, erronka teknologiko berrien aurreko etengabeko garapena, eta aldi eta beharrizan berrietara egokitu eta eguneratzeko ahalegina eskatzen dituzte.
Profesional sanitarioen ekarpen hori planifikatu, kudeatueta ebaluatu behar da, profesional bakoitzak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren helburuei egiten dien ekarpen bereizia beren-beregi aintzatetsi ahal izateko.
Garapen profesionaleko sistemak osasun zerbitzuen kudeaketa hobetzeko eta profesionalak motibatzeko tresna eraginkorra izan nahi du, profesionalek lanbidearen eremu ezberdinetan modu planifikatuan aurrera egitea ahalbidetzeko moduan.
Garapeneko sistema hori profesionalen eskubidetzat jotzen da, eta ondokoak ahalbidetzen dizkie beren lanbide-bizitzaren barnean:
Beren borondatez garapeneko sistema batean sartzeko aukera izatea, sistema horrek profesional bakoitza haren ezagutza, gaitasun eta portaeren arabera dagokion lanbide-mailan kokatuko duela.
Profesionala mailaka garatzea, gaitasun pertsonal, eskakizun eta antolamenduak eta lanbideak ezartzen dituzten aukeren arabera.
Ebaluazioa eta aintzatespena bideratzea, profesionalaren ekarpen bereiziaren arabera.
Horren bidez, hurrengo ezaugarriak biltzen dituen garapen eredua ezarri nahi da: dinamikotasuna, eraginkortasuna, osasun lanbidean sortzen diren aldaketetara egokitzeko gaitasuna, sistemaren beraren etengabeko hobekuntza eta lortutako mailen finkapena.
Halaber, uste da aukera bat dela antolamendu sanitariorako, profesionalen kudeaketa-sistema izatea ahalbidetuko du eta; sistema horrek beharrezko gaitasunak eta portaerak emango dizkie profesionalei eta antolamenduari, antolamendua eraginkorra izateko eta erabiltzaileentzako arretaren kalitatea etengabe hobetzeko.
Horri jarraiki, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Osasun sailburuak proposatuta, derrigorrezko txostenak aztertuta, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoa entzunda, eta Gobernu Batzordeak 2005eko azaroaren 22ko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honakoa
Dekretu honen helburua bere aplikazio-eremuan dauden langileen garapen profesionala arautzea da, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zerbitzu erakundeetan lan egiten duten bitartean.
Arau honek arautzen duen garapen profesionaleko eredua lizentziatuen mailako taldeko profesional sanitarioei aplikatuko zaie, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren mendeko zerbitzu erakundeetan A-1 lanbide-taldeko (medikuak eta goi-mailako teknikariak) lanpostu funtzionaletan lan egiten duten langile finkoen zerrenda adierazita.
Garapen profesionaleko sistemak ez dauka zerikusirik kudeaketa lanpostuekin, eskuratutako garapen-maila ebaluatu eta aintzatesteko ondoreetarako biak bateragarriak direla, dekretu honetan ezarritako zehazpenen eta gainerako arau aplikagarrien arabera.
Lan finkorik ez duten langileak beren garapen profesionalaren ebaluazioan aurkeztu ahal izango dira, betiere beren lanbide-kategorian emandako zerbitzuen betekizuna betetzen badute. Aintzatetsitako mailak ondorio ekonomikoak ekarriko ditu, profesionalak kategoriaren jabetzako izendapena lortzen duen unetik aurrera. Maila hori behin betiko izendapena eskuratzeko hautaketa-prozesuetan baloratu ahal izango da, deialdi bakoitzak zehazten duen bezala.
Honakoak dira garapen profesionaleko sistemaren helburuak:
Profesionalak sartzea Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren helburuen eta pertsonen iguripenen arteko bateratasun-maila handia lortzeko, beren hazkunde profesionalak osasun arreta hobetzen laguntzeko moduan.
