Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

339/2001 DEKRETUA, azaroaren 11koa, euskal herri-administrazioetako funtzionarioen administrazio-egoerei buruzko araudia onartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 10
  • Hurrenkera-zk.: 285
  • Xedapen-zk.: 339
  • Xedapen-data: 2001/12/11
  • Argitaratze-data: 2002/01/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa; Lana eta enplegua

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/2989 Legeak, berori aldatzen duen azaroaren 7ko 16/1997 Legeak ematen dion idazkera berrian, V. Kapitulua eskaintzen dio administrazio-egoerak arautzeari. Legezko araudiak, nahikoa izanik ere, ez ditu ukitzen zenbait alderdi eta, beraz, kasuan kasuko administrazioaren iritzira interpretatu dira eta, ondorioz, batzuetan interpretazio desberdinak egin dira kasu berberaren aurrean.

Ildo horretatik, euskal herri administrazioetako funtzionarioetatik araudi honen eraginpean daudenek izan ditzaketen administrazio-egoerei aplikatu behar zaizkien irizpideak batu eta finkatu nahi dira. Gainera, EAEko legeriak langile horiei aitortzen dizkien berezitasunak ere jaso nahi dira, horien interpretazioa eta eragina argitzearren.

Araudiak zehatz-mehatz erregulatzen ditu aplikazio-eremua eta egoerak (jarduneko zerbitzua, borondatezko eszedentzia, borondatezko eszedentzia pizgarriduna, seme-alabak zaintzeko eszedentzia, destinoaren zain, zerbitzu bereziak, nahitaezko eszedentzia, eginkizun-gabetua eta beste herri-administrazio batzuetan zerbitzuan). Horretaz gain, argitu egiten ditu administrazio-egoera bakoitzaren gorabeherak eta mugatu egiten ditu jarduneko zerbitzura itzultzearen ondorioak. Lanpostua zein kasutan gordeko den eta egoera bakoitzak administrazio-karreran eta dirutan duen eragina ere zehazten ditu.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoak dioenari jarraituz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko abenduaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean funtzio publikoko eskumena duen sailaren titularrari eskumena ematen zaio araudi hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren arauak emateko.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko abenduaren 11n.

Lehendakaria,

JUAN JOSΙ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

  1. – Erakunde hauen zerbitzura diharduten funtzionarioei aplikatuko zaie araudia:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra.

    2. Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

    3. Lan Harremanen Kontseilua.

    4. Foru eta Toki Administrazioa eta horren erakunde autonomiadunak.

    5. Euskal Herriko Unibertsitatea, betiere, Unibertsitatearen Erreformarako abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera eta Unibertsitatearen autonomia errespetatuta.

    6. Batzar Nagusiak.

  2. – Halaber aplikatuko zaie Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean aipatzen diren estatutupeko langileei, baldin eta zerbitzuak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan ematen badituzte, betiere, bertan ezartzen diren salbuespenak errespetatuta.

  3. – Euskal Autonomia Erkidegoko polizien kidegoetako funtzionarioei, berriz, Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legea garatzeko emandako araudi honen xedapenetatik, bakarrik aplikatuko zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean jasotzen diren egoerei buruzkoak.

  4. – Otsailaren 19ko 2/1993 Legean araututako kidegoetako funtzionarioei ere aplikatuko zaie, salbu eta IV. eta VI. kapituluetan eta 17. artikuluko 1.e) idatz-zatian xedatutakoa. Kidego horiek Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleek osatzen dituzte.

  5. – Aplikazio-eremuan sartzen ez diren euskal herri-administrazioen zerbitzura diharduten funtzionario eta estatutupekoentzat, araudi hau osagarria izango da

Funtzionarioak administrazio-egoera hauetan egon daitezke:

  1. Jarduneko zerbitzuan.

  2. Borondatezko eszedentzian.

  3. Borondatezko eszedentzia pizgarridunean.

  4. Seme-alabak zaintzeko eszedentzian.

  5. Destinoaren zain.

  6. Zerbitzu berezietan.

  7. Nahitaezko eszedentzian.

  8. Eginkizun gabetuta.

  9. Beste administrazio batzuen zerbitzuan.

  1. – Honelakoetan, funtzionarioa jarduneko zerbitzuan egongo da:

    1. Aurrekontuz hornitutako plantillako plaza batean behin-behingoz edo behin betikoz funtzionario gisa badihardu; funtzionarioentzat gordetako lanpostu batean badago, edo zerbitzu eginkizunetan badago, destinoa edozein administrazio edo erakunde publikotan duela ere.

    2. Lanpostuak betetzeko prozedura baten bitartez beste lanpostu bat lortu badu, horretaz jabetzeko epean, hau da, lehengo lanpostua utzi eta berriaz jabetzen den bitartean.

    3. Langileak birkokatzeko prozeduraren lehenengo bi faseetako batean dagoenean, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 54 bis artikuluan xedatutakoari jarraituz.

