Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

33/2005 DEKRETUA, otsailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-ordutegiei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 40
  • Hurrenkera-zk.: 903
  • Xedapen-zk.: 33
  • Xedapen-data: 2005/02/22
  • Argitaratze-data: 2005/02/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Gizarte gaiak eta emplegua
  • Azpigaia: Merkataritza eta turismoa; Lana eta enplegua

Testu legala

Azaroaren 10eko 7/2000 Legeak, Merkataritza Jarduerari buruzko maiatzaren 27ko 7/1994 Legea aldatzen duenak, bigarren xedapen gehigarrian ezartzen duenez, aipaturiko legeak xede dituen merkataritzagune handietako saltokiak irekitzeko eta ixteko ordutegiak antolatzeko arauak eman ahal izango ditu Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoak merkataritza-arloan dituen eskumenak baliatuz eta euskal merkataritza-sektoreko eragileei aldez aurretik kontsultatuta, betiere lehia askearen eta leialaren printzipioei jarraiki. Gainera, ordutegi orokorraren gehieneko mugak ezarriko direla dio, behar den lurralde-oreka eta dauden merkataritza-egituren garapena bermatuz.

Bestalde, aipaturiko legearen 13. artikuluaren 2. idatz-zatiak ezartzen duenez, merkataritzagune handitzat hartzeko txikizkako merkataritzaguneek bete behar dituzten baldintzak erregelamendu bidez ezarriko dira, jendaurreko salmentarako duten azaleraren eta dauden edo egongo diren udalerriak duen biztanle-kopuruaren arabera ezarri ere. Idatz-zati horretan xedaturikoa garatuz, merkataritzagune handiak ezarri, aldatu eta handitzeko martxoaren 27ko 58/2001 Dekretua onartu zuen Jaurlaritzaren Kontseiluak; dekretu horretan, txikizkako merkataritzaguneak ezartzearen ondorioz horiei aplikatzekoak zaizkien eskakizunak aplikatzeko merkataritzagune jakin batzuek bete behar dituzten baldintzak ezartzen dira.

Azaroaren 10eko 7/2000 Legearen —Merkataritza Jarduerari buruzko maiatzaren 27ko 7/1994 Legea aldatzen duena— bigarren xedapen gehigarri horretan xedaturikoa garatuz, dekretu honek merkataritzagune handien merkataritza-ordutegiak arautzea du helburutzat, eta, dekretu horretan xedaturikoari dagokionez, txikizkako saltokiek merkataritzagune handitzat hartu ahal izateko bete behar dituzten baldintzak ezartzen ditu horretarako, lege horretan oro har eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoa alde batera utzi gabe.

Euskal merkataritza-sektoreko eragileei aldez aurretik kontsultatuta eta batez ere honako hauek kontuan hartuta egin da araudia: merkataritza-banaketak gaur egun EAEko ekonomian duen zeregin estrategikoa eta hori izaten ari den modernizazio eta eraldaketa prozesu bizia; izan ere, prozesu horren ondorioz, merkataritza-egitura eta horren adierazpide guztiak sakon aldatzen ari dira.

Merkataritza-egituren modernizazio eta eraldaketa hori ekonomiaren globalizazio-prozesuaren zati bat da; prozesu horren ondorioz, kontsumitzaileak jokabidea aldatzen ari dira eta merkatuak kontrolatzeko estrategia berriak garatzen ari dira. Banaketa-merkatu horrentzat saltokiek irekita eman ditzaketen egunen eta orduen kopuruak duen garrantziaz eta eraginaz jabeturik, egokitzat eman da alderdi hori arautzea; nolanahi ere, araudi horrek kontuan izan behar du beharrezkoa dela honako hauek bermatzeko baldintzak sortzea eta aurreikustea: produktuak kalitate, aukera eta prezio baldintza hoberenetan eskaintzea, bai eta horiek dauden baliabideetara —denborari eta biztanleriaren hornidurari dagozkienak— egokitzea ere.

Era berean, hurbileko hiri-merkataritza izenekoak Erkidego honetan duen garrantzia izan du kontuan proposaturiko araudiak; izan ere, merkataritza-mota hori funtsezkoa da gure bizimoduan eta gure gizarte-ereduan, eta horregatik, behar diren neurriak hartu behar ditugu Erkidegoko herri guztietan merkataritza-ekipamendu egokia izatea ziurtatzeko eta enpresen arteko lehia ere bermatzeko, inork merkatua mendera ez dezan.

Horri dagokionez, Europako Kontseiluaren 2003/88/EB Arteztarauak merkataritza-ordutegiak arautzean, besteak beste honako hauek kontuan izateko gomendatzen die estatukideei: kultur, gizarte eta erlijio arloko tradizioak eta herritarren beharrak; era berean, igandeak atseden-egun gisa duen nondik norako soziala onartzeko ere gomendatzen die.

Berme horiek errespetatzearren, dekretu honek Erkidegoko merkataritzaguneek zabalik eman dezaketen gehieneko ordu-kopurua ezartzen du, betiere jarduera horren lan-araudian eta merkataritza-sektoreko langileek aintzat hartuta dituzten eskubideetan sartu gabe, gai horiek gure eskumenen eremutik kanpo baitaude.

Horri jarraiki, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin adostasunez, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak proposaturik, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko otsailaren 22ko bilkuran aldez aurretik eztabaidatu eta onarturik, hau

  1. – Dekretu honetan bilduriko merkataritza-ordutegien araudia merkataritzagune handiei baino ez zaie aplikatuko.

  2. – Dekretu honi dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 400 metro koadrotik gora duten jendaurrean saltzeko txikizkako saltokiak dira merkataritzagune handiak.

  1. – Aurreko artikuluan definituriko merkataritzagune handiek honako baldintza hauek kontuan izanik ezarri ahal izango dute euren merkataritza-ordutegia:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako urteko igande eta jaiegun guztien artean, gehienez ere 8 egunetan, hau da, 8 igande eta jaiegunetan garatu ahal izango dute euren merkataritza-jarduera.

    2. Igandeetan eta jaiegunetan gehienez ere 12 orduz egon ahal izango dira zabalik.

    3. Merkataritza-jarduera garatzeko, honako jaiegun hauek ez dira lanegunak izango:

      Urtarrilaren 1a

      Urtarrilaren 6a

      Maiatzaren 1a

      Abenduaren 25a

      Lurralde Historiko bakoitzaren zaindariaren eguna lurralde historiko bakoitzean.

    4. Asteko lanegun guztiak kontuan harturik, gehienez ere 72 orduz garatu ahal izango dute euren jarduera.

  2. – Merkatari bakoitzak finkatuko du zenbat orduz eta zein egunetan garatuko duen bere jarduera, bai eta egun horietan zein ordutan zabaldu eta itxiko duen bere saltokia ere, aurreko puntuetan ezarritakoaren arabera.

  3. – Saltokiak jendearentzat zabalik egongo diren ordutegiak eta egunak kontsumitzaileek saltokien kanpoaldetik ikusteko moduan jarriko dira erakusgai.

Erregimen berezirik ez duten eta merkataritza-jarduerari urte naturala hasita dagoenean ekiten dioten merkataritzagune handiek gehienez ere zabaldu ahal izango duten igande eta jaiegun kopurua jarduera hori hasi duten hiruhilekoaren arabera zenbatuko da; hiruhileko bakoitzean 2 egunez zabaldu ahal izango dute.

Arau honetan definituriko merkataritzagune handiek euren jarduera garatu ahal izango duten igande eta jaiegunen gehieneko kopurua Dekretu hau indarrean jarri eta handik aurrera zenbatzen hasiko da 2005. urtean.

Baliorik gabe geratu dira dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko zein beheragoko xedapen guztiak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko otsailaren 22an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.