Hazkunde profesionaleranzko etengabeko eta banakako jarrera sustatzea, profesionalei epe ertain edo luzera begira erantzukizun zailagoak eta zorrotzagoak eskainiz.
Profesional bakoitzak hurrengo eremuak bezalakoetan egindako ekarpen bereizia aintzatestea:
– Gaixoaren arreta hobetzea.
– Norberaren gaitasunak eta lanbide-eremua hobetzea.
– Zerbitzuaren eraginkortasuna eta kalitatea hobetzea.
– Ikerketa, irakaskuntza eta ezagutzen hedapenaren arloetan Antolamenduari egindako ekarpenak.
Aipatutako ekarpen bereizia bere garapenaren arabera ordaintzea.
Pertsonen kudeaketa osoaren barnean tresna garrantzitsua izatea, profesionalak beren garapenean bertan eta Antolamenduaren etorkizuneko beharrizanen arabera bideratzea ahalbidetzen duena.
Garapen profesionaleko sistema ondoko bost mailetan egituratzen da. Maila horiek garapenaren profil bereizi eta mailakakoei dagozkie, baita funtzionamendu eduki eta eskakizun ezberdinei ere:
Maila Nomenklatura Lanean emandako
urteak
Sarbidea Espezialista 5 urtetik behera
I Espezialista adjuntua 5 urte edo gehiago
II Espezialista seniorra 11 urte edo gehiago (+6)
III Ahokularia 18 urte edo gehiago (+7)
IV Ahokulari seniorra 25 urte edo gehiago (+7)
Dekretu honen ondoreetarako, lanean emandako denboratzat joko dira Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren barnean zerbitzu aktiboan edo lanpostua gordetzen duen lanpostu baliokidean, garapen profesionalaren maila aintzatesteko aukera ematen duen lanbide-kategoriako lanpostu funtzionaletan edo antolamendu eta eginkizunen aldetik Osasun Sistema Nazionalean sartuta dauden osasun erakundeetako kategoria edo lanpostu baliokidean, benetan lan egindako denboraldiak, baita Ikerketako Zentro Ofizialetan edo Osasun Sistema Nazionalari atxikitako erakundeetan ikerlari lan egindako denboraldiak ere.
Era berean, ebaluazioa eskatzeko unean bere kategoriakoa ez den beste lanpostu funtzional batean lan egiten emandako denboraldiak ere zenbatuko dira -osasun-zientzien espezialistaren titulu ofiziala lortzeko emandako prestakuntza-urteak kenduta-, betiere lanpostua burutzeko osasun arloko lizentziatuen mailako titulazioa eskatu bada.
Maila goragoko batean sartzeko, aurreko mailan emandako denboraren barruan eskuratu diren merituak baino ez dira kontuan hartuko.
Honakoak izango dira garapen profesionaleko sisteman sartu ahal izateko betekizunak: alde batetik, Dekretu honen 2. artikuluan ezarritakoak, eta bestaldetik, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren barnean zerbitzu aktiboan edo lanpostu baliokidean egotea, deialdian ezarritako epean bidezko eskabidea egitea, eta 4. artikuluan maila bakoitzera sartzeko ezartzen diren lanean emandako urteak betetzea.
Sisteman sartu ondoren, mailaren sustapena hurbilen dagoen maila goragokora baino ezin izango da egin, arau honen xedapen iragankorretan ezarritako ezarpen-aldian izan ezik.
Garapen profesionaleko sisteman sartzen direnek beren unitate edo zerbitzuko profesionalen balorazioan lagundu beharko dute, edo hala denean, beste zerbitzu erakunde bateko espezialitate bereko profesionalen balorazioan, hori egiteko eskatzen zaienean.
Faktore bakoitza baloratzeko, kontuan hartuko da profesionalaren tipologia, hurrengo sailkapenaren arabera:
Lehen mailako arreta.
Arreta espezializatu medikoa.
