Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 28koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita enplegu-zentro berezietan desgaitasunen bat duten langileentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsiora bideratutako laguntzen 2024ko deialdia, urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 48
  • Hurrenkera-zk.: 1170
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/02/28
  • Argitaratze-data: 2024/03/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte gaiak; Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko otsailaren 27ko bileran hartutako erabakiaren bidez, onartu egin du enplegu-zentro berezietan desgaitasunen bat duten langileentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsiora bideratutako laguntzen 2024ko deialdia, urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Bada, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren n) letran xedatutakoaren arabera, organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, hau

Lehenengoa. Argitara ematea enplegu-zentro berezietan desgaitasunen bat duten langileentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsiora bideratutako laguntzen 2024ko deialdia, urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2024ko otsailaren 27ko bileran hartutako erabakiaren bidez onartu da deialdia, eta ebazpen honen eranskin gisa argitaratuta dago.

Bigarrena. Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartutako erabakiak ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak deialdia onartzeko hartu duen erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 28a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

Urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa (2023ko urriaren 27ko EHAA, 206. zk.). Bada, dekretu horren II. kapituluaren 3. atalaren 2. azpiatalean arautzen dira, hain zuzen ere, desgaitasunen bat duten langileentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsiora bideratutako laguntzak. Laguntzen onuradun enplegu-zentro berezi hauek izan daitezke: Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako lantokietan diruz lagundu daitezkeen jarduketak egingo dituzten enplegu-zentro bereziak, betiere Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroan gizarte-ekimeneko zentro bezala kalifikatuta eta inskribatuta badaude.

Dekretu honen 73.1 artikuluak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzari esleitzen dio II. kapituluko 3. atalean araututako laguntzak kudeatzeko eta ebazteko eskumena.

Goian aipatutako dekretua indarraldi zehaztugabea duen xedapen orokor bat da. Dekretu horren 48. artikuluan berariaz xedatzen da honako hau: azpiatal honetan (2. azpiatala) jasotako dirulaguntza-deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabaki baten bidez egingo da, eta, hartan, alderdi hauek zehaztuko dira: finantzaketarako baliatuko diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa, zer alditan izan dezaketen dirulaguntza baliabide horien kargura diruz lagunduko diren inbertsioek, eskabideak aurkezteko epea, eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea.

Laguntza hauek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2023ko abenduaren 14ko bileran hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1. eta 7.1 artikuluetan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus. Dirulaguntza horiek lagungarri dira «Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako enplegurako aukera-berdintasuna eta merkatu arruntean benetako laneratzea lortzeko tresnak indartzea» helburu estrategikorako, eta enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsioak finantzatzen dituzte.

Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 9.6 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi ekonomiko bakoitzeko aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean, eguneratu, aztertu eta, hala badagokio, ezarri beharko dira programetako dirulaguntzak emateko oinarri erregulatzaileak, eta indarraldi mugagabea eman zitzaien dirulaguntzen deialdia egin beharko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak desgaitasuna duten langileentzat enplegu egonkorra sortzen duen inbertsiorako laguntzak finantzatzera bideratutako kreditua jasotzen du. Beraz, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.6 artikuluan xedatutakoa betez, laguntza horien deialdia egin behar da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, 20/2023 Legearen 7.2a) eta 8.3 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hori guztia aintzat hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2024ko otsailaren 27ko bileran, onartu egiten du enplegu-zentro berezietan desgaitasunen bat duten langileentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsiora bideratutako laguntzen 2024ko deialdia, urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Hona deialdiaren ezaugarriak:

Aktibo ez-korronteen gaineko eta horiei lotutako laguntza teknikoetarako inbertsioetarako laguntzak ematea da deialdi honen xedea, enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten langileentzako lanpostu egonkorrak sortze aldera, baldin eta zentro horiek gizarte-ekimeneko zentro moduan kalifikatuta eta inskribatuta badaude, urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren II. kapituluaren 3. atalaren 2. azpiatalean xedatutakoaren arabera. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira.

  1. Deialdi horren xede diren laguntzak finantzatzeko, guztira 1.000.000 euro bideratutako dira.

  2. Laguntzen bolumen osoak ez du gainditu behar zenbateko hori edo, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketaren bat onartzen baldin bada, aldaketak dakarren igoera egin ondorengo emaitza. Eguneratzerik izango balitz, EHAAn argitaratu behar da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Deialdi honetako baliabideen kargura diruz lagunduko diren inbertsioen indarraldia 2024ko urtarrilaren 2an hasiko da eta 2024ko urriaren 31n amaituko da, betiere sortu diren lanpostu egonkorrak honako epe honen barruan sortu badira: inbertsio hori egin aurreko bi hilabeteetan hasi eta inbertsio egin osteko bi hilabeteak amaitu artean.

Dirulaguntzaren zenbatekoa urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren 47. artikuluan ezarritakoa izango da, dekretu horren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa. Erakunde onuradunak ezingo ditu inola ere jaso 100.000 euro baino gehiago.

  1. Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2024ko urriaren 31n amaituko da.

  2. Dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus), eta, bertara heltzeko, esteka bat egongo da erabilgarri Lanbideren webgunean.

    Desgaitasuna duten langileentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsiora bideratutako laguntzen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetzeko jarraibideekin batera, hemen egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0137613; eta eskabide-eredua: https://www.lanbide.euskadi.eus/lanbide-hasiera/

    Eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan eman ahalko du izena, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

    Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  1. Dirulaguntzaren erakunde onuradunak memoria bat aurkeztu beharko du 2024ko abenduaren 31 baino lehen, egindako inbertsioa justifikatzeko.

    Honako hauek erantsiko zaizkio memoria horri:

    Inbertsioaren zioz desgaitasuna duten pertsonei egindako lan-kontratu mugagabeen kopia.

    Gauzatutako inbertsioak frogatzen dituzten fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan horien frogazko balio bera duten dokumentuak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, bai eta ordaindu izanaren egiaztagiriak ere.

    Kanpoko enpresa espezializatuak emandako laguntza teknikoaren ziozko kostua frogatzen duten fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan horien frogazko balio bera duten dokumentuak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, bai eta ordaindu izanaren egiaztagiriak ere.

    Hala badagokio, diruz laguntzeko modukoak diren kostu berberetara bideratutako beste laguntza batzuen zerrenda xehatua, laguntza horiek jaso badituzte edo eskatu badituzte (ebazteke egon arren).

    Finantza-errentamenduen (leasing) bidez finantzatutako inbertsioen kasuan, leasing-kontratuaren kopia aurkeztu beharko da, eta, bertan, aktiboa amaitzean eskuratzeko konpromiso irmoa, finantza-errentamenduaren amortizazio-taula eta justifikazio-egunera arte egindako ordainketen egiaztagiria agertu beharko dira.

    Aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzeak edo kontratu mugagabeak egiteak ez badakar enplegu-zentro berezian desgaitasuna izanik lan-kontratu finkoa duten langileen kopurua handitzea, eta/edo plantillan dauden pertsonen kopuru osoari eusten ez bazaio, aurreko sei hilabeteetako batezbestekoarekin alderatuta, bajen justifikazioa aurkeztu ahal izango da, baldin eta baja horiek enpresa onuradunari egotzi ezin bazaizkio.

  2. Dirulaguntza justifikatzen duen dokumentazioa aurkezteko, laguntza hauek izapidetzeko baliatutako bitarteko elektronikoak erabiliko dira.

  1. Laguntza horiek eskuratzeko eta emateko baldintzak urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan aurreikusitakoak izango dira, bai eta honako apartatu hauetan ezarritakoak ere:

  2. Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19 artikuluaren 3. apartatutan xedatutakoari jarraikiz, eskaerak modu ordenatuan ebatziko dira, espedienteak erabat osatuta geratzen diren unearen arabera.

    Aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, EHAAn emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazio eta Gizarteratze zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta ebazteke geratu diren eskaerei dirulaguntzak ukatuko zaizkie.

  3. Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4 p) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, erakunde onuradunak enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adierazi beharko du, 20/2023 Legearen beraren 49. artikuluaren arabera.

  4. 152/2003 Dekretuaren 71. artikuluan aurreikusitako betekizunez gain, laguntzen erakunde onuradun izateko, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuak aplikatu behar dira, eta, horien artean, 1. apartatuaren i) letran araututakoa. Horren arabera, ezingo dira onuradun izan Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astunagatik administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez zehapena jaso duten erakundeak, harik eta neurri zuzentzaile egokiak gauzatu eta zehapena ordaindu arte.

  5. 152/2023 Dekretuaren 71.1 artikuluko g) letran ezarritako betekizunari dagokionez, hau da, eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisiko edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko erakunde bat ez bada, eta 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, erakundeak egunean izan beharko ditu merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak. Betekizun hori agiri hauek aurkeztuz egiaztatuko da:

    Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) letran aurreikusitako ziurtagiriaren bidez, Lanbidek emandako ereduaren arabera.

    Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskaerarekin batera aurkeztu beharko da.

    Eskatzaile horrek ezin badu, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) letran aipatzen diren dokumentuen bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, letra horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako letraren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduko 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

    Dokumentazio hori dirulaguntza eman aurretik eskatuko du Lanbidek.