    4. Arlo publikoan funtzionario gisa diharduenean, lege-xedapen baten bitartez horrela ezarrita badago.

    5. Lizentzia edo baimenen bat gozatzen ari denean edo oporretan dagoenean.

  2. – Jarduneko zerbitzuan dauden funtzionarioei funtzio publikoari buruzko arauak eta kasuan kasuko administrazio edo erakunde publikoko lan-baldintzak aplikatuko zaizkie.

  1. – Borondatezko eszedentzia kasu hauetan hartu ahal izango da:

    1. Norberaren kontuetarako.

    2. Arlo publikoan zerbitzuak emateko.

    3. Familia bateratu ahal izateko.

  1. – Borondatezko eszedentzia ofizioz eman ahal izango da araudi honetan zehaztutako kasuetan edo, bestela, funtzionario interesdunak eskatuta, eta eszedentzia onartzen duen ebazpenean adierazten den egunetik aurrera izango du eragina.

  2. – Borondatezko eszedentzian dagoen funtzionarioari ez zaio lanpostua gordeko eta egoera horretan emandako denbora ez zaio kontuan hartuko administrazio-karrerarako, hirurtekoetarako eta eskubide pasiboetarako.

  3. – Borondatezko eszedentzian dagoen funtzionarioak ez du inolako ordainsaririk jasoko egoera horretan dagoen bitartean.

  4. – Nahitaezko erretirorako adina gaindituta bere borondatez jarduneko zerbitzuan jarraitzen duen funtzionarioari ez zaio borondatezko eszedentziarik emango.

  1. – Interesatuak eskatuta emango da, baldin eta sasoi horretan zerbitzuko beharren arabera ahal bada.

  2. – Norberaren kontuetarako eszedentzia hartzeko, nahitaezkoa izango da eskaria egin aurreko bost urteetan arlo publikoan benetako zerbitzuak etengabe eman izana. Eszedentzian gutxienez bi urte egon beharko da segidan.

    Norberaren kontuetarako borondatezko eszedentzian dagoen bitartean funtzionarioak hirurogeita bost urte betetzen baditu eta jarduneko zerbitzura itzultzeko eskaria egin ez badu, nahitaezko erretiroa ofizioz aitortuko zaio.

  3. – Aipatutako epeak kontatzerakoan, zerbitzu berezietan, destinoaren zain, familiakoak zaintzeko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian emandako denbora benetan emandako zerbitzutzat joko da.

  4. – 5.4 artikuluan zehaztutako kasuetan ez ezik, funtzionarioa diziplina espediente baten menpe edo zehapen bat betetzeke dagoenean ere, ukatu egingo zaio norbere kontuetarako borondatezko eszedentzia.

  1. – Edozein administrazio publikotan lan kontratudun gisa edo beste kidego edo eskala bateko funtzionario gisa jarduneko zerbitzuan dagoenari borondatezko eszedentzia emango zaio, salbu eta bateragarritasuna aitortu bazaio edo arlo publikoko erakundeetan zerbitzuak ematen hasi eta beste egoera batean egotea ez badagokio.

    Aurreko lerrokadaren ondorioetarako, sozietate publiko hauek izango dira arlo publikokoak: administrazio publikoek kontrolatzen dituztenak, merkataritzako legerian jasotako bideetatik edozeinen bitartez, baldin eta administrazio horiek legez ezarritako portzentajeko partaidetza edo handiagoa baldin badute sozietateotan, dela zuzenean, dela zeharka.

  2. – Administrazio edo erakunde publiko berean lan kontratudun gisa edo beste kidego edo eskala bateko funtzionario gisa jarduteko eszedentzia ofizioz emango du administrazioak. Bestelakoetan funtzionarioak berak eskatu beharko du.

  3. – Eszedentzia eskatzeko arrazoi izan den zerbitzu-harremana dirauen bitartean, funtzionarioak egoera horretan egon ahal izango dira.

  4. – Zerbitzu-harremana amaituta, hogeita hamar eguneko epea izango du interesatuak jarduneko zerbitzura itzultzeko eskaria egiteko.

    Eskaria egin ezik, Administrazioak norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jarriko du interesatua ofizioz, eta egoera horretan egon beharko du bi urte segidan, gutxienez, itzultzeko eskaria egiteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik aurrera.

    Norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jartzeko, interesatuak aurreko bost urteetan arlo publikoan etengabeko benetako zerbitzuak emana izan behar du. Eskakizun hori betetzen ez dutenei Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 37.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

  5. – Izaera aldatu, eta arlo publikotik kanpo gelditzen diren erakunde edo entitateetan diharduten funtzionarioak, artikulu honetan arautzen den borondatezko eszedentziari dagokionez, norbere kontuetarako borondatezko eszedentziara igaroko dira, baina ez zaie aplikatuko araudi honetako 6. artikuluaren 2. paragrafoan iraupenari buruz esaten dena.

    Aldiz, eszedentziaren iraupena eta jatorrizko lanera itzultzeko prozedura arlo publikoan zerbitzuak emateko eszedentziarako ezarritakoak izango dira.