Arreta espezializatu kirurgikoa.
Zerbitzu nagusi klinikoak: laborategia, erradiodiagnostikoa, farmazia, anatomia patologikoa, medikuntza nuklearra eta erradiofisika.
Bestelako zerbitzuak: prebentzio eta lan osasunaren zerbitzuak, KSU, ikerketa unitateak, irakaskuntza unitateak, prebentzio-medikuntzaren zerbitzua eta aurreko ataletan aipatu ez diren gainerako zerbitzu edo unitate guztiak.
Garapen profesionalaren ondoreetarako, hurrengo faktoreen balorazioak profil profesionala zehaztuko du:
Jarduera asistentziala: erakundearen helburuak eta funtsezko emaitzak betetzen laguntzera bideratzen diren ekintzak dira.
Lanbide-eremua: profesionalak eskuratu eta bere jarduera asistentzialari gehitu dion oinarrizko kalifikazioa osatzen duten ezagutza, gaitasun, bizipen eta jarrerak barne hartzen ditu. Bere baliabide profesionala osatzen du, eta bere lanbidea burutzeko modua zehazten du.
Etengabeko prestakuntza: profesionalak etengabe eguneratu eta ezagutza eta teknika berriak bereganatzeko duen jarrera islatzen du. Halaber, bere lanbide-eremuari lotutako teknologietan berritzera bideratzen diren ekintzak barne hartzen ditu.
Irakaskuntza eta ezagutzen hedapena: ezagutza, gaitasun eta bizipen tekniko-asistentzialak eta kudeaketarenak modu antolatuan hedatzen laguntzen duten jarduerak barne hartzen ditu.
Ikerketa: ikerketa-proiektuak planifikatu, zuzendu, kudeatu edo horietan parte hartzera bideratutako ekintza guztiak zein erakunderako lehentasunezko ildoen edo ildo interesgarrien barnean argitalpen, jakinarazpen, biltzarretako txosten, jardunaldien antolaketa eta abarren bidez hedatzeko jardueretan parte hartzea barne hartzen ditu.
Erakundearekiko konpromisoa: helburuetan eta arretaren garapen eta hobekuntzan parte hartzeak profesionalaren jarrerak eta portaerak hausnartzen ditu, erakundearen helburuak betetzen laguntzeari dagokionez.
Baloratzeko ondoreetarako, sei faktoreak hurrengo hiru blokeak osatuta taldekatuko dira:
A blokea: Jarduera asistentziala eta Lanbide-eremua.
B blokea: Etengabeko prestakuntza, Irakaskuntza eta ezagutzen hedapena, eta Ikerketa.
C blokea: Erakundearekiko konpromisoa.
Ebaluazioa gainditu eta maila zehatz batean sartzeko, profesionalak gutxieneko puntuazioa lortu beharko du bloke bakoitzean, hurrengo taulan islatzen den bezala:
Faktorea Blokea I. maila II. maila III. maila IV. maila
Jarduera asistentziala A 70 100 123 145
Lanbide-eremua
Etengabeko prestakuntza B 20 35 46 57
Irakaskuntza eta ezagutzen hedapena
Ikerketa
Erakundearekiko konpromisoa C 15 25 30 35
GUZTIRA 105 160 199 237
Nolanahi ere, lor daitekeen puntuazioa lanaldi arrunt eraginkorrari buruzkoa dela ulertuko da, aurreko mailan egon den bitartean eskuratu diren merituak baino ez direla kontuan hartuko.
Ebaluazio-batzorde espezifiko batek, zerbitzu erakunde bakoitzean sortutakoak, ebaluazioa burutuko du. Batzorde horretako kideek ebaluatu beharreko profesionalaren maila akademiko bereko edo altuagoko titulazioa izan beharko dute, eta nolanahi ere, Batzordeko kideak diren profesionalek ebaluazioa jasoko duen pertsonaren osasun lanbideko titulazioaren maila berekoa izan beharko dute.
