Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

38/2000 DEKRETUA, otsailaren 29koa, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakariordetza; Ogasun eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 57
  • Hurrenkera-zk.: 1327
  • Xedapen-zk.: 38
  • Xedapen-data: 2000/02/29
  • Argitaratze-data: 2000/03/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Azaroaren 24ko 10/1982 Legeak -Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak- abiapuntu gisa zehazten duenez, Euskadiko herritar guztiek dute hizkuntza ofizial biak hitzez zein idatziz jakin eta erabiltzeko eskubidea, eta, horren ondorioz, hizkuntza-arloko oinarrizko zenbait eskubide aitortzen die. Ildo horretan, eskubideok asebetetzeko, aipatutako legeak botere publikoen esku jartzen du herritar guztiek administrazioarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea bermatzeko behar diren neurri guztiak hartzea eta bitarteko egokiak jartzea. Arau horrek, orobat, herritarrei aitortzen die badutela eskubidea nahi duten hizkuntza ofizialean harrera egin diezaieten. Bestalde, euskara Euskal Autonomia Erkidegoko lur-eremu osorako hizkuntza idatzi ofiziala denez, arauak ezartzen du botere publikoei dagokiela euskararen batasunaz eta normalizazioaz arduratzea.

Lege-esparru horretan, itzulpena da herritarren hizkuntza-eskubideak asebetetzeko oinarrizko zutabeetako bat, betiere, langile publikoek beren eginkizunak betetzeko duten hizkuntza-gaitasuna alde batera utzi gabe. Euskaratik edo euskarara itzultzeko jardunaren gaiak, horregatik, tratamendu sistematikoa behar du, ikusmira integral eta orokorretik planteatuta, eta erabili beharreko kudeaketa-ereduak bat egin behar du hizkuntza-politikarekin. Itzulpengintzak eragin handia duenez euskararen erabileran eta, gainera, euskara normalizatzeko elementua ere badenez, jardun horrek tresna-izaera garrantzitsua ematen dio Itzultzaile Zerbitzu Ofizialari, eta garrantzi horren lekuko zerbitzua sortzeko modua bera da; izan ere, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak -Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak- 12. artikuluan emandako aginduaren ondorioz sortu zen delako zerbitzua. Beraz, azken batean, delako legea garatzeko arau gisa hartu behar da Itzultzaile Zerbitzuaren arautzea, legearen aplikazio orokorrean kokatuko dena, hizkuntza-politikan hain zuzen ere.

Euskara erabiltzeko eta normalizatzeko tresna-izaera horrek, bestalde, indar handiagoa hartzen du administrazioan bertan; izan ere, euskararen koofizialtasuna dela-eta, administrazio barruko hainbat eta hainbat agiri elebitan edo euskara hutsez idatzi beharra alde batera utzi gabe, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak funtsezko eginkizuna du, batetik, euskarazko lege- eta administrazio-hizkera modernoa sortu, estandarizatu eta hedatzeko eta, bestetik, lege- eta administrazio-terminologia finkatzeko, nahiz eta azken egiteko hori euskararen corpusa finkatzeko esparru orokorrean burutu behar den.

Itzulpengintzak eta herri-administrazioak beren artean duten harreman berezia dela-eta, ezinbestekoa da, gainera, bi eremu elkarri lotzea: bat, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialaren egitekoa eta, bi, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak ezarritako irizpideak. Delako plana, hain zuzen ere, funtsezko atala da hizkuntza normalizatzeko helburuak bete daitezen, eta batez ere, jakiteko zein dokumentu sortu behar diren euskaraz edo elebitan, eta zein nolako parte-hartzea izango duten hizkuntza-gaitasuna duten funtzionarioek.

Horri dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak, 1998-2002 aldirakoak, hainbat neurri planteatzen ditu. Besteak beste, honako hauek: hizkuntza ofizialak erabiltzeko jarraibideak, hain zuzen ere administrazio-atal elebidunak zehazten diren neurrian arian-arian ezarriko direnak; eta itzulpen-irizpideak, erabilera-jarraibideen osagarriak izateaz gain, jarraibideekin bat egin behar dutenak. Hizkuntza ofizialak erabiltzeko jarraibideak ezartzean, zehatz agertuko da zein diren itzulpen-beharrak eta, azken batean, zein lan dagokion Itzultzaile Zerbitzu Ofizialari eta zein Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioan itzultzen diharduten langileei.

Dena dela, itzultzaileen jardun-eremuari dagokionez, berariaz adierazi behar da bereziak direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren xedapenak eta egintzak; izan ere, aldizkari ofiziala arautzen duen 155/1993 Dekretuak, ekainaren 1ekoak, 5. artikuluan dioenez, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen diren testuak ofizialtzat eta benetakotzat jotzen dira biak. Testuok, aldizkarian txertatzean, jendaurreko izaera eta ofizialtasuna hartzen dituzte eta administrazio-hizkera finkatzen laguntzen dute; baina hori ez ezik, bertan argitaratzeko, bermatu ere egin behar da itzulpena zehatza eta juridikoki baliokidea dela.

Ezin da ahaztu, bestalde, azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 12.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek eta herri-erakundeek Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala erabil dezaketela itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetasun juridikoa bermatzeko. Ondorioz, zerbitzuari definizio berria ematean, ezin zaio barne-izaerari bakarrik begiratu, alegia, administrazioko ekoizpen idatzia itzultzeko zerbitzuaren izaerari bakarrik; izan ere, kontuan hartu behar da kanpora begira zerbitzu publikoa ere badela, bera baita, legeak hala aginduta, itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetasun juridikoa ziurtatzeko organoa.

Arrazoi horiek guztiak direla-eta, beharrezkoa eta komenigarria da itzulpen-arloko agintaritza nagusi bakarra izatea. Horrek ezinbestez dakar oraingo Itzulpen Zerbitzu Ofiziala berriro definitzea, hain zuzen ere, batetik, dagozkion eskumenak eta eginkizunak ezartzeko eta, bestetik, itzultzearekin zerikusia duten gainerakoekiko harremanak finkatzeko. Horrela, itzultzen diharduten langileak antolatuz eta hizkuntza-gaitasuna duten funtzionarioen jarduera elebidunak bultzatuz, itzulpen-zerbitzu eraginkorra eskaintzeaz gain, administrazio-hizkeraren homogeneitatea bermatuko da.

Organo berean itzulpen-arloko agintaritza nagusi bakarra eta itzulpen-zerbitzuak biltzeak berarekin dakar beren arteko harreman funtzionalak zehaztea, alegia, zein nolako harremanak izango diren Itzultzaile Zerbitzu Ofizialaren eta itzultzen dihardutenen artean. Horregatik, itzulpengintzarekin zerikusia duten lanpostuen beharrezko homogeneizazioa ahaztu gabe, eta lanpostu horiek hizkuntza-normalkuntzan dihardutenetatik bereiztu behar direla ahaztu gabe, hierarkiari dagokionez eredu deszentralizatua aukeratu da, hurbiltasuna, antolamendua, espezializazioa eta isilpekotasuna direla-eta; eginkizunei dagokienez, berriz, ezinbestekoa da Itzultzaile Zerbitzu Ofizialarekiko mendekotasun funtzionala ezartzea itzultzen diharduten langileei, eta, ondorioz, behar diren koordinazio-mekanismoak aurreikusiko dira zerbitzua antola dadin.

Hala ere, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialaren eskumenak beste erakunde batzuetara ere iristeko, beste herri-administrazioen barruan euskaratik eta euskarara egiten diren itzulpenen langintza koordinatzeko -arloko agintaritza nagusi bakarraren ahalmenak erabiliz- eta euskarazko lege- eta administrazio-hizkera normalizatu, batu eta garatuko dela bermatzeko, ezinbestekoak dira, bada, adostasun- eta lankidetza-bideak; izan ere, kontuan hartu behar da administrazio horietako bakoitza espezifikoa dela, eta, gainera, euskara hizkuntza ofiziala dela Nafarroako Foru Erkidegoan ere.

Azkenik, nahiz eta Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala aparteko zerbitzu gisa egituratu, zerbitzua bera nahitaez kokatu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren antolamendu-egituraren barruan. Horretarako, bidezkoena da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari atxikitzea; izan ere, uztailaren 27ko 16/1983 Legeak -Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzkoak- ezartzen duenarekin bat, erakunde horren eginkizunetako bat da euskara herri-administrazioan sartu, hedatu eta normalizatzea, bai eta administrazio-hizkera finkatzea ere, hala ezartzen baita Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legean.

Ondorioz, Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak proposatuta, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eginez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko otsailaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen helburua da, bateko, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialaren eskumenak eta eginkizunak arautzea, eta, besteko, zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioan itzultzen diharduten langileekiko duen harreman funtzionalaren eredua ezartzea.

  1. – Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak eskumena du euskarara eta euskaratik gaztelaniara itzultzen diren testuen zehaztasuna eta baliokidetasun juridikoa bermatzeko.

  2. – Bere eginkizuna da, halaber, arloko agintaritza nagusi bakarra den neurrian, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioan euskarara eta euskaratik gaztelaniara egiten den itzulpen-langintza koordinatzea. Zerbitzuari dagokio, orobat, euskarazko administrazio-hizkeraren nahiz lege- eta administrazio-terminologiaren batasuna, normalizazioa eta garapena bultzatzea. Horiez gain, eremu hauetako lankidetza bultzatuko du beste herri-administrazio, erakunde publiko eta pribatuekin.

Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak, bere eskumenez baliatuz, honako eginkizunak izango ditu:

  1. Itzulpen-, interpretazio-, ziurtatze- eta terminologia-zerbitzuak ematea, ondoko artikuluan adierazten denarekin bat.

  2. Ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuak -Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzkoak- ezarritakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioan testuak euskaratzeko eta euskarazkoak gaztelaniaz jartzeko zerbitzuak estandarizatu eta homologatzeko, honako hauek proposatu ahal izango ditu: zerbitzuon ezaugarri teknikoak eta baldintzak; erabili beharreko hizkeraren eta terminologiaren homogeneitateari buruzko arauak, eta kalitateari buruz ezarri beharreko estandarrak eta arauak, bai eta itzulitako testuak zuzentzeko posibilitatea ere.

  3. Euskarazko lege- eta administrazio-terminologia bildu, hustu, fitxatu eta aztertzea, bai eta glosarioak, terminologia-hiztegiak eta abar prestatu eta argitaratzea ere.

  4. Itzulpengintzako eta euskarazko lege- eta administrazio-terminologiako jarraibide teknikoak prestatzea.

  5. Administrazioaren lanean ohikotasunez eta aldian-aldian sortzen diren administrazio-dokumentuak, inprimaki-ereduak, idazkiak edo komunikazioak –testu-zati handi bat guztientzat berdina edo aldaezina dutenak–, hizkuntza bietan estandarizatzea; multzo honetan sartzen dira, besteak beste, ofizioak, ohiko jakinarazpenak, gonbiteak, ziurtagiriak, iragarkiak, zenbait agindu edo ebazpen eta abar. Horren helburua izango da, bada, terminologia zuzentzea eta egokitzea, bai eta administrazio-hizkera erabiltzeko irizpideak aplikatzea ere.

  6. Itzultzen diharduten langileei eta, oro har, euskaraz idazten duten langileei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea.

  7. Euskara idatziaren erabilera errazten duten informatikako programak, datu-baseak eta bestelako tresnak ezarri eta garatzea.

  8. Itzultzen diharduten langileen prestakuntza eta hobekuntza lortzeko planak eta programak lantzea; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango langile bakoitza atxikita dagoen herri-administrazioaren eskumenetarako eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Prestakuntza Zerbitzuaren eskumenetarako.

  9. Itzulpengintzaren eta euskarazko lege- eta administrazio-terminologiaren arloko lankidetza- eta laguntza-hitzarmenak eta akordioak ondoko hauekin egitea proposatzea: Estatuko Administrazio Orokorra eta Erakunde Administrazioarekin, beste autonomia-erkidego batzuekin, lurralde historikoekin eta toki-korporazioekin.

  10. Ordenamendu juridikoak ematen dion beste edozein eginkizun.

  1. – Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak, bere eginkizunen baitan, honako zerbitzu hauek eskainiko ditu:

    1. Itzulpen-zerbitzuak, euskarara eta euskaratik gaztelaniara.

      Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden herri-administrazioek eskatutako testuak itzuliko ditu, eta itzulitakoak egiaztatu nahiz zuzenduko ditu.

      Bereziki, honako hauek itzuli beharko ditu gaztelaniatik euskarara edo alderantziz: Eusko Jaurlaritzako lege-egitasmoak –Eusko Legebiltzarrera bidali aurretik–, eta Euskal Autonomia Erkidegoko organo jurisdikzionalek -Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez- eskatutako dokumentu judizialak.

      Halaber, testua sortzen duen pertsona publiko edo pribatuarekin berariaz hala hitzartzen denean, zerbitzuaren ardura izango da hedapen handiko edo interes publikoko testuak itzultzea, baldin eta tratamendu espezifikoa behar badute.

    2. Interpretazio-zerbitzuak, euskarara eta euskaratik gaztelaniara.

      Oro har, kide anitzeko administrazio-organoetan, bilera ofizialetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek antolatzen dituzten biltzar edo jardunaldietan egiten diren berbaldiak interpretatzea dagokio.

      Bereziki, honako saio hauek interpretatu beharko ditu euskarara eta euskaratik gaztelaniara: hitzezko jardun judizialak, hala nola epaialdiak, kareoak, lekukoen aitorpenak edo bestelakoak, baldin eta organo jurisdikzionalek -Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez- hala eskatzen badute.

    3. Ziurtatze-zerbitzuak.

      Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek eta herri-erakundeek Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala erabili ahal izango dute euskarara edo euskaratik gaztelaniara egindako itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetasun juridikoa ziurtatzeko.

      Bereziki, besteek eskatuta, euskaratik gaztelaniara eta alderantziz egindako itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetasuna ziurtatu beharko ditu, baldin eta edozein herri-administraziok, organo jurisdizkionalek edo erregistro publikoek, fede publikoa emateko, hala eskatzen badiote.

    4. Terminologia-zerbitzuak.

      Oro har, euskarazko lege- eta administrazio-hizkera eta -terminologiarekin zerikusia duten kontsultak jaso eta erantzungo ditu; eta terminologiako lan-tresnak –terminologia-bankuak, glosarioak eta bestelakoak- eskainiko dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan itzultzen diharduten langileei.

  2. – Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak, nolanahi ere, bere gain hartuko ditu eskatzen zaizkion itzulpen-, interpretazio-, ziurtatze- eta terminologia-zerbitzuak, nahiz eta aurreko paragrafoetan jasota ez egon, betiere, zerbitzu ofizialak, aurretiaz, zerbitzuok ematea onartu badu.

  1. – Langile bakoitzari dagokion organoarekiko mendekotasun hierarkikoaren aurka joan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomiadunetan itzultzen diharduten langileek Itzultzaile Zerbitzu Ofizialarekiko mendekotasun funtzionala izango dute.

  2. – Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak, dagokion arloko agintaritza funtzional nagusi bakarraz baliatuz, itzulpen-arloko eta euskarazko lege- eta administrazio-terminologiaren arloko arau, erregela eta prozedura orokorrak ezarri ahal izango ditu, bai eta jarraibide teknikoak eman ere; eta itzultzaile guztiek bete beharrekoak izango dira.

  3. – Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko arduraduna buru dela, lan-talde bat osatuko da honako eginkizun zehatz hauekin: batetik, itzulpen-arloko eta euskarazko lege- eta administrazio-terminologiaren arloko arau, erregela, prozedura eta jarraibide teknikoak proposatzea; bestetik, sailen arteko arlo hauetako egitasmoak bultzatu eta sustatzea; eta, azkenik, sailen eta erakunde autonomiadunen artean arlo hauetako esperientzien trukea egitea edo arlo nahiz gai zehatzak aztertzea. Lan-taldean, itzultzen diharduten langileek hartuko dute parte.

  1. – Hizkuntza ofizialak erabiltzeko arau eta irizpideak aplikatuz sortutako beharretara mugatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomiadunetan itzultzen diharduten langileen eginkizuna.

  2. – Beraiei dagokie, halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar diren xedapenak eta egintzak itzultzea, edo, itzulita daudenean, itzulpenak egiaztatu eta zuzentzea.

Euskararako eta euskaratik gaztelaniarako itzulpen-zerbitzuen homologazioa aplikatzeko eremua Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Administrazioko zuzenbide pribatuko herri-erakundeetara eta herri-baltzuetara ere hedatzearen aurka joan gabe, erakunde eta baltzu horiek Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak ezarritako jarraibide teknikoetara egokitu beharko dute itzulpeneko eta euskarazko lege- eta administrazio-terminologiako beren jarduna.

Dekretu hau indarrean sartzen denetik sei hileko epean, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak, Administrazioa Eraberritzeko Bulegoaren Zuzendaritzaren laguntzarekin, itzulpengintzarekin zerikusia duten lanpostuak homogeneizatzeari ekingo dio. Horretarako, zehaztu egingo dira lanpostu bakoitzerako baldintzak, bete beharreko eginkizunak, sailkapena, lanpostu bakoitzaren balorazioa; eta hizkuntza-normalkuntzako lanpostuetatik bereiziko dira. Zehaztapen horien barruan sartuko dira, orobat, bai bakoitzaren mendekotasun-mota, alegia, funtzionala ala hierarkikoa, bai bete beharreko eginkizunak, eta, hori guztia, bat eginda, bateko, dekretu honek ezartzen duenarekin, besteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak ezarriko dituen irizpideekin eta, azkenik, plana garatuko duten arauekin. Sailak, azkenean, lanpostu horien zerrenda aldatzea proposatuko dio Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Euskarazko administrazio-hizkera eta lege- nahiz administrazio-terminologia batu, normalizatu eta garatzeko arloan, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak egiten duen jarduna, eta arlo horietan beste herri-administrazioekin eta erakunde publiko zein pribatuekin burutzen den lankidetza, gizartearen hainbat esparrutako euskararen corpusa finkatzeko esparru orokorrean gauzatu beharko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango Kultura Sailak eta Euskararen Aholku Batzordeak arlo horietan dituzten eskumenetarako.

  1. – Paragrafo berri bat gehitu zaio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari buruzko ekainaren 1eko 155/1993 Dekretuaren 11. artikuluari. Hona testua:

    “4.– Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzeko igortzen diren testuak txertatzeko baimenak, hizkuntza bietako edukia bera dela bermatzeaz gain, itzulpenaren zehaztasuna edo baliokidetasuna ziurtatzen duen agiria ere eraman beharko du berarekin. Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala izango da agiri hori emateko organoa, nahiz eta testuen estiloa, betiere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko estilo-arauetara egokitu beharko den. Igorritako testuak ez badakar berarekin horrelako ziurtagiririk, edo hizkuntza ofizialetako bakar batean idatzita badago, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko itzultzaileei egokituko zaie testua itzultzea -betiere Itzultzaile Zerbitzu Ofizialaren arau, erregela eta jarraibide teknikoen arabera-, edo, itzulita daudenean, itzulpena egiaztatu eta zuzentzea.”

  2. – Aldatu egin da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura organikoa erabakitzen duen urtarrilaren 9ko 1/1996 Dekretuaren 11. artikuluko b) idatz-zatia. Honela gelditu da testua:

    “b) Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala.”

  3. – Aldatu egin da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura organikoa erabakitzen duen urtarrilaren 9ko 1/1996 Dekretuaren 13. artikulua. Honela gelditu da testua:

    “13. artikulua.– Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala.

  1. – Euskarako Zuzendariordetzari dagokio Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala gainbegiratzea eta zuzendaritza-lana egitea, betiere zerbitzua arautzen duten arau espezifikoei jarraituz.

  2. – Dagozkion eginkizunak betetzeko, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak honako atal funtzional hauek izango ditu bere baitan:

    1. Itzulpengintza eta Interpretazioa.

    2. Terminologia.”

Baimena ematen zaio Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari dekretu hau garatzeko beharrezko diren xedapen guztiak emateko.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko otsailaren 29an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Jaurlaritzako lehendakariorde etaOgasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.