Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

251/2005 DEKRETUA, irailaren 20koa, Estatuko Osasun Sistemaren farmazia-prestaziorako sarbiderako erabiltzaileen identifikazioa erregulatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 190
  • Hurrenkera-zk.: 4906
  • Xedapen-zk.: 251
  • Xedapen-data: 2005/09/20
  • Argitaratze-data: 2005/10/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Estatuko Osasun Sistemaren kohesioa eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 7. artikuluak farmazia-prestazioa Estatuko Osasun Sistemaren prestazioen katalogoan sartzen du. 16. artikuluaren arabera, prestazio honek barne hartzen ditu botikak eta produktu sanitarioak eta pazienteek beren behar klinikoen arabera egokituta jaso ditzaten bideratutako jarduera multzoa, behar indibidualen araberako dosi zehatzetan, denboraldi egokian eta eurentzat eta komunitatearentzat ahalik eta kostu txikienarekin, eta prestazio hau abenduaren 20ko 25/1990 Botiken Legean xedatutakoarekin eta produktu sanitarioen arautegia eta gainontzeko xedapen aplikagarriekin eraentzen da.

Botiken Legeak, Estatuko Osasun Sisteman botiken arrazoizko erabilerari dagokion atalaren barnean, 95.3 artikuluan xedatzen du euren prestaziorako eskubidea pazienteen betebeharretako bat dela, Estatuko Osasun Sistemako pertsonal fakultatiboak edo farmazia emaileak hala eskatzen dienean.

Lehen aipatutako 16/2003 Legeak 57. artikuluan xedatzen du atentzio sanitariorako prestazioetarako hiritarrentzako sarbidea Estatuko Osasun Sistemak emandako osasun-txartel indibidualaren bidez emango dela, beronen titularraren identifikazioa, prestazio farmazeutikoari dagokionez duen eskubidea eta laguntza sanitarioa emango dion osasun-zerbitzua edo entitate arduradunari buruzko oinarrizko datuak egiaztatzen dituen administrazio-dokumentu gisa. Artikulu hau urtarrilaren 30eko 183/2004 Errege Dekretuaren bidez garatu da, osasun-txartel indibiduala erregulatzen duena, ondorioz, Estatuko Osasun Sistemaren onuradun guztiek euren osasun-txartel indibiduala dute, dagokien Autonomia Erkidegoak emanik.

Euskal Autonomia Erkidegoan askoz lehenago 252/1988 Dekretua eman zen, urriaren 4koa, osasun-txartel indibidualaren erabilera ezarri, fakultatiboen adskripzioa erregulatu eta, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan, pediatria atentziorako adin-muga ezartzen duena. Honela, osasun-txartel indibidualaren bidez Osakidetzako pazienteak identifikaturik zeuden.

Guzti honi gehitu behar zaio Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 4.3 artikuluak xedatzen duela sarbiderako prozedura, administrazioa eta osasun-zerbitzuen prestazio erregimena arauz erregulatuko dela.

Osasun Saila Estatuko Osasun Sistemaren farmazia-prestaziorako sarbide bezala errezeta elektronikoa ezartzeko proiektu pilotu bat garatzen ari dela kontuan izanik, errezeta egin zein botikak ematean erabiltzailearen identifikazioa eskatzen duena, aipatu identifikazioa nola egin erregulatu behar da.

Hau egiterakoan ez dugu ahantzi behar atzerriko zenbait pertsonak Estatuko Osasun Sistemara sarbidea dutela eta, ondorioz, farmazia-prestaziora, nahiz eta osasun txartel indibidualik izan ez. Edo Europar Batasuneko hiritarrak dira, langile migratzaileen Gizarte Segurantzarako Europako Erkidegoetako Administrazio Batzordearen 2003ko ekainaren 18ko 2003/751/CE Erabakiak, 189. zenbakia, 2003/752/CE Erabakiak, 190. zenbakia, eta 2003/753/CE Erabakiak, 191. zenbakia, aipatzen duten Europako osasun-txartela dutenak, edo Osasun Sailak emaniko asistentzia sanitarioko behin-behineko agiria duten atzerriko hiritarrak, atzerritarrek Espainian dituzten eskubideak eta askatasunak eta beren gizarteratzeri buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren 12. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Horrenbestez, Elkargo Ofizialei eta sektoreko gizarte erakunde nagusiei entzun ostean, Euskadiko Aholkularitza Batzorde Juridikoarekin bat, Osasun sailburuak halaxe proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko irailaren 20an egindako bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoan Estatuko Osasun Sistemaren farmazia-prestaziorako sarbiderako onuradunen identifikazioa erregulatzea da.

  1. – Estatuko Osasun Sistemako farmazia-prestazioaren onuradunak, aipatu prestazioa agintzeko, zentroetan eta osasun-zerbitzu baimenduetan osasun-txartel indibiduala aurkeztuz identifikatu behar dira.

  2. – Osasun-txartel indibidualaren eskabidea izapidetzen ari direnak behin-behineko ordezkagiria aurkeztuz identifikatu behar dira.

  3. – Osasun-txartel indibidualik ez duten atzerritarrak Europako osasun-txartela edo Osasun Sailak emandako asistentzia sanitarioko behin-behineko agiria aurkeztuz identifikatu behar dira, kasuaren arabera.

  4. – Onuradunak osasun-txartel indibiduala, behin-behineko ordezkagiria, Europako osasun-txartela edo asistentzia sanitarioko behin-behineko agiria aurkeztu behar du; zentrora edo osasun-zerbitzura ezin bada berau joan, bere izenean nor joango den adierazi beharko du.

Errezeta egiterakoan, pertsonal fakultatiboak Errezeta Medikoei buruzko irailaren 26ko 1910/1984 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako datuak adierazi behar ditu, ondoren adierazten direnekin batera:

  1. Identifikatzeko aurkeztutako agiria onuradunaren osasun-txartel indibiduala denean: osasun-txartelaren identifikazio-kode pertsonala.

  2. Identifikatzeko aurkeztutako agiria Europako osasun-txartela denean: txartelaren titularraren identifikazio-zenbakia eta identifikazio-txartelaren zenbaki logikoa.

  3. Identifikatzeko aurkeztutako agiria asistentzia sanitarioko behin-behineko agiria denean: erregistro-zenbakia.

  1. – Estatuko Osasun Sistemako farmazia-prestazioaren onuradunak aipatu prestazioa farmazia-bulegoetan jasotzeko, errezeta egiterakoan identifikatzeko aurkeztutako osasun-txartel indibiduala, behin-behineko ordezkagiria, Europako osasun-txartela edo Osasun Sailak emandako asistentzia sanitarioko behin-behineko agiria aurkeztuz identifikatu behar dira.

  2. – Onuradunak osasun-txartel indibiduala, behin-behineko ordezkagiria, Europako osasun-txartela edo asistentzia sanitarioko behin-behineko agiria aurkeztu behar du; ezin bada berau joan farmazia-bulegora, bere izenean nor joango den adierazi beharko du.

  3. – Urgentzia kasuak salbuetsiak daude, halakoetan farmazia-bulegoko titularrak edo arduradunak, ordezkoak edo laguntzaileak errezetan berean jasota utzi behar du, bere sinadurarekin batera.

  1. – 3. artikuluan aipatutako datuak ez direnean ageri edo aipatu datuek ez dutenean onuradunaren identifikaziorako osasun-txartel indibiduala, behin-behineko ordezkagiria, Europako osasun-txartela edo Osasun Sailak emandako asistentzia sanitarioko behin-behineko agiriko datuekin bat egiten, farmazia-bulegoek ez dituzte Estatuko Osasun Sistemako farmazia-prestazioaren errezetako botikak eman behar.

  2. – 4. artikuluan 3. idatz-zatian aurreikusitako urgentzia kasuetan ez dira Estatuko Osasun Sistemako farmazia-prestazioaren errezetako botikak eman behar, 3. artikuluan aipatutako datuak ez direnean ageri.

  1. – Farmazia-bulegoen titularrak osasun-txartel indibiduala, behin-behineko ordezkagiria, Europako osasun-txartela edo asistentzia sanitarioko behin-behineko agiriko datuen konfidentzialtasuna gorde eta berauen zaintza egokia bermatzeko neurri aproposak hartu behar dituzte.

  2. – Aipatu datuak Estatuko Osasun Sistemako farmazia-prestazioaren errezetako botikak ematetik sortutako funtzioetarako eta Osasun Sailari errezetak fakturatzeko erabil daitezke soil-soilik.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabetera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko irailaren 20an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.