  1. – Senarrak edo emazteak beste herri batean karrerako funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisa lanpostu finkoa lortu badu eta betetzen ari bada, interesatuak eszedentzia mota hau eskatu ahal izango du, baldin eta ezkontideak betetzen duen lanpostua erakunde hauetako batean badago: administrazio publiko, erakunde autonomiadun edo Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaile batean; Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan; konstituzio-organoetan; Eusko Legebiltzarrean; Herri Kontuen Euskal Epaitegian; Lan Harremanetarako Kontseiluan; Ararteko erakundean; Botere Judizialaren organoetan; Europako Batasunean edo nazioarteko erakundeetan.

  2. – Interesatuak eskatuta emango da, eta bi urte iraungo du gutxienez eta hamabost gehienez.

  3. – Familia bateratzeko borondatezko eszedentziaren gehienezko iraupena agortuta, funtzionarioak jarduneko zerbitzura itzultzeko eskaria egin behar du 30 eguneko epean.

    Eskaria egin ezik, Administrazioak norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jarriko du interesatua ofizioz, eta egoera horretan egon beharko du bi urte segidan, gutxienez, itzultzeko eskaria egiteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik aurrera.

    Norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jartzeko, interesatuak aurreko bost urteetan arlo publikoan etengabeko benetako zerbitzuak emana izan behar du. Eskakizun hori betetzen ez dutenei Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 37.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

  1. – Langileak birkokatzeko prozeduraren lehenengo bi faseetako batean dagoen funtzionarioak borondatezko eszedentzia pizgarriduna har dezake, berak hala eskatuta (fase horiek Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 54 bis artikuluan daude zehaztuta).

  2. – Halaber pasatu ahal izango dira egoera horretara giza baliabideak arrazionalizatzeko prozesu baten ondorioz destinoaren zain edo nahitaezko eszedentzian daudenak.

  1. – Borondatezko eszedentzia pizgarridunaren iraupena bost urtekoa izango da eta, tarte horretan, ezin izango da inolako lanposturik bete arlo publikoan, ez funtzionario, ez lan- edo administrazio-kontratudun gisa.

  2. – Epe hori amaituta, itzultzeko eskaria egiten ez badu, funtzionarioa norbere kontuetarako borondatezko eszedentziara pasatuko da besterik gabe, eta egoera horretan egon beharko du bi urte segidan, gutxienez, epea amaitzen den egunaren biharamunetik aurrera.

    Norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jartzeko, interesatuak aurreko bost urteetan arlo publikoan etengabeko benetako zerbitzuak emana izan behar du. Eskakizun hori betetzen ez dutenei Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 37.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

  3. – Borondatezko eszedentzia pizgarridunean dagoenak zenbateko hau jasoko du: azkeneko lanpostuan hil batean jasotzen zituen aldiroko ordainsariak benetako zerbitzuan jardundako urte oso bakoitzeko. Hala ere, gehienezko muga hamabi hileko ordainsaria izango da. Aldiroko ordainsari horien artean ez dira sartuko, ez aparteko ordainsariak, ez ekoizgarritasun-osagarria.

    Kontuak egiteko, lanpostuak behin betiko hornitzeko sistemen bitartez lortutako lanpostuak joko dira azkenekotzat. Azkeneko lanpostuan behin-behineko atxikipenean eta ordainsarietako bermerik gabe egon direnei, finkatuta duten graduari dagozkion ordainsariak emango zaizkie.

  4. – Eszedentzia mota honetan daudenei ez zaie lanpostua gordeko eta egoera horretan emandako denbora ez zaie kontuan hartuko administrazio-karrerarako, hirurtekoetarako eta eskubide pasiboetarako.

  1. – Funtzionarioek hiru urteko eszedentzia har dezakete, gehienez, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, hala haurra beraiena bada, nola adoptatua bada. Hiru urteko epea haurra jaiotzen denetik hasiko da kontatzen, edo epailearen edo Administrazioaren ebazpena ematen denetik.

  2. – Eszedentzia bakarra har daiteke haur bakoitzeko. Beste seme edo alaba bat zaintzeko eszedentzia hartzen bada, aurrekoa deuseztatu egingo da.

  3. – Eszedentzia hau funtzionario bakoitzaren eskubidea da. Bi funtzionariok haur berbera zaintzeko eszedentzia eskatzen badute, Administrazioak eskubidea biak batera erabiltzeko aukera muga dezake, zerbitzuen funtzionamendua kontuan hartuta eta, betiere, arrazoituta.

  4. – Egoera horretan emandako denbora kontuan hartuko da hirurtekoetarako, norberaren gradua finkatzeko eta eskubide pasiboetarako. Halaber, denbora horretan, funtzionarioari gorde egingo zaizkio Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean finkatzen diren horniketa-sistemen bitartez lortutako plaza eta destinoa.

  5. – Denbora horretan ezin izango dira ordaindutako jarduerak burutu, salbu eta bat badatoz Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen bateraezintasunei buruzko araudian xedatutakoarekin. Edonola ere, jarduera horiek ez dute zaildu edo eragotziko haurrak zaintzea.

  6. – Eszedentziaren gehienezko iraupena agortuta, funtzionarioak jarduneko zerbitzura itzultzeko eskaria egin beharko du, 30 eguneko epean.

    Eskaria egin ezik, Administrazioak norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jarriko du interesatua ofizioz, eta egoera horretan egon beharko du bi urte segidan, gutxienez, itzultzeko eskaria egiteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik aurrera.

    Norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jartzeko, interesatuak aurreko bost urteetan arlo publikoan etengabeko benetako zerbitzuak emana izan behar du. Eskakizun hori betetzen ez dutenei Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 37.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

  1. – Langileak birkokatzeko prozesu batek eragindako funtzionarioak, lehenengo bi faseetan lanposturik lortu ez badu, destinoaren zain geldituko da.

  2. – Destinoaren zain dauden funtzionarioek hau kobratuko dute: oinarrizko ordainsariak, beren graduari dagokion destino-osagarria eta egoera horretara pasatu zirenean betetzen zuten lanpostuaren berariazko osagarriaren erdia.

  3. – Funtzionario horiek derrigortuta daude honako hauek betetzera:

    1. Betetzen zuen lanpostuaren antzeko ezaugarriak dituzten lanpostuetan eskaintzen zaizkien destinoak onartzea, betiere, hura zegoen lurralde historiko berberean badaude.

    2. Lekualdatze-lehiaketetan, destinoa zuen lurralde historikoan dauden lanpostuetara jotzea, betiere, bere kidego, eskala edo kategoriari egokitzen bazaizkie.

    3. Eskaintzen zaizkien gaikuntza-ikastaroetan parte hartzea.

  4. – Destinoaren zain dauden funtzionarioen atxikipena Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 54 bis artikuluaren arabera egingo da.

  5. – Ezin izango da destinoaren zain egon urtebetetik gora. Epe hori amaituta, funtzionarioa nahitaezko eszedentziara pasako da.

  6. – Gainerakoetan, egoera honek jarduneko zerbitzuaren balio berbera izango du.

Kasu hauetan, euskal herri administrazioetako funtzionarioak zerbitzu berezietako egoeran jarriko dira:

  1. Nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeetako funtzionario egiten direnean.

  2. Beren administrazioak baimena ematen dienean sei hilabetetik gorako misioak egiteko nazioarteko erakundeetan, atzerriko gobernu edo erakunde publikoetan edo lankidetza-programa nazional edo nazioartekoetan.

  3. Eusko Jaurlaritzako sailburu, Estatuko gobernuko edo foru aldundietako edo beste autonomia erkidegoetako gobernu-organoetako kide edo goi-kargudun izendatzen dituztenean, azkeneko kasuan, postu horiek nahitaez funtzionarioen bitartez bete behar ez direnean.

  4. Gorte Nagusiek konstituzio-organoetako edo ganbarek aukeratu beharreko bestelako organoetako partaide izendatzen dituztenean.

  5. Europako legebiltzarrak, berak aukeratu beharreko organoetako kide izendatzen dituenean.

  6. Gorte Nagusietako diputatu edo senatari edo Europako legebiltzarreko kide egiten direnean.

  7. Eusko Legebiltzarreko, lurralde historikoetako batzar nagusietako edo beste autonomia erkidegoetako legebiltzarretako kide egiten direnean, betiere, bateraezintasunetan erori gabe, jarduneko zerbitzuan jarraitzea erabakitzen ez badute.

  8. Toki-korporazioetan hautapenezko kargu ordaindu eta dedikazio esklusibokoa betetzen dutenean.

  9. Langile ebentualentzat gordetako lanpostuak betetzen dituztenean.

  10. Funtzio publikoan jardutearekin bateraezina den kargu politiko baterako izendatzen dituztenean.

  11. Soldadutza edo ordezko gizarte-zerbitzua betetzen ari direnean, salbu eta beren ohiko lanarekin bateragarria bada.

  12. Konstituzio Auzitegiko, Arartekoaren edo herriaren defentsariaren zerbitzuetara atxikita edo Kontuen Epaitegian destinatuta daudenean, apirilaren 5eko 7/1988 Legearen 93.3 artikuluan ezarrita dagoen bezala.

  1. Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kide egiten dituztenean.

  2. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko organo teknikoetako kide izendatzen dituztenean.

  1. Eusko Legebiltzarreko lege baten bitartez zehaztutako gainerako kasuetan.

  1. – Zerbitzu berezietako egoerara pasatzea eragin duen gertaera administrazio edo erakunde publiko berberaren barruan jazo bada, egoera-aldaketa ofizioz egingo da. Bestelakoetan, funtzionario interesatuak eskatu behar du, egiaztagiriak aurkeztuta.

  2. – Zerbitzu berezietara pasatzeko deklarazioa eraginkorra izango da horren eragile izan den gertaera jazo denetik.

  1. – Funtzionarioak zerbitzu berezietan ematen duen denbora kontuan hartuko da administrazio-karrerarako, hirurtekoetarako eta eskubide pasiboetarako.

  2. – Funtzionarioak benetan betetzen duen lanpostu edo karguari dagozkion ordainsariak jasoko ditu eta, gainera, funtzionario gisa onartuta dituen hirurtekoei dagozkienak. Legezko arrazoiren bat dela-eta funtzionario gisa onartuta dituen hirurtekoak aurrekontuen pentzutan kobratu ezin baditu, zerbitzu berezietara igarotzeko deklarazioa egin zuen administrazioak edo erakunde publikoak ordainduko ditu, salbuespen gisa.

  3. – Zerbitzu berezietan dagoenari gorde egingo zaizkio egoera horretara igaro zenean edo egoera horretan egon den bitartean lortu duen plaza eta destinoa.

  1. – Betetzen duen kargua edo dena delakoa, zerbitzu berezietara igarotzeko arrazoi izan zena, galtzen duen funtzionarioak zerbitzu aktibora itzultzeko eskaria egin behar du hogeita hamar eguneko epean.

    Eskaria egin ezik, Administrazioak norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jarriko du interesatua ofizioz, eta egoera horretan egon beharko du bi urte segidan, gutxienez, itzultzeko eskaria egiteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik aurrera.

    Norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jartzeko, interesatuak aurreko bost urteetan arlo publikoan etengabeko benetako zerbitzuak emana izan behar du. Eskakizun hori betetzen ez dutenei Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 37.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

  2. – Zerbitzu berezietara igarotzea eragin zuen gorabehera amaitzen denetik zerbitzu aktibora itzuli arte joandako denboran, funtzionarioak zerbitzu berezietan jarraituko du.

  3. – Diputatu edo senatari edo Eusko Legebiltzarreko, lurralde historikoetako batzar nagusietako, beste autonomia erkidegoetako legebiltzarretako edo Europako Legebiltzarreko kide diren funtzionarioek, kasuan kasuko ganbara desegin delako edo beren agintaldia amaitu delako kargu horiek galtzen badituzte, zerbitzu berezietako egoeran jarrai dezakete harik eta ganbara berria osatu arte.

  1. – Euskal administrazioetako funtzionarioak nahitaezko eszedentzian jarriko dira, jatorrizko administrazioan, kasu hauetan:

    1. Betetzen duten lanpostua deuseztatzen denean edo betetzen duten zerbitzu eginkizuna kentzen zaienean eta beste destino bat ematea ezinezkoa denean.

    2. Lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoera batetik datozenean, baldin eta destinoa ematea ezinezkoa bada.

    3. Eginkizun-gabetutakoen kasuan, zigor-aldia amaituta, funtzionarioak lanera itzultzea eskatzen duenean eta hori ezinezko denean plaza hutsik ez dagoelako.

    4. Destinoaren zain daudenen kasuan, egoera horretan egoteko gehienezko epea amaitzen denean edo araudi honetako 12.3 artikuluan zehaztutako betebeharrak bete ez direnean.

  2. – Nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek oinarrizko ordainsariak jasotzeko eskubidea izango dute, eta egoera horretan emandako denbora kontuan hartuko da hirurtekoetarako, eskubide pasiboetarako eta norberaren gradua finkatzeko.

  3. – Nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek derrigorrean parte hartu beharko dute beren kidego, eskala edo kategoriako lanpostuak betetzeko egiten diren lekualdatze-lehiaketetan eta eskaintzen zaizkien gaikuntza-ikastaroetan.

  4. – Kasuan kasuko administrazioak funtzionarioa nahitaez jarduneko zerbitzura itzultzeko xedatuko du aurrekontuko zuzkidura duen lanpostu huts bat agertzen denean eta interesatuak onartu egin beharko du derrigorrean, betiere, lanpostua bere eskala edo kidegokoa bada eta berak lanpostuen zerrendan agertzen diren eskakizunak betetzen baditu.

  5. – Funtzionarioak artikulu honetan ezartzen direnak betetzen ez baditu edo administrazioak nahitaez jarduneko zerbitzura itzultzeko xedatu badu eta hogeita hamar eguneko epean itzuli ez bada, norbere kontuetarako borondatezko eszedentziara pasatuko da ofizioz, eta, gutxienez, bi urtez egon beharko da, segidan, egoera horretan, itzultzeko eskaria egiteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik aurrera.

    Norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jartzeko, interesatuak aurreko bost urteetan arlo publikoan etengabeko benetako zerbitzuak emana izan behar du. Eskakizun hori betetzen ez dutenei Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 37.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

  6. – Nahitaezko eszedentzian dagoen funtzionarioak ezin izango du inolako lanposturik bete arlo publikoan, ez funtzionario, ez lan- edo administrazio-kontratudun gisa. Arlo horretan lanposturen bat lortzen badu, zerbitzu berezietako egoeran, arlo publikoan zerbitzuak emateko borondatezko eszedentzian edo norbere kontuetarako eszedentzian jarriko da, kasuan kasu.

  1. – Eginkizun gabetuta dagoen funtzionarioak ezin izango ditu, aldi batez, bere zereginak burutu, ezta bere izaerari dagozkion eskubideak erabili ere, kapitulu honetan xedatutakoaren kalterik gabe.

  2. – Eginkizun gabetzea behin-behinekoa edo irmoa izan daiteke.

  1. – Prozedura judizial edo diziplinazko batean, salbuespenez, behin-behineko eginkizun-gabetzea xeda daiteke, prebentzioko neurri gisa, interes publikoa babesteko nahitaezkoa bada.

  2. – Diziplinazko espediente baten baitan behin-behineko eginkizun-gabetzea xedatu behar bada, espedientea hasarazteko eskumena izan duen organoak egingo du. Gabetze-aldia ezingo da sei hilabetetik gorakoa izan, salbu eta luzamendua espedientatutako funtzionarioaren erruagatik bada.

  3. – Prozedura judizial baten menpe dagoen funtzionarioaren gabetze-aldia auzi penalaren izapideak irauten duten bitartean luza daiteke.

    Prozedura judizialaren izapideak egiten diren bitartean funtzionarioa behin-behinean kartzelaratzea edo bere zereginetan jardutea eragotziko dion bestelako neurriren bat hartzea ebazten bada, behin-behineko eginkizun-gabetzea xedatuko da, neurri horiek dirauten bitartean.

    Eginkizunez gabetzeko deklarazioa administrazio edo erakunde publiko bakoitzean funtzio publikoko eskumena duen organoak egingo du, eta epaileak ebazpena ematen duen egunetik izango du eragina.

  4. – Eginkizunez gabetutako funtzionarioek eskubidea izango dute, egoera horretan dauden bitartean, oinarrizko ordainsariak jasotzeko, salbu eta prozeduran azaltzen ez badira edo espedientea beren erruz atzeratzen bada, horrelakoetan edozein ordainsari jasotzeko eskubidea galduko baitute.

  5. – Eginkizun-gabetzea irmo bihurtzen ez bada, funtzionarioa berehala itzuliko da bere lanpostura eta, gainera, jaso ez dituen ordainsariak ordainduko zaizkio eta behin-behinean eginkizunik gabe egon den aldia jarduneko zerbitzutzat joko da.

  1. – Eginkizunez gabetzea irmoa izango da baldin eta kondena kriminal edo diziplinazko zehapen baten ondorio bada. Horren iraupena sei hilabetetik gorakoa bada, lanpostua galduko da.

  2. – Diziplinazko zehapen baten ondorio den eginkizun-gabetzea lau urtekoa izan daiteke gehienez. Behin-behinean eginkizunik gabe egondako denbora ere aintzat hartuko da epe hori kontatzerakoan.

  3. – Epai judizial baten ondorio den eginkizun-gabetzea epaian bertan adierazten den moduan gauzatuko da.

  4. – Zehapena bete ondoren, funtzionarioak jarduneko zerbitzura itzultzea eskatu behar du hogeita hamar eguneko epean.

    Eskaria egin ezik, Administrazioak norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jarriko du interesatua ofizioz, eta egoera horretan egon beharko du bi urte segidan, gutxienez, itzultzeko eskaria egiteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik aurrera.

    Norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jartzeko, interesatuak aurreko bost urteetan arlo publikoan etengabeko benetako zerbitzuak emana izan behar du. Eskakizun hori betetzen ez dutenei Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 37.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

    Eginkizun-gabetzea sei hilekoa edo laburragoa bada, funtzionarioa automatikoki itzuliko da betetzen zuen lanpostura.

  5. – Lanpostua galtzea ekarri duen eginkizun-gabetzea amaituta, funtzionarioak jarduneko zerbitzura itzultzea eskatzen badu eta, plaza hutsik ez dagoelako, sei hilabetean onartzen ez bazaio, nahitaezko eszedentziara pasatuko da. Epea erantzukizun penala edo diziplinazkoa amaitu denetik hasiko da kontatzen. Ordea, epe horretan itzultzea onartzen bazaio, ekonomia- eta administrazio-eragina itzultzeko ebazpenean zehaztuko da.

  6. – Eginkizunez gabetze irmoak dirauen bitartean, funtzionarioak ezin izango du lanpostuak hornitzeko prozesuetan parte hartu.

  1. – Kasu hauetan, funtzionarioak beste herri-administrazio batzuen zerbitzura daudela aitortuko da:

    1. Aukera libreko izendapen baten edo lehiaketa baten bitartez, beste herri-administrazio batzuetako lanpostuak betetzera joaten direnean.

    2. Transferentzia baten ondorioz edo administrazio hartzailearen lege-xedapen baten bitartez, administrazio horretako funtzionario egiten denean.

  2. – Funtzionarioek funtzionario-izaera gordeko dute jatorrizko administrazioan, baina ez zaie plaza eta destinoa gordeko, eta zerbitzua ematen duten administrazioko araubidea aplikatuko zaie.

  3. – Antzinatasunari eta administrazio-karrerari begira, egoera honetan emandako denbora jatorrizko administrazioan emandakotzat joko da.

  4. – Beste herri-administrazioen zerbitzura transferentzia baten bitartez pasatu bada, egoera hori ofizioz aitortuko da. Bestelakoetan, funtzionarioak berak eskatu behar du.

  5. – Egoera horretan dagoen funtzionarioak, beste administrazioko kidegoetan sartu ez bada eta, administrazio horretan beste destinorik lortu gabe, kargutik kentzen badute, jatorrizko administrazioan jarduneko zerbitzura itzultzeko eskaria egin behar du hogeita hamar eguneko epean.

    Eskaria egin ezik, Administrazioak norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jarriko du interesatua ofizioz, eta egoera horretan egon beharko du bi urte segidan, gutxienez, itzultzeko eskaria egiteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik aurrera.

    Norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jartzeko, interesatuak aurreko bost urteetan arlo publikoan etengabeko benetako zerbitzuak emana izan behar du. Eskakizun hori betetzen ez dutenei Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 37.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

  1. – Egoera bakoitzerako ezarritako epean, funtzionarioek jatorrizko administraziora itzultzeko eskaria egin behar dute.

  2. – Jarduneko zerbitzura itzultzeko erabakia funtzio publikoko eskumenak dituen organoak hartuko du ebazpen baten bitartez. Funtzionarioa ebazpen horretan ezarritako egunean itzuliko da lanera, eta ondorio ekonomikoak ere egun horretatik aurrerakoak izango dira.

  3. – Ebazpenean ezarritako egunean lanpostuaz jabetu ez, eta justifikatutako arrazoirik ez badago, interesatua norbere kontuetarako borondatezko eszedentziara pasatuko da, eta egoera horretan egon beharko du bi urte segidan, gutxienez, itzultzeko eskaria egiteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik aurrera.

    Norbere kontuetarako borondatezko eszedentzian jartzeko, interesatuak aurreko bost urteetan arlo publikoan etengabeko benetako zerbitzuak emana izan behar du. Eskakizun hori betetzen ez dutenei Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 37.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

  4. – Jarduneko zerbitzura itzultzeko, herri-administrazioen zerbitzura dauden langileen bateraezintasun-araubidea aplikatuko da.

  1. – Lanpostua gordetzea ez dakarren administrazio-egoera batetik datozen funtzionarioek jarduneko zerbitzura itzuli ahal izateko, aurrekontuko zuzkidura duen plazaren bat hutsik egon behar da.

    Funtzionarioak jarduneko zerbitzura itzultzea eskatu arren, hori ezinezkoa bada, bere kidego edo eskalan aurrekontuko zuzkidurarik duen plaza hutsik ez dagoelako edo, egonda ere, berak lanpostuen zerrendetako eskakizunak betetzen ez dituelako, egoera berberean jarraituko du bete dezakeen plazaren bat libratu arte, salbu eta araudi honetako 20.5 artikuluan ezarritako kasuetan.

  2. – Lanpostuak hornitzeko deialdietan —lekualdatze-lehiaketetan eta izendapen libreko lanpostuak betetzeko deialdietan— parte hartuta itzul daiteke jarduneko zerbitzura, edo, destinoaren zain edo nahitaezko eszedentzian dauden langileen kasuan, langileak birkokatzeko prozeduren bitartez.

  3. – Halaber itzul daiteke jarduneko zerbitzura norberaren kidego edo eskalako plaza huts batera behin-behinean atxikita, betiere, lanpostuen zerrendako eskakizunak betez gero. Horrelakoetan, interesatua egoera horretan egongo da lehiaketa edo izendapen libre baten bitartez behin-betiko destinoa lortu arte.

  4. – Behin-behineko atxikipenean itzultzen diren funtzionarioek beren kidego edo eskalako lanpostuetan jardungo dute, betiere, baldintza hauek ere betetzen badira: lanpostuen zerrendetan lanpostuari ezarri zaizkion eskakizunak betetzea eta lanpostuari dagozkion ordainsariek interesatuek finkatuta duten gradutik behera bi maila baino gehiago ez jotzea.

  5. – Aurrekontuko zuzkidura duen plaza bat libratzen denean, hori betetzeko baldintzak betetzen dituen funtzionario bat baino gehiago badago eta itzultzeko eskubidea denek badute, lehentasun hurrenkera hau ezarriko da:

    1. Destinoaren zain dagoena.

    2. Nahitaezko eszedentzian dagoena.

    3. Eginkizunez gabetua dagoena.

    4. Borondatezko eszedentzian dagoena.

    5. Beste administrazio baten zerbitzura dagoena.

  1. – Lanpostua gordetzea dakarren egoera batetik datozen funtzionarioak egoera bakoitzerako ezarritako epean itzuliko dira jarduneko zerbitzura. Itzulerak dagokion ebazpena jakinarazten denetik izango du eragina, eta langileak hiru eguneko epean itzuli beharko du lanpostura, jakinarazpena egin den egunetik aurrera.

  2. – Lanpostua gordetzea dakarren egoera batean zegoelarik, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 50. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan eta 4. paragrafoaren a) eta c) idatz-zatietan xedatutakoaren ondorioz, funtzionarioak bere lanpostua utzi badu, itzultzen denean behin-behineko atxikipena emango zaio jatorrizko administrazioan harik eta behin betiko lanpostu bat lortzen duen arte. Behin-behinean ematen zaion lanpostuak baldintza hauek bete behar ditu: langilearen eskala edo kidegokoa izatea; ahal dela herri berberean egotea edo, ezinezkoa bada, lurralde berberean; lehen zuen lanpostuaren mailatik behera bi maila baino gehiago ez jotzea eta, azkenik, lanpostuen zerrendetan jasotzen diren eskakizunei dagokienez, langileak bete ahal izateko modukoa izatea. Hori guztia administrazio bakoitzean ezarritako prozeduraren arabera egingo da, eta lege horretako 53.2 artikulua ere beteko da.

  3. – Behin betiko atxikipena ez duen funtzionarioari, jarduneko zerbitzura itzultzean, behin-behineko atxikipena emango zaio jatorrizko administrazioan, harik eta behin betiko lanpostu bat lortzen duen arte. Behin-behinean ematen zaion lanpostuak baldintza hauek bete behar ditu: langilearen eskala edo kidegokoa izatea; langileak finkatutako gradutik behera bi maila baino gehiago ez jotzea eta, azkenik, lanpostuen zerrendetan jasotzen diren eskakizunei dagokienez, langileak bete ahal izateko modukoa izatea. Hori guztia gorabehera, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 53.2 artikuluan xedatzen denaren arabera behin-behinean atxikita daudenei, artikulu horretan xedatutakoa aplikatuko zaie.

  1. – Administrazio-egoeren aldaketak kasuan kasuko administrazio edo erakunde publikoan funtzio publikoko eskumena duen organoaren ebazpen baten bidez egingo dira eta langileen erregistroan jasoko dira. Aldaketok jarduneko zerbitzura itzuli gabe egin ahal izango dira baldin eta kasu bakoitzean horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen badira.

  2. – Lanpostua gordetzea dakarren egoera batean dagoen funtzionarioak parte hartu ahal izango du lanpostuak betetzeko deialdietan eta barne sustapenekoetan. Lanpostua lortuz gero, dagoen egoeran jarraitu ahal izango du eta lortutako plaza gorde egingo zaio.

  3. – Beste administrazio batzuen zerbitzura dauden funtzionarioen egoera-aldaketak jatorrizko administrazioak egingo ditu baldin eta funtzionarioa xede-administrazioan integratu ez bada. Aldaketa langileen erregistroan jasoko da eta xede administrazioari jakinaraziko zaio.

Bitarteko funtzionarioak jarduneko zerbitzuan eta eginkizun gabetuta egon daitezke, ez baitzaie beste administrazio-egoerarik aplikatuko, eta horiek ere, beren izaerak dauzkan berezitasunei egokituta.

  1. – Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean estatutupekoentzat zehaztutako araubidean beren borondatez sartu diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioak beste herri-administrazioen zerbitzurako egoerara pasako dira, egiaztatu ondoren, araudi honetan zehaztutako ondorioekin.

  2. – Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean estatutupekoentzat zehaztutako araubidean beren borondatez sartu diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko talde, kategoria edo lanpostu funtzionaletan beren borondatez sartzen badira, horietara jotzeko sistema dena dela, arlo publikoan zerbitzuak emateko borondatezko eszedentziara pasako dira, betiere, kontuan hartuta lortu duten lanpostu horrek hasieran esleitu zitzaienaz bestelakoa izan behar duela.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoetako edo beste administrazio batzuetatik transferitutako karrerako funtzionario izanik beren zerbitzuak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan ematen dituztenek, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean estatutupekoentzat onartutako araubidean sartzeko eskubidea izan arren beren borondatez ez sartzea erabaki badute, jarduneko zerbitzuan jarraituko dute beren jatorrizko kidegoan, aipatutako legean eta hori garatzeko araudietan xedatutakoaren arabera.

Administrazio-egoeren deklarazioa Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko barne banaketan horretarako eskumena duen organoak egingo du. Egoeraren deklarazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Funtzio Publikoko Zuzendaritzari jakinaraziko zaio, Langileen Erregistroan sar dezan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoetako karrerako funtzionario izanik beren zerbitzuak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan ematen dituzten pertsonen egoeren deklarazioak harik eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean aurreikusitako integrazio-prozesua garatu arte.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean estatutupekoentzat onartutako araubidean integratzeko prozesua garatu arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoetako karrerako funtzionario izanik beren zerbitzuak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan ematen dituzten pertsonen egoeren deklarazioa Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko barne banaketan horretarako eskumena duen organoak egingo du, araudi honen arabera.

Egoeraren deklarazioa Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Funtzio Publikoko Zuzendaritzari jakinaraziko zaio, Langileen Erregistroan sar dezan.