Zerbitzu erakundeko Zuzendaritza-gerentziako titularrak Ebaluazio-batzordea hautatuko du, eta horretako burua izango da. Ondoko kideek osatuko dute batzorde hori:
Zuzendari medikoa.
Pertsonal-zuzendaria.
Kontseilu Teknikoko profesional ordezkaria.
Pertsonaleko profesional ordezkaria.
Ebaluazioa jasoko duen pertsonaren lanbide-tipologiako profesionala, 6. artikuluaren banaketaren arabera, eta zerbitzu erakundeko profesionalek proposatuta. Prozedura horren bidez profesionala hautatzen ez bada, zerbitzu erakundeko Zuzendaritzak hautatuko du.
Ebaluazioa jasoko duen pertsonaren espezialitateko kanpoko profesionala, eskualdeari (III. maila ebaluatzeko) edo estatuari (IV. maila ebaluatzeko) dagokion Elkarte Zientifikoak hautatutakoa.
Giza baliabideetako teknikaria, Batzordeko idazkaria izango dena eta bileretan hitza eta botoa izango dituena.
Hala ere, batzordearen osaera zerbitzu erakunde bakoitzean dauden egitura eta baliabideetara egokitu ahal izango da, nolanahi ere batzordeko profesionalen ordezkaritza bermatuko dela artikulu honetan ezarritako proportzioan.
Zerbitzu erakundeko Zuzendaritza-gerentziak batzorde hori hautatuko du ebaluazioak hasi aurretik, haren osaera iragarki-oholetan eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren Intraneten argitaratuko dela.
Batzordeak bere kideei laguntzen dieten aholkulari bereziak egotea xedatu ahal izango du. Aholkulari horiek batzordeko kideei eskatutako titulazio berdina izan beharko dute, eta beren espezialitate teknikoei lotutako aldeak ebaluatzen lagundu baino ez dute egingo. Era berean, beren jarduera urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikulutik 27. artikulura zehaztutako arauei lotu beharko zaie.
Aholku batzorde bat eratuko da, garapen profesionaleko sistemaren ezarpena sustatu eta laguntzeko helburua izango duena eta ondoko eginkizunak burutuko dituena:
Prozesuaren ildo nagusiak zehaztu, eta bere homogeneotasuna zaindu.
Ereduaren diseinua zehaztu, eta baremoak eguneratu.
Prozesua zehaztu, eta deialdi bakoitza abiarazi eta planifikatu.
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko titularra batzordeko burua izango da, eta beste sei kide gehiagok osatuko dute, sei ordezkari egongo direla; kide horietako bat Batzordeko idazkaria izango da. Kideak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez hautatu eta kargutik kenduko dira, ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla.
Batzordeak bere kideei laguntzen dieten aholkulari bereziak egotea xedatu ahal izango du. Era berean, beren jarduera urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikulutik 27. artikulura zehaztutako arauei lotu beharko zaie.
Lanpostuan sartu eta maila bakoitzean kokatzeko, hurrengo prozedurari jarraituko zaio:
– Ebaluatzeko prozesuaren deialdia.
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez ebaluatzeko prozesua deituko da urtero, eta jendaurrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.
Deialdi bakoitzak bai merituak eskatu eta egiaztatzeko epeak eta sistema, bai puntuazio irizpideak, zehaztu beharko ditu, gutxienez, ebaluatzeko prozesuari lotutako beste alde batzuen artean.
– Ebaluazioa.
Ebaluatzeko prozesuan ebaluatu beharreko profesionalek, beren lanpostua barne hartzen duen zerbitzu edo unitateko arduradunak, eta erakunde zerbitzuak ondore horretarako eratutako Ebaluazio-batzordeak parte hartuko dute.
