Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

28/2001 DEKRETUA, urriaren 16koa, lehendakariarena, Jaurlaritzaren Lehendakariordetzaren egitura organikoa onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 213
  • Hurrenkera-zk.: 6112
  • Xedapen-zk.: 28
  • Xedapen-data: 2001/10/16
  • Argitaratze-data: 2001/11/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun¿arloak finkatzen dituen uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuak, zeina lehendakariaren irailaren 17ko 19/2001 Dekretuak aldatu baitzuen, egiteko eta jardun-arlo hauek ematen dizkio Lehendakariordetzari 5. artikuluan:

  1. Jaurlaritzaren Idazkaritza.

  2. Legebiltzarrarekiko, Arartekoarekiko eta beste instituzioekiko harremanak eta komunikazioak.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioen arteko lankidetza, koordinazioa, plangintza bateratua eta artikulazioa bultzatzea eta garatzea.

  4. Autonomiaren garapenerako politika eta, xede horretarako, sailen jardunak koordinatzea.

  5. Autonomia Estatutuaren defentsa juridikoa.

  6. Legezkotasunaren barne kontroleko eta aholkularitza juridiko orokorreko egitekoak gauzatzea.

  7. Eusko Jaurlaritza eta bere organoak auzietan ordezkatu eta defenditzea.

  8. Administrazioa eta administrazio eta gobernu elektronikoak modernizatzeko eta eraberritzeko prozesua bultzatu, zuzendu eta koordinatzea.

  9. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.

  10. Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibila eta Zuzenbide Berezia gordetzea, aldatzea eta garatzea.

  11. Toki administrazioaren alorrean legeek eta arauek Jaurlaritzari esleitzen dizkioten zereginak gauzatzea.

  12. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen antolaketa eta prozeduraren araubidea.

    Gainera, Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburua izendatzeari buruzko lehendakariaren uztailaren 16ko 9/2001 Dekretuaren arabera, lehendakariordeak, lehendakariaren gidaritzapean, Jaurlaritzaren jardun orokorra eta arlokakoa koordinatuko ditu eta, halaber, eskuordetzan izango ditu Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluko d), f), h), i), j) eta k) idatz-zatietan jasotako eskumenak.

    Dekretu honen bidez, Jaurlaritzaren Lehendakariordetzaren funtzioak eta antolamendua finkatzen dira. Horretarako, lehenik, Jaurlaritzaren jarduna nola koordinatu behar den zehazten da: eginkizun hori lehendakariordeari esleitzen dio, lehendakariaren zuzendaritzapean eta sailburuek euren eremukoak diren jardunak kudeatzeko dituzten erantzukizunei eta eskumenei ezer kendu gabe. Ondoren, esleipen horrekin bat etorriz, eskuordetutako zereginak jasotzen dira eta, azkenik, lehendakaria ordezkatzeko lana aipatzen da, lege horretan agintzen denari jarraituz.

    Jaurlaritzaren Lehendakariordetzak, antolamenduari dagokionez, hiru Idazkaritza Nagusi izango ditu: Lehendakariordetzako Idazkaritza Nagusia, Erakunde Politikarako eta Autonomiaren Garapenerako Idazkaritza Nagusia eta Araubide Juridikoaren Idazkaritza Nagusia.

    Aurreko egituran bi idazkaritza bazeuden ere, oraingoan premia berriei erantzun nahi izan zaie; izan ere, batetik, lehendakariak jardun eremu berriak eman dizkio Jaurlaritzaren Idazkaritzari eta, bestetik eta bereziki, Jaurlaritzaren Programak berebiziko garrantzia eman dio autogobernuari eta autonomia-garapenari, hori izango baita legegintzaldi honetako zutabe nagusienetako bat. Hori dela eta, komenigarri iritzi zaio politika hori zuzendu eta koordinatzeko lanak eta politika hori gauzatzeko eta garatzekoak bi idazkaritza nagusitan banatzea.

    Ildo horretatik, Lehendakariordetzako Idazkaritza Nagusiaren egitekoa, lehenik, lehendakariordeari koordinatzeko eginkizunak betetzeko laguntza ematea da; bigarrenik, autogobernuaren, autonomia-garapenaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioen antolaketaren alorreko politika zuzentzea eta koordinatzea eta Jaurlaritzaren Lehendakariordetzako komunikazio eta informazio politikaz arduratzea; eta, azkenik, joan den legegintzaldian egindako lanarekin jarraitzeko, Administrazioa arrazionalizatzeko eta hobetzeko prozesua bultzatu, zuzendu eta koordinatzea. Egiteko horretan, Jaurlaritzako zerbitzu komunek lagunduko diote, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organoek bereziki.

    Erakunde Politikarako eta Autonomiaren Garapenerako Idazkaritza Nagusia erakundeekiko politikaz eta autonomia garapenerako politikaz arduratzen da, nola Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioen arteko lankidetza, koordinazioa, plangintza bateratua eta artikulazioa bultzatu eta garatzeko, hala Estatuarekiko eta beste lurralde erakunde batzuekiko harremanetarako eta horrek dakarren eskualdaketa-prozesurako. Horretaz gain, toki-administrazioaren alorreko zereginez eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen antolaketa eta prozedura araubideaz ere arduratuko da.

    Araubide Juridikoaren Idazkaritza Nagusia, alde batetik, Administrazioaren Goi Mailako Kontsulta Zentroa da, non Jaurlaritzaren zerbitzu juridiko nagusiak dauden. Zerbitzu juridiko horiek zeregin hauek izango dituzte: barneko araugintza kontrolatzea; legeen garapenaren alorrean jardutea eta, ildo horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibila eta Zuzenbide Berezia gordetzea, egokitzea eta garatzea eta epaiketetan Administrazioa ordezkatu eta defendatzea, testu honetan agertzen diren jardute-eremu batzuei dagozkien salbuespenekin. Idazkaritza honen barruan, gainera, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoa egongo da, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kide anitzeko aholkularitza-organo gorena. Azkenik, Jaurlaritzaren lehendakariordeari behar duen laguntza emango dio, Jaurlaritzaren idazkari izateagatik uztailaren 16ko 9/2001 Dekretuaren indarrez dagozkion egitekoak betetzeko eta Eusko Legebiltzarra eta Arartekoarekiko harremanak bideratzeko.

    Azkenik, antolamenduan ekonomia aplikatuz, Jaurlaritzaren Lehendakariordetzako organoen jardunak dakarren administrazio lana Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak beteko du.

    Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8c), 19. eta 25. artikuluek ematen dizkidaten ahalmenen arabera, Jaurlaritzaren lehendakariordearen proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko urriaren 16an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

Jaurlaritzaren Lehendakariordetzak egiteko hauek izango ditu: Jaurlaritzaren lehendakariordea eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburua izendatu zituen lehendakariaren uztailaren 16ko 9/2001 Dekretuan emandako zereginak eta lehendakariak eskuordetzan esleitutako eskumenak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuaren 5. artikuluak ematen dizkion jardun-arloei buruzkoak (Dekretu hori lehendakariaren irailaren 17ko 19/2001 Dekretuak aldatu zuen), betiere, datozen artikuluetan agindutakoari jarraituz.

  1. ¿ Jaurlaritzaren Lehendakariordetzak, aurreko artikuluan aipatzen diren eginkizunak betetzeko, organo hauek ditu:

    1. Lehendakariordetzako Idazkaritza Nagusia:

      1. ¿ Koordinazio Zuzendaritza.

      2. ¿ Kabinetearen Zuzendaritza.

      3. ¿ Administrazioa Eraberritzeko Bulegoaren Zuzendaritza.

    2. Erakunde Politikarako eta Autonomiaren Garapenerako Idazkaritza Nagusia:

      1. ¿ Autonomia Politikarako eta Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritza.

      2. ¿ Erakunde Politikarako eta Toki Administraziorako Zuzendaritza.

    3. Araubide Juridikoaren Idazkaritza Nagusia.

      1. ¿ Auzibide Zuzendaritza.

      2. ¿ Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza.

      3. ¿ Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritza.

  2. ¿ Idazkaritza nagusietako titularrek sailburuorde maila izango dute, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen ondorioetarako.

  1. ¿ Jaurlaritzaren lehendakariordeak, lehendakariaren gidaritzapean, Jaurlaritzaren jardun orokorra eta arlokakoa koordinatuko ditu, sailburu bakoitzak bere jardun-alorrak kudeatzeko dituen eskumenei eta erantzukizunei ezer kendu gabe.

  2. ¿ Bere eginkizunak betetzeko, lehendakariordeak eskumen hauek ditu:

    1. Jaurlaritzatik lortutako laguntza eta informazioa ematea Legebiltzarrari.

    2. Sailen artean eskumenen inguruan sortzen diren auziei aterabidea ematea, sailburuek konponbiderik lortzen ez badute.

    3. Jaurlaritzaren Ordezko Batzordeen bileretarako deia egitea eta, kasua bada, horien gidaritza eta zuzendaritza bere gain hartzea.

    4. Jaurlaritzaren legegintza-programa koordinatzea.

    5. Jaurlaritzaren zereginak zuzen burutzeko eta hartu beharreko erabakiak egoki betetzeko behar diren barne arauak ezartzea.

    6. Jaurlaritzak eta berorren ordezko batzordeek hartutako erabakien gauzatzea bultzatzea eta koordinatzea, eta beharrezko bada, argitaratzea.

  3. ¿ Lehendakaria egon ez edo gaixorik dagoenean, lehendakariordeak ordezkatuko du, horrela xedatzen baita Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean.

  1. ¿ Lehendakariordetzako Idazkaritza Nagusiaren egitekoak hauek dira:

    1. Jaurlaritzaren jarduna koordinatzeko eginkizunetan lehendakariordeari laguntzea.

    2. Bere ardurei erantzuteko behar duen laguntza eta informazio politiko eta teknikoa ematea lehendakariordeari, bereziki, sailen arteko eskumen-gatazkei eta Jaurlaritzaren legegintza-programaren koordinazioari dagokienez.

    3. Jaurlaritzaren jardunaren informazio eta segimendurako baliabideen kudeaketa zuzentzea eta koordinatzea.

    4. Autogobernuaren alorrean, Estatuarekiko eta beste lurralde-erakunde batzuekiko harremanetarako politika zuzentzea eta koordinatzea eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen alorrean, zerbitzuak eskuratzea eta autonomia garatzea, bai Estatuari, bai lurralde historikoei dagokienez.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen antolaketa errazteko eta hobetzeko jarduerak zuzentzea eta koordinatzea.

    6. Jaurlaritzaren legegintza-programa prestatzea, garatzea eta horren segimendua egitea eta Legebiltzarrean izapidetzea, Araubide Juridikoaren Idazkaritza Nagusiarekin lankidetzan arituz.

    7. Jaurlaritzak onartutako egitasmo eta programen egutegia prestatzea, garatzea eta horren segimendua egitea.

    8. Jaurlaritzaren programa garatu eta aplikatzearren sailek gauzatu beharreko jardueren koordinazio orokorrari eta arlokakoari buruzko jarraibideak onartzeko proposamena egitea Jaurlaritzaren lehendakariordeari eta horien gauzatzea ikuskatzea.

    9. Jaurlaritzaren jarduera orokor eta arlokakoari buruzko gizarte eta ekonomia informazioaren baliabide eta adierazleak koordinatzea, garatzea eta bultzatzea, Jaurlaritzaren Programan jasotako Gizarte Konpromisoaren arabera.

    10. Administrazio publikoa arrazionalizatzeari eta hobetzeari buruzko lanak zuzendu eta koordinatzea, sailekin batera eta Jaurlaritzaren lehendakariorde eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren zuzendaritzapean.

    11. Informazioaren eta jakintzaren gizartea sustatzeko eta garatzeko jarduerak koordinatzea, Eusko Jaurlaritzak onartutako plangintzaren barruan.

    12. Jaurlaritzaren Lehendakariordetzaren komunikazio eta informaziorako politika burutzea eta harreman publiko eta erakundeekiko harremanen eremuan lehendakariordeak esleitzen dizkion jarduerak garatzea.

  2. ¿ Lehendakariordetzako Idazkaritza Nagusiak Jaurlaritzaren Lehendakariordetzako kontratazio-organoari dagozkion ahalmenak erabiliko ditu, baldin eta kontratuaren hasierako aurrekontua 150.000 eurotik (24.957.900 PTA) gorakoa bada.

Hauek dira Koordinazio Zuzendaritzaren eginkizunak:

  1. Jaurlaritzaren jarduna eta programa garatu eta betetzeko sailek burutu beharreko jarduerak planifikatzea, programatzea eta ebaluatzeko teknikak eta metodoak proposatzea.

  2. Jaurlaritzaren jardueren programazioari, legegintza¿programari eta programaren betetze-mailari buruzko txostenak eta proposamenak egitea, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzarekin lankidetzan.

  3. Jaurlaritzaren jardunari buruzko informazio- eta segimendu-baliabideak kudeatzea.

  4. Bere ohiko jardunean Jaurlaritzak beteko dituen plan, programa eta ekintza esanguratsuen egutegia prestatzea eta sailen eta gainerako erakundeen plan, programa eta ekintzei buruzko informaziorako eta horien segimendurako prozedurak proposatu eta burutzea, Lehendakariordetzari dagozkion koordinatzeko eginkizunak errazteko.

  5. Jaurlaritzaren Lehendakariordetzak gauzatzen dituen koordinatze-eginkizunak burutzeko beharrezkoa den laguntza teknikoa eskaintzea, batik bat sail bati baino gehiagori eragiten dioten plan, programa edo ekintzei dagokienez.

  6. Jaurlaritzako sailen jarduna koordinatzeko beharrezkoak diren txostenak eta azterlanak egitea. Jaurlaritzaren jarduna eta programa gauzatuz sailek prestatzen dituzten plan eta programa orokorren eta arlokakoen berri emango du, bereziki.

  7. Jaurlaritzaren lehendakariordeari dagozkion segimendu eta koordinazio eginkizunetarako beharrezkoak diren agiriak eta laguntza eskatzea sailei.

  8. Administrazio eta kudeaketa mailan sailek eta erakundeek egiten dituzten jardunak hobetzeko planak garatzea eta ekimenak aurkeztea, Administrazioa Eraberritzeko Bulegoaren zuzendaritzarekin batera. Jaurlaritzaren ekintza administratiboa koherentea izateko eta disfuntzioak eta jardun autonomo eta koordinaziorik gabekoak ekiditeko izango dira aipatu hobekuntzak.

  9. Jaurlaritzaren Kontseiluak edo Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak eztabaidatu beharreko gaien gainean aholkuak ematea, Jaurlaritzaren lehendakariordeak edo Lehendakariordetzako Idazkaritza Nagusiak eskatuta.

  10. Sailen arteko koordinazioari dagokionez esleitzen zaizkion gainerakoak.

Kabinetearen Zuzendaritzaren egitekoak hauek dira:

  1. Jaurlaritzaren Lehendakariordetzaren komunikazio-politika diseinatzea eta gauzatzea eta saileko gainerako organoei laguntzeko organoa izatea.

  2. Jaurlaritzaren Lehendakariordetzak hedabideekin dituen harremanak bideratzea eta zaintzea.

  3. Jaurlaritzaren Lehendakariordetzak egiten dituen ekitaldi ofizialak edo sustatzen dituen ekitaldi publiko zein pribatuak antolatzea, salbu eta Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Zuzendaritzari dagozkionak.

  4. Jaurlaritzaren Lehendakariordetzak bere zereginetan diharduela beste herri-administrazio batzuekin edo erakunde pribatuekin dituen protokolozko harremanak koordinatzea.

  5. Jaurlaritzaren Lehendakariordetzaren jarduerarekin zerikusia duten gaietan herritarren lankidetza sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina edo ¿neurriak diseinatzea eta gauzatzea interesa duten gainerako organoekin koordinatuta.

  1. ¿ Administrazioa Eraberritzeko Bulegoaren Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu:

    1. Antolaketa, zerbitzuen kalitatea, informatika, giza baliabideak, ekonomia kudeaketa, merkatu-indarren bertaratzea eta beharrezkotzat jotzen diren eremu batzuk egokitzeko eta hobetzeko, sail ezberdinen arteko planak lantzea, koordinatzea eta bultzatzea.

    2. Administrazioa arrazionalizatu eta hobetu ahal izateko legeetan egin beharreko aldaketak gertatzea eta lege-aldaketa horiei buruzko arautegiak garatzea.

    3. Administrazio eta gobernu elektronikoak inplementatzeko jarduerak bultzatzea, proposatzea, zuzendu eta koordinatzea.

    4. Sailek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko erakunde autonomoek, bakoitzak bere aginte-eremuaren barruan, sustatzen dituzten arrazionalizazio eta hobekuntza proiektuei buruzko nahitaezko irizpena eman beharko dute eta proiektu horiek aplikatu diren ala ez gainbegiratu.

    5. Barne-eraketari, antolamenduari edo ente instituzionalak sortzeari dagokienez, sailek mamitzen dituzten egintzei buruzko irizpenak ematea.

    6. Lan administratiboak errazteko neurriak proposatzea eta bultzatzea eta neurri horiek bete daitezen zaintzea.

    7. Zerbitzu-eskaintzaren kalitatea hobetzea eta, oro har, herritarrek Administrazioa ezagutu dezaten eta horretaz balia daitezen xedetzat duten eraketa-moduak eta prozedurak proposatzea.

    8. Sail guztienak diren zerbitzuak emeki-emeki deszentralizatzeko beharrezkoak diren ekintzei buruzko proposamenak egitea, ekintza horiek koordinatzea eta kudeaketa-arloan autonomia izan dezaten bultzatzea.

    9. Administrazioen arteko harremanetan eragina izango duten arrazionalizazio eta hobekuntzarako proiektu eta proposamenak landu eta sustatzea, horiek aplikatu eta betetzen diren gainbegiratuz.

  2. ¿ Administrazioa Eraberritzeko Bulegoaren Zuzendaritzaren lan-metodoa proiektu bidezko kudeaketan oinarrituko da: proiektu bakoitzeko lan-talde bat eratuko da, beste sail batzuetako ordezkarien eta, hala badagokio, kanpoko adituen partaidetzarekin.

  3. ¿ Bere funtzioak betetzeko, Administrazioa Eraberritzeko Bulegoaren Zuzendaritzak Jaurlaritzaren Lehendakariordetzako eta Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organoen lankidetza izango du eta, bereziki, informazio-sistemekin, giza baliabideekin, herri administrazioen antolaketa eta prozedurarekin, hainbat sail hartzen dituzten zerbitzuekin eta kudeaketa ekonomikoarekin zerikusia duten gaietan eskumenak dituzten organoena. Hortaz, Zuzendaritza horrek esku artean dituen proiektuek horrela eskatzen badute, berarekin elkarlanean arituko dira aipatutako organoak.

  1. ¿ Hauek dira Erakunde Politikarako eta Autonomiaren Garapenerako Idazkaritza Nagusiaren zereginak:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen alorra sakonago jorratzeko eta garatzeko arau-proposamenak aztertzea eta, hala badagokio, egitea.

    2. Jaurlaritzak Estatuarekin, autonomia erkidegoekin edo foru eta toki erakundeekin alde biko edo askoko harremanak izan ditzan, behar diren politikak bultzatzea eta, horretarako, lankidetzan aritzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-alorra guztiz garatzeko eta autogobernua areagotzeko mekanismo, eredu eta baliabideak aztertzea.

    4. Autonomiaren garapenari eragiten dioten gaietan Estatuarekin eta bestelako lurralde-erakundeekin izan beharreko harreman-politika proposatzea eta gauzatzea eta dauden organo misto guztietan parte hartzea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen alorrean, zerbitzuen transferentziak artikulatzeko politikak proposatzea eta gauzatzea, bai Estatuari, bai lurralde historikoei dagokienez.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen antolaketa errazteko eta hobetzeko mekanismoak, ereduak, tresnak eta jarduerak aztertzea eta garatzea.

    7. Toki Administrazioaren jarduera gainbegiratzea eta aztertzea eta laguntza ematea.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak toki-araubidean dituen eskumen diren gaiak garatzea eta horiei buruzko irizpena ematea.

  2. ¿ Eskualdaketen ekonomi balioespenari dagokionez, Erakunde Politikarako eta Autonomiaren Garapenerako Idazkaritza Nagusia Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organo eskudunekin arituko da lankidetzan.

Autonomia Politikarako eta Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritzak zeregin hauek izango ditu:

  1. Autonomiaren garapena bultzatzea eta aztertzea ordenamenduan jasotako eskumenen azterketa juridikoa eginez.

  2. Jaurlaritzak Estatuarekin, autonomia erkidegoekin edo foru eta toki erakundeekin dituen alde biko edo askoko harreman instituzionalen politika gauzatzea edo horretan lankide izatea.

  3. Eskualdaketen politika bultzatzea, koordinatzea eta gauzatzea eta horri buruzko aholkuak ematea, bai Estatuari, bai bestelako lurralde-erakundeei dagokienez.

  4. Autonomia Estatutuaren Bigarren Xedapen Iragankorrean eta Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzko Legearen Lehenengo Xedapen Iragankorrean aipatzen diren Eskualdaketetarako Batzorde Mistoetan, idazkaritza-lanak egitea.

  5. Estatuko Gobernuarekin eta Administrazioarekin edo foru eta toki erakundeekin sortzen diren eskumen-liskarrak aztertzea eta Jaurlaritzari horiei buruzko aholkuak ematea.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen arteko lankidetza, koordinazioa, plangintza bateratua eta artikulazioa bultzatzea eta garatzea.

Hauek izango dira Erakunde Politikarako eta Toki Administraziorako Zuzendaritzaren zereginak:

  1. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen alorrean eman beharreko arauak egitea eta garatzea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beste administrazioekin edo ente eta erakunde publiko zein pribatuekin sinatutako hitzarmen eta akordioen gordetzaile izatea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dauden edo sortzen diren datu-fitxategi eta erregistroetatik izaera pertsonala dutenak antolatzea eta gainbegiratzea.

  4. Euskal herri administrazioetako erakundeak egituratzeko eta sailkatzeko tresnak eta ereduak egitea eta proposatzea.

  5. Zerbitzu publikoak emateko ereduak egitea eta proposatzea.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumen diren toki araubideko gaiak ebaztea eta horiei buruzko irizpena ematea.

  7. Toki erakundeen egintza eta erabakiei buruzko irizpena ematea, legearekin bat datozen egiaztatzea eta, hala badagokio, horien aurka egitea.

  8. Toki araubideko gaietan, koordinazio-lanak burutzea eta arauak egitea.

  9. Toki erakundeen zereginei eta zerbitzuei buruzko azterketak egitea eta informazioa eta aholkuak ematea.

  10. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sail eta erakunde autonomiadunen eta Foru eta Toki administrazioaren arteko harremanak eta lankidetza bultzatzea eta horren jarraipena egitea.

  11. Toki Administrazioari buruzko erregistro-tresnak kudeatzea.

  12. Toki erakundeak elkarrekin biltzeko eta moldatzeko formula organiko eta funtzionalak sustatzea.

  1. Euskadiko Udal Kontseiluan idazkari-lanak egitea. Kontseilu hori uztailaren 28ko 326/1994 Dekretuaren bitartez sortu zen.

Araubide Juridikoaren Idazkaritza Nagusiak egiteko hauek ditu:

  1. Zerbitzu Juridiko Nagusia den aldetik, Jaurlaritzaren Goi Mailako Kontsulta Zentroa da, eta berari dagozkio bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren kontsulta eta aholkularitza lanak egitea, bai Administrazio horiek ordezkatzea eta babestea edozein jurisdikzioren aurrean. Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoa ere, apirilaren 13ko 187/1999 Dekretuaren bidez arautua, idazkaritza honen barruan egongo da.

  2. Sailekin batera Jaurlaritzak Legebiltzarrean hartu dituen konpromisoak zenbatean bete diren jagotea.

  3. Jaurlaritzaren eta Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordearen zereginak antolatzea, bai eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 22. artikuluan jasotakoaren arabera sortzen diren gainerako batzordeen lanak antolatzea ere.

  4. Legebiltzarrarekin eta Arartekoarekin dituen harremanetan Jaurlaritzaren lehendakariordeari laguntzea; beharrezkoa bada, halaber, Jaurlaritza ordezkatuko du Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordearen aurrean.

Honako hauek dagozkio Auzibide Zuzendaritzari:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorra eta bere Administrazio Instituzionala ordezkatzeko eta aldezteko beharrezkoak diren aurre-ekintzak gidatzea, koordinatzea eta burutzea.

  2. Judizio aurreko txosten, ekimen, errekerimendu eta jarduera egokiak gauzatzea eta Jaurlaritzaren interesak ordezkatzeko eta aldezteko zereginak zuzentzea konstituzio maila duen jurisdikzioaren aurrean eta Arbitraje Batzordearen aurrean.

  3. Judizio-ekintzak hasarazteari buruz aholkuak ematea, txostenak lantzea eta jardunak koordinatzea.

  4. Administrazioaren jarduera zuzentzeko neurriak proposatzea, ahalik eta errekurtso edo erreklamazio gutxien jar daitezen.

  5. Epaiak betearazteak, prozesuen gastuetarako dirua biltzeak edo kostuak ordaintzeak sor ditzaketen administrazio-ekintzak koordinatzea.

  6. Sententziek antolamendu juridikoaren gain izan dezaketen eragina eta, oro har, judizio-prozeduren ondorioak aztertzea.

  7. Zerbitzu Juridiko Nagusikoak ez diren legelariak habilitatzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Epaietarako Ordezkotza eta Aldezpenari buruzko ekainaren 26ko 7/1986 Legean xedatzen denaren arabera, eta eskumen zibil eta penalaren aurrean ertzainak defendatu eta ordezkatzeari buruz apirilaren 25eko 250/1995 Dekretuan aipatzen direnen kaltetan gabe.

  8. Erabakitzea zein kasutan bereganatu behar den Jaurlaritzako funtzionario eta goi-kargudunen defentsa zibil eta penala, haien jardueraren ondorioak direla kausa.

Honako hauek dagozkio Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzari:

  1. Jaurlaritzaren legegintza-programaren artikulazio tekniko-juridikoari buruzko informazioa eta aholkuak ematea, programa horretan sartzen diren Lege Aurreproiektuak lantzeak irauten duen bitartean.

  2. Sailek eta Erakunde Autonomoek hala eskatzen dutenean, horien agintepekoak diren arazoei buruzko irizpenak edo txosten juridikoak lantzea.

  3. Beste ente instituzional batzuek hala eskatzen dutenean, horientzat interesgarriak izan daitezkeen irizpenak edo txosten juridikoak lantzea.

  4. Araubide Juridikoaren Idazkaritza Nagusiak, Goi Mailako Kontsulta Zentroa izatea dagokion aldetik, arauzkoak izan daitezen txosten juridikoak gertatu beharko ditu.

  5. Lege Aurreproiektuen, arau-indarra duten xedapen¿proiektuen eta Jaurlaritzaren Kontseiluak agintzen dizkion beste gai batzuen legezkotasunaren barne-kontrola egitea.

  6. Defentsa jurisdikzionala egiteko ardura duten organoentzako txostenak lantzea eta aholku juridikoak ematea, Zuzendaritza honek landutako xedapenen aurkako inpugnaziorik aurkeztuz gero.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibila eta Zuzenbide Berezia gordetzeko, egokitzeko eta garatzeko jarduerak bultzatzea eta koordinatzea. Horretarako, Administrazioaren sailen lankidetza eskatu ahal izango du.

  1. ¿ Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak, Jaurlaritzaren Kontseiluari eta Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeari dagokienez, eta bai Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 22. artikuluaren arabera sor daitezkeen gainerako Ordezko Batzordeei dagokienez ere, ondorengo lerrokadetan adierazten diren eginkizunak beteko ditu:

    1. Kontseilu eta batzorde horien bilkurak gertatzea; horietarako gai zerrendak eta aztergaiak ezagutzeko beharrezko diren agiriak, aurrekinak eta datuak gertatu eta banatzea; erabakiak izapidetzeko eta, hala dagokionean, horiek balioa izan dezaten beharrezko diren lege eta finantzaketa mailako baldintzak bete daitezela zaintzea eta, beharrezkoa bada, aginduzko txostenak eskatzea.

    2. Aztergaiak izapidetzeari buruzko arauak eta jarraibideak zein legegintza-teknikari buruzko artezpideak, denak ere Jaurlaritzak onartutakoak, bete daitezen zaintzea.

    3. Onartu diren erabakiei buruzko aktak gertatzea eta jagotea, bete daitezen zainduz.

    4. Bileretan aurkeztu behar diren agiriak normalizatzeko jarraibideak ezartzea.

    5. Jaurlaritzaren kide anitzeko organo horien lanei buruzko agirien tratamendu informatikoa egitea.

    6. Aipatutako organoei ezagutzeko, eztabaidatzeko eta onartzeko aurkezten zaizkien gaiei buruzko testuen kopia kautotuak egitea.

    7. Haien bilkuren aktetan ageri diren akordioak ziurtatzea.

  2. ¿ Halaber, honako egiteko hauek beteko ditu Legebiltzarrarekiko harremanei dagokienez:

    1. Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren arteko harreman eta komunikazio organo izatea.

    2. Legegintza programa ikertzeko, jarraitzeko eta koordinatzeko lanak egitea, programa hori Legebiltzarrean dagoen bitartean. Legebiltzarrean aurkezten diren Lege Proposamen, Legez Besteko Proposamen eta Mozioak aintzat hartzeari dagokionez, ikerketak, dokumentazio-lanak eta aurre-ekintzak gauzatzea, Jaurlaritzak izan behar dituen irizpideak mamitze-bideetan laguntzeko. Legebiltzarrean aurkezten diren galdera eta interpelazioekin eta ekimen horiekin lotutako argibideak Administrazioko organo agintedunetatik eskuratzea. Ekimen, galdera eta interpelazio horiek ikertzea, era honetan, dagokien sailei txostenak eta laguntza eskaini ahal izateko. Legebiltzarrak Jaurlaritzari ezartzen dizkion konpromisoen jarraipena egitea eta, oro har, Legebiltzarreko gorabeheren berri Jaurlaritzari ematea.

    3. Jaurlaritzaren eta Arartekoaren arteko harreman eta komunikazio organo izatea.

  3. ¿ Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzari atxikita egongo da organikoki Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria. Aldizkari hori argitaratzeko behar diren egiteko tekniko, ekonomiko eta administratiboak gauzatzea dagokio zuzendaritza honi, bertan sartu behar diren xedapenen eta administrazio-egintzen argitalpenen antolapen eta kontrol-lanak burutuz. Honako hauek zainduko ditu bereziki: aldizkarian sartu behar direnen lehentasun hurrenkera eta kasu bakoitzak dituen baldintza formalak bete daitezela, era honetan, Administrazioko organo bakoitzak dituen eskuduntzak errespetatu ahal izateko.

  4. ¿ Zuzendaritza honen eskuduntza da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako agintarien sinadura legeztatzea atzerrian indarra izan behar duten agiriei dagokienez, legeztapen bakarrari edo apostilari aplika dakizkiokeen legeekin bat etorriz, baldin eta egiteko hori administrazio publikoetako beste organo batzuei eman ez bazaie.

  5. ¿ Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako organoek egindako irizpen-eskabideak Estatuaren Kontseilura bidaltzeko aurre-egintzak burutzea dagokio.

  6. ¿ Zuzendaritza honetan egongo da diru berezietarako diren kredituetako fondoak erabiltzeko aukera duten agintarien ondare-ondasunen eta ¿eskubideen Erregistroa.

  1. ¿ Jaurlaritzaren Lehendakariordetzaren egitura organikoa onartzen duen otsailaren 2ko 14/1999 Dekretua indargabetuta geratzen da.

  2. ¿ Beren beregi adierazten da Jaurlaritzaren lehendakariordearen 1996ko martxoaren 14ko Agindua indarrean dagoela, salbu eta efektiboak planifikatzearen alorrari dagokionez (agindu horren bidez Administrazioa Eraberritzeko Bulegoaren egitekoak finkatzen dira, barne-egiturari, instituzio-izakiak sortzeari eta efektiboak planifikatzeari dagokienez). Efektiboak planifikatzearen alorreko zereginak Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Funtzio Publikoko Zuzendaritzak egingo ditu. Agindu honetan Administrazioa Eraberritzeko Bulegoari egindako aipamenak, Administrazioa Eraberritzeko Bulegoaren Zuzendaritzari buruzkotzat ulertuko dira.