Arautegia
Inprimatu241/2003 DEKRETUA, urriaren 14koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 206
- Hurrenkera-zk.: 5683
- Xedapen-zk.: 241
- Xedapen-data: 2003/10/14
- Argitaratze-data: 2003/10/22
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Urtarrilaren 9ko 1/1996 Dekretuak arrazoietan oinarritutako eguneratzea ekarri zion Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egiturari, erakunde horrek bere helburuak garatzeko unean errealitateak eta ordenamenduak jarritako eskakizunak eraginkortasun gehiagoz bete ahal izan ditzan. HAEE sortzen duen Legeko 4. artikuluan finkatu ziren helburuok euskal administrazio publikoen garapenean berebiziko garrantzia duten bi eremuren inguruan, giza baliabideak hautatu eta prestatzeko, bata, eta euskararen erabilera normalizatzeko, bestea, politika-zientziari buruzko eta administrazioari buruzko ikerketa ahaztu gabe.
Lehenengo eremuari dagokionez, giza baliabideek administrazioaren jardunaren kalitaterako duten prestutasunak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura berrantolatu eta egokitu beharra ekarri zuen, arrazionaltasun eta eraginkortasunik gorenaz jardun zezan, giza baliabideen zein giza kapitalaren gaineko eremuetako politiketan administrazioak ekin beharrekoetan. Langintza horretan, uztailaren 28ko 147/2000 Dekretuak bidezko ziren arau-aldaketak sartu zituen, HAEEk eta funtzio publikoaren eta giza baliabideen gaineko politikak zehazteko ardura duten Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organoek eginkizunen zedarriztapena dela-eta antolaketari buruz elkarrekin egindako analisiaren ondoren.
Euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez, nabarmena da itzulpenak duen eragina, euskararen erabileran normalizaziorako bide delako, eta tresna moduan garrantzi handiko lana agintzen diolako Itzultzaile Zerbitzu Ofizialari, Euskeraren erabilpena arauzkotzezko oinarrizko Legeko 12. artikuluan aipatutako aginduaren ondorioz sortu baitzen zerbitzu hori. Horrela, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arautzen duen otsailaren 29ko 38/2000 Dekretuak aparteko zerbitzu izateko egituratu zuen, eta zerbitzua bera Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren antolamendu-egituraren barruan kokatzerakoan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari atxikitzea erabaki zen. Izan ere, HAEEk bere helburuen artean, sorrerako Legearekin bat etorriz, Euskeraren erabilpena arauzkotzezko Oinarrizko Legea betetzeko, euskara administrazio publikoan sarraraztea, hedatzea, erabiltzea eta arautzea du eginkizun, baita administrazio-hizkera finkatzea ere.
Horren guztiorren ondorioz, beharrezkoa da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura arrazoiz eguneratzea, erakunde horrek bere erantzukizun-eremu berrietatik darizkion erronkei eraginkortasun gehiagoz aurre egin diezaien, eta, horrela, errealitateak eta ordenamendu juridikoak erakundeari bere jardute-eremuan jarritako eskakizunetara egokitu dadin.
Azaldutako guztia kontuan dela, Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunez, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, lehendakariak aurrez onartu eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko urriaren 14an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
¿ Abuztuaren 30eko 16/1983 Legeko 1. artikuluan jasotakoaren arabera, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea autonomiadun erakundea da, administrazio-mailakoa, eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailari atxikita dago.
¿ Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak beren beregiko izaera juridikoa eta bere helburuak betetzen jarduteko gaitasun osoa ditu. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko erakunde autonomoei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenetan ezarritakoarekin arautzen da HAEEren jarduna.
¿ Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea zerbitzu publiko integral moduan eratzen da, eta bere bezeroen premiak betetzera bideratuko du bere jarduera, informazio eta komunikaziorako teknologia berriak aplikatuta, eta foru-erakundeekin eta toki-erakundeekin lankidetzan jardunda, zerbitzua herritarrengana hurbilduz.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helburuak dira:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere administrazio-erakundeetako langile publikoak hautatzea, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Funtzio Publikoaren Zuzendaritzarekin koordinatuta beti ere, eta Langilegoaren gaietan eskuduntzak aitortzeari buruzko otsailaren 20ko 36/1990 Dekretuaren indarrez egotzitako eskumenen aurka jo gabe.
Beste administrazio publiko batzuetako langile publikoak hautatzea, administrazio horiek berek eskatzen badiote, eta euskal administrazio publiko guztiek sustatutako hautaketa-prozesuetako epaimahaietan parte hartzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 31. artikuluan jasotakoaren arabera.
Toki-Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 92-3 artikuluan aipatutako funtzionarioak hautatzea eta prestatzea, lege horretako bigarren xedapen gehigarrian eta aplikatzeko diren beste arau guztietan jasotako moduan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoak prestatzea eta hobetzea, eta gainerako euskal administrazio publikoei beren langile publikoak prestatu eta hobetzeko lankidetza ematea.
Euskara administrazio publikoan sartu, zabaldu, ezarri eta normaltzea eta euskarazko administrazio-hizkera finkatzea, Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko Legean eta aplikatzeko diren gainerako arauetan xedatutakoa betetzeko.
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatu ahal izateko, jendeak euskaraz nola dakien ebaluatzeko proben edukia eta modua zehaztea, beti ere Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 99. artikuluan eta Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeko 45. artikuluan jasotakoaren arabera.
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatu behar direnean, edozein euskal administrazio publikotan funtzio publikora sartzeko hautaketa-prozesuetako epaimahaietan parte hartzea, hain zuzen Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 9/1989 Legeko 99. artikuluan, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeko 45. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeko 53. artikuluan ezarritako moduan.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zerbitzura diharduten langileen hizkuntz gaitasuna indartzea, antolatzea eta ebaluatzea, beti ere, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jartzen duenaren arabera.
Itzulpenak, interprete-lanak eta terminologia-lanak egitea administrazio publikoentzat, euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpenak zehatzak eta juridikoki baliokideak direla bermatuta.
Administrazio publikoen funtzionamenduaren, produktibitatearen eta eraginkortasunaren inguruan, ikerketak eta azterlanak egin, aholkularitza eman, dokumentazioa landu, informazioa zabaldu eta argitalpenak egiteko jarduerak aurrera eramatea eta bultzatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek legeen, finantzen, ekonomiaren, gizartearen eta estatistikaren aldetik edo beste edozein arlotan dituzten berezitasunak ikertu, irakatsi eta ezagutzera emateko jarduerak aurrera eraman eta bultzatzea.
Bai administrazio-zientzia eta bai administrazio publikoarekin eta arlo publikoarekin zerikusia duen beste edozein ikasgai zientifiko ikertu, irakatsi eta ezagutzera ematea.
Espainiako zein atzerriko antzeko beste erakunde batzuekin truke-harremanak lotu eta hitzarmenak egitea.
Hona hemen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen gobernu-organoak:
Zaingo-batzordea.
Zuzendaria.
¿ Zaingo-batzordea kide anitzeko organoa da eta Erakundearen jardueren plangintza orokorra, ikuskapena eta jarraipena egiteko ardura du.
¿ Hona hemen Zaingo-batzordea osatuko duten kideak:
Lehendakaria: Ogasun eta Herri Administrazio sailburua edo berak ordezkotzan utzitako karguduna.
Lehendakariordea: Erakunde Politikarako eta Autonomiaren Garapenerako idazkari nagusia, toki-administrazioko gaietan eskumena duena delako.
Batzordekideak:
Lurralde historikoetako diputatu nagusiak edo horiek ordezkotzan utzitako karguduna.
Funtzio Publikoaren sailburuordea.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren ordezkari bana lurralde historiko bakoitzeko, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak izendatuta.
Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioaren izenean ordezkari bana lurralde historiko bakoitzeko, EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak izendatuta.
Idazkaria: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko idazkari nagusia; hizpidea izango du, baina botorik ez.
¿ Hona hemen Zaingo-batzordearen berezko eskumenak:
Erakundea Garatzeko Plan Orokorra onartzea.
Administrazio Publikoko Estatuko Institutuarekin, unibertsitateekin eta antzeko beste erakunde batzuekin hitzarmenak egitea.
Txostena onartzea.
Aurrekontuaren aurregitasmoa onartzea, gero Ogasun eta Herri Administrazio Sailari bidaltzeko.
¿ Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria Jaurlaritzaren Kontseiluaren dekretu bidez izendatu eta kenduko da kargutik, hala dagokionean, beti ere Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez.
¿ Hona hemen zuzendariaren eginkizunak:
Erakundearen ordezkari izatea.
Erakundeko zerbitzuak eta atalak zuzentzea, bultzatzea eta kontrolatzea, beren eginkizunak bete ditzaten.
Aurrekontuaren aurregitasmoa egitea eta aurrekontua betearazteko jarraipena egitea.
Erakundeko langileen buru izatea, eta, egin behar denean, izendapen askez bete beharreko lanpostuetako langileak izendatu eta kargutik kentzea.
Kontratazio-erakunde legez jardutea Autonomia Erakundearen ardurapean jarritako eginkizun eta arloetan aritzeko beharrezko kontratazioetan.
Ikasketa-planak, jarduera-programak, tituluak eta hautaketako, prestakuntzako eta hobekuntzako sistemak eta prozesuak proposatzea, gero dagokion organoak onar ditzan.
Erakundeak antolatutako jardueretan parte hartzen dutenei eskola-diziplinari buruzko arauak betearaztea eta Erakundean burututako ikasketen egiaztagiriak, tituluak eta diplomak ematea.
Betearazpeneko eragiketak, irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Aurrekontu Araubidean indarrean dauden Legezko Xedapenen testu bategineko 111. artikuluan jasotakoak; ezer kendu gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren Legeek gastu-gaian erabaki dezaketenari.
Erakundearen berezko helburuak betetzeko egindako prestakuntza-lanak eta elkarlan zehatzak ordaintzeko erabili beharreko baremoak zehaztea, beti ere aurrekontuko diru-izendapenen barruan.
Legez agindutako beste edozein eginkizun, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen berezko eskumenekoak izanik Zaingo-batzordeari egotzi ez zaizkionak.
¿ Aurreko idatz-zatian zehaztutako eginkizunak, idazkari nagusiaren edo, kasu gutxi batzuetan, Erakundeko zuzendariordeetakoren baten eskuetan utz ditzake, beti ere, gai honen inguruan indarrean den legediari jarraiki.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren agindupean daude atal hauek:
Idazkaritza Nagusia.
Giza Baliabideetarako Zuzendariordetza.
Euskarako Zuzendariordetza.
Idazkaritza Nagusiari dagozkio:
Zaingo-batzordeko idazkaria izatea eta batzorde horretan hartutako erabakiak betearaztea.
Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuari eta Zerbitzu Orokorrei emandako eginkizunen erantzukizuna bere gain hartzea, zuzendariaren eskumenen kontra jo gabe.
Erakundeko zerbitzu eta atal guztiak eta, beharrezkoa bada, beste bi zuzendariordetzak ere koordinatzea.
Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolako Zuzendaritza-kontseiluko buru izatea eta eskola horren jarduera bultzatu, zuzendu eta ikuskatzea, martxoaren 11ko 80/1986 Dekretuan jarritakoaren arabera.
Erakundeko Zuzendaritzako kargua bete gabe badago, nahiz titularra kanpoan edo gaixorik badago, idazkari nagusiak beteko ditu zuzendaritzaren eskumenak egoera horrek dirauen artean, baldin eta egoera gertatu aurretik eskumenok eskuordetzan utzi ez badira.
Zerbitzu Orokorrek idazkari nagusiaren beraren agindupean jardungo dute, Idazkaritza Nagusiari eta Erakundeko gainerako zerbitzuei beren eginkizunak artez betetzen laguntzeko zerbitzu direnez. Hona hemen Zerbitzu Orokorren eginkizunak:
Langileak administratu eta kudeatzea, langile horiek, eginkizunei dagokienean, kasuan kasuko ataleko buruaren menpe dauden arren.
Erakundearen baliabide ekonomikoak kudeatzea eta aurrekontua garatzea.
Herritarrei informazioa eman, erregistroa jaso eta jendeari harrera egitea, Erakundeko gainerako atalekin lankidetzan arituz.
Erakundeak sustatutako kontratuen administrazio-izapideak ere zerbitzu honi dagozkio.
Ondasunak administratzea.
Erakundearen aholkularitza juridikoa.
Erakunde ofizial edo pribatuekin lankidetzan aritzeko hitzarmen eta akordioetarako egitasmoak egitea.
Antolaketako eta administrazioa errazteko egitasmoak, azterlanak eta analisiak zuzendu, taxutu eta egitea, horiek guztiok garatzeko bideak jartzea eta antolaketari dagozkion gorabehera guztiak baldintzarik onenetan konpontzea. Eginkizun horiek Administrazioa Eraberritzeko Bulegoaren Zuzendaritzari egitea dagokion gainbegirapean gauzatuko dira.
Barruko kudeaketako prozedurak kudeatu, ezarri eta zaintzea, Erakundeak emandako zerbitzuetan kalitatea eten gabe hobetzeko beharrezko tresnak eman ahal izateko Erakundeko atal eta zerbitzu guztiei.
Gainerako zerbitzuei azpiegitura informatikoa ematea.
Erakundeko artxiboa eta liburutegia kudeatzea.
Zuzendariak agindutako eta araubide juridikoak egotzitako beste edozein eginkizun.
¿ Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, administrazio publikoarekin zerikusia duten gaiak eta ikasgaiak ikertu, aztertu eta zabaltzeko izendatuta dituen eginkizunak Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuak garatu behar ditu, idazkari nagusiaren agindupean zuzen-zuzenean.
¿ Hona hemen Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuaren eginkizunak:
Politikari, lege-arloari, ekonomiari eta administrazioari buruzko azterlanak eta ikerketak egiteko jarduerak antolatu, aurrera eraman eta sustatzea, bai berak bakarrik zein unibertsitatearekin, administrazio-arloko beste erakunde edo eskola batzuekin eta beste elkarte publiko nahiz pribatu batzuekin lankidetzan, baldin eta beren baltzu-helburua ikerketaren eremuan sartzen bada.
Euskal administrazio publikoak antolatu eta hobetzearekin zerikusia duten gaien gainean, eska diezazkioten azterlan eta txostenak egitea, aholku-eskeei erantzutea eta gai horiei buruzko arauen aurre-egitasmoak gertatzea.
Eginkizun-esparru bereko beste zentro batzuekin eta unibertsitatearekin harremanak izatea eta trukeak egitea.
Erakundeak urtean zehar egin behar dituen argitalpenen programa egitea eta horien administrazio-lana kudeatzea Zerbitzu Orokorrekin lankidetzan.
Erakundeak argitaratzeko dituen egitasmoen inguruko azterlanak egitea eta egitasmo horiek ezagutzera ematea, interesgarriak eta zientifikoki zuzenak direla bermatzeko.
Herri Arduralaritzazko Euskal Aldizkariaren alderdi teknikoa kudeatzea.
Administrazio-zientzia ikertu, irakatsi eta zabaltzeko mota guztietako jarduerak antolatu eta bultzatzea, zientzia hori arian-arian euskal administrazio publikoen esparruan zabaldu dadin. Horretarako, lankidetzako hitzarmenak eta itunak sustatuko ditu Euskal Herriko unibertsitateekin zein administrazio-arloko beste edozein institutu, eskola edo erakunderekin.
Zerbitzuari dagozkion gaien inguruko ikerketa-beka eta ikerketa-sarietarako deialdiak egitea, eta bekadunen jarraipenerako eta bekadun horiek bideratzeko lan guztiak egitea.
Euskal autonomiaren berezitasunen, administrazio-zientziaren edo zuzenbide publikoaren inguruko biltzarrak, mintegiak eta jardunaldiak antolatu eta sustatzea berak bakarrik edo unibertsitatearekin nahiz administrazio-arloko beste institutu edo eskola batzuekin elkarlanean.
Administrazio Publikoko goi-mailako diploma sortzeko bultzada ematea, diploma bera taxutzea eta, hala badagokio, kudeatzea.
Liburutegi Nagusiarekin koordinatuta, Zerbitzuaren eskumenen gaineko gaiei buruzko liburuak eta fondoak eskuratzeko politika zehaztea.
Zerbitzuaren eginkizunen esparruaren barne diren beste eginkizunak.
¿ Lurralde eta Hirigintza Ikasketetarako Euskal Eskola prestakuntzarako zentroa da, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen barruan dago eta lurralde-antolamendu, hirigintza eta ingurugiroaren arloko gaiak irakatsi, ikertu eta ezagutzera emateko jarduerak garatzen ditu, idazkari nagusiaren agindupean zuzen-zuzenean.
¿ Lurralde eta Hirigintza Ikasketetarako Euskal Eskolaren egitura eta jarduteko modua aipatutako eskola hori eratzeko martxoaren 11ko 80/1986 Dekretuan edo eskola arautzen duen berariazko araudian xedatutakoaz arautuko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako zerbitzuko langileak hautatu eta prestatzeko arloetan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari dagozkion aginpideak garatzea izango da Giza Baliabideetako Zuzendariordetzaren xedea. Aginpide horiek behar bezala betetzeko, Giza Baliabideetako Zuzendariordetzak ondoko zerbitzuak izango ditu:
Hautaketa Zerbitzua.
Prestakuntza Zerbitzua
Euskal administrazio publiko guztietan karrerako funtzionario edo lan-kontratudun langile finko moduan sartzeko komunak izango diren gutxieneko programa eta eduki homogeneizatzaileei buruzko irizpena ematea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 30.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Eskatzen zaionean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomiadunetako karrerako funtzionarioak, bitarteko funtzionarioak, lan-kontratudun langile finkoak eta aldi baterako lan-kontratudun langileak hautatzeko prozesuetako alderdi tekniko eta metodologikoei buruzko irizpena ematea, baita Osakidetza ente publikoan, Euskal Polizian, unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetan eta Segurtasun Administrazioko laguntza-zerbitzuetan sartzeko hautaprobei buruzko irizpena ematea ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomiadunetako karrerako funtzionarioak, bitarteko funtzionarioak, lan-kontratudun langile finkoak eta aldi baterako lan-kontratudun langileak hautatzeko prozesuak kudeatzea, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organo eskudunekin koordinatuta.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko zuzendaritza-taldea osatuko duten pertsonak hautatzeko prozesuak berariaz kudeatzea.
Euskal administrazio publikoek egindako deialdietako hautaketa-prozesuetako epaimahaietan parte hartzeko ordezkariak izendatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 31.2 artikuluari jarraiki.
Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batzuetako bitarteko funtzionarioak eta lan-kontratudun langileak hautatzea, baldin eta administrazio horiek berek eskatzen badiote edo eginkizun hori ordenamendu juridikoak agintzen badio.
Toki-Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 92.3 artikuluak lege horretako bigarren xedapen gehigarria dela-eta aipatzen duen toki-korporazioetako funtzionarioen hautaketan parte hartzea, hala bada.
Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako foru-erakundeekin, udalekin eta toki-administrazioko beste erakundeekin beren langileak hautatzeko prozesuetan elkarlanean jardutea. Horretarako, lankidetza-itunak eta lankidetza-hitzarmenak ezarriko dira. Era berean, elkarlan hori derrigorrezkoa izango da lege-arauren batean hala agintzen denean.
Aldi baterako zerbitzuak beteko dituzten langileak hautatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko gainontzeko administrazio publikoek egindako eskariak eskumenak dituen organoari bideratzea. Helburu horretarako eta ez bestetarako, beharrezko diren tresnen kudeaketan parte hartuko du.
Langileak hautatzea dela-eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoei zerbitzuak emateko kreditatu daitezen pertsona fisiko eta juridikoak inskribatzeko ezarritako tresnak kudeatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek deitu eta kudeatutako hautaketa-prozesuetan parte hartzeko kanpoko profesionalek derrigorrez eduki behar duten egiaztagiria ematea.
Hautaketa-gaietan harremanak lotu eta izatea eta esperientziak trukatzea, Estatuko zein atzerriko antzeko beste eskola eta erakunde batzuekin.
Liburutegi Nagusiarekin koordinatuta, Zerbitzuaren eskumeneko gaiei buruzko liburuak eta fondoak eskuratzeko politika zehaztea.
Euskal Administrazio Orokorrean eta erakunde-administrazioan diharduten pertsonen lanbide-sustapenerako prozesuak balioesteko eratutako kide anitzeko organoetan parte hartzeko ordezkariak izendatzea, eta berdin Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioetan edo toki-administrazioetan helburu berberarekin antolatutako organoetan ere, erakundeok hori egitea eskatzen badiote edo ordenamendu juridikoak hala agintzen badio.
Prestakuntza Zerbitzuarekin elkarlan estuan, hautaketa-prozesuko prestakuntza-ikastaroak taxutu eta aurrera eramaten parte hartzea eta praktika-aldien jarraipena egitea.
Ikastaro, mintegi eta era guztietako prestakuntza-jardueren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta administrazio-erakundeetako langileen prestakuntza eta hobekuntza taxutu eta kudeatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta administrazio-erakundeetako langileen prestakuntza eta hobekuntza kudeatzea, hain zuzen lanpostuak betetzeko izangaientzat araudiz finkatutako gaitasunak ebaluatzeko teknika espezialduetan.
Maila guztietako prestakuntzaren ebaluazioa taxutu eta kudeatzea.
Euskadiko gainerako administrazio publikoetako langileak prestatu eta hobetzen parte hartzea, erakundeok hori egitea eskatzen badiote edo ordenamendu juridikoak hala agintzen badio.
Toki-jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 92.3 artikuluak Lege horretako bigarren erabaki gehigarria dela-eta aipatutako toki-korporazioetako funtzionario publikoen prestakuntza eta hobekuntza kudeatzea.
Euskadiko lurralde historikoetako foru-erakundeei, udalei eta beste toki-administrazioei langileak prestatu eta hobetzeko prozesuetan laguntzea, eta lankidetzako itunak eta hitzarmenak egitea horretarako.
Langile publikoak lanbidean sustatzeko ikastaroak, mintegiak eta era guztietako jarduerak taxutu eta antolatzea.
Ikasketa-planak proposatzea eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuek emandakoak homologatzea, baldin eta langile publikoen ibilbide profesionalerako onartuta utzi nahi badira. Horretarako, beharrezkoak diren erregistro eta datu-baseak antola ditzake.
Zuzendaritza-taldeetako kideen prestakuntza taxutu eta ematea, eta administrazioarekin nahiz Estatuko mugak gainditzen dituzten antolakunde politikoekin zerikusia duten gaiei buruzko lanbide-kualifikazioa sustatzea. Horretarako, beharrezkoa bada, gai horietan adituak diren beste erakunde batzuekin koordinazioan jardungo du.
Langile publikoentzako prestakuntza-jardueretan euskararen erabilera sartzea, HAEEko Euskalduntze Zerbitzuarekin bat.
Prestakuntza dela-eta, Estatuko zein atzerriko antzeko beste eskola edo erakunde batzuekin harremanak eta esperientzia-trukaketak bideratzea eta erraztea.
Liburutegi Nagusiarekin koordinatuta, Zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko liburuak eta fondoak eskuratzeko politika zehaztea.
Prestakuntza-ikastaroak taxutzea eta kudeatzea, eta praktika-aldiak ikuskatzea halakorik balego, beti ere, Hautaketa Zerbitzuak gai honetan dituen aginpideak ahaztu gabe. Bi zerbitzuek lankidetza estuan jardun behar dute.
Euskarako Zuzendariordetzari dagokio administrazio publikoan euskara sartu, zabaldu, aplikatu eta normalizatzeko eta administrazio-hizkera finkatzeko Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egotzita dituen eskumenak gauzatzea.
Bere helburuak betetzeko, zuzendariordetza hau bi zerbitzutan egituratu da:
Euskalduntze Zerbitzua.
Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala.
¿ Euskalduntze Zerbitzua da Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta horren garapeneko arauetan ezarritako moduan Euskadiko administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen hizkuntza-gaitasuna bultzatu, antolatu eta ebaluatzeko ardura duen organoa, euskal administrazio publikoekin lankidetzan arituz bertan euskararen erabilera normalizatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hizkuntzaren normalizaziorako ezarritako planekin bat etorriz. Zerbitzu honi dagokio, era berean, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeko 45-2 artikuluaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatekoez Kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeko 53. artikuluaren bidez Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak dituen aginpideak gauzatzea.
Bere eginkizunen artean, Euskalduntze Zerbitzuak egokiak diren lankidetza-bideak ezarriko ditu hizkuntza-normalizazioaren inguruan diharduten organismo eta erakunde ofizialekin.
¿ Hona hemen Euskalduntze Zerbitzuaren eginkizunak:
Hizkuntza-eskakizunak ebaluatzeko proben edukia eta modua zehaztea eta proba horiek zuzentzeko irizpideak finkatzea.
Administrazio publikoetan diharduten langileek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko aldika egiten diren deialdiak eta beste administrazio publiko batzuek agindutako deialdi zehatzak antolatu eta gauzatzea.
Funtzio publikora sartzeko hautaketa-prozesuetan eta lanpostuak barrukoekin betetzeko lehiaketetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egitea. Ordenamendu juridikoaren arabera Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearentzat proba horietan gordetako ordezkaritza izango du Euskalduntze Zerbitzuak.
Langileak hautatu eta lanpostuak betetzeko prozesuetan nahiz hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietan epaimahaietara edo batzorde kalifikatzaileetara HAEEren ordezkari modura joango diren ebaluatzaileen jarduteko modua zuzendu eta ikuskatzea.
Hizkuntza-eskakizunen egiaztapenak, onartutako baliokidetzak eta erabakitako arrazoietan oinarritutako salbuespenak jasotzeko erregistroa kudeatzea.
Administrazio publikoetan diharduten langileak euskaldundu eta alfabetatzeko 1, 2 eta 3. hizkuntza-eskakizunak lortzeko bideratutako hizkuntza-gaitasuneko ikastaroak ematea sustatu eta antolatzea eta, gero, horien jarraipena egitea. Era berean, 4. hizkuntza-eskakizuna lortzera bideratutako ikastaro bereziak ematea sustatu eta antolatzea, eta horien jarraipena egitea.
Euskarazko hizkera juridiko-administratiboko ikastaro bereziak programatu eta ematea, administrazioko agirien estiloaren gaineko teknikak, idazketa eta taxuketa lantzeko, eta ahozko komunikazioa hobetzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioekin, toki-administrazioekin eta beste erakunde batzuekin hizkuntza-normalizazioari buruzko lankidetza-hitzarmenak egitea, dagokion organoak izenpetu ostean, aplikatu eta ikuskatzeko.
Administrazio-euskara zabaldu eta ezagutaraztea, argitalpenak, agiri-ereduak, aldizkariak, mintegiak, hitzaldiak eta egoki iritzitako beste edozein baliabide erabilita.
Administrazio publikoan euskararen erabilera sustatzeko planak egin eta aplikatzeko, beste administrazio publiko batzuei aholkua eman eta haiekin lankidetzan aritzea, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak horretarako ezarritako jarraibideekin bat etorriz.
Ordenamendu juridikoak agindu edo zerbitzuaren aginpideen baitan sartzen diren gainerako guztiak.
¿ Hauek dira Euskalduntze Zerbitzuak bere eginkizunak betetzeko bere egituran dauzkan lantaldeak:
Hizkuntza-prestakuntza.
Ebaluazio-arloa.
Administrazio-hizkera.
¿ Euskarako Zuzendariordetzari dagokio Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala gainbegiratzea eta horren zuzendaritza-lana egitea, otsailaren 29ko 38/2000 Dekretuarekin bat etorriz, edo hori arautu dezaten berariazko arauekin bat etorriz.
¿ Dagozkion eginkizunak betetzeko, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak lantalde hauek izango ditu bere baitan:
Itzulpengintza eta Interpretazioa.
Terminologia.
Ikastaro bakoitzeko matrikuletarako eta tituluak, diplomak eta egiaztagiriak emateko araudiz finkatutako sariak, eta eskainitako zerbitzuak ordaintzeko gainerako sariak edo tasak.
Tasa edo prezio publiko bidez ordaindu behar diren Erakundearen argitalpen, iragarki eta zerbitzuen etekina.
Edozein pertsona edo entitatek Erakundeari emandako dirulaguntzak, laguntzak eta dohainak.
Erakundeak berak dituen ondasunek emandako errentak, Euskadiko Ondarearen Legean xedatutakoaren arabera.
Indargabetuta uzten dira dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko zein apalagoko xedapen guztiak, bereziki urtarrilaren 9ko 1/1996 Dekretua, otsailaren 29ko 38/2000 Dekretuko azken xedapenetatik lehenengoaren 2 eta 3. puntuak, eta uztailaren 28ko 147/2000 Dekretuko bosgarren artikulua.
Vitoria-Gasteizen, 2003ko urriaren 14an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Partzialki indargabetzen du: 147/2000 DEKRETUA, uztailaren 28koa, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko egitura eta egitekoak finkatzen dituen Dekretua eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura organikoa ezartzen duen Dekretua aldatzeko dena.
- Indargabetutakoa: 200/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituena.
- Partzialki indargabetzen du: 38/2000 DEKRETUA, otsailaren 29koa, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arautzen duena.
- Indargabetzen du: 1/1996 DEKRETUA, urtarrilaren 9koa, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura organikoa erabakitzen duena.