Ebaluatu beharreko profesionalak bere eskabidea aurkeztu beharko du Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak ondore horretarako antolatu duen programa informatikoan, horretan etengabeko prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzen hedapen, eta ikerketaren faktoreei buruzko datuak sartu beharko dituela. Deialdian adierazitako irizpideen arabera, bere portaerak modu objektiboan hartuko ditu jarduera asistentzial eta lanbide-eremuaren merituei buruzko informazioaren eta egiaztagirien bidez, hala denean, autoebaluazioa eginda.
Zerbitzu edo unitateko arduradunak ebaluazioa jasotzen duten pertsonen jarduera asistentzial eta lanbide-eremuari berariaz lotutako gaitasunak ebaluatu beharko ditu, baita erakundearekiko konpromisoari buruzkoak ere. Bere emaitzak azken ebaluazioari gehituko dizkio, horretarako balorazioa jasotzen duen profesionalak berak egindako balorazioa ere izango duela. Halaber, ebalua daitezkeen gainerako faktoreak ebaluatzeko deitu ahal izango zaio. Bere unitate edo zerbitzuko profesional guztien ebaluazioa amaitu ondoren, bere emaitzak aurkeztuko ditu zerbitzu erakundeko Ebaluazio-batzordearen aurrean.
Zerbitzu erakundeko Ebaluazio-batzordeak prozesuan zehar sortu diren agiri guztiak jaso eta aztertuko ditu, hau da, zerbitzu edo unitateko arduradunek egindako ebaluazioak zein ebaluazioa jasotzen duten profesionalen autoebaluazioa. Emaitzak aztertu ondoren ebaluazio zabalagoa egitea komenigarritzat jotzen badu, ebaluazioa jasotzen duen pertsonaren ebaluazio osagarria eskatu ahal izango die haren zerbitzu edo unitateko profesionalei, edo hala denean, garapen profesionaleko sisteman sartuta dagoen beste zerbitzu erakunde bateko espezialitate bereko profesionalei.
Bere egitekoa amaitu ondoren, egiaztatutako mailen behin-behineko zerrenda egin eta onetsiko du, eta zerrenda hori bidaliko dio Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari.
– Ebazpena eta ebaluazioaren ondorioak.
Ebaluazio ezberdinak jaso ondoren, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak ebaluaziook aurkeztuko ditu batzordearen aurrean, deialdian ezarritako ebaluatzeko irizpideekin bat datozen aztertzeko.
Batzorde horrek txostena egin ondoren, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzak hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du ebazpenaren bidez. Horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren aurrean hilabeteko epean, txostena argitaratu eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluaren eta hurrengoen arabera.
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako errekurtsoak ebatzi, eta eskuratutako mailak behin betiko esleituko ditu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpenaren bidez. Aipatutako ebazpenak administrazio-bidea amaituko du.
– Ebaluazioaren ondorioak.
Dagokion mailan kokatzetik ondorioztatutako ondorio ekonomikoak eskabidea ebatzi eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko dira, dekretu honek beren-beregi bestelakoa ezartzen duen kasuetan izan ezik.
Ebaluazio negatiboa jasotzekotan, profesionalak beste ebaluazio bat eskatu ahal izango du azken ebaluazioa egin denetik bi urte igaro ondoren, mailen behin betiko esleipenari buruzko ebazpena ematen denetik zenbatuta.
Garapen profesionalaren maila aintzatesteak lanpostuaren osagarria jasotzea ekarriko du. Osagarri horren bidez, norberari dagokion garapen-mailan helburu asistentzialak etengabe betetzea sustatu nahi da, urteko hurrengo zenbatekoen arabera:
– I. maila: 3.000 euro.
– II. maila: 6.000 euro.
– III. maila: 8.000 euro.
– IV. maila: 11.000 euro.
Aintzatetsitako azken mailari dagokion zenbatekoa baino ezin izango da jaso.
– Pertsona taldeen edo arlo espezifikoen gaineko erantzukizuna dakarten kudeaketa lanpostuak betetzen dituzten profesionalek ebaluazioa eskatu ahal izango dute, aipatutako lanpostuak betetzen dituzten bitartean, eskura dezaketen maila egiaztatzeko asmoz. Ondoko zehazpenak egongo dira:
Beren zerbitzu edo unitateko gainerako profesionalentzat ere ebaluagarriak diren faktore berberak ebaluatuko dira, jarduera asistentzial eta lanbide-eremuari buruzko aldeak izan ezik. Era berean, beren ebaluazioak zerbitzu edo unitaterako ezarritako helburuak betetzea ere barne hartuko du.
Kudeaketa lanpostuak betetzen dituzten bitartean, horiei esleitutako ordainsariak jasoko dituzte, helburuak betetzeagatik zehazten diren zenbatekoak barne -produktibitate gisa-.
Lanpostu horietan emandako denbora lanean emandako urteen barnean zenbatuko da maila ezberdinetan sartzeko.
– Zerbitzu edo ataleko buruaren jabetzako izendapena edo baliokidea duten eta pertsona taldeen edo arlo espezifikoen gaineko erantzukizunik ez duten profesionalak garapen profesionaleko eredu arruntean sartu ahal izango dira. Kasu horretan, fakultatibo espezialistaren lanpostu funtzionalari dagozkion ordainsariak eta aintzatesten zaien garapen profesionalaren osagarria jasoko dituzte. Aurretik jasotzen ziren ordainsari finkoak oraingoak baino handiagoak izatekotan, alde horren baliokidea den osagarri pertsonala jasoko dute. Osagarri hori garapen profesionaleko maila goragokoak aintzatesteak baino ezin izango du xurgatu.
Egoerak sei hilabete baino gehiago irauten badu, senideak zaintzeko eszedentzian dauden, erakundeak eskatuta emandako prestakuntzarako baimena duten edo euskaraz ikasteko liberatu diren profesionalei beren unitate edo zerbitzuko antzinatasun talde beraren barneko profesionalek eskuratu duten batez besteko puntuazioa esleituko zaie jarduera asistentzial, lanbide-eremu eta erakundearekiko konpromisoaren faktoreen puntuazio gisa, egoera horretan dauden bitartean.
Arau honetan ezarritako garapen profesionaleko sistema mailaka ezarriko da, hiru deialdiren bidez:
Lehenengo deialdian, I. eta II. mailak deituko dira deialdia egiten den egunean lanean 16 urte, gutxienez, eman duten profesionalentzat, eta ondorio ekonomikoak 2005eko urtarrilaren 1etik hasiko dira.
Bigarren deialdian, I. eta II. mailak deituko dira gainerako profesionalentzat, eta ondorio ekonomikoak 2006ko urtarrilaren 1etik hasiko dira.
Hirugarren deialdian, III. eta IV. mailak deituko dira, eta ondorio ekonomikoak 2007ko urtarrilaren 1etik hasiko dira.
Ezarpen-aldian, aurkeztutako espedientea baliozkoa izango da ondoko ebaluazioetarako, nahiz eta deialdien artean igaro den denboran eskuratu diren merituak aurkeztu ahal izango diren.
Kasu guztietan, dagokion ebaluazioa gainditu beharko da, eskatzailearen ibilbide profesional osoa maila bakoitzean aplika daitezkeen aldeetan ebaluatuko dela, hurrengo ataletan biltzen diren zehazpenei jarraiki:
a) I. eta II. mailetarako ezarpen-aldian, eta etengabeko prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzen hedapen, eta ikerketaren faktoreak baloratzeko, medikuak hautatu ahal izango du 8. artikuluan ezarritako ebaluazio arrunta ala bere antzinatasunaren arabera puntuazio osagarria aplikatzea. Fase horretan ez da beharrezkoa izango gutxieneko puntuazioa lortzea 8. artikuluan bildutako faktoreen bloke bakoitzean: nahikoa izango da eskuratutako puntuazioen batura eska daitekeen gutxieneko puntuazio orokorra baino handiagoa izatea.
b) I. eta II. mailetarako antzinatasunaren faktore zuzentzailea hautatzekotan, etengabeko prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzen hedapen, eta ikerketaren faktoreen ebaluazioarengatik eskuratutako puntuazioaren eta antzinatasunarengatiko puntuazio osagarriaren baterako batura ezin izango da 35 puntutik gorakoa izan.
c) 4. artikuluan ezarritako irizpideen arabera baloratzen diren antzinatasun-urteengatiko puntuazio osagarria ondokoa izango da:
5 urte = 7 puntu 6 urte = 8 puntu
7 urte = 9 puntu 8 urte = 10 puntu
9 urte = 11 puntu 10 urte = 12 puntu
11 urte = 13 puntu 12 urte = 14 puntu
13 urte = 15 puntu 14 urte = 16 puntu
15 urte = 17 puntu 16 urte = 18 puntu
17 urte = 19 puntu 18 urte = 20 puntu
19 urte = 21 puntu 20 urte = 22 puntu
21 urte = 23 puntu 22 urte = 24 puntu
23 urte = 25 puntu 24 urte = 26 puntu
25 urte = 27 puntu 26 urte = 28 puntu
27 urte = 29 puntu 28 urte = 30 puntu
29 urte = 31 puntu 30 urte = 32 puntu
31 urte = 33 puntu 32 urte = 34 puntu
33 urte = 35 puntu 33 urtetik gora = 35 puntu
Nolanahi ere, ebaluazioa jasotzen duen pertsonak eskabidea bete beharko du, ebaluazioaren fase arruntean eska daitezkeen curriculumaren aldeak adierazita.
Ebaluazio arrunta hautatzekotan, aldi iragankor horretan edozein maila aintzatetsi ahal izango da, nahiz eta III. eta IV. mailen ondorio ekonomikoak 2007ko urtarrilaren 1era arte sortuko ez diren.
Ezarpen-aldian pertsona taldeen edo arlo espezifikoen gaineko erantzukizuna dakarten kudeaketa lanpostuak betetzen dituzten profesionalek hautatu ahal izango dute aintzatesten zaien mailaren arabera garapen profesionalaren osagarria jasotzea ala helburuak betetzeagatik zehazten diren zenbatekoak kobratzea. Aukera hori baliozkoa izango da kudeaketa lanpostua gauzatzen den bitartean, eta ez da inola ere jasoko bi kontzeptuengatik.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2005eko azaroaren 22an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.
Osasun sailburua,
GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (5)
- Ikus: 2425/2023 EBAZPENA, abenduraren 29koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez arautzen diren Osakidetzaren mendeko zerbitzu-erakundeetako profesionalentzako 2023ko ekitaldiko lanbide-garapenaren maila esleitzeko ohiko deialdiaren baldintzak, eskabideak eta ebaluazio- eta esleipen-prozedurak.
- Ikus: 1184/2023 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez arautzen diren Osakidetzaren mendeko zerbitzu-erakundeetako profesionalentzako 2022ko ekitaldiko lanbide-garapenaren maila esleitzeko ohiko deialdiaren baldintzak, eskabideak eta ebaluazio- eta esleipen-prozedurak.
- Ikus: 1208/2022 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mende dauden zerbitzu-erakundeetako profesionalei dagokien ezohiko deialdiko lanbide-garapeneko maila aitortzeko baldintzak, eskaerak eta prozedura arautzen diren.
- Garatzen du: 8/1997 LEGEA, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena.
- Ikus: 485/2018 EBAZPENA, maiatzaren 21ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariarena. Honen bidez, garapen profesionaleko maila aitortzeko eskaerak ebazten dira eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko A1 Fakultatibo Mediko Tekniko