Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

305/2000 DEKRETUA, abenduaren 26koa, laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzeko, enpresotan sartzeko prozedura ezartzeko, eta laneratzeko enpresen erregistroa sortzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 24
  • Hurrenkera-zk.: 592
  • Xedapen-zk.: 305
  • Xedapen-data: 2000/12/26
  • Argitaratze-data: 2001/02/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Dekretu hau Gizarte Bazterkeriaren Aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legean oinarritzen da. Lege horren arabera "bazterkeria gizarte-eskubideak gauzatzeko ezintasuna edo gaitasunik eza da, batez ere lan egiteko eskubideaz baliatzeko ezintasuna, baina baita ere hezkuntza eta prestakuntza jasotzeko eskubidea, kultura, osasuna, etxebizitza duina izateko eskubidea edo gizarte-babesa jasotzeko eskubidea". Bestalde, lanari garrantzi handia ematen dio, izan ere "lan-merkatuan parte hartzen ez bada, edo oso neurri txikian hartzen bada parte, ia nahitaez bazterkeria nagusitzen hasiko da, eta horrek bete-beteko eragina izango du beste gizarte-eskubide batzuetan."

Hori horrela dela egiaztatuta, Eusko Jaurlaritzak neurri batzuk hartu ditu: sektoreen araberakoak eta gizarteko eremu desberdinenetan ere, bereziki enpleguaren alorrean, eragiteko gai izango direnak. Horretarako, langabeziaren aurka egiteko eta talderik behartsuenei prestakuntzarako eta lan-merkatu arruntean sartzeko bidea errazteko politika publikoak erabili ditu. Izan ere, Autonomia Estatutuko 9. artikuluak horretarako babesa ematen dio, ezartzen baitu botere publikoek hiritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilpen egokia zaindu eta bermatuko dutela, bizitzeko eta lan egiteko baldintzak hobetzea ekar dezaketen politika bultzatuko dutela bereziki eta enplegua ugaritzea eta ekonomiaren egonkortasuna sustatzen lagun dezaketen neurriak hartuko dituztela.

Aukera politiko horren erakusgarri hainbat ekimen daude, bata bestetik zeharo desberdinak, eta horien artean azpimarratzekoak dira gizarte ekonomiako enpresetan langabetuak sartzeko diru-laguntzak eta autoenplegua sustatzeko neurriak. Neurri horiek, beste batzuekin batera, Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legearen 15. artikuluaz araututako Gizarteratzeko Euskal Plana abian jartzen utziko dute.

Baztertuta daudenei lan-merkatuan sartzea eragozten dieten arrazoietako bat baztertuen enplegagarritasun apala da, baztertuta egoteak dakartzan gabeziek eragindakoa (jarrerak, gaitasuna, ohiturak eta trebetasunak). Arazo horri aurre egiteko beharrezkoa da enplegagarritasuna hobetuko duten mekanismoak sustatu eta arautzea, gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko.

Ikuspuntu horretatik begiratuta, behar-beharrezkoa da beren-beregi lanean hastea egitura batzuekin, "laneratzeko enpresak" dei dakiekeen egiturekin, alegia. Izan ere, ez zaie aitorpen espresurik egin, nahiz eta gure artean aspalditik dauden eta talderik behartsuenak gizarteratzen eta laneratzen aktiboki parte hartu duten. Ekimen horiek logika enpresarialari honako hauek gehitzen dizkiote: laguntzeko esku-hartze batzuk, gizarteratzeko laguntza eta segimendua, lan-merkatuan sartzeko beharrezko diren ohitura sozialak eta lanekoak eskuratzea errazten dutenez gero.

Gainera, gizarte-ekimenetik sortzen diren hainbat entitatek ere egituran bertan enplegu egonkorrak sortzen ditu, enplegagarritasuna hobetzeko prozesuak burutzearekin batera.

Kasu bietan, prozesu horiek iragankorrak dira eta gizarteratzeko beste bide zabalago batzuetan kokatzen dira, eta duten helburua lanerako eskubidea gauza dadin erraztea da, besteak beste.

Egia da, hala ere, lan-merkatuan sartzeko dauden behar guztiak ez direla konpontzen aipatutako bideen bitartez. Horregatik, beharrezkoa izango da, halaber, enplegagarritasun-maila hobetzeko eta ondorioz enplegu bat lortzeko zailtasun handiak dituzten pertsonei laguntza-prozesu bat eta enplegu bat eskaintzen dizkieten zerbitzuak arautzea eta laguntzea.

Dekretu honen bidez, laneratzeko enpresak aitortzeko prozedurak eta baliabideak arautu nahi dira berariaz.

Hori dela eta, dekretuak laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen du, dagokion erregistroaren sorrera, antolamendua eta funtzionamendua arautzen ditu eta lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun handiak dituzten pertsonak laneratzeko enpresetan sartzeko prozedura arautzen du.

  1. kapituluan, xedapen orokorrak jasotzen dira: helburua, jarduera-eremua, definizioa eta laneratzeko enpresen betekizunak. Baita ere, gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko prozesu gisa, pertsona behartsuenek laneratzeko enpresa baten sartzeko bete behar dituzten baldintzak. Kapitulu honetan, halaber, laneratzeko enpresen entitate sustatzaileak aipatzen dira. Bestalde, Gizarte Bazterkeriaren Aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legean eta Gizarteratzeko Hitzarmenak arautu zituen urtarrilaren 11ko 1/2000 Dekretuan aurreikusitako helburuak lortzeko bideratzen da hori guztia.

  2. kapitulua laneratzeko enpresen kalifikazioari buruzkoa da. Bertan jasotzen dira laneratzeko enpresa bat izateko entitateak erabili behar dituen prozedura eta egintza, kalifikazioak dakartzan betebeharrak eta kalifikazioa galtzea.

    Horren haritik, gizarte-zerbitzuen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailak Laneratzeko Enpresen Erregistroa sortuko du, kalifikazio hori lortu duen enpresak inskribatzeko (III. kapituluan arautzen da).

  1. kapituluan dekretu honen 4. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden pertsonek laneratzeko enpresa baten sartzeko erabili behar duten prozedura jasotzen da, bai eta harremana formalizatzeko eta izapidetzeko behar diren agiriak ere.

  2. kapituluan, dekretu honetan araututakoaren arabera Eusko Jaurlaritzari gizarte-zerbitzuen alorrean esleitzen zaizkion egitekoak adierazten dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko enplegurako zerbitzu publikoei, edo, kasua bada, lanbide orientazioko zerbitzuei zein oinarrizko gizarte-zerbitzuei esleitutakoak.

    Xedapen iragankor bakarrean, azkenik, dekretu hau indarrean sartzean gizarteratzeko eta laneratzeko ekintzak egiten dituzten fundazio eta elkarteak dekretu honetan jasotako aurreikuspenetara nola egokituko diren jasotzen da. Horri dagokionez, zehazten da nola entitateek laneratzeko enpresen erregistroan inskribatzea eta hala kalifikatzea eskatu ahalko duten, dekretu hau indarrean sartzen denetik urtebeteko epean.

    Ondorioz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, interesatuta dauden organo aholkulariei entzunda, Aholku Batzorde Juridikoak egindako irizpenarekin bat, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko abenduaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen helburua da laneratzeko enpresak kalifikatzea (lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen agente aktibo direla ulertuta), laneratzeko enpresen erregistroa sortzea eta enpresetan sartzeko prozedura finkatzea, gizarte bazterkeriaren aurkako ekintza-politiken esparruan.

Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko lanlekuetan aplikatuko da, dagozkien laneratzeko enpresen egoitzak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden edo ez kontuan hartu gabe.

  1. ¿ Dekretu honen ondorioetarako, laneratzeko enpresaren kalifikazioa jasotzeko betekizun hauek konplitu beharko dituzte enpresek: ondasunen edo zerbitzuen ekoizpen-egiturak izan beharko dute, artikulu honetako 2 a) paragrafoan adierazitako forma juridikoren bat dutela; gizartean baztertuta edo desabantailan dauden taldeak lan-merkatuan sartzeko helburua izan beharko dute; gainera, gizarteratzeko banan banako proiektuak egin beharko dituzte ikasketa prozesu egoki baten bidez, eta prozesu horrekin, enplegagarritasunaren baldintzak hobetzen laguntzeko, trebetasun batzuk lortuko dira: trebetasun sozialak, lanekoak, oinarrizko prestakuntza, laneko kualifikazioa eta merkatuari buruzko ezagupenak. Ezaugarri horiez gain, datorren paragrafoan ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte.

  2. ¿ Laneratzeko enpresaren kalifikazioa lortzeko betekizunak hauek dira:

    1. merkataritza-sozietate bat edo gizarte ekonomiakoa izan beharko da, edo bestela, fundazio edo elkarte bat, xedapen iragankor bakarrean jasotako moduan;

    2. ondasunak ekoizteko edo zerbitzuak emateko ekonomia-jarduera zilegi bat egin beharko dute merkatuko edozein sektoretan;

    3. sozietatearen helburu nagusia hau izango da: lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituzten pertsonak gizarteratzea eta laneratzea;

    4. urteko zenbaketan, plantilla guztiaren % 40 gutxienez eta gehienez % 75 gizarteratzeko prozesuan dauden langileak izatea; dena dela, langile horien kopurua ezingo da inoiz bi baino txikiagoa izan. Gizarte ekonomiako enpresen kasuan, inoren konturako langileak eta bazkide langileak edo lan-bazkideak zenbatuz aplikatuko da ehuneko hori;

    5. gizarteratzeko prozesuan dauden pertsonei laguntza emateko banan banako neurriak prestatu beharko dituzte, besteak beste:

      • prestakuntza, batetik, lanbide jakin bat ikasteko eta, bestetik, prestakuntza-maila edo gaitasun profesionalak lan-merkatuak eskatzen duenetara egokitzeko;

      • funtzionamendu-jarraibide batzuk, ohitura sozialak eta lanekoak eskuratzeko.

      • gizarte-laguntzako zerbitzua, arazo pertsonalak eta elkarbizitzakoak konpontzeko, hain zuzen ere, lan-munduan moldatzeko prozesu arrunta eragozten edo zailtzen dituzten arazoak konpontzeko.

    6. entitate sustatzaile batek edo batzuk sustatuta egon beharko dute eta horiek gutxienez % 33ko partaidetza izan beharko dute enpresan; entitate horiek dekretu honen 5. artikuluan adierazten direnak izango dira;

    7. dagokion lan-araubidera egokitu beharko dute, langileak laneratzeko enpresara sartzeko egindako kontratu edo lotura sozial motaren arabera;

    8. balantzeak, emaitzen kontuek eta ondareak soilik helburu sozialera lotuta egon beharko dute;

    9. ekitaldi bakoitzean lortutako soberakinak ekoizpen-egiturak hobetu edo handitzeko izango dira, edo gizarteratzearekin eta laneratzearekin zerikusia duten ekintzak sustatzeko. Inola ere ez da irabazirik banatuko;

    10. auditoretza egin beharko dute urtero, fakturazioa 100 milioi pezetatik gorakoa denean edota plantillan 50 pertsona baino gehiago daudenean;

    11. nortasun juridikoari dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta egon beharko dute;

    12. zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta eduki beharko dituzte eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin edo horren erakunde autonomoekin ezingo dute zorrik eduki kalifikazioa eskatzen den unean;

    1. bidegabeko iraizpena dela-eta lanposturik ezingo dute amortizatu kalifikazioa eskatzen den urteko aurreko urtean.

  1. ¿ Dekretu honen ondorioetarako, gizarteratu eta laneratzeko prozesuarekin hasteko laneratzeko enpresa baten sar daitezkeen pertsonak hauek dira: Gizarte Bazterkeriaren Aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legeko II. kapituluan eta Gizarteratzeko Hitzarmenak arautu zituen urtarrilaren 11ko 1/2000 Dekretuko 5. artikuluan aurreikusitako moduan gizarteratzeko hitzarmen bat lor dezaketen langabetuak: batetik, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreren titularrak eta beren familia-unitateko beste kide batzuk, baldin eta baztertuak izateko arrazoiak, ekonomikoaz bestekoak, badituzte; eta bestetik, hala eskatzen duen edonor, baldin eta oinarrizko zerbitzuen iritziz gizarteratzeko berariazko esku-hartze edo jarduera baten premia baldin badu.

  2. ¿ Oinarrizko gizarte-zerbitzuek laneratzeko enpresa baten sartzeko lehentasuna emango diete aurreko paragrafoan agindutakoa beteta dutela, ondorengo egoera batean daudenei:

    1. Luzaroan, hau da, 12 hilabetetik gora, langabezian daudenei, eta

      1. ¿ 35 urtetik gora dutenei.

      2. ¿ 18 eta 25 urte bitartean daudenei, nahitaezko eskolatzea bukatu gabe izanik.

      3. ¿ 18 eta 25 urte bitartean daudenei, adin txikikoak babesteko saretik edo gazteen alorreko justiziaren saretik etorrita.

      4. ¿ Guraso bakarreko familia baten kargu daudenei.

      5. ¿ Inmigrante edo itzulitako emigranteei, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta badaude.

    2. Oso luzaroan, hau da, bi urtetik gora, langabezian daudenei.

    3. Askatasuna kenduta espetxe batean daudenei, baldin eta espetxeko araubideak enplegu batekin hastea uzten badu; edo zigorra beteta dutenei, baldin eta gizarteratze eta laneratzeko prozesua askatasuna berreskuratu eta hamabi hilabeteren barruan hasten bada.

    4. Aurretik toxikomania arazoren bat eduki dutenei eta dagokion ekipo terapeutikoaren iritziz, desintoxikazio eta ohitura kentzeko faseak gaindituta dituztenei; tratamendu hori amaitu, eta laneratzeko prozesua hasi bitartean hamabi hilabetetik gora ez da igaro behar.

Dekretu honen ondorioetarako, hauek hartuko dira entitate sustatzailetzat: irabazteko asmorik gabeko entitate publikoak edo pribatuak, baldin eta euren helburua pertsona behartsuenak gizarteratzea bada, laneratzeko enpresak sortzea sustatzen badute eta enpresa horietan gutxienez % 33ko partaidetza badute eta, kasua bada, dekretu honetako 19.1.d) artikuluan aipatzen diren gizarteratzeko laguntza-neurriak ematen badituzte.

Kalifikazioak dekretu honen 3. artikuluan aipatutako entitate bati laneratzeko enpresaren izaera ematen dio, gizarte-zerbitzuen alorrean eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailak ebazpen arrazoitu baten arabera. Kalifikazioa eman baino lehen, dena den, dekretu honetan ezarritako betekizunak konplitu direla egiaztatu beharko da.

  1. ¿ Laneratzeko enpresaren kalifikazioa lortzeko, interesatuta dauden entitateek eskabidea aurkeztu beharko dute gizarte-zerbitzuen alorrean eskudun den sailean, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideren batez.

  2. ¿ Kalifikatzeko eskabideak datu hauek izango ditu:

    1. entitate eskatzailearen baltzu-izena, identifikazio fiskalerako zenbakia eta bere nortasun juridikoari dagokion erregistroko inskripzioaren datuak;

    2. dekretu honen 3. artikuluan ezarritako betekizunak konplitzen direla egiaztatzen eta oinarritzen duten agiriak eta justifikazioko memoria;

    3. eskabidearen eguna eta lekua.

  3. ¿ Eskabidea bete gabe badago edo artikulu honen 2 b) paragrafoan aipatzen den dokumentazioa falta badu, entitateari 10 egun emango zaizkio akatsa zuzentzeko edo nahitaez aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta hala egin ezean, eskabidean atzera egindakotzat joko dela ohartarazten zaio. Bestalde, Administrazioa behartuta dago atzera-egitearen gainean ebazpen adierazia ematera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan agindutakoaren arabera.

  4. ¿ Eskabidea aurkeztuta, eta behar denean, zuzenduta, espedientea hobeto zehazteko, ezagutzeko eta ebazteko beharrezko edo komenigarri diren txostenak edo probak edo instrukzio-egintzak egitea erabakiko du ofizioz Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen alorrean eskudun den Saileko Gizarte Ongizate Zuzendaritzak.

  5. ¿ Espedientea instruitu ondoren eta ebazpen-proposamena idatzi aurretik, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen alorrean eskudun den Saileko Gizarte Ongizate Zuzendaritzak entitate eskatzaileari jakinaraziko dio, 10 eguneko epean alegazioak, agiriak eta egiaztagiriak aurkez ditzan, egoki baderitzo.

  6. ¿ Gizarte Ongizate zuzendariaren ebazpen batez emango edo ukatuko da laneratzeko enpresaren kalifikazioa, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Entitatea Lanerako Enpresen Erregistroan inskribatzea erabakiko du ebazpen horrek.

  7. ¿ Dekretu honen babesean kalifikazio-eskabideak ebazteko eta jakinarazteko gehienezko epea 6 hilekoa izango da, eskabidea aurkezten denetik aurrera. Epe horretan ebazpen adierazirik ematen ez bada, eskabideak ezetsitzat joko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Hala ere, Administrazioak modu adieraziz ebazteko betebeharra du, aipatu legeko 42.1 artikuluarekin bat.

  8. ¿ Kalifikazioa lortzen duten laneratzeko enpresek "Laneratzeko Enpresa" edo "L.E." laburpena jarri beharko dute beren izenean.

Laneratzeko enpresaren kalifikazioa emateak Administrazioarekin bete beharreko hauek ekarriko dizkie enpresen titularrei:

  1. jardueren txostena eta egindako esku-hartzeen ebaluazioa aurkeztu beharko dituzte urtero;

  2. kudeaketa-txostena eta urteko kontuak aurkeztu beharko dituzte ekitaldi guztien amaieran, egun horretatik hasi eta 90 eguneko epean;

  3. jardueren-plana eta aurreikusitako aurrekontua aurkeztu beharko dituzte, urtero eta urtea hasi baino lehen;

  4. kalifikazioari eragiten dioten estatuetako aldaketak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte, enpresaren forma juridikoari dagokion erregistroan inskribatzen denetik 10 eguneko epean;

  5. langileen plantillan kopuru eta nolakotasunaren aldetik egiten diren aldaketen berri eman, gertatzen diren unean, eta aldaketok laneratzeko prozesuei nola eragiten dieten jakinarazi beharko dute;

  6. behar den lankidetza izan beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoaren menpeko enplegurako zerbitzu publikoekin, bai eta laneratze-prozesuan parte hartzen duen oinarrizko gizarte-zerbitzuekin ere.

  1. ¿ Enpresek laneratzeko enpresaren kalifikazioa galtzeko arrazoiak hauek dira:

    1. kalifikaziorako eskatutako betekizunen bat bete gabe uztea;

    2. kalifikazioa duen enpresaren izaera adierazitako helburuetarako ez, eta beste helburu batzuetarako erabiltzea;

    3. urtebete baino gehiagoz, lanean ez aritzea;

    4. beste izaera bateko sozietate bat bihurtzea; hala ere, sortzen den sozietateak laneratzeko enpresaren kalifikazioa eskatzeko eskubidea izango du;

    5. izaera berekoa izanda ere, sozietate berri bat sortzea, bai lehendik zeuden beste bikin edo gehiagorekin bat-eginez edo zurgapenez; hala ere, sortzen den sozietateak laneratzeko enpresaren kalifikazioa eskatzeko eskubidea izango du;

    6. lehendik zegoen sozietate bat banatzetik sozietate bat sortzea; hala ere, sortzen den sozietateak laneratzeko enpresaren kalifikazioa eskatzeko eskubidea izango du;

  2. ¿ Kalifikazioa kentzeak, administrazio-bidean irmoa denetik aurrera, erregistroan baja ekarriko du ofizioz, eta ez du sozietatea desegitea ekarriko.

  3. ¿ Kalifikazioa insteresatuak eskatuta ere ken daiteke; horretarako, ezeztatzeko eskabidea egin beharko du Laneratzeko Enpresen Erregistroan.

Laneratzeko Enpresen Erregistroa sortzen da, gizarte-zerbitzuen alorrean eskudun den Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ongizate Zuzendaritzari atxikita. Laneratzeko enpresaren kalifikazioa jaso duten enpresak inskribatzeko izango da.

  1. ¿ Laneratzeko Enpresen Erregistroak bi atal banandu ditu:

    • merkataritza-sozietateen atala;

    • gizarte-ekonomiako sozietateen sekzioa.

  2. ¿ Atal bietan jarriko dira entitatearen izena, helbidea, identifikazio fiskalerako zenbakia, sozietatearen helburua, pertsona fisiko edo juridiko fundatzaileen izena eta sozietatearen kapitala.

  3. ¿ Laneratzeko Enpresen Erregistroak artxibo bat edukiko du erregistro-idazpenek oinarri dituzten agiriak gordetzeko eta kalifikazioa emateko administrazio eskudunak egiaztatutako dokumentazio osagarria gordetzeko.

  1. ¿ Jasotako datuen publikotasunaren ondorioa izango du erregistroko inskripzioak.

  2. ¿ Inskripzioak ez du kalifikatutako entitateak eratzearen ondoriorik, behar diren egintza eta datuak erasota uztearen eskubidea baino ez baitu emango.

  3. ¿ Erregistroan inskribatzea beharrezko baldintza izango da laneratzeko enpresak Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak burutzen dituen diru-laguntzen programez eta sustapen-neurriez baliatzeko.

  1. ¿ Laneratzeko Enpresen Erregistroko inskripzioak ofizioz ezeztatuko dira kalifikazio-kentzea gertatzen den kasu guztietan, dekretu honen 9. artikuluko 1. idatz-zatian jarritako moduan.

  2. ¿ Inskripzioak interesatuak eskatuta ere deuzezta daitezke, 9. artikuluko 3. idatz-zatian aurreikusitako kasuan.

  1. ¿ Pertsona bat laneratzeko enpresa baten sartzen bada, bai inoren konturako langile legez bai bazkide langile zein lan-bazkide legez, oinarrizko gizarte-zerbitzu eskudunak izapidetu beharko du beti, eta hori hala izango da bai gizarte-zerbitzuak berak detektatutako egoera baten, bai enplegurako zerbitzu publiko batek edo, kasua bada, lanbide orientazioko zerbitzu batek nahiz laneratzeko enpresak berak lanean hasteko proposamen bat igortzen dionean gizarte-zerbitzuari.

  2. ¿ Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetan, laneratzeko enpresan sartzea lan-kontratu baten bidez gauzatuko da. Kontratu hori gizarteratzeko hitzarmen bat izenpetzetik etorriko da, Gizarte Bazterkeriaren Aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legearen II. kapituluan eta Gizarteratzeko Hitzarmenak arautu zituen urtarrilaren 11ko 1/2000 Dekretuan agindutako moduan.

  3. ¿ Lanean hastekoa denak duen helbideari dagokion oinarrizko gizarte-zerbitzua izango da enpresan sartzeko prozesuarekin hasteko eskuduna.

Laneratzeko enpresa baten sartzeko prozedura izapidetzeko, agiri hauek eskatuko dira:

  1. oinarrizko gizarte-zerbitzuaren txosten bat, lanean hastekoa denak dekretu honen 4. artikuluan eskatutako betekizunak konplitzen dituela egiaztatzeko;

  2. gizarteratzeko hitzarmen bat, Gizarte Bazterkeariaren Aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legearen II. kapituluan eta Gizarteratzeko Hitzarmenak arautu zituen urtarrilaren 11ko 1/2000 Dekretuan agindutako moduan. Hitzarmen horretan beren-beregi erabakita egon beharko da laneratzeko enpresa baten sartzea eta komeni diren laguntza-neurriak;

  3. txosten bat, Euskal Autonomia Erkidegoaren menpeko enplegurako zerbitzu publiko batena edo, kasua bada, lanbide orientazioko zerbitzu batena. Bertan, laneratzeko enpresa baten sartuko dena lanposturako egokia izateari buruzko irizpena jasoko da;

  4. egiaztagiri bat, Euskal Autonomia Erkidegoaren menpeko enplegurako zerbitzu publiko batena edo, kasua bada, lanbide orientazioko zerbitzu batena. Bertan, egin nahi den kontratazioaren aurreko bi urteetan laneratzeko enpresa baten lanean aritu den egiaztatuko da, eta hala bada, zenbat denboran aritu den.

  1. ¿ Aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa jasota, enplegurako zerbitzu publikoak edo, hala bada, lanbide orientazioko zerbitzuak harremanetan jarriko ditu lanean has daitekeena eta laneratzeko enpresa. Lan-harremana formalizatzea edo ez, berriz, alderdi bien erantzukizuna izango da.

  2. ¿ Kontratua edo lotura soziala formalizatzeari buruz alderdi biek hartzen duten erabakia laneratzeko enpresak jakinarazi beharko die oinarrizko gizarte-zerbitzuari eta enplegurako zerbitzu publikoari edo, hala bada, lanbide orientazioko zerbitzuari. Kontratua formalizatzen ez bada, arrazoiak ere adierazi beharko dizkie.

  3. ¿ Harremana formalizatzen bada, aldiz, laneratzeko enpresak lan-kontratuaren kopia edo lotura soziala ezartzen duen agiriaren kopia bidali beharko dizkio oinarrizko gizarte-zerbitzuari ¿laneratze-prozesuaren segimendua egin dezan¿, enplegurako zerbitzu publikoari, edo hala bada, lanbide orientazioko zerbitzuari, erregistroan jaso dezan.

Eusko Jaurlaritzak, gizarte-zerbitzuen alorrean eskudun den sailaren bitartez, egiteko hauek izango ditu:

  1. Laneratzeko Enpresen Erregistroa sortuko du eta horren ardura izango du;

  2. laneratzeko enpresak Erregistroan inskribatu eta inskripzioak ezeztatuko ditu;

  3. Erregistroan jasotako datuen tratamendu estatistikoa, datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako printzipioekin bat.

  1. ¿ Euskal Autonomia Erkidegoko enplegurako zerbitzu publikoek eta lanbide orientazioko zerbitzuek egiteko hauek izango dituzte:

    1. laneratzeko enpresetan sartu direnei buruzko datuen tratamendu estatistikoa egingo dute urtero, bai eta laneratzeko enpresetan sartuz gizarteratzeko prozesuetan parte hartu ondoren, lan-merkatu arruntean sartu direnen datuena ere.

    2. Gizarteratze eta laneratzeko prozesuan parte hartzea, eta horretarako:

      • laneratzeko enpresak eskainitako jarduera profesionalaren ezaugarriak eta oinarrizko gizarte-zerbitzuek proposatzen dituzten pertsonak ondo egokitzen diren baloratzea;

      • zuzenean kasuren baten berri izanez gero, oinarrizko gizarte-zerbitzuei bidaltzea, gizarteratze eta laneratze prozesu bat laneratzeko enpresa batera egokitzen den baloratu dezaten;

      • lan-kontratua egin aurretik agiri bat prestatzea, egin nahi den kontratuaren aurreko bi urteetan langilea laneratzeko enpresa baten ibili den edo ez egiaztatzeko, eta hala denean, lanean emandako denbora egiaztatzeko;

      • enpresan sartu baino lehen, lanbideko prestakuntza eta orientazioa ematea;

      • oinarrizko gizarte-zerbitzuek eskatuta, langilea enpresan dagoen bitartean laneratzeko bideei segimendua egitea;

      • langilea enpresatik ateratzean, lanbideko prestakuntza eta orientazioa ematea, behar denean.

  2. ¿ Euskal Autonomia Erkidegoko enplegurako zerbitzu publikoek eta, behar denean, lanbide orientazioko zerbitzuek oinarrizko gizarte zerbitzuekin ondo koordinatuta eta lankidetzan erabili beharko dituzte aurreko paragrafoan zehaztutako eskumenak.

  1. ¿ Udaletako oinarrizko gizarte-zerbitzuak, dekretu honen esparruan, egiteko hauek hartuko dituzte:

    1. interesatuak dekretu honen 4. artikuluan gizarteratze eta laneratze prozesuari buruz jasotzen direnak betetzen dituela egiaztatzea;

    2. laneratzeko bidea diseinatzea interesatuarekin lankidetzan, eta egoki iritziz gero, beste gizarte eragile batzuekin;

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko enplegurako zerbitzu publikoetara eta, behar denean, lanbide orientazioko zerbitzuetara bideratzea gizarteratze eta laneratze prozesu baten barruan laneratzeko enpresa baten sar daitezkeen pertsonei buruzko informazioa, irizpen bat egin dezaten eskainitako lanpostuaren ezaugarrietara langilea nola egokitzen den azalduz;

    4. enpresan sartzeko prozesuan gizarte-laguntzarako zerbitzuak ematea, bai zuzenean parte hartuta, bai laneratzeko enpresekin nahiz entitate sustatzaileekin hitzartuta;

    5. laneratzeko prozesuei segimendua egitea.

  2. ¿ Oinarrizko gizarte-zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoko enplegurako zerbitzu publikoekin eta, behar denean, lanbide orientazioko zerbitzuekin ondo koordinatuta eta lankidetzan erabili beharko dituzte aurreko paragrafoan zehaztutako eskumenak.

Beste administrazio publiko batzuentzako informazioa.

Eusko Jaurlaritzak, Gizarte Ongizate Zuzendaritzaren bitartez, erregistroan dauden laneratzeko enpresei buruzko datu eta estatistikak bidali ahalko dizkie beste administrazio publikoei. Enpresa horiengandik, bestalde, enpresotan egiten diren gizarte eta laneratzeko prozesuei buruzko informazioa jaso ahalko du, horien arteko akordioetan izenpetutakoarekin bat.

Fundazioak eta elkarteak dekretuko aurreikuspenetara egokitzea.

  1. ¿ Dekretu hau indarrean sartzen den unean gizarteratze eta laneratze jarduerak egiten dituzten fundazioek eta elkarteek, egun horretatik aurrera urtebeteko epean, Laneratzeko Enpresen Erregistroan inskribatzeko eta behin behingoz kalifikazio hori jasotzeko eska dezakete, baldin eta laneratzeko enpresaren kalifikazioa jasotzeko dekretu honetako 3. artikuluan ezartzen diren betekizunak konplitzen badituzte.

  2. ¿ Behin-behineko kalifikazio hori 3 urterako izango da; aldi horretan, laneratzeko enpresaren behin-betiko kalifikazioa lortzeko, forma juridiko hau hartu beharko dute: merkataritza-sozitatea edo gizarte-ekonomiako sozietatea.

Administrazio-prozedurari buruz dekretu honetan aurreikusi ez diren gaiei Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko zaie.

Ahalmena ematen zaio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari dekretu hau garatzeko eta gauzatzeko behar diren xedapenak hartzeko.

Gizarte-zerbitzuen alorrean eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailak leneratzeko enpresentzako laguntzetarako deia egingo du urtero.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 26an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.