Arautegia
Inprimatu107/1996 DEKRETUA, maiatzaren 14koa, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko Dekretua aldatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Justizia, Ekonomia, Lana eta Gizarte Segurantza
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 95
- Hurrenkera-zk.: 2475
- Xedapen-zk.: 107
- Xedapen-data: 1996/05/14
- Argitaratze-data: 1996/05/20
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Justizi Administrazioan lan egiten duten langileak eskualdatzeari eta Ministerio Fiskala baliabide materialez hornitzeari buruzko Lekualdaketen Bitariko Batzordearen 1996ko otsailaren 16ko Akordioaren eta Lan Arriskuei Aurre Egiteari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea onartzearen ondorioz, beharrezkoa da, derrigorrezkoak diren aldaketak sartzea Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoan eta funtzionalean, otsailaren 7ko 141/1995 Dekretuz onartutakoan hain zuzen. Ageri diren egoera berriei ahalik eraginkortasun- eta iharduera-baldintzarik onenetan egokitzeko.
Bihar-etzi eskura daitezkeen eskualdaketei buruz Dekretu horrek bere aldibaterako xedapenetatik bigarrenean jasotakoa kontutan hartuz, izan ere, hainbat eskumen eta egitekoz erabat baliatzea Estatuaren giza-baliabideak, ondasunak eta zerbitzuak EAEri eskualdatu arte atzeratzen baita horretan, eta kontutan izanik, halaber, Justizi Administrazioaren zerbitzura lan egiten duten langileak eskualdatzea eta Ministerio Fiskala gauzazko baliabidez hornitzea, behar-beharrezkotzat jo da Justizi Sailordetzaren egitura suspertzea. Sailordetza horrek, gaur egun, lehendik bereganatuta zituen beren-beregiko alorren arabera, hiru Zuzendaritza ditu, hots, Justizi Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritza, Baliabide Materialen eta Plangintzaren Zuzendaritza eta Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritza. Zuzendaritza berri bat sortzen da orain, Giza Baliabideak Antolatzeko Zuzendaritza alegia. Justizi Administrazioan lan egiten dutenen kudeaketarekin lotutako administrazio alorreko egiteko berriez baliatzea berariaz eta, ahal dela, erarik eraginkorrenean egitea da bere helburua. Otsailaren 7ko 141/1995 Dekretuaren 2., 10., 11. eta 13. atalak aldatzea dakar horrek.
Lan Arriskuei Aurre Egiteari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen VII. atalburuan, lege hori betetzea bermatuko duten erantzukizunak eta santzioak arautzen dira. Horren barne sartzen da laneko segurtasun eta higienearen alorrean egiten diren legehausteen tipifikazio bat, Gizarte alorreko legehausteei eta Santzioei buruzko apirilaren 7ko 8/1988 Legean jasotakoa indargabetzen duena, eta horri dagokion erregimen santzionatzaile berri bat. Guzti horrek beharrezko egiten du Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko otsailaren 7ko 141/1995 Dekretuan jasotako eskumen santzionatzaileen atribuzioa birreratzea, 18. eta 23. atalei erredakzio berria ematea hain zuzen. Gizarte Alorreko gainerako legehausteei dagokienez, beharrezkoa da, 141/1995 Dekretuan adierazten den eskumenbanaketa 8/1988 Legeko prebisioei egokitzea.
Ondorioz, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartu eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1996ko maiatzaren 14ko bilkuran egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Lehenengo atala.- Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko otsailaren 7ko 141/1995 Dekretuaren 2 A) ataleko bigarren lerroaldeari d) idazati berria gehitzen zaio. Erredakzio hau izango du aurrerantzean:
"2.- Justizi Sailordetza:
Justizi Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritza.
Baliabide Materialen eta Plangintzaren Zuzendaritza.
Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritza.
Zuzendaritza berri bat sortzen da orain, Giza Baliabideak Antolatzeko Zuzendaritza.
Bigarren atala.- Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko otsailaren 7ko 141/1995 Dekretuaren 10. ataleko bigarren lerroaldeari d) idazati berria gehitzen zaio. Erredakzio hau izango du aurrerantzean:
"2.- Justizi Sailordetzaren menpe dauden Zuzendaritzak:
Justizi Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritza.
Baliabide Materialen eta Plangintzaren Zuzendaritza.
Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritza.
Zuzendaritza berri bat sortzen da orain, Giza Baliabideak Antolatzeko Zuzendaritza.
Hirugarren atala.-
Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko otsailaren 7ko 141/1995 Dekretuaren 11. ataleko lehenengo lerroaldearen a) idazatiak beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:
"a) Justizi Administrazioarekiko Harremanen alorrean:
Agintaritza Judizialaren Kontseilu Orokorrarekiko, Justiziako Auzitegi Nagusiarekiko, Organu Judizialekiko, Estatuaren aginte-maila zentralekiko, Autonomi Elkarteetako agintedun organuekiko eta Justiziarekin zerikusirik duten Entitateekiko harremanei buruzko gaiez arduratzea.
Instituzioekin izenpetutako Hitzarmenen eta/edo lortutako akordioen garapenak eta gauzatzeak eskatzen duenaren arabera, EAEn destinoa izango duten epaile, magistratu, fiskal eta idazkari judizialentzako prestakuntza-egitarauak kudeatzea.
Arreta berezia eskaintzea Bake Epaitegietako arazoei. Zuzendu eta kudeatu egingo ditu alor horretako dirulaguntzak eta koordinatu egingo ditu alor horretan agintea duten Entitateekiko harremanak.
Hizkuntzaren normalkuntza sustatzea. Garatu egingo du hizkuntza juridikoaren batasuna, euskera agirietan erabiltzea, lurraldekako eta egitekoen araberako lehentasunen egitasmoa eta, oro har, alor horretan Justizi Administrazioarekin hartutako konpromezuak.
Beharren plangintza egitea eta perituen, lekukoen eta juratuen alorrean behar diren diru-baliabideak programatzea eta kontrolatzea, horretarako ezar daitezen arauen arabera. Zaindu egin beharko du bete eta gauzatzen den.
Justiziak bere baitan dituen baloreak gizartean hedatzeko diren iharduerak bultzatzea.
Laugarren atala.- Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko otsailaren 7ko 141/1995 Dekretuaren 13. ataleko a) idazatiaren 8 puntuak eta b) idazatiak beste erredakzio bat izango dute aurrerantzean:
"a) Giza Eskubideen alorrean:
Agingabekoen arazoei arreta berezia eskainiko zaie, erreformari eta zuzenketari dagokienean. Adingabeko horiei buruz hartutako neurri judizialak era zuzenean burutu daitezen, planifikatu egingo dira behar diren baliabideak.
Justiziarekiko lankidetza alorrean:
Benetako babespen judizialerako, Ofizioko Txandan dohaineko justizia izateko, eta atxilotuari eta/edo presoari legelariaren urgazpena dohainik emateko eskubidea bermatzea; halaber, Justizi Administrazioarekin batera lan egingo duten Zuzenbideko profesionalak gaitzea.
Notari eta erregistratzaileekiko harremanak bultzatzea, horiek EAEn duten kolegioaren antolakuntzari dagozkion alorretan; halaber, izandapenei buruzko espedienteak izapidetuko ditu.
EAEn destinoa duten magistratu, epaile eta fiskalek berton jarrai dezaten eta estabilitatea lor dezaten, baldintza egokiak ezartzea.
Bosgarren atala.- Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko otsailaren 7ko 141/1995 Dekretuari 13 bis atala gehitzen zaio. Honako erredakzio hau izango du aurrerantzean:
13 bis atala.- Giza Baliabideak Antolatzeko Zuzendaritza.
Giza Baliabideak Antolatzeko Zuzendaritzak, dekretu honetako 7. atalean orokortasunez egozten zaizkion egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:
Langileen alorrean:
Justiziako Administrazioan egon eta administrazio- eta lan-zuzenbidepean dauden langileen eskumenez arduratzea. Alor horretarako ezar dadin antolamendu orokorraren barne egingo da hori, baldin eta ez bazaizkie beste organu batzuei egotzi.
Organuak eta bulego judizialak sorospen-langilez hornitzea. Lan-itunepeko erregimenean kontratatuko dira eta/edo EAEko kidegoetako funtzionariak adskribatuko zaizkio, organu horien egitekoak betetzea ahalbideratzeko.
Justizi Administrazioan dauden langileen prestakuntza programak antolatu eta koordinatzea. Batik bat, euskalduntzeaz eta alfabetatzeaz arduratuko da. Ikasteko egitasmo sektoriala aplikatu eta garatuko da horretarako, berenberegi alor horretarako izango dena. Arreta berezia eskainiko zaie, halaber, sistema informatikoen eta Bulego Judizial berriaren ondorio diren beharrizanei.
Langileen Erregistroarekin eta zerbitzuaren ikuskaritza orokorrarekin zerikusirik duten eskumenez baliatzea.
Berariazko legeak langileen alorrean bete daitezela jagotea. Horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuko edo proposatuko dira. Indarreango arauek egotz diezazkioten gainerako egitekoak ere beteko ditu.
Harreman sindikalen alorrean:
Sindikatuekin, komiteekin edo Justizi Administrazioan lan egin eta administrazio- eta lan-zuzenbidearen menpe dauden langileen beste ordezkapen-organu batzuekin egin daitezen elkarrizketetan eta negoziaketetan, Sailari dagokion ordezkaritza izatea, beste organu batzuei egotzitako eskumenen kaltetan gabe.
Langile horien ordezkaritzarekin lortutako edo izenpetutako Akordio edo Hitzarmenen ondorio diren organu edo batzordeetan Sailaren ordez aritzea; ez, ordea, akordio edo hitzarmen horietan beste organuren bati egotzi bazaio.
Langile horien lan-baldintzak hobetzeko diren ekintzak bultzatzea eta, hala behar bada, gizarte zerbitzuak kudeatzea, indarreango arauei jarraiki.
Administrazio- eta lan-zuzenbidepeko langileak, Justizi Administrazioaren zerbitzura daudenak, lanean daudenentz jagoteko sistemak zuzendu eta kudeatzea.
Indarreango arauek egotz diezazkioten gainerako egitekoak".
Seigarren atala.- Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko otsailaren 7ko 141/1995 Dekretuaren 18. ataleko h) idazatiak beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:
"h) Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren proposamenez, 15.000.000 PTAra arteko isunak jartzea, laneko arriskuei aurre egiteko alorrean legea hausteagatik; laneko legeak gainerako egoeretan hausteagatik eta oztopoak ipintzeagatik 5.000.000 PTAra arteko isunak jarriko dira".
Zazpigarren atala.- Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko otsailaren 7ko 141/1995 Dekretuaren 23. ataleko lehenengo lerroaldearen f) idazatiak beste erredakzio bat izango du aurrerantzean:
"f) Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren proposamenez, 5.000.000 PTAra arteko isunak jartzea, laneko arriskuei aurre egiteko alorrean legea hausteagatik; laneko legeak gainerako egoeretan hausteagatik eta oztopoak ipintzeagatik 1.000.000 PTAra arteko isunak jarriko dira".
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunetik aurrera hartuko du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 1996ko maiatzaren 14an.
Lehendakaria,
JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.
Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
RAMÓN JÁUREGUI ATONDO.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Aldatzen du: 141/1995 DEKRETUA, otsailaren 7koa, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta egitekoena finkatzen duena.
- Indargabetutakoa: 303/1999 DEKRETUA, uztailaren 27koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta egitekoena finkatzen duena.