Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko urriaren 24koa, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko Hezkuntzako sailburuaren 2020ko otsailaren 18ko Aginduaren bidez deitutako hautaketa-prozeduretan hautatutako izangaien praktikaldia arautzen da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 213
  • Hurrenkera-zk.: 5043
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/10/24
  • Argitaratze-data: 2023/11/08

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Hezkuntzako sailburuaren 2023ko urriaren 23ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako praktiketako funtzionario izendatu dira; horiek Hezkuntzako sailburuaren 2020ko otsailaren 18ko Aginduaren bidez deitutako hautaketa-prozeduretan hautatutako izangaiak dira.

Agindu horren arabera, praktiketako funtzionario izendatzen dira Hezkuntzako sailburuaren 2022ko uztailaren 22ko Aginduaren bidez 2023-2024 ikasturtera arte praktikaldia egiteko legezko atzerapen-egoeran deklaratu ziren izangaiak. Gainera, praktiketako funtzionario izendatzen dira praktikak errepikatu behar dituztenak, sailburuaren 2020ko otsailaren 18ko Aginduaren 13.4 oinarria betez.

Aipatutako deialdiekin bat etorriz, praktikak arautu eta Kalifikazio Batzordeen osaera eta eskumenak zehaztu behar dira.

Ondorioz, honako hau

Lehenengoa. Batzordeek kalifikatuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako funtzionario izendatutako izangaien praktikak. Hona batzorde horien osaera eta jardute-prozedura:

  1. Kalifikazio Batzorde hauek eratuko dira eta kide hauek osatuko dituzte:

    Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa.

    EAEn batzorde bakar bat eratuko da, kide hauekin:

    Hezkuntzako ikuskari bat Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du eta Batzordeburu gisa jardungo du.

    Bigarren Hezkuntzako institutu bateko zuzendari bat; Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo du.

    Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegoko karrerako lau funtzionario; gutxienez ere, hamar urteko esperientzia izango dute kidegoan eta Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo dute.

    Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa.

    EAEn Batzorde bakar bat eratuko da, kide hauekin:

    Hezkuntzako ikuskatzaile bat Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du eta Batzordeburu gisa jardungo du.

    Lanbide Heziketako ikastetxe publiko bateko zuzendari bat; Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo du.

    Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoan kidegoko karrerako lau funtzionario; gutxienez ere, hamar urteko esperientzia izango dute kidegoan eta Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo dute.

  2. Kalifikazio Batzordeen osaera Hezkuntza Sailaren web orrian argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/

  3. Kalifikazio Batzordeko kideei aplikatuko zaie Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan abstentzioari eta ezespenari buruz ezarritakoa.

  4. Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoen kasuan, izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxeko zuzendaritzak proposatuta, kalifikazio-batzordeek izendatutako irakasle arituen tutoretzapean eramango da aurrera praktikaldia. Irakasle horiek ikastetxean destinoa duten karrerako funtzionarioen artean aukeratuko dira eta izangaiak praktikak egiten dituen espezialitate berekoak izango dira; ahal izanez gero, Katedratikoen kidegokoak izango dira edo, bestela, izangaiak praktikak egiten dituen espezialitateri dagokion Didaktika Departamentu-burutzak, betiere karrerako funtzionarioak badira.

    Espezialitateko Katedratiko edo Departamentuko bururik ez balego, tutorizatu behar den praktiketako funtzionarioaren kidego eta espezialitateko karrerako funtzionarioak tutore izendatuko dira.

    Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan sartzeko izangaien kasuan, izangaiaren espezialitateko karrerako funtzionariorik ez balego, irakasle-tutore hori ez da izango praktiketako funtzionarioaren espezialitate berekoa, baina moduluak eman beharko ditu hark praktikak egiten dituen heziketa-zikloan edo, bestela, praktiketako irakasleak heziketa-zikloa ematen duen lanbide-familiako beste edozein heziketa-ziklotan.

  5. Aurreko atalean adierazitako ezaugarriak betetzen dituen irakaslerik ez badago, ikastetxeko Zuzendaritzak ikastetxeko Ikasketa Burutzari proposatuko dio tutoretza-lanak egiteko, betiere ikasketaburu hori karrerako funtzionarioa bada. Hori ezinezkoa bada, karrerako beste edozein irakasle funtzionario proposatuko du, eta Kalifikazio Batzordeari proposamen hori justifikatuko dio.

  6. Praktikaldian esleitutako tutoretza aurrera eramatea eragozten duen gorabeheraren bat gertatuko balitz, ikastetxeko zuzendaritzak beste tutore bat proposatuko du, azaldutako irizpideen arabera, eta Kalifikazio Batzordeak izendatuko du.

  7. Irakasle-tutoreak ondorengo gaiei buruzko aholkularitza eta informazioa emango dizkie praktiketako funtzionariei praktikaldian zehar:

    Irakasle-praktikaren planifikazioa.

    Irakasle-praktikaren garapena.

    Ebaluatzeko prozedurak eta irizpideak.

    Koordinazio didaktikoa.

    Tutoretza- eta orientabide-planak.

    Hezkuntza-premia espezifikoak eta aniztasunari arreta ematea.

    Familiekiko harremanak adingabeko kasuetan.

    Gainera, irakasle tutoreari aukera emango zaio, gutxienez hilean behin, praktikaldian dagoen funtzionarioaren ikasgela bisitatzeko, eta praktiketako funtzionarioa irakasle tutorearen gelara joatea sustatuko da, prestakuntza-behaketa edo irakaskuntza-praktikaren eredua egiteko, horri buruzko hausnarketa sustatzeko eta hobetzeko orientabideak proposatzeko. Horretarako, hezkuntza-ikuskaritzak prozesuaren jarraipena egiteko tresna bat emango die tutoretza-lanak egiten dituzten irakasleei.

    Praktikaldia amaitzean, tutoretza-lanak egiten dituzten irakasleek txosten bat egingo dute, izangaiak egindako lanak merezi duen balorazioa adierazteko. Ebazpen honen II. eranskinean azaltzen diren alderdiak baloratuko dira txosten horretan.

  8. Zuzendaritza-taldeak ondorengo gaiei buruzko aholkularitza eta informazioa emango dizkio praktiketako funtzionariei praktikaldian zehar:

    Ikastetxearen hezkuntza-proiektua eta curriculum-proiektua.

    Ikastetxearen urteko plana eta urteko memoria.

    AJA (ROF) eta elkarbizitza-plana.

    Ikastetxeko gobernu-organoen eta koordinazio didaktikoko organoen funtzionamendua.

    Hezkuntza-erkidegoaren parte-hartzea.

    Praktikaldia amaitzean, ikastetxeko zuzendariak txosten bat egingo du izangaiaren lanak merezi duen balorazioa adierazteko. Ebazpen honen I. eranskinean azaltzen diren alderdiak baloratuko dira txosten horretan.

  1. Izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxeko erreferentziako ikuskariak koordinatuko du praktiketako funtzionario-irakasleak ebaluatzeko prozesua, ezarritako prozeduraren arabera.

    Ikastetxeko zuzendaritzaren eta irakasle-tutoretzaren txostenak jasoko ditu, eta balorazio-txosten bat emango du, izangaiak egindako irakasle-lanari buruz. Horretarako aipatutako txostenak, bai eta I. eta II. eranskinetan adierazitako adierazleak ere kontutan izango ditu.

    Aldez aurretik, eta ezarritako prozeduraren arabera, ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzaileak izangaiaren praktikaldiari buruzko beharrezko informazio guztia jasoko du, bai eta egindako tutoretza-prozesuari buruzkoa ere, eta praktiketako funtzionarioaren irakaskuntza-jardueraren saioren baten garapