Arautegia
Inprimatu241/1995 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Aiako-harria aldea parke natural deklaratzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Industria, Nekazaritza eta Arrantza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 105
- Hurrenkera-zk.: 2263
- Xedapen-zk.: 241
- Xedapen-data: 1995/04/11
- Argitaratze-data: 1995/06/05
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Ingurumena
Deskribapenak
Testu legala
Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ekialdeko muturrean kokaturik dagoen Aiko-harria aldeak erliebe konplexua dauka, erreka ugarik zeharkatzen dituzten troken eta mendien mosaikoak osatutakoa; erreka horiek, itsasotik gertu izaki, gainbehera handia egiten dute tarte laburrean, haran estuak eratzen dituztelarik. Gizakiaren eraginez, gehienbat hostozabalen baso mistoek osatzen zuten jatorrizko landaretzaren ordez, hazkunde ertain-arineko konifero-espezieek betetako baso-sailak zabaldu dira gero eta gehiago; hala ere, interes handiko aldeak aurki daitezke oraindik ere, hala nola Endarako troka, Aiako-harriak, Biandizko pagadia eta Añarbeko pagadihariztia. Paisaia berezia eta sarritan ikusgarria eskaintzeaz gain, garrantzi handiko landare-formazioak dituen aldea denez, eta bertako habitat ezberdinetan animali espezie ugari kokatzen direla kontutan hartuta, bidezko da inguru hau, parke natural deklaratuz, babes araubide juridiko bereziaz hornitu eta Euskal Baserrialdeko Plangintzan aurrikustako aldeen barruan sartzea. Horretarako, eta Euskal Herriko natura babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 18. atalean aurrikusitakoa betetzeko, Aiako-harria aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana onetsi da apirilaren 11ko 240/1995 Dekretuaren bidez. Ondorioz, Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1995eko apirilaren 11n egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxeXEDATU DUT: 1. atala.- Xedea. Honako dekretu honen xedea, Euskal Herriko natura babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen III. idazpuruan ezarritakoaren itzalpean, Aiako-harria aldea babesteko araubide juridiko berezia ezartzea da, inguru hori parke natural deklaratuz. 2. atala.- Helburuak. Aiako-harria alderako apirilaren 11ko 240/1995 Dekretuaren bidez onetsi den Natur Baliabideen Antolamendurako Planak ezarritako artezpideen barruan, araubide juridiko berezi horrek ondoko helburu hauek izango ditu: a) Parkearen eremuan dauden flora, fauna, gea, paisaia eta ekosistemak babestu, artatu eta, behar denean, lehengo egoerara itzularaztea. b) Aldeko gizarte eta ekonomi alderdiak sustatzea, natur baliabideen arrazoizko erabileran oinarriturik. c) Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza izaerakoak izanik, ingurune fisikoa eginkorki zaintzen eta babesten laguntzen duten iharduera emankor tradizionalak hobe, berreskura eta ezar daitezen suspertzea. d) Aldeko natur balioen ezagutza eta gozamen erazkoa suspertzea, hezkuntza, kultura, jolas, turismo eta gizarte eta ekonomiarako interesgarriak diren iharduerak burutuz. e) Ikerketa zientifikoa eta oinarrizko prozesu ekologikoen azterketa suspertzea. 3. atala.- Lurralde-eremua. 1.- Apirilaren 11ko 240/1995 Dekretuaren bidez onetsitako Natur Baliabideen Antolamendurako Planean deskribaturiko eta irudikaturiko geografi eremua hartuko du Aiako-harria parke naturalak bere baitan. 2.- Aiako-harria parke naturalak, gutxi gorabehera, 6.105 ha-ko azalera biltzen du bere baitan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Donostia-San Sebastián, Hernani, Irun, Oiartzun eta Rentería udal mugarteei dagokiena. 4. atala.- Inguruko babesaldea. 1.- Natur baliabideen babes osoa bertmatzeko xedeaz, eta ekologiak eta paisaiak kanpoko eraginik jasan ez dezaten, parkearen inguruko babes-aldea ezartzen da, parke naturalaren kanpoko mugaren inguruko 200 metroko lur zerrenda, alegia, beti ere Gipuzkoako Lurralde Historikoaren barruan. 2.- Inguruko babes-aldean, Aiako-harria aldea parke natural deklaratzera bultzatu duten helburuak edota Natur Baliabideen Antolamendurako Planean ezarritakoak gauzatzeko oztopoa edo eragozpena izan daitekeen edozein iharduketa burutzeko, beharrezkoa izango da kudeaketarako organo arduradunaren baimena. 3.- Inguru hau parke natural deklaratzera bultzatu duten eta 16/1994 Legearen 1. atalean biltzen diren helburuei doakienez, parkeko egoera fisiko edo biologikoa uki edo ezertan alda dezakeen edozein iharduera mugatu edo eten ahal izango du parke naturalaren kudeaketaz arduratuko den organoak inguruko babesaldean, Patronatuak txostena egin ondoren eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 54.1.f) atalean ezarritakoarekin bat etorriz. 5. atala.- Eragin sozio-ekonomikoaren menpeko aldea. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Donostia-San Sebastián, Hernani, Irun, Oiartzun eta Rentería udal mugarteak hartuko dira eragin sozioekonomikoaren menpeko aldetzat, 16/1994 Legearen 22. atalean aurrikusitakoari dagokionez. 6. atala.- Parkearen kudeaketa. 1.- Aiako-harria parke naturalaren kudeaketa Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru organo eskudunari dagokio. 2.- Parke naturaleko organo kudeatzaileak parkeko zuzendari-artatzailea izendatuko du. Zuzendariartatzailearen eginkizunak 16/1994 Legearen 34. atalean ezarritakoak eta beren beregi eratxikitzen zaizkionak izango dira. 7. atala.- Parke naturaleko Patronatua. 1.- Hiru hilabeteko epean parke naturaleko Patronatua eratuko da, kudeaketarako organo laguntzaile eta aholku-emaile izateko. 2.- Patronatuak pleno eta batzorde iraunkorraren bidez ihardungo du. 3.- Patronatuaren osakideak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru organo eskudunak izandatuko duen lehendakariaz gain, honako hauek izango dira: a) Industri, Nekazaritza eta Arrantza Saileko ordezkari bat, sailburuak izendatua; b) Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria; c) Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Izadizaintzako zuzendaria; d) Donostia-San Sebastiango Udaleko ordezkari bat; e) Renteríako Udaleko ordezkari bat; f) Hernaniko Udaleko ordezkari bat; g) Irungo Udaleko ordezkari bat; h) Oiartzungo Udaleko bi ordezkari; i) Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokaturik dauden eta natur ingurunearen azterketa, defentsa, babespen eta artapenean benetakoturiko bidea egina duten elkarteen ordezkari bat, Gipuzkoako Nekazaritza eta Naturagune Departamentuko foru diputatuak izendatua; j) basoen jabeen elkarteetako ordezkari bat; k) alde honetako finken jabeen elkarte edo erkidegoetako ordezkari bat, Gipuzkoako Nekazaritza eta Naturagune Departamentuko foru diputatuak izendatua; l) Gipuzkoako Lurralde Historikoan iharduten duten nekazari-sindikatuen bi ordezkari; ll) Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari bat edo natur ingurunearekin zerikusia duten gaietan aintzatetsitako ospea duen pertsona bat, Gipuzkoako Nekazaritza eta Naturagune Departamentuko foru diputatuak izendatua; m) Gipuzkoako Mendizale Federakundeko ordezkari bat; n) ehiza eta arrantzako lurralde federakundeetako ordezkari bat, Gipuzkoako Nekazarita eta Naturagune Departamentuko foru diputatuak izendatua; ñ) parke naturaleko zuzendariartatzailea. 4.- Lehendakariak izendatuko duen pertsonak beteko ditu idazkariaren zereginak; idazkariak, izendapena Patronatuko kide bati egokitu ezik, hizpidea izango du baina hautespiderik ez. 5.- Patronatuak 16/1994 Legearen 32. atalean ezartzen diren eginkizunak beteko ditu. 8. atala.- Batzorde iraunkorra. 1.- Patronatuaren baitan, eta haren menpean, batzordeiraunkorra eratuko da. Batzordekideak, lehendakariaz edo lehendakariak izendaturiko pertsonaz gain, honako hauek izango dira: a) ukituriko udaletako ordezkari bakarra; b) zuzendariartatzailea. 2.- Patronatuko idazkariak ihardungo du batzorde iraunkorreko idazkari. 3.- Patronatuak bere barne araubidean eskuordetzen dizkion eginkizunak beteko ditu batzorde iraunkorrak. 9. atala.- Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana. Natur Baliabideen Antolamendurako Plana garatzeko, parke naturalaren kudeaketaz arduratuko den foru organoak Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana egingo du, 16/1994 Legearen 27, 28 eta 29. ataletan ezarritako epeen, terminoen, baldintzen eta prozeduraren arabera. 10. atala.- Herri-onura eta kalteordainak. 1.- Aiako-harria parke natural deklaratzeak ingurua herri-onuratzat hartzea dakar, ukituriko ondasun eta eskubideak desjabetzeari dagokionez. 2.- Natur Baliabideen Antolamendurako Planak eta Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak parke naturalaren eremurako ezarritakoak aplikatzearen ondorioz, jabetza pribatua edo legebidezko ondareeskubide zein ondare-interesik kentzen bada, ukituriko titularrek kalteordain egokia jasotzeko eskubidea izango dute, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera. 11. atala.- Eroslehentasun eta atzera eskuratzeko eskubidea. 1.- Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio, eskuduna den organoaren bidez, eroslehentasun eta atzera eskuratzeko eskubideen egikaritza parkearen barruko lurrekin inter vivos egiten diren kostubidezko eskualdaketa guztietan. 2.- Eroslehentasun eta atzera eskuratzeko eskubideen egikaritza honako prozedura honen arabera gauzatuko da: a) Eskualdatzaileak eskualdaketaren funtsezko baldintzak sinesgarriro jakinaraziko dizkio Administrazioari, zeinek hiru hilabeteko epea izango baitu, eskualdaketaren jakinarazpenetik zenbatzen hasita, eroslehentasun eskubidea egikaritzeko. Epe hori eroslehentasun eskubidea erabili gabe igaroz gero, eskubide hori iraungi egingo da. b) Eskualdaketa egindakoan, bera bideratzen deneko eskritura publikoaren kopia sinesgarria bidaliko dio eskualdatzaileak administrazio organo iharduleari; eskrituran lehen aipaturiko jakinarazpena obratu dela zehaztu beharko da, bera gabe eskualdaketa ezin inskriba baitaiteke Jabetza Erregistroan. c) Eskualdatzaileari dagozkion eginbeharretarik edozein bete gabe, parkearen barruan kokaturiko lurren titulartasun aldaketarik gauza badadi, foru organo eskudunak atzera eskuratzeko eskubidea erabil dezake urtebeteko epean, eskualdaketaren edo eskualdaketa gauzatu zeneko baldintza errealen berri duenetik zenbatzenhasita. 3.- Egoki diren sailen baliabideen heinean, Herri-administrazio eskudunak parke naturalaren barruko finken titulartasuna eskura dezan ahalbidetzen duten trukaketen bidezko jabetza-aldaketak bultzatuko dira. AZKEN XEDAPENAK Lehenengoa.- Ahalmena ematen zaio Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari honako dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan. Bigarrena.- Honako dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean. Vitoria-Gasteizen, 1995eko apirilak 11. Lehendakaria, JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO. Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, JAVIER RETEGUI AYASTUY.