Arautegia
Inprimatu306/2000 DEKRETUA, 2000ko abenduaren 26koa, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 249
- Hurrenkera-zk.: 5913
- Xedapen-zk.: 306
- Xedapen-data: 2000/12/26
- Argitaratze-data: 2000/12/30
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; Ekonomia
Testu legala
Eusko Jaurlaritzak zenbait finantza-neurri sustatu ditu azken urte hauetan, etxebizitzak sustatzea eta eraikitzea, horiek eskuratzea, alokatzea, ondare eraiki eta urbanizatua birgaitzea eta eraikitzeko lurzorua eskuratzea eta urbanizatzea bultzatzera bideratuta. Neurri horiek ondoren adierazirako dekretuetan islatu dira: uztailaren 30eko 211/96 Dekretuan, nagusiki babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzoruaren inguruko babes daitezkeen jarduketen finantziazioari buruzkoan, uztailaren 30eko 212/1996 Dekretuan, etxebizitza sozialen finantza-neurriei eta erregimen juridikoari buruzkoan, uztailaren 30eko 213/1996 Dekretuan, etxebizitzaren inguruko finantza-neurriei buruzkoan, uztailaren 30eko 214/1996 Dekretuan, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko babes daitezkeen jarduketei buruzkoan, eta maiatzaren 6ko 104/1997 Dekretuan, babes ofizialeko etxebizitzen itundutako sustapenei buruzkoan. Dekretu horiek hainbat aldaketa izan dituzten indarrean jarri zirenetik, batez ere horiek hipoteken merkatuaren egoerara egokitzeko helburuarekin.
Barreiatuta dagoen araudia ikusita, begi-bistakoa da berori bateratzeko premia. Ildo horretatik, Dekretu honek aipatutako dekretuen xedapen orokorrak bateratzen ditu. Bestalde, aginduen bidez garatu dira sustapen-figura bakoitzaren inguruko berariazko xedapenak.
Gobernu Kontseiluak 2000ko maiatzaren 3ko bilkuran onartu zuen 2000-2003 Etxebizitza Bideratzeko Plana. Plan hori Eusko Legebiltzarrera bidali zen bertako osoko bilkuran eztabaidatzeko, bertako Araudiaren 164 eta 165 artikuluetan aurreikusitakoari jarraiki. Bilkura hori 2000ko ekainaren 28an egin zen. Aipatutako planaren helburua hurrengo laurtekoan Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak etxebizitzaren gaiari dagokionez egingo dituen jarduketetarako jarraibideak ezartzea da. Horretarako plangintza estrategikoaren irizpideak hartzen ditu barne.
Etxebizitza Bideratzeko Planak honakoa definitu zuen helburu gisa: Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriari, batez ere kaltetuen diren taldeei, baldintza duinak izango dituen etxebizitza izateko aukera erraztea, horretarako eskura dauden baliabideen eraginkortasuna optimizatuz.
Horrezaz gain, Etxebizitza Bideratzeko Planak planaren zereginean aurrera egiteko diseinatutako estrategiak eta helburu orokorrak definitu zituen. Horiek sei multzo handiren inguruan egituratzen dira:
Etxebizitzen eskaintza indartzea.
Etxebizitzen ondarea errentagarri bihurtzea.
Gizarte-fokatzea nabarmentzea.
Etxebizitzaren politika ekonomia-testuinguru berrira egokitzea.
Etxebizitzaren kalitatea sustatzea.
Kudeaketa-sistemak hobetzea.
Bestalde, Etxebizitza Bideratzeko Planak helburu horiek lortzeko egin beharreko araubide-erreformen orientaziorako ildoak definitu zituen. Orientabide horiei jarraiki, ondoren adierazitakoak dira Dekretu honek ezarritako irizpide berri esanguratsuenak:
Murriztu egingo dira uztailaren 30eko 213/1996 Dekretua, etxebizitzaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa, indarrean sartu baino lehenago kalifikatutako babes ofizialeko etxebizitzen erregimenaren iraupenaren epeak. Gisa horretan iraupenaren epea aipatutako Dekretu horrek aurreikusitako orokorrekin eta gaur egun oraindik ere indarrean dagoenarekin berdinduko da. Zigor gisa edo interesdunaren eskariz deskalifikatzeko aukera baztertu egingo da. Interesdunaren eskariz kasu bakar batean onartuko da deskalifikazioa, birgaitzeko jarduketa babestuen emaitza gisa kalifikatutako etxebizitzen kasuan, hain zuzen ere.
Aurreko araudian egin zen antzera, etxebizitza sozialak lortzeko irizpideak finkatuko dira, baina, horrezaz gain, erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitza lortzeko baldintzak hartuko dira barne, batez ere aurreko 2 urteetan etxebizitzarik ez izateari dagokionez.
Aldatu egingo da etxebizitza babestuak lortu ahal izateko eska daitezkeen urteko diru-sarrerak zehazteko sistema. Berritasun nagusi gisa honakoak aipa ditzakegu: aurreko araudiaren oinarri zen lanbidearteko gutxieneko soldata diru-sarreren balio absolutuekin ordeztuko da, diru-sarrerak zenbatzeko sistema aldatuko da, diru-sarreren %90 lan-etekinetatik edo/eta jarduera ekonomiko, profesional eta artistikoetatik etorritako diru-sarrera izateko eskakizuna hartuko da barne (alokairuen kasuan izan ezik) eta etxebizitza-mota bakoitza lortzeko eska daitezkeen diru-sarreren mugak aldatu egingo dira.
Halaber, aldatu egingo da azalera erabilgarriaren metro karratuko prezioa. Hori higiezinen merkatuaren testuinguru berrira egokitzeaz gain, orain arte indarrean egon den gehienezko prezioen aukera murriztu egingo da, hirura hain zuzen ere.
Sailak berak edo horren partaidetzako sozietateek sustatutako eta Sailaren laguntzak lortzeko sailarekin sustapenak ituntzeko sistemaren edo hitzarmenaren bidez ekimen pribatuak sustatutako etxebizitza babestuen esleipena prozedura berri baten araberakoa izango da. Prozedura hori Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren aginduaren bidez garatuko da.
Horren arabera, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenari jarraiki eta Gobernu Kontseiluak 2000ko abenduaren 26ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ostean,
Dekretu honek babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko, eraikitzeko, erosteko, erabilerarako eta ustiatzeko jarduerei dagokionez, baita horrelako etxebizitzentzako lurzorua erosi, prestatu eta urbanizatzeko jarduerei dagokionez ere erregimen juridikoa ezartzea du xede, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion lurralde-eremuan
Halaber, Dekretu honen xede da jarduera horiek sustatu eta garatzeko etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriak arautzea.
Babes ofizialeko etxebizitzatzat hartuko dira Dekretu honetan eta hau garatzeko arauetan aurreikusten diren ezaugarri tekniko eta ekonomikoetara egokitzen direnak.
Babes Ofizialeko Etxebizitzak salerosketarako gehieneko prezioaren eta zein gizarte sektoreri zuzenduta dauden kontuan harturik sailkatuko dira:
Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak
Etxebizitza sozialak edo erregimen berezikoak
Babes ofizialeko etxebizitzak finantzatzeari dagokionez indarrean dagoen araudia aplikatzeko, dentsitate txikiko babes ofizialeko etxebizitzatzat joko dira ondoren adierazitako baldintzak betetzen dituztenak:
Ondoren adierazitako bi mota hauetakoren batekin bat datorren eraikinean kokatutakoa izatea:
Etxe familibakar isolatua edo ilarakoa, edo familibikoa:
Etxe familibakartzat edo familibikotzat joko da bizitzeko moduko azalera osoa betetzen duen etxebizitza bat edo bi dituen eraikina. Horri dagokionez, alde batera utziko dira trastelekuak eta garajeak, horietara eraikuntzak berak barne hartzen ez duen espazio publiko edo pribatu baten bidez bakarrik sartzen garenean.
Etxe familianitz isolatua edo artekormak dituena:
Etxe familianitza esango diogu elkarren gaineko mailetan dauden bi etxebizitza-unitate edo gehiago dituen eraikinari. Elkarren gainean dauden etxebizitza horiek bi emaitza arkitektoniko izan ditzakete: mailen arteko komunikazio bertikala eta kanpoarekiko komunikazioa elementu komunen bidez egiten dituena, batetik, eta kanpoarekiko komunikazio independentea duena mailaz maila, bestetik.
Adierazitako eraikin horiek ezingo dituzte lau solairu baino gehiago izan, sotoa eta teilatupea barne. Horrezaz gain, gehienez ere horietako bi bideratuko dira egoitza-erabilerara, mailetako batean kokatutako etxebizitzak bertikalean bi altueratan banatuta daudenean izan ezik.
Sustapen bakoitzeko 100 etxebizitzetatik 65ek izango dute gutxienez lorategi edo baratze pribatua, gutxienez 20 metro karratukoa izango dena, erregistroari dagokionez etxebizitzarekin batera osatuko duena finka.
Babes ofizialeko etxebizitzen eta horien etxordeen gehienezko azalera erabilgarria honakoa izango da:
Etxebizitzek gehienez ere 90 metro karratuko azalera erabilgarria izango dute, inolako salbuespenik gabe.
Trastelekuek etxebizitzari dagokion azaleraren %15 izango dute gehienez ere.
Aparkalekuek gehienez ere 30 metro karratuko azalera erabilgarri konputagarria izango dute. Dena dela, banakako sarbide eta erabilerako garajeen kasuan gehienezko azalera erabilgarria 20 metro karratukoa izango da.
Prezioak:
Lehen eta bigarren eta ondorengo transmisioetako gehienezko prezioak kalkulatzeko etxebizitzaren edo etxordearen azalera erabilgarriaren metro karratua Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren agindu bidez zehaztuko den zenbaki batekin bidertuko da, betiere etxebizitzaren motaren eta Euskal Autonomia Erkidegoan duen kokapenaren arabera.
Hala ere, itundutako sustapeneko babes ofizialeko etxebizitzen eta Dekretu honen 15. artikuluan biltzen direnen kasuan, bigarren eta ondorengo transmisioetako guztizko prezioa lehen transmisioan aplikatu zenaren berdina izango da. Zenbateko horiek azalera erabilgarriko m.2-ko gehienezko salmenta-prezioaren berrikuspenaren proportzio berean eguneratu ahal izango dira, betiere udalerria eta etxebizitzaren mota kontuan izanik, Dekretu honen 2. artikuluak ezarritako sailkapenari jarraiki.
Urteko errentaren gehienezko prezioak kalkulatzeko araudi bidez finkatuko da etxebizitzari eta etxordeei salmentan egotz dakiekeen balioaren ehuneko bat, betiere etxebizitzen motaren arabera.
Urteko gehienezko errenta hori alokairu-kontratuaren urtea amaitzen den bakoitzean berrikusiko da, kontsumorako prezioen indizeen sistemaren indize nazional orokorrak izan duen portzentajearen aldaketaren arabera. Horretarako erreferentzia gisa kontratua sinatzeko unean argitaratuta dagoen azken indizea hartuko da.
Sustapen bateko babes ofizialeko etxebizitzen lehen transmisioa behin betiko kalifikazioa egin zenetik urtebete igaro ondoren egiten bada, saltzeko edo esleitzeko prezioa aldatu egin ahal izango da, urtebeteko epea amaitzen denetik salerosketako kontratua edo esleipenaren agiria sinatzen den arte indarrean dagoen azalera erabilgarriko m.2-ko salmenta-prezio aplikagarria berrikusten den proportzio berean.
Kooperatibek edo jabekideen komunitateek sustatutako babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, kooperatibistak edo komunitateko kideak egindako ordainketen multzoak, sustapena eta berorren indibidualizazio fisikoa eta juridikoa egin ahal izateko ezinbestekoak direlako etxebizitzaren kostuei egotz dakiekeenak (hala badagokio, kudeaketako ordainsariak barne), ezingo du izan etxebizitzen eta etxordeen gehienezko salmenta- edo esleipen-prezioa, Dekretu honetan eta berori garatzen duten arauetan ezarritakoaren araberakoa, baino handiagoa.
Horri dagokionez, ezinbestekotzat joko dira lurzoruaren eskriturak egiteko eta erregistratzeko gastuak, obra berriaren deklarazioaren eta banaketa horizontalaren gastuak, hipoteka-maileguaren gastuak, konturako kantitateak jasotzeko eta kreditua amortizatzeko aseguruak eta antzeko beste batzuk. Ez dira horrelako gisa hartuko sozietatearen kapitalerako ekarpenak, sozietatearen kuotak eta kooperatibak edo jabekideen komunitateak izan ditzakeen bestelako jardueretako partaidetza-kuotak.
Aurreko muga hori ez betetzea nahikoa arrazoi izango da kalifikazioa ez lortzeko, kooperatibaren edo komunitatearen organoei eta, hala badagokio, kudeaketa-entitateari egotz dakiekeen erantzukizuna kaltetu gabe.
Lurren balioaren eta babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko urbanizazio-kostuen guztizko zenbatekoaren arteko baturak ezingo du izan etxebizitzen eta gainerako eraikuntza babestuen salmenta-prezioaren %15 baino handiagoa, etxebizitza sozialen kasuan, eta prezio horren %20 baino handiagoa erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, horiek dentsitate txikiko etxebizitzak direnean izan ezik, horietan ehunekoa %25ekoa izango baita.
Ondorio horietarako, urbanizazio-kostutzat joko dira honakoak:
Auto eta oinezkoentzako bideen obrak, ur-hornidura, saneamendua, estolderia, energia elektrikoa, telekomunikazioak, argiteria publikoa, zuhaitzak eta lorategiak, eremuko tokiko hornidura publikoak, gauzatuko den planean aurreikusitakoak, egoki urbanizatzeko beharrezkoa den beste edozein zerbitzu eta gainerako hornidura publikoetako obrak egiteko kostuak, plangintzak egindako esleipenaren arabera.
Plantazioak kentzeko obren eta urbanizazio-obrak, eraikinak, instalazioak eta plana gauzatzeko bateragarriak ez diren mota guztietako gainerako obrak errausteko kostuak. Ez dira barne hartuko egintza horietatik eratorritako kalte-ordainak.
Garapen-plangintza idazteko eta horren izapideak egiteko kostua, urbanizazio-proiektuen gastua eta eremua erabat urbanizatzeko beharrezkoak diren kudeaketa eta finantziazioko gastuak.
Babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioa, behin-behinekoa nahiz behin betikoa, dagokion lurralde historikoko Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren lurralde-ordezkariaren erabakiaren bidez egingo da.
Behin-behineko kalifikazioan nahiz behin betikoan ondorengo alderdiak adierazi beharko dira:
Kalifikatuko diren jarduketen finantziazio-erregimena zehazten duten arauak.
Sustatzailearen identifikazioa (izena edo sozietatearen izena, zerga-identifikazioa eta helbidea).
Etxebizitza-mota, Dekretu honen 2. artikuluan ezarritako sailkapenaren arabera.
Sustapeneko etxebizitzen kopurua eta azalera erabilgarria. Garaje edo trastelekurik baden edo ez, horiek etxebizitzei lotutakoak diren edo ez, eta horien azalera.
Etxebizitzak lortzeko eta erabiltzeko erregimena.
Saltzeko edo/eta alokatzeko gehienezko prezioa.
Babes-erregimenaren iraupena.
Mailegu kualifikatuaren eta kasu bakoitzari dagozkion zuzeneko dirulaguntzen zenbatekoa.
Mailegu kualifikatuak Dekretu honetan eta berori garatzen duen araudian ezarritako mugek baldintzatuta egongo dela, maileguak lortzeari eta horien baldintzei dagokienez.
Babes ofizialeko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa berorien sustatzaileak eskatuko du eraikin osoak hartzen dituzten eta indarrean dauden erregimenetako bakar bati lotzen zaizkien eraikuntzetarako. Kalifikazioa erregistro-finka osoak hartzen dituzten sustapenetarako eskatuko dira. Ez dira onartuko erregistro-finka bereko erregimen desberdinetako sustapen bateratuak, mankomunatutako aparkalekuen eremuen kasuan izan ezik.
Norberaren erabilerarako babes ofizialeko etxebizitzen sustapenaren edo autosustapenaren kasuan, aipatutako etxebizitzen kalifikazioa ukatu egingo da eskatzaileak ez baditu betetzen Dekretu honetako 7. artikuluan eskatzen diren baldintzak babes ofizialeko etxebizitzak lortzeko.
Babes ofizialeko etxebizitzak kalifikatzeko eskaera aurkeztu eta hilabeteko epean ez bada berariazko erabakirik eman behin-behineko kalifikazioa ez dela onartu ulertuko da. Epe hori hiru hilabetekoa izango da behin betiko kalifikazioari dagokionean.
Dekretu hau indarrean sartu ondoren egindako behin-behineko kalifikazioen eskaeren kasuan 20 urtekoa izango da babes ofizialeko etxebizitzen legezko erregimenaren iraupena, dagokion behin betiko kalifikazioa ematen den egunetik hasita. Alabaina, babes ofizialeko erregimena luzatu egingo da, hala badagokio, emandako finantza-neurrien amortizazio osoa amaitu arte.
Babes ofizialeko etxebizitzen erregimena automatikoki amaituko da legezko gehienezko epea amaitzen denean. Ezin izango da deskalifikatu zigor gisa, ezta alde interesdunaren eskaeraren ondorioz ere.
Hala eta guztiz ere, interesdunaren eskariz deskalifikatu ahal izango da birgaitzeko jarduketa babestuen emaitza gisa kalifikatutako etxebizitzen kasuan, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko araudian ezarrirakoaren arabera:
Uztailaren 30eko 214/1996 Dekretuaren, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoaren, 38. artikulua.
Uztailaren 17ko 189/1990 Dekretuaren, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoaren, 45. eta 46. artikuluak.
Abenduaren 5eko 278/1983 Dekretuaren, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeari buruzkoaren, 45. artikulua.
Aipatutako kasu horietako deskalifikazioa aukeran eman ahal izango du dagokion organo eskumendunak, babes ofizialeko etxebizitzen behin betiko kalifikazioaz geroztiko lortutako zerga- eta tasa-onurak eta zuzeneko laguntzak itzuli ondoren, legez indarrean dagoen interes-tasaren arabera dagozkien interesekin batera.
Babes ofizialeko etxebizitzak deskalifikatzeko eskaera aurkeztu eta hiru hilabeteko epean ez bada berariazko erabakirik eman, ez dela onartu ulertuko da, uztailaren 24ko 2114/1968 Dekretuan, babes ofizialeko etxebizitzen araudia onartu zuenean, adierazitakoari jarraiki.
artikulua: Babes ofizialeko etxebizitzaren onuradun izateko baldintzak.
Pertsona fisikoek babes ofizialeko etxebizitzak lortu ahal izateko ezinbestekoa izango da bizikidetzako unitateak ondoren adieraziko diren baldintzak betetzen dituela egiaztatzea, dagozkion agirien bidez. Baldintza horiek gutxienekoak izango dira eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren aginduaren bidez garatu edo zabaldu ahal izango dira.
Dekretu honen ondorioetarako bizikidetzako unitatetzat joko da honakoa: etxe berean bizi diren edo biziko diren bi pertsona edo gehiagok osatutakoa. Horien arteko lotura ezkontzaren bidezkoa edo ezkontzaren antzeko beste erlazio-mota iraunkorren baten bidezkoa izan daiteke, baita adopzioaren edo odol-loturen, 4. mailakoa artekoaren, eta 2. maila arteko ezkontza-ahaidetasunaren bidezkoa ere. Horri dagokionez bazter utziko dira adiskidetasuna eta komenientzia.
Babes ofizialeko etxebizitza lortzeko bizikidetzako unitateko kideek titularkide izan behar dute, ondoren adierazten den gisan:
Ezkontzaren edo ezkontzaren antzeko beste erlazio-mota iraunkorren baten, gauzatutakoaren nahiz etorkizunekoaren, kasuan, bi ezkontideek edo bikoteko bi kideek.
maila arteko odol-loturen eta 2. maila arteko ezkontza-ahaidetasunen bidezko gauzatutako edo etorkizuneko bizikidetzako unitateen kasuan, ahaidetasun horren bidez lotutako pertsona guztiek, adinez nagusi direnek.
Honakoak dira egiaztatu beharreko baldintzak:
Etxebizitzarik ez izatea
Bizikidetzako unitateko kideek ez izatea etxebizitzarik ez jabetzan, ez jabetza soilean, ez azalera-eskubidean, ez gozamenean, azkeneko bi urteetan, ondorengo datetatik hasita: Dekretu honen 8. artikuluan adierazitako onuradun izateko esleipen-prozedurari hasiera ematen dion sailburuaren aginduaren argitalpenaren datatik edo behin-behineko kalifikazioaren datatik (babes ofizialeko etxebizitzen gainerako lehen transmisioetan), edo salerosketaren kontratua aurkezten den datatatik (babes ofizialeko etxebizitzen bigarren edo ondorengo transmisioen kasuan). Onuradunek egoera horretan jarraitu beharko dute salerosketaren eskritura publikoa egin arte edo alokairu-kontratua formalizatu arte.
Hala ere, babes ofizialeko etxebizitzen onuradun izan daitezke beste etxebizitza baten jabariaren titular direnak baina agirien bidez honi dagokionez garapen-araudian biltzen diren kasuetakoren batean daudela egiaztatzen dutenak.
Bizitokia
Baldintza hau Dekretu honen 8. artikuluan adierazitako esleipen-prozedurari atxikitako onuradunen kasuan bakarrik eskatuko da.
Titular izango direnetako batek interesatu deklaratutako udalerrietakoren bateko egoiliar izan beharko du, urtebeteko gutxieneko antzinatasunez, etxebizitzen esleipen-prozedurari hasiera ematen dion agindua argitaratzen denetik hasita.
Ez zaie egoera hori egiaztatzeko eskatuko maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpoko euskal talde eta etxeekiko harremanei buruzkoaren, 3. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietan adierazitako pertsonei.
Diru-sarrerak
Gutxieneko eta gehienezko diru-sarrerak:
Urteko gehienezko diru-sarrera haztatuak egiaztatu beharko dira:
Etxebizitza sozialen kasuan: 2.500.000 PTA (15025,30– euro) (salbuespen gisa, 3.500.000 PTA (21.035,42 euro), azalera erabilgarriaren metro karratuko prezioa 85.000 PTA (510,86– euro)/metro baino gehiagokoa duten etxebizitzen kasuan).
Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen kasuan: 5.500.000 PTA (33.055,67– euro)
Urteko diru-sarrera haztatuek ezingo dute izan 1.500.000, -PTA (9.015,18 euro) baino gutxiagokoak, etxebizitzak jabetzan, azalera-eskubidean edo erosteko aukerako alokairuan lagatzen direnean, edo 500.000,-PTA (3.005,06– euro) baino gutxiagokoak etxebizitzak erosteko aukerarik gabeko alokairuan lagatzen direnean.
a) eta b) ataletan aurreikusitako diru sarrerak, Dekretu hau indarrean sartzen denetik hasita Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren Aginduaren bidez eguneratuko dira.
Diru-sarreren jatorria:
Gutxieneko edo/eta gehienezko diru-sarreren baldintza betetzat jotzeko diru-sarreren %90 lan-etekinetatik edo/eta jarduera ekonomiko, profesional eta artistikoetatik etorritako diru-sarrera izatea eskatuko da, alokairuen kasuan izan ezik, kasu horretan ez baita eskatuko baldintza hau betetzea.
Kontuan hartzeko diru-sarrerak
Dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren edo aitorpenen zerga-oinarria hartuko da aintzat. Hala ere, lan-etekinen kasuan aintzat hartuko den zenbatekoa zerga-oinarriari etekin horien hobariak gehituz lortutakoa izango da.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden errentetatik datozen diru-sarrera haztatuak zehazteko, honakoak hartuko dira kontuan:
Lan-etekinen eta langabezia-sarien kasuan, kontzeptu guztiengatik egiaztatutako diru-sarrera gordinen 100eko 95 joko da zerga-oinarritzat.
Pentsioen eta langabezia-sorospenen kasuan, kontzeptu guztiengatik egiaztatutako diru-sarrera gordinen 100eko 100 joko da zerga-oinarritzat.
Banandu, dibortziatu eta alargundutako pertsonen diru-sarrerak zehazteko, egiaztatu beharreko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena edo diru-sarrerak ezkontza indarrean zegoen aldiari dagozkionak direnean, irizpide hauek hartuko dira oinarri:
Ezkontzaren ekonomia-erregimena foru-komunikazioa edo irabazizkoa zenean, senar-emazteen diru-sarreren %50 hartuko da aintzat.
Ekonomia-erregimena ondasunen banaketakoa zenean, eskatzailearen diru-sarrerak bakarrik hartuko dira kontuan.
Behar bezala egiaztatu gabeko diru-sarreratzat joko dira garaiz kanpo aurkeztutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga aitorpenetan jasotakoak eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean barne hartu behar ziren baina barne hartu ez diren diru-sarreren egiaztapenak, diru-sarreren aitorpen edo egiaztapen horiek eskatzaileari diru-sarreren baldintza egiaztatzea ahalbidetuko lioketen kasuan.
Garaiz kanpoko aitorpenak kontuan ez hartzeko erreferentziazko data esleipen-prozedura hasteko aginduaren argitalpena edo behin-behineko kalifikazioa izango da, babes ofizialeko etxebizitzen lehen transmisioaren kasuan, eta salerosketako kontratuaren aurkezpen-data babes ofizialeko etxebizitzen bigarren eta ondorengo transmisioetan.
Kontuan hartu beharreko diru-sarreren hartzaileak
Ezkontzaren edo ezkontzaren antzeko beste erlazio-mota iraunkorren baten bidez osatutako bizikidetzako unitateak, gauzatutakoak nahiz etorkizunekoak: bi ezkontideen edo bikoteko bi kideen diru-sarrerak hartuko dira aintzat.
Adopzioaren eta 4. maila arteko odol-loturen eta 2. maila arteko ezkontza-ahaidetasunen bidez osatutako bizikidetzako unitateak, gauzatutakoak nahiz etorkizunekoak: kontratuetan eta eskritura publikoetan etxebizitzaren (edo finantza-neurrien) titular gisa agertuko diren kideen diru-sarrerak bakarrik hartuko dira aintzat, nahiz eta bizikidetzako unitateko kideen kopurua eskaeran adierazitako guztiek osatu.
Kontuan hartzeko aldia:
Aurreko azken zergaldia, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren. Hasierako data gisa honakoak hartuko dira:
Esleipen-prozedurari hasiera emateko aginduaren argitalpen-data, etxebizitzak eta etxordeak Dekretu honen 8. artikuluan adierazitako prozeduraren bidez esleitzen diren kasuan.
Gainerako kasuetan:
behin-behineko kalifikazioaren data, lehen transmisioen kasuan.
salerosketaren kontratua aurkezteko data, babes ofizialeko etxebizitzen bigarren eta ondorengo transmisioetan.
Diru-sarreren haztapena:
Haztatu beharreko elementuak
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren zerga-oinarria, artikulu honetako 3 a) idatz-zatian adierazitakoaren arabera zuzenduta.
Beren bizileku etxebizitza izango duten bizikidetzako unitateko kideen kopurua.
Ez dira onartuko adiskidetasuna eta komenientzia bizikidetzako arrazoitzat.
Diru-sarrerak sortzen dituzten bizikidetzako unitateko kideen, horien %20 gutxienez ematen dutenen, kopurua.
Aurreko zenbakian aipatutako diru-sarreren haztapena ondorengo formularen arabera egingo da: BH = ZO x K x E.
DH: Diru-sarrera haztatuen zenbatekoa.
ZO: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren zerga-oinarriaren zenbatekoa, artikulu honetako 3 c) 3 idatz-zatian adierazitakoaren araberakoa.
K: Bizikidetzako unitateko kideen kopuruaren arabera haztatzeko koefizientea.
E: Gutxienez diru-sarrera gordinen %20 ematen duten bizikidetzako unitateko kideen kopuruaren arabera haztatzeko koefizientea.
K eta E haztatzeko koefizienteak, urteko diru-sarrera haztatuak zehazteko aplikatzen direnak, honakoak izango dira:
K
1 edo 2 kide 1,00
3 edo 4 kide 0,95
5 edo 6 kide 0,90
6 kide baino gehiago 0,80
E
1 hartzaile 1,00
2 hartzaile 0,95
3 hartzaile edo gehiago 0,90
Laguntzarik ez jasotzea
Etxebizitza sozialen (edo sustapen publikoko etxebizitzaren baten) edo itundutako sustapeneko etxebizitzaren esleipendun edo Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak etxebizitza eskuratzeko ematen dituen finantza-neurrien onuradun ez izatea azkeneko 10 urteetan ondorengo datetatik hasita: esleipen-prozedurari hasiera ematen dion agindua argitaratzen den datatik edo behin-behineko kalifikazioaren datatik (babes ofizialeko etxebizitzen gainerako lehen transmisioetan), edo salerosketaren kontratua aurkezten den datatatik (babes ofizialeko etxebizitzen 2. edo ondorengo transmisioen kasuan). Hala ere, alokairuko etxebizitzaren onuradun izan direnak jabetzako edo azalera-eskubideko etxebizitzaren onuradun izan daitezke ondoren.
Egoera horri eutsi egin beharko zaio salerosketaren eskritura publikoa egin arte edo alokairu-kontratua formalizatu arte.
Bestelako baldintzak: salerosketaren edo alokairuaren kontratuaren eskriturak egitea edo formalizatzea:
Salerosketaren edo alokairuaren kontratuaren eskritura egin eta formalizatu beharko dute titular izango direnek, Dekretu honetako 7.2 artikuluan ezarritakoari jarraiki.
Dagokion Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren aginduaren bidez arautuko da legez ondoren adieraziko diren babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura:
Zuzenean Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak sustatutako etxebizitzak.
Itundutako sustapeneko babes ofizialeko etxebizitzak.
Zuzenean nahiz zeharka aipatutako sailaren partaidetzakoak diren sozietate publikoek edo pribatuek sustatutakoak.
Laguntzak jasotzeko helburuarekin hitzarmen bidez sustatu diren babes ofizialeko etxebizitzak.
Gainerako kasuak, indarrean dagoen legeriak hala ezartzen duenean edo horretarako hitzarmena sinatzen denean.
Aurreko atalean adierazitako etxebizitzaren bat lortzeko interesa duen edonork Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak duen eskatzaileen erregistroan eman beharko du izena.
Hori horrela izanik ere, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren agindu bidez, esleipen-prozeduratik kanpo utzi ahal izango dira berariazko etxebizitza-premiak asetzera bideratutako etxebizitzak.
Etxebizitza sozialak lortzeko eta erabiltzeko erregimenak honakoak izan daitezke:
Jabetza.
Azalera-eskubidea.
Alokairua.
Salbuespen gisa aldi baterako okupazioko alokairuak egin ahal izango dira, prekarioan baino emango ez direnak. Horrelakoetan prekaristaren konturakoak izango dira gozatutako zerbitzuak kontsumitzeak eta erabiltzeak eragindako gastuak.
Gai honi dagokionez Dekretu honek arautzen ez dituen gainerako alderdietan Kode Zibilean aurreikusitakoa izango da aplikagarri.
Azalera eskubidea
Azalera eskubidea eraiki gabeko lursail bati dagokiona (kasu honetan azaleraren eskubide-hartzaileak bertan eraikitzeko ahalmena izango du) nahiz jada badagoen eraikin bati dagokiona izan liteke.
Bi kasuetan azaleraren eskubide-hartzaileak funtsezko eskubidetzat izango du besteren lursailean eraikuntzaren azalera-jabetza izateko eta horri eusteko eskubidea. Eraikuntzari dagokionez, berak izango ditu jabetza-eskubideak berekin dakartzan eskubide guztiak, betiere dekretu honek eta azalera-eskubidetik datozen berezkoek adierazitako mugen barruan. Azaleraren eskubide-emaileak, izango du, aitzitik, lurzoruaren gaineko eskubidea.
Azalera-eskubidea eskritura publiko bidez formalizatuko du horretarako eskumena duen organoak, eta dagokion jabetzaren erregistroan jasoko da.
Azalera-eskubidearen iraupena legez ezarritako gehienezkoa izango da, eskubidea eratzeko eskritura publikoa jabetzaren erregistroan jasotzen denetik hasita.
Eraikuntzaren kontserbazioa bermatzeko helburuarekin, bertan osatuko den jabekideen komunitateak honakoa egin beharko du:
Dagokion urteko aurrekontua idazterakoan higiezina egoki zaintzeko mantentze-fondo bat egitea. Zenbatekoa gutxienez etxebizitzaren m.2 erabilgarriko oinarrizko prezioaren %1 izango da.
Azalera-eskubidearen emakidatik 40 urte igaro ondoren, une horretan indarrean dagoen etxebizitzaren m.2 erabilgarriko oinarrizko prezioaren %0,5 inbertitzea, urtero, eraikuntzaren oinarrizko azpiegitura konpontzeko.
Azalera-eskubidearen iraupena amaitzen denean, azaleraren eskubide-emaileak bere egingo du eraikitakoa inolako kalte-ordainik gabe eta erabakita geldituko dira iraungitako azalera-eskubidearen gaineko eskubide pertsonal eta errealak.
Epe horrek irauten duen bitartean azaleraren eskubide-emaileak lurzorua saldu ahal izango die azalera-jabetzaren titularrei, beren artean askatasunez adostutako moduan.
Lehenengo paragrafoan xedatutakoa xedatu, azaleraren eskubide-emaileak azaleraren eskubide-hartzaileari baimena eman ahal izango dio bertan jarraitzeko alokairu-erregimenean edo antzekoren batean, betiere eraikuntzen egoerak erabiltzea ahalbidetzen badu eta hirigintza-plangintzak lurzoru horren xedea aldatu ez badu.
Azalera-eskubidea eratzerakoan zehaztutako betebeharrak betetzen ez badira, eskubidea galdu egingo da, betiere aurrez azaleraren eskubide-hartzaileari hori egitea eskatu bazaio eta horretarako ezarritako epea hori bete gabe igaro bada.
Horren ondorioz, azaleraren eskubide-emaileak kargarik gabe berreskuratu du higiezinaren jabaritasunezko osotasuna, ondorengo idatz-zatian aurreikusitako kasuan izan ezik. Berriz ere bere izenean jasoko da erregistroan bere kabuz eta beste inoren partaidetzarik gabe. Hartutako erabakia eta dagokion azalera-eskubidearen eta azaleraren eskubide-hartzaileak ezarritako kargen galtzea erregistroan jasoko dira eta notarioaren aktaren bidez ezeztatuko dira hurrenez hurren.
Azalera-eskubideak azaleraren eskubide-hartzaileak mailegua lortzeko kargak edo hipotekak baditu, azalera-eskubidea ezeztaezina izango da karga edo hipoteka ordaindu edo kitatu arte. Horrelakoetan azaleraren eskubide-emaileari dagokio, azaleraren eskubide-emailearen aurkako kalte-ordainak lortzeko jazarpena egitea kaltetu gabe, ondorengo hauetakoren bat gauzatzea:
Doan eta zuzenean xurgatzea etxebizitzaren jabaritasunezko titulartasun osoa, kargaren edo hipotekaren hartzekodunaren aurreko subrogazio pasiboarekin.
Hirugarren erakunde edo norbanakoei subrogazio pasibo bidez xurgatzea, baldin eta horiei uzten bazaie azalera-eskubidea adostutako "inter partes" baldintzen arabera, kargaren edo hipotekaren erregimena salbu, horren iraupena eta baldintzak behagarri izango baitira.
Babes ofizialeko etxebizitzak bertan biziko direnen bizileku ohiko eta iraunkor izango dira.
Etxebizitzak eta etxordeak 8. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bidez esleitu direnean eta esleipen hori jabetza-erregimenaren bidezkoa izan denean, etxebizitzak ezingo dira ez alokairuan, ez prekarioan eman, dagokion lurralde-ordezkariak horretarako berariazko baimena ematen duenean izan ezik. Esleipena alokairuaren erregimenean egin denean, berorien erabilera ezingo da beste inolako tituluren bidez laga.
Dagokion eskaera aurkeztu eta hiru hilabeteko epean berariazko erabakirik eman ez bada, ez dela onartu ulertuko da.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren sustapen publikoko etxebizitzen besterentzea, lehenengo transmisioan, izaera orokorrarekin egingo da, eskuratzen den etxebizitzaren prezioaren ordainketa osoa geroratzearen bidez.
Hala ere, ez dira geroratuko ondoren zehazten diren zenbatekoak eta eskritura publikoaren unean bertan ordaindu beharko dira:
Ondorengoen tasazio-balioa:
Aurri-egoeran dagoela deklaratu den eta erraustea erabaki den etxebizitzarena.
Abenduaren 26(e)ko 308/2000 Dekretuan, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketei buruzkoan, ezarritako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituen etxebizitzarena.
Mugikortasun urri iraunkorra egiaztatzen duen kideren bat duen bizikidetzako unitatearen titulartasuneko etxebizitzarena.
Balio justuaren zenbatekoa, etxebizitza desjabetzapen-espedienteren batek eragindako ondasunen eta eskubideen behin betiko zerrendan barne hartutakoa denean.
Geroratutako prezioa interesa duen mailegutzat joko da eta hori amortizatzeko gehienezko epea hogei urtekoa izango da eta hileroko kuota konstantea. Hasierako urteko interes-tasa efektiboa Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez kreditu-establezimenduekin adostutako finantza-lankidetzako hitzarmenerako ezarritakoa izango da, salerosketaren eskritura publikoa formalizatzeko unean indarrean dagoena.
Geroratutako prezioa baldintza suntsiarazlearen bidez bermatuko da hitzartutako epemuga iristen geroratutako zenbatekoren bat ordaintzearen, hipoteka eratzearen edo sustapenaren titular den entitate publikoaren beste edozein bermeren bidez.
Sail honen sustapen publikoko etxebizitza sozialak bigarren transmisioan besterentzeko, ezinbestekoa izango da transmititutako etxebizitzari dagozkion ordaintzeke dauden zenbateko guztiak ordaintzea.
Transmisio bidez zordunaren lekuan hirugarren bat subrogatzeko, prezioa guztiz ordaindu ez denean, lurralde-ordezkariaren baimena beharko da aurrez. Hala ez bada, zorra behar baino lehenago eta automatikoki iritsiko da epemugara.
Subrogazio hori emateko eskaera aurkeztu eta hiru hilabeteko epean berariazko baimenik ez bada, ez dela baimenik eman ulertuko da.
Babes ofizialeko etxebizitzen eta horien etxordeen jabetza transmititzeko edo horien gaineko eskubide errealak eratzeko edozein eskritura publiko egin baino lehen, hipoteken kasuan izan ezik, dagokion agiri pribatua aurkeztu beharko da Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, bertan bisa dezaten. Horiek aurkezteko betebeharra etxebizitzen transmititzaileari dagokio. Betebehar hori etxebizitzei lotutakoak ez diren baina eraikin, eraikuntza-unitate edo sustapen bereko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzen dituztenei besterentzen edo alokatzen zaizkien garaje eta trastelekuetara ere hedatuko da.
Halaber bisatzeko aurkeztuko dira etxebizitzen eta horiei lotutako etxordeen alokairu-kontratuak. Betebehar hori etxebizitzaren alokatzaileari dagokio.
Aipatutako agiriekin batera, etxebizitzen transmititzaileek eta alokatzaileek, salerosketa-kontratuaz gain, etxebizitzaren eskuratzaileak edo errentariak gisa horretako etxebizitza lortzeko baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, bisa dezaten.
Babes ofizialeko etxebizitzen salerosketa-kontratuetan edo esleipen-agirietan, lehen transmisioan, etxebizitzen eraikin, eraikuntza-unitate edo sustapen berean barne hartutako garajeak edo trastelekuak ez daudenean horiei lotetsita proiektuan eta erregistroan, indarrean dagoen legerian ezarritakoez gain, eskuratzaileak aurrez aipatutako garaje edo trastelekuren bat erosteko aukera izango duela berariaz jasoko duen klausula bat gehitu beharko da nahitaez. Aukera hori etxebizitzaren salerosketa-kontratua edo esleipena bisatu baino lehen egin beharko da edozein kasutan.
Eraikin, eraikuntza-unitate edo sustapenean etxebizitzak garajeak edo trastelekuak baino ugariagoak direnean, horiek erosteko eskaintza egin beharko zaio etxebizitza erosi duen bakoitzari. Eskaintza hori eskuratu gabeko garajeak eta etxebizitzak dauden artean egin beharko da.
Aurreko zenbakian adierazitako ondorioetarako, etxebizitzen salerosketa-kontratuak edo esleipen-agiriak bisatzeko, ezinbesteko baldintza izango da horiekin batera aurkeztea garajea edo trastelekuaren salerosketa edo esleipenaren kontratua eta, hala badagokio, horiei berariaz uko egin izana.
Konturako zenbateko gisa eta uztailaren 24ko 2114/1968 Dekretuak onartutako Babes Ofizialeko Etxebizitzen Araudiaren 114. artikuluak ezarritako baldintzak bete ondoren, babes ofizialeko etxebizitzen sustatzaileek ezin izango diete horien eskuratzaileei eskatu etxebizitzaren eta etxordeen salmenta-prezioaren eta salerosketa-kontratua bisatu ondoren eskuratzaileari aitortutako maileguaren gehienezko zenbatekoaren arteko aldea baino zenbateko handiagorik.
Jasotako konturako zenbateko guztiak itzultzeko berme gisa aseguru-kontratuaren ordez sustatzaileak aurkez dezakeen banku-abala horretarako nahikoa botere duen pertsona batek luzatu beharko du eta ez du Estatuaren Abokatutzak askietsi behar.
Babes ofizialeko etxebizitzen sustapena publikoa edo pribatua izan daiteke.
Sustapen publikoa izango da lurraldeko entitate publikoek egindakoa denean.
Sustapen pribatukoa izango da gainerako pertsona fisiko eta juridikoek egindakoa, ondorengo artikuluan araututako erregimen juridikoa eta esleipen-modua izango duten itundutako sustapenak barne.
Sustapen pribatu bat Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak bultzatu duenean, sustatzailearen alde administrazioaren jabetzakoa den lurzoruaren gaineko azalera-eskubidea eratzearen bidez edo sustatzaileari dagokion deialdi publikoan edo, hala badagokio, hitzarmenean ezarritako onurak ematearen bidez, itundutako sustapentzat joko da.
Oro har itundutako sustapenen esleipena lizitazio irekiaren prozeduraren eta lehiaketaren esleipen-moduaren bidez gauzatuko da. Horri dagokionez, arau honek ezartzen ez dituen alderdietan administrazio-kontratazioaren inguruan indarrean dagoen legeria aplikatuko da osagarri moduan.
Salbuespen gisa, sailak zuzeneko esleipenaren bidez zehaztu ahal izango du onuradunaren identitatea, alabaina, esleipenduna zuzenbide publikoko erakunde bat edo Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa bertako kapitalaren gehiengoaren partaidetzat duen sektore publikoko sozietate bat denean bakarrik. Sozietate horren xedeak, betiere, zerikusia izan beharko du babes ofizialeko erregimeneko etxebizitzen sustapenarekin. Kasu horietan onurak aipatutako sustatzailearen eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren artean egin beharreko hitzarmenaren bidez zehaztuko dira.
Finantza Plangintza eta Kudeaketarako zuzendariak egingo du deialdi publikoa babes ofizialeko etxebizitzen itundutako sustapenetako proposamenak aurkezteko.
Deialdi bakoitza behar bezala argitaratuko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta sustapenaren berri emango duen lurralde historikoko hedapen handieneko egunkarietakoren batean argitaratzearen bidez.
Deialdi edo, zuzeneko esleipenaren kasuan, hitzarmen bakoitzak gutxieneko eduki hau izango du:
Sustapena egingo den lurraren identifikazioa eta deskribapena. Honako gutxieneko datu hauek adieraziko dira:
Kokapena.
Azalera.
Hirigintza-egoera.
Sustapenaren ezaugarri teknikoak, edozein modutan indarrean dauden babes ofizialeko etxebizitzak diseinatzeko ordenantzekin bat etorri beharko dutenak.
Eraikuntzarekin batera egin beharreko urbanizazioko obren deskribapena eta ezaugarriak.
Eraiki beharreko gehienezko etxebizitza-kopurua.
Sustapenean eraiki beharreko garaje-plaza, trasteleku eta lokal komertzialen azalerak eta horiek transmititzeko erregimena.
Obrei ekiteko eta sustapen osoa egikaritzeko gehienezko epeak, baita sustapenaren bidea egokia izan dadin kasuan kasu egoki irizten diren agiriak aurkezteko epeak ere.
Kontrataren aurrekontu balioztatua.
Esleipenaren edo salmentaren gehienezko prezioa, edo errentaren gehienezko prezioa, hala badagokio, lehenengo transmisioan, etxebizitzaren m.2 erabilgarriko.
Proiektatutako sustapeneko aldi bereko onurak.
Azalera-eskubidea eratzeko baldintza teknikoak eta juridikoak.
Berariaz adieraztea etxebizitzen esleipendunak hautatzeko prozedura Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak indarrean dagoen araudiaren arabera egingo dela.
Goian adierazitakoez gain, ondorengoak ere gehitu beharko dira lehiaketa bidezko sustapenaren kasuan:
Lehiaketa arautuko duten administrazio-klausula bereziak.
Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu ondoren proposamenak aurkezteko epea.
Deialdi horietara pertsona naturalak nahiz juridikoak aurkez daitezke, espainiarrak nahiz atzerrikoak, jarduteko gaitasun betea dutenak eta dagozkien erregimen juridikoen arau erregulatzaileen arabera eratutakoak, ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen testu bateratuaren 15. artikuluak eta hurrengoek ezarritako baldintzak betetzen dituztenak.
Obren egikaritzea zuzeneko sustapen-eraikuntzaren bidez nahiz enpresa eraikitzailearekiko guztizko sustapen-kontratazioaren bidez gauzatu ahal izango da. Sistema eskaintzan bertan zehaztu beharko da. Lehiatzailea ez den enpresa eraikitzailearekiko guztizko kontratazioaren kasuan, eskaintzan bertan zehaztu beharko da enpresa horren nortasuna eta kontratuzko agiriak gehitu beharko dira. Halaber, enpresa eraikitzaileei administrazio publikoarekin aurrekontu bereko obrak kontratatzeko eskatzen den sailkapenaren berdina eskatuko zaie, baita zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzaren ingurukoak bete izana egiaztatzea ere.
Proposamenak Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailean aurkeztuko dira deialdian adierazitako epean eta deialdian bertan adierazitako agiriak izan beharko dituzte, baita, betiere, honakoak ere:
Proposatzailearen nortasuna eta, hala badagokio, ordezkaritza egiaztatzen duen agiria, ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen testu bateratuaren 15. artikuluak eta hurrengoek eta martxoaren 1eko 390/1996 Errege Dekretuaren, 13/1995 Legearen garapen partzialari buruzkoaren, 4. artikuluak eta hurrengoek ezarritakoaren arabera.
Zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzaren ingurukoak bete izana egiaztatzen duen agiria, ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen testu bateratuaren 20. artikuluak eta martxoaren 1eko 390/1996 Errege Dekretuaren 7. eta 8. artikuluek eta hurrengoek ezarritakoaren arabera.
Sustapenaren ezaugarrien deskribapena, berorren balorazio teknikoa, hirigintzakoa eta arkitekturakoa, hala badagokio, egitea ahalbidetuko duena.
Kontzeptu guztien araberako gastuen eta diru-sarreren banakapena.
Xedapen librekoak ez diren etxebizitzen, etxordeen eta elementu pribatiboen lehen transmisioko esleipenaren edo salmentaren prezioa eta, hala badagokio, alokairuaren gehienezko errenta.
Finantziazio-sistema eta eskuratzaileek ordaintzeko baldintzak.
Estatutuak eta barne-funtzionamendurako erregimena kooperatiba, elkarte edo fundazio bidezko sustapenaren kasuan.
Plikak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean erabakia hartuko du Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko Finantza Plangintza eta Kudeaketarako zuzendariak, Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzako hiru teknikarik osatutako kide anitzeko organoak egindako proposamenaren argitara. Bide horretatik, deialdian barne hartutako onurak emango dizkio proposamenik onuragarrienari edo esleitu gabe utziko du.
Onurak esleitzeko, aurkeztutako proposamenak balioetsiko dira, deialdian ezarritako irizpideen arabera. Edozein kasutan, honakoak hartuko dira kontuan:
Lizitatzaileak balioztatutako aurrekontua.
Proiektatutako sustapenak eskainitako hirigintza- eta arkitektura-irtenbidea, hala badagokio.
Proiektua entregatzeko lehiaketaren kasuan, eskainitako prezioaren eta deialdi publikoak ahalbidetutako gehienezkoaren arteko erlazioa. Proiektua entregatzeko beharrik gabeko lehiaketen kasuan, etxebizitzen salmentarako edo alokairurako eskainitako prezioaren eta sustapenaren materialen eta instalazioen kalitatearen arteko erlazioa.
Eskuratzaileentzat proposatutako finantza-sistema eta ekonomia-baldintzak.
Deialdi bakoitzean Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzak sustapen bakoitzaren berezitasunen arabera ezar dezakeen beste edozein irizpide.
Sustapen bakoitzean aurreikusitako onurak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen erregimen orokorrari, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak araututakoari, lotutakoak izango dira.
Ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege Dekretuaren, Lurzoruaren Erregimenari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duenaren, 289. artikuluan eta eraketaren tituluan adierazitakoez gain, azalera-eskubidea iraungitzeko arrazoi izango da Dekretu honetan xedatutakoaren babesean bultzatutako sustapen osoaren kalifikazioa ez lortzea eta, horrenbestez, azaleraren eskubide-emaileari itzuliko zaio.
Sailkapena.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak, babes ofizialeko erregimeneko etxebizitzen sustapena gauzatzeko asmoz, desjabetzapen-sistemaren kudeaketaren bidez, ondorengoetako bat erabaki ahal izango du:
Desjabetzapena zuzenean lurralde-ordezkaritzak edo lurraldeko beste administrazio publikoren batek edo lurraldeko administrazio publiko baten menpeko zuzenbide publikoko erakunderen batek kudeatzea, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren.
Onuradun-izaera ondorengo artikuluan zehaztuko den prozeduraren bidez lagatzea.
Onuraduna zehaztea.
Desjabetzapen-sistemaren onuradun-izaera Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren aginduz deitutako lehiaketa publiko bidez lagako da. Lehiaketa horren oinarri izango den baldintzen pleguak zehaztuko ditu, zehaztasunez eta plangintza legitimatzailearen arabera, egikaritu beharreko jarduketaren ezaugarri teknikoak, juridikoak eta ekonomikoak, baita esleipendunak bere egin beharreko konpromiso eta betebeharrak ere, funtsezkoak eta aldi baterakoak. Lehiaketaren izapideak eta horren inguruko erabakiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra arautzen duen legeriaren araberakoak izango dira, artikulu honetan adierazitako berezitasunak aintzat hartuz.
Aurreko zenbakian adierazitako lehiaketan parte hartu ahal izango dute pertsona naturalek nahiz juridikoek, publiko nahiz pribatuek, baita enpresaburuen aldi baterako taldeek ere, jarduteko gaitasun betea dutenek eta Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen 20. artikuluan aurreikusitako egoeretakoren batean ez daudenek.
Halaber, nortasun juridiko bakar batean, jada eratutakoan edo eratzeko fasean dagoenean, bilduta hartu ahal izango dute parte jarduketaren eragina izango duten jabeek, betiere gutxienez guztizko azaleraren ehuneko hirurogeiren ordezkari direnean. Horiekin batera, hala badagokio, lurzorua erosteko, urbanizatzeko eta eraikitzeko finantziazioan lagunduko duten edo/eta kontratista gisa obren egikaritzea beren gain hartuko duten hirugarren pertsonak aurkez daitezke. Horiek lehentasunezko eskubidea izango dute lehiaketaren esleipenean beren eskaintzak aurkeztutako gainerako eskaintzen arteko onuragarriena berdintzen duenean.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak onuradunaren identitatea zuzeneko esleipenaren bidez zehaztu ahal izango du, lehiaketako prozedura arrunta denean izan ezik, esleipenduna zuzenbide publikoko erakunde bat edo Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa bertako kapitalaren gehiengoaren partaidetzat duen sektore publikoko sozietate bat denean bakarrik, betiere sozietatearen xedeak zerikusia duenean babes ofizialeko erregimeneko etxebizitzen sustapenarekin edo kudeaketarekin.
Onuradun-izaera formalizatzea.
Desjabetzapen-sistemaren onuradun-izaera lagatzea hirigintza-hitzarmenaren bidez formalizatuko da. Hitzarmen hori Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak eta pertsona esleipendunak sinatuko dute.
Onuradunaren kargurako jarduketaren finantziazioa.
Desjabetzapen-sistemaren onuradunak lurzoruaren inguruko babes daitezkeen jarduketetarako finantza-neurriak, Dekretu honetan bertan aurreikusitakoak, lortu ahal izango ditu. Alabaina, horri dagokionez bada berezitasun bat: jarduketaren xede den lurzoru osoa babes ofizialeko etxebizitzen sustapenera bideratu beharko da, nahitaezko desjabetzapena legitimatzen duen hirigintza-plangintzan adierazitakoaren arabera.
Lurzoruaren Erregimenari eta Hiri Antolamenduari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako birralojatzeko eskubidea Euskal Autonomia Erkidegoa Administrazioak organo desjabetzaile edo desjabetzapenaren onuradun gisa egindako hirigintza-jarduketetan edo sinatutako hitzarmenaren arabera birralojatzea dagokionean gauzatuko da. Birralojatzeko, eragindako legezko okupatzaileen eskura jarriko dira babes ofizialeko etxebizitzak, salmentako nahiz alokairuko erregimenean, horien etxebizitza-premia, diru-sarrera eta familia-osaketaren arabera.
Birgaitzeko eskubidea izango dute eragindako etxebizitzen legezko okupatzaile direnek eta beren benetako bizilekua horietan dutenek. Bertan bizi direla erroldatze-ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dute. Horrezaz gain, desjabetutako etxebizitza hori gutxienez okupatu aurreko akta jaso baino lehenagoko bi urteetan okupatu dutela egiaztatu beharko dute.
Diru-sarrera haztatuak araudi honetan ezarritakoaren arabera zenbatuko dira. Alabaina, erreferentzia gisako zergaldia okupazio-akta sinatzeko dataren edo administrazio jarduleak konpentsatzeko eta birpartzelatzeko proiektua behin betiko onartzeko dataren aurrekoa izango da. Hala ere, desjabetzapen-prozedura bertan behera uzten den kasuetan, kontuan hartzeko zergaldia administrazioak etena kentzeko dataren aurrekoa izango da.
Birralojatzeak eragindakoen baldintza ekonomikoen eta etxebizitza-premiaren ingurukoen arabera egingo dira:
Etxebizitza ez izatearen inguruko baldintza betetzen ez duten eragindakoen kasuan: etxebizitza lortu ahal izango dute alokairuaren erregimenean sustapenaren salmenta-prezioaren %6ari dagokion urteko errentarekin, 3.2. artikuluan deskribatutako zenbatze-sistemaren arabera.
Etxebizitzarik ez izateko baldintza betetzen duten eragindakoen kasuan:
1) 1.500.000 PTA (9.015,18– euro) edo etxebizitzaren prezioaren, desjabetzapenaren bidezko jarduketaren kasuan balio justuaren zenbatekoa kenduta izango duenaren, zazpirena baino gutxiagoko diru-sarrera haztatuak, banakakoak nahiz bizikidetzako unitateetan integratutakoak, dituztenen kasuan: etxebizitza alokairuko erregimenean lortu ahal izango dute eta alokairuaren errenta etxebizitzaren prezioaren %2 eta %4 artekoa izango da, beren diru-sarreren arabera, baina ez du gaindituko sustapen publikoko etxebizitza sozialen gehienezko prezioa.
2) 1.500.000 PTA (9.015,18– euro) eta 2.500.000 PTA (15.025,30– euro) arteko diru-sarrera haztatuak, banakakoak nahiz bizikidetzako unitateetan integratutakoak, dituztenen kasuan: etxebizitza jabetzako erregimenean lortu ahal izango dute eta prezioak ezingo du gainditu sustapen publikoko etxebizitza sozialen gehienezko prezioa.
3) 2.500.000 PTA (15.025,30– euro) eta 3.500.000 PTA (21.035,42– euro) arteko diru-sarrera haztatuak, banakakoak nahiz bizikidetzako unitateetan integratutakoak, dituztenen kasuan: etxebizitza jabetzako erregimenean lortu ahal izango dute eta prezioak ezingo du gainditu sustapen pribatuko etxebizitza sozialen gehienezko prezioa.
4) 3.500.000 PTA (21.035,42– euro) eta 5.500.000 PTA (33.055,66– euro) arteko diru-sarrera haztatuak, banakakoak nahiz bizikidetzako unitateetan integratutakoak, dituztenen kasuan: etxebizitza jabetzako erregimenean lortu ahal izango dute eta prezioak ezingo du gainditu delako sustapeneko gehienezko prezioa.
5) 5.500.000 PTA (33.055,66– euro) baino gehiagoko diru-sarrera haztatuak, banakakoak nahiz bizikidetzako unitateetan integratutakoak, dituztenen kasuan: etxebizitza alokairuko erregimenean lortu ahal izango dute delako sustapeneko gehienezko salmenta-prezioaren %6ko gehienezko urteko errentarekin.
Jabetzako erregimena osoa edo azalera-eskubidekoa izango da, eragindako sustapenaren erregimenaren arabera.
Halaber, jabetzako erregimenerako sarbidea alokairuko erregimenerako sarbidearekin ordeztu ahal izango da interesdunaren eskariz.
Aurreko pasarteetako gehienezko prezio aplikagarrien erreferentzia honakoa izango da:
Etxebizitza eraikitzen ari direnean, behin-behieneko kalifikazioan ezarritakoa.
Gainerako kasuetan, okupazio-akta sinatzeko data edo administrazio jarduleak konpentsatzeko eta birpartzelatzeko proiektua behin betiko onartzeko data baino lehentxeago indarrean zegoena.
Prozedura: Desjabetzapenaren bidez jarduketaren kasuan, Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzak Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzari eta dagokion lurralde-ordezkaritzari helaraziko die desjabetzapen-espediente bakoitzean barne hartutako ondasun eta eskubideen titularren zerrenda eta okupazioaren akta sinatu ondoren eragindako legezko okupatzaileari adieraziko dio dagozkion agiriak lurralde-ordezkaritzan aurkeztu behar dituela 15 eguneko epean.
Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzarekin hitz egin ondoren, lurralde-ordezkaritzek eman edo ukatu egingo dute birralojatzeko eskubidea, horretarako emandako erabakiaren bidez. Halaber, hala badagokio, honakoak adieraziko dituzte: horren baldintzak, birralojatzeko aukeratutako etxebizitzaren kokapena eta azalera, hori lortzeko eta erabiltzeko erregimena, erosteko eta alokatzeko prezioa eta, alokatuz gero, ordaintzeko baldintzak. Hori guztia eragindako legezko okupatzaileen diru-sarreren eta familiaren osaketaren araberakoak izango dira.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren aginduz esleitzeko prozedura orokorretik kanpo utziko dira birralojatzeetarako bideratutako etxebizitzak. Ondoren legez ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
Prozedura orokorraren arabera esleitzeko etxebizitzarik ez bada, bigarren eta ondorengo esleipenetarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
Bigarren eta ondorengo transmisioetako etxebizitzen eta etxordeen gehienezko prezioa lehen transmisioan aplikatutako bera izango da. Hori azalera erabilgarriaren m.2ko gehienezko salmenta-prezioa berrikusitako proportzio berean eguneratu ahal izango da, betiere udalerriaren eta etxebizitzaren motaren arabera, Dekretu honetako 2. artikuluan ezarritako sailkapenaren arabera.
Dekretu honetan aurreikusitako finantza-neurriak ondoren zerrendatuko ditugun jarduketetan izango dira aplikagarri, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egiten direnean:
Babes ofizialeko etxebizitza gisa kalifikatutako eraikuntza berriko etxebizitzak alokairuan, salmentan edo erabilera propioan lagatzeko sustapena.
Babes ofizialeko etxebizitzak eta eskuratzailearen bizitoki ohiko eta iraunkor izatera bideratutako bestelako etxebizitzak (erabilitako etxebizitza libreak) eskuratzea.
Etxebizitzaren alokairu babestua eta alokairu babestura bideratutako etxebizitzak erostea.
Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzea.
Lurzorua berehala eraikitzeko urbanizatzea, hala badagokio, aurrez hori kostubidez eskuratzea barne, baita lurzorua kostubidez eskuratzea ere, administrazio publikoaren menpeko izango diren lurzoruaren ondare publikoak osatzeko, betiere lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratuta.
Jarduketa horiek Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren bidez garatuko dira.
Aurreko artikuluan adierazitako babes daitezkeen jarduketak egiteko finantza-neurriak honakoak izan litezke:
Finantziazio kualifikatua:
1) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekin sinatutako hitzarmenen eremuan kreditu-establezimenduek emandako mailegu kualifikatuak.
2) Kreditu-establezimenduen obra-egiaztagirien banku-deskontuak. Horri dagokionez, banku-deskontuko eragiketatzat joko da kreditu-establezimenduak eraikitzaileari obra-egiaztagiri baten zenbatekoa aurreratzea bere kobrantza-eskubidea lagatzearen bidez.
Zuzeneko dirulaguntzak:
1) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak emandako itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak. Horiek dirutan nahiz gauzatan eman ahal izango ditu, adibidez lurzorua emanez, proiektua entregatuz edo zehaztutako beste nolabait.
2) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak mailegu kualifikatuen eta obra-egiaztagirien deskontu-eragiketen interes-tasa guztiz edo neurri batean sorostea.
Finantziazio kualifikatua eta sorospena, hala badagokio, eskatzailearen egoera pertsonalaren arabera emango da. Hori dela era, hirugarrenen alde subrogatzeko beharrezkoa izango da Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzaren aurretiko administrazio-baimena, edozein kasutan hipoteka-maileguaren interes-tasari dagokionez emandako sorospena baliogabetzea ekarriko duena.
Kualifikatutako maileguek ondorengo ezaugarriak izango dit uzte, zenbatekoak eta gabealdiak eta amortizaziorako epeak alde batera utzita, izan ere, horiek jarduketa babestuen araberakoak izango dira:
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekin finantza-lankidetzarako hitzarmena sinatu duten kreditu-establezimenduek emango dituzte, betiere horien eremuaren barruan eta horien araberako baldintzetan.
Ezinbestekoa izango da Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak aurrez baimentzea mailegu bakoitza, eskritura publikoa edo aipatutako maileguaren kontu-harturiko poliza formalizatu baino lehen.
Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez finkatuko du maileguen hasierako urteko interes-tasa efektiboa.
Amortizazioa eta kreditu-establezimenduen interesak barne hartuko dituzten kuotak konstanteak izango dira (sistema frantziarra) eta sei hilabetean behin sortuko dira, horiek edozein modutan ordaintzen direlarik ere.
Eusko Jaurlaritzak, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren bidez, mailegu kualifikatuengatik eta obra-egiaztagirien deskontu-lerroengatik sortutako interes-motak sorotsiko ditu. Sorospen hori emaitzazko tasa, tasa efektibotzat joko dena, kasuan kasu onuradunarentzat ezarritakoa izan dadin beharrezkoa dena izango da.
Interes-tasak sorosteko sistema honakoa izango da:
Maileguaren tronkoa amortizatzeko eta interesak ordaintzeko sei hilekoak kalkulatzeko amortizaziorako sistema frantziarra erabiliko da (pixkanakako amortizazioa mugaeguneratutako interesekin). Interes-tasa kasu bakoitzean sorotsitakoa izango da eta sei hileko ordainketak konstanteak izango dira.
Gisa horretan kalkulatutako sei hilekoa bi osagai gehitzetik eratorritakoa da: batetik aldi horretan sortutako interesen ordainketa eta, bestetik, jasotako maileguaren zati baten pixkanakako amortizazioa.
Kreditu-establezimendurako aldi bakoitzeko interesak amortizatzeko dagoen kapitalaren (kapital biziaren) arabera zehaztuko dira, aldi bakoitzean indarrean dagoen interes-tasaren arabera kalkulatuta.
Eusko Jaurlaritzak interesak sorostea honetan datza: kreditu-establezimendu bakoitzari ordaintzean sei hileko kitatzealdi bakoitzean hitzarmenaren tasaren (lehenengo urteko hasierako tasa finkoaren edo berrikusteko tasa aldakorraren) arabera amortizatzeko dagoen kapitalak sortutako interesen eta sorotsitako tasa efektiboaren, onuradunaren, arabera ordaindutako interesen artean dagoen aldea.
Obra-egiaztagirien deskontu-lerroen kasuan sistema berdina da emandako finantziazioa dela eta. Interesak sei hilero kitatzen dira lerroaren aldi baterako bizian zehar eta inoiz ez da egiten "tirakadako" deskonturik edo interesen behar baino lehenagoko deskonturik.
Sorospenak arau honetan babes daitekeen irudi bakoitzeko zehaztutako iraupena izango du.
Sorospenak bateragarri dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta bestelako administrazio edo erakundeek ezar ditzaketen beste batzuekin, betiere emandako dirulaguntzen guztizkoak ez duenean gainditzen jarduketaren guztizko kostua.
Araudi honetan espresuki jasotzen ez diren gorabeheretan Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. Titulua aplikatuko da.
Ogasun eta Herri Administrazio Saileko eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko sailburuek urtero eta elkarrekin finkatuko dituzten ondorengo magnitudeak:
Kreditu-establezimenduekin hitzartu beharreko baliabideen gehienezko bolumena, arau honetan adierazitako babes daitezkeen jarduketen finantziazio kualifikatuari dagokionez.
Zuzeneko dirulaguntzen guztizko bolumenak ez ditu gaindituko dagokion ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoa Aurrekontu Orokorren Legean jasotako kredituak edo, kreditu-transferentziak egiten diren kasuan, eguneratzetik lortutako kreditua, irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen Erregimenari buruzko legezko xedapenen testu bategina onartzen duenean, erabakitakoari jarraiki.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari atxikitako sozietate publikoen kasuan, deskontu-lerroen bidez urtean finantzatzeko mugak dagokion Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legean zehaztutakoak izango dira.
Ez da laguntzak emateko erabakirik hartuko gastua egozteko aurrekontuak ez duenean aurrez zehaztutako xederako kreditu egoki eta nahikorik. Hori dela eta, eten egingo da arau honen eraginkortasuna laguntza berriak emateari dagokionez. Hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
Lehena– 4. artikuluan xedatutakoa Dekretu hau indarrean sartu ondorengo behin-behineko kalifikazioetarako eskaeren kasuan izango da aplikagarri.
Bigarrena–1– 1996ko abuztuaren 14tik aurrera egindako behin-behineko kalifikazioen eskaeren kasuan babes ofizialeko etxebizitzen legezko erregimenaren iraupena 20 urtekoa izango da, dagokion behin betiko kalifikazioa ematen den egunetik hasita. Alabaina, babes ofizialeko erregimena luzatu egingo da, hala badagokio, emandako finantza-neurrien amortizazio osoa amaitu arte.
Etxebizitzaren arloko finantza-neurriei buruzko uztailaren 30eko 213/1996 Dekretua baino lehenagoko araudiaren arabera kalifikatutako babes ofizialeko etxebizitzen kasuan 20 urtekoa izango da babes ofizialeko etxebizitzen legezko erregimenaren iraupena, dagokion behin betiko kalifikazioa ematen den egunetik hasita. Alabaina, babes ofizialeko erregimena luzatu egingo da, hala badagokio, emandako finantza-neurrien amortizazio osoa amaitu arte.
Dena dela, babes ofizialeko erregimenaren iraupena 30 urtekoa izaten jarraituko du ondorengo kasuetan:
Erabilera erregimena errenta duten babes ofizialeko etxebizitzen kasuan
Jabetza osoan besterendutako sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzen kasuan.
Hirugarrena– 8.1.d) artikuluan xedatutakoa Dekretu hau indarrean sartu ondoren sinatutako hitzarmenen kasuan izango da aplikagarri.
Laugarrena– 15. artikuluan xedatutakoa Dekretu hau indarrean sartu ondoren hasitako desjabetzapen-prozeduren kasuan izango da aplikagarri.
Bosgarrena– Ez dira aplikagarri izango Dekretu honetako 7. artikuluan aurreikusitako baldintzak babes ofizialeko etxebizitzak lehen transmisioan lortzeko ondoren adierazitakoek:
Etxebizitzen sozietate kooperatiboko bazkide direnek. Horiek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte Dekretu hau indarrean sartu aurretik:
Sozietate kooperatiboa behar bezala eratuta egotea.
Bazkide esleipendunak sozietate kooperatiboko kide izatea.
Sozietate kooperatiboa izatea etxebizitzak sustatzeko lurzoruaren titular.
Etxebizitzak eraikitzeko lurraren erkide direnek, Dekretu hau indarrean sartu baino lehen ondorengo baldintzak betetzen direnean: erkide izatea eta hirigintza-plangintzak lurzoru horretan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko betebeharra ezartzea.
Dekretu hau indarrean sartu baino lehen administrazio publiko batek deitutako prozesu baten bidez hautatu dituztenek.
Seigarrena– Halaber, ez dira aplikagarri izango Dekretu honen 7. artikuluan zehaztutako baldintzak eta berorren 4.4 artikuluan aurreikusitakoa Dekretu hau indarrean sartu baino lehen erabilera propiorako sustatzailea lurzoruaren titular bazen eta, aldi berean, aplikagarri den hirigintza-plangintzak lurzoru horretan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea eskatzen bazuen.
Zazpigarrena– Dekretu honetan aurreikusi ez denerako gai honi dagokionez indarrean dagoen araudia izango da aplikagarri.
Indarrik gabe geldituko dira ondoren zerrendatutako dekretuak, horien babesean sortutako egoeretan izan ezik:
Uztailaren 30eko 211/96 Dekretua, nagusiki babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzoruaren inguruko babes daitezkeen jarduketen finantziazioari buruzkoa.
Uztailaren 30eko 212/1996 Dekretua, etxebizitza sozialen finantza-neurriei eta erregimen juridikoari buruzkoa.
Uztailaren 30eko 213/1996 Dekretua, etxebizitzaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa, Barakaldo udalerrian aluminosiak jotako eraikuntzak eraistearen eta erraustearen ondorioz etxebizitza erosteko finantza-neurrien eskatzaileen kasuan izan ezik.
Maiatzaren 6ko 104/1997 Dekretua, babes ofizialeko etxebizitzen itundutako sustapenei buruzkoa.
Dekretu honetan ezarritakoari aurkajartzen zaion maila bereko edo gutxiagoko beste edozein xedapena.
Lehena– Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak behar adina xedapen eman ahal izango ditu Dekretua hau garatzeko eta aplikatzeko.
Bigarrena– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 26an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburua,
FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (13)
- Garatutakoa: AGINDUA, 2000ko abenduaren 26koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, alokairu babestutarako eta etxebizitzak alokairu babestuan jartzeko erosteko finantza-neurriei buruzkoa.
- Garatutakoa: AGINDUA, 2000ko abenduaren 26koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko finantza-premiei buruzkoa.
- Garatutakoa: AGINDUA, 2000ko abenduaren 26koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, esleipen-prozedurari buruzkoa.
- Garatutakoa: AGINDUA, 2002ko urriaren 9koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, etxebizitza erosteko finantza-neurriei buruzkoa.
- Zuzendutakoa: 306/2000 DEKRETUA, abenduaren 26koa, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxe-bizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa (hutsen zuzenketa).
- Garatutakoa: AGINDUA, 2002ko ekainaren 3koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, lurzoruaren eta urbanizazioaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa.
- Indargabetzen du: 104/1997 DEKRETUA, 1997ko maiatzaren 6koa, babes ofizialeko etxebizitzen itunpeko sustaketei buruzkoa.
- Garatutakoa: AGINDUA, 2001eko ekainaren 29koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, desjabetutako eta azalerako eskubidepeko babes ofizialeko etxebizitzetan berralojatutako herritarrek babes ofizialeko etxebizitzen erabateko jabetza eskuratz
- Garatutakoa: AGINDUA, 2000ko abenduaren 26koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, lurzoruaren eta urbanizazioaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa.
- Zuzendutakoa: 306/2000 DEKRETUA, abenduaren 26koa, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa (hutsen zuzenketa).
- Garatutakoa: AGINDUA, 2000ko abenduaren 26koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, etxebizitza erosteko finantza-neurriei buruzkoa.
- Garatutakoa: AGINDUA, 2000ko abenduaren 26koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, etxebizitzaren premiaren inguruko egoerei buruzkoa.
- Indargabetzen du: 213/1996 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Etxebizitza arloko finantza neurriei buruzkoa.