Arautegia
Inprimatu158/2002 DEKRETUA, 2002ko ekainaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko landa garapeneko elkarteen berariazko araudiari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 129
- Hurrenkera-zk.: 3926
- Xedapen-zk.: 158
- Xedapen-data: 2002/06/25
- Argitaratze-data: 2002/07/09
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Landa Garapeneko apirilaren 8ko 10/1998 Legeari dagokionez, hau da landa ingurumenaren garapena: Euskal Autonomia Erkidegoan landa inguruko erkidegoak mantendu eta indartzera zuzentzen den prozesua, bertako kultura eta bizimodu propioen artapena bultzatzen duena, biztanleen bizi kalitatea hobetzera jotzen duena. Landa inguruko biztanleek, prozesu horren onuradun nagusiak diren aldetik, biziki parte hartuko dute, inplikaturiko gainerako agente publiko zein pribatuekin batera, gauzatu nahi duten garapen motaren definizio eta lorpenean. Prozesu horrek, halaber, garapen endogenoa bultzatu behar du, baita landa inguruko bizilagunen eta gainerakoan arteko integrazio eta elkarreraginerako lagungarri izan ere.
Ildo horretatik jarraituz, Landa Garapeneko Legeak, 13. artikuluan, landa garapenerako bitartekotza-tresnetako bat ezartzen du: landa ingurunearen garapenerako elkarteak. Izan ere, Jaurlaritzari eskatzen dio zuzenbide pribatuko entitateak izango diren elkarte horiek aintzatesteko eskakizunak ezartzeko.
Lege berean ezarritakoaren arabera, ofizialki aintzatesten diren landa ingurunearen garapenerako elkarteekiko hitzarmenen baten bidez zehaztu ahal izango da elkarteok zer nolako parte-hartzea izango duten eta zer nolako lana egingo duten landa ingurunearen garapenerako programen barruko jarduketetan.
Legeak, 5. artikuluan, landa ingurunearen garapenerako programen lurralde eta eginkizun eremuak zehazteko irizpide orokorrak eta jarraibideak ezarri ditu.
Nolanahi ere, lehenengo fasean, Landa Garapeneko Legeak, I. Eranskinean, landa ingurunearen garapenerako zenbait programa ezarriko diren lurralde-eremuak zehazten ditu: Arabako Lurralde Historikoan: Arabako Haranak, Arabako Mendialdea, Arabako Errioxa, Gorbeialdea, Aiara, Arabako Lautada; Bizkaiko Lurralde Historikoan: Arratia-Nerbioiko Eskuladea eta Enkarterriak; eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan: Tolosa-Urola Kostaldea. Eskualde bakoitza osatzen duten udalerriak ere jasota daude.
Kontuan hartuta oso garrantzitsua dela landa garapenarekin zerikusia duten agenteek landa ingurunearen garapenean parte hartzea, apirilaren 8ko 10/1998 Legeak berak, agente horien barruan sartzen ditu landa ingurunearen garapenerako elkarteak, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio elkarteok aintzat hartzeko baldintzak ezartzeko, eta, landa garapenean parte hartzeko modua arautzeko, landa ingurunearen garapeneko programen barruan.
Azkenik, gogoratu behar da otsailaren 12ko 3/1988 Legeak honela dioela 26. artikuluan: "Autonomia Erkidegoko herri-agintaritzek Euskadirentzat lehen-mailako interesgarritasuna izan dezaten alorretan bazkunak sustatu, eta horiek eratzeko eta horiek jardun dezateneko erraztasunak emango dituzte. Bazkunei edozelako laguntzak ematea horretarako berariaz sortarazitako errolde edo zerrendetan sartu daitezeneko baldintzapean jarri ahal izango da. Zerrenda edo errolde horietara iristeko, beti, aurrez Bazkun-Erroldan sartzea beharrezkoa izango da."
Horren indarrez, Landaberrik aldeko txostena egin eta gero, Eusko Jaurlaritzako Aholkularitza Batzordearen aldeko irizpenarekin bat etorriz, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposatuta, eta Gobernu-Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau,
Dekretu honek helburu dauka Landa Garapeneko Elkarteak aitortzeko baldintzak ezartzea, bai eta, elkarteok zer nolako parte-hartzea izango duten eta zer nolako lana egingo duten Landa Ingurunearen Garapeneko Programen barruko jarduketetan, Landa Garapeneko apirilaren 8ko 10/1998 Legean ezarritakoen ondorioetarako eta bertan zehaztutako esparruan.
Landa Garapeneko Elkartetzat aitortzeko, otsailaren 12ko 3/1988 Legean zehaztutakoari kalterik egin gabe, honako baldintza hauek bete beharko dira:
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan izena emanda egotea.
Irabazi asmorik gabekoa izatea.
Landa Garapeneko Legearen I. Eranskinean, edo lege horren 5.1. artikuluan zehaztutakoaren arabera adierazitako landa-eremuren bat jarduera-esparru izatea.
Landa Garapeneko apirilaren 8ko 10/1998 Legean jasotako helburuak (orokorrak edo/eta sektorialak) xede izatea.
Landa Ingurunearen Garapeneko Programa baten eraginpeko landa-eremuaren sektore ekonomiko eta sozialen ordezkagarri izatea.
Kideek, euren landa ingurunearen garapeneko elkartearen jarduera-esparruan instalazioak eta establezimenduak izatea, edo, instalaziorik ez badute, landa ingurunearen garapeneko elkarte horren jarduera-esparruan jardutea.
5 kide izatea, gutxienez.
– Landa Garapeneko Elkartetzat aitortzeko eskabidea Landa Garapeneko Zuzendaritzari bidaliko zaio, eta Eusko Jaurlaritzako Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Herri Administrazio Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4. artikuluan aurreikusitako bideen bitartez.
– Eskabidea honako agiri hauekin batera aurkeztuko da:
Elkartearen estatutuen kopia.
Elkarteen Erroldan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia.
Elkarteko kideen zerrenda.
Zuzendaritza-Batzordearen izendapen-aktaren, kideen eta hori guztia Elkarteen Erroldan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia.
Elkartearen eta elkartekide bakoitzaren jarduera-esparrua, jarduera eta helburuak jasotzen dituen txosten laburra.
Identifikazio Fiskaleko Kodearen kopia.
– Landa Garapeneko Elkartetzat aitortzea, apirilaren 8ko 10/1998 Legean ezarritako ondorioetarako, eta, otsailaren 12ko 3/1988 Legean zehaztutakoari kalterik egin gabe, Nekazaritza eta Arrantza Sailari dagokio, Landa Garapeneko zuzendariaren ebazpen bidez, dekretu honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira.
– Landa Garapeneko Elkartetzat aitortzea edo ukatzea, apirilaren 8ko 10/1998 Legean eta dekretu honetan ezarritako ondorioetarako, eskabidea aurkeztu eta sei hilabeteko gehienezko epean ebatziko eta jakinaraziko da. Epe hori ebazpen adierazirik gabe igaroz gero, eskabidea onartutzat jo daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 43.2. artikuluaren ondorioetarako.
– Landa Garapeneko Elkarteen Errolda eratu da Landa Garapeneko Zuzendaritzaren barruan, Bazkunei buruzko otsailaren 12ko 3/1988 Legea erabat ezartzeari kalterik egin gabe.
– Erroldaren arduraduna Landa Garapeneko zuzendaria izango da bere zuzendaritzako langileen laguntzaz.
– Errolda, publikoa izango da, eta, dekretu honetan zehaztutakoa erabiliz aintzat hartutako landa ingurunearen garapeneko elkarteen inskripzioa jasoko du.
– 10/1998 Legearen ondorioetarako, landa garapeneko elkartetzat ofizialki aitortutako elkarteak erroldan izen-ematea erroldaren arduradunak egingo du ofizioz.
– Erroldak izen-emate liburu bat izango du, Landa Garapeneko zuzendariaren ebazpen bidez landa garapeneko elkartetzat aitortutako eta dekretu honetan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten elkarteak jasoko dituena.
– Izen-emate liburuak honako hauek jasoko ditu: izen-emate eguna, elkartearen izena, helburua, jarduera-esparrua, kide-kopurua, organo artezkarien osaera, bai eta hasieran emandako datuetan egon litezkeen aldaketak eta ezerezteak, bai eta ezerezte-eguna ere.
Erroldaren arduradunari dagokio elkarteari izen-emate horren berri ematea.
– Izena emandako landa garapeneko elkarteek eguneratuta izan beharko dituzte erroldan dauden datuak. Era berean, elkartean edo elkartearen organo artezkari eta kideen aldetik egon litezkeen aldaketen berri eman beharko diote Erroldaren arduradunari.
Aintzat hartutako landa garapeneko elkarteak, dekretu honen 2. artikuluan araututako baldintzak betetzeari uzten badio, izaera hori galduko du Landa Garapeneko zuzendariaren ebazpen bidez. Horrek landa garapeneko elkartetzat emandako aitorpena ezeztatuko du, eta, aldi berean, landa garapeneko elkarteen erroldatik kanpo utziko du erroldaren arduradunak ofizioz.
– Apirilaren 8ko 10/1998 Legean eta dekretu honetan zehaztutako erabiliz aintzat hartutako landa garapeneko elkarteek landa ingurunearen garapeneko programen barruko jarduketetan parte hartzeko eta laguntza emateko bidea edo modua lankidetza-hitzarmena izango da.
– Lankidetza-hitzarmenak eratuko dira landa ingurunearen garapeneko programa bakoitzeko, aintzat hartutako landa garapeneko elkarte batekin. Elkarte horrek, hitzarmenak helburu daukan landa ingurunearen garapeneko programa jakin hori aplikatzen den esparrua izan beharko du jarduera-esparrutzat.
– Lankidetza-hitzarmenak zein elkarterekin egingo den erabakitzerakoan, foru aldundiei eskatuko zaie aholkua, eta, Landa Garapeneko zuzendariaren ebazpen bidez izendatuko da hautatutako elkartea eskabidea egin duten elkarteen artetik, hautaketa-irizpide hauek erabiliz:
Esperientzia, landa ingurunearen garapenean.– 20 puntu
Jarduketa-memoria.
Lan-metodologia.
Kudeaketa-prozedurak.– 20 puntu
Elkartearen osaera.– 20 puntu
Ekipo teknikoa eta baliabide materialak.
Ordezkagarritasuna, lurraldeari dagokionez.
Ordezkagarritasuna, landa ingurunearen garapeneko programen ezarpen-esparruan nagusi diren sektore ekonomikoei dagokienez.
Ekipo teknikoa. Garatu beharreko lanei egokitzea.
Elkartearen eskura jarritako baliabide materialak.
Kide-kopurua.
Sektore ekonomikoen inplikazio-maila.– 10 puntu.
Finantza-plana – 15 puntu.
Baliabideen mobilizazioa.
Oreka finantzarioa, garatu beharreko jarduketei dagokienez.
Fondoen banaketaren eta programan proposatutako ekintzen arteko koherentziaren egiaztapena.
– Landa garapeneko programa bakoitzeko, eta Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindu bidez, dekretu honen 6. artikuluan aipatzen diren lankidetza-hitzarmenak eratzeko eskabideak aurkezteko epea irekiko da.
– Dagokion lankidetza-hitzarmena gauzatzeko aukeratutako elkartea Landa Garapeneko zuzendariaren ebazpen bidez izendatuko da. Ebazpen hori, aurreko atalean aipatutako agindua argitaratu eta sei hilabeteko gehienezko epean emango eta jakinaraziko da. Epe hori ebazpen adierazirik gabe igaroz gero, eskabidea ukatutzat jo daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluaren ondorioetarako.
– Landa Garapeneko zuzendariaren ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Lankidetza-hitzarmenak honako hauek jaso behar ditu:
Iraupena.
Landa garapeneko elkarteek jasotzen edo kudeatzen dituzten fondoen zenbatekoa.
Jarduera-esparrua.
Landa garapeneko elkarteak egin beharreko ekintzak, ondo zehaztuta.
Hitzarmenkideek bete beharrekoak.
Organo kudeatzaileak.
Landa garapeneko elkarteek, jasoko edo kudeatuko dituzten fondo publikoak egoki erabiltzen dituzten ikuska daitezen prest daudela hitza eman beharko dute.
Hitzarmena jarraitzeko batzorde bat eratzea.
Vitoria-Gasteizen, 2002ko ekainaren 25ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Nekazaritza eta Arrantza sailburua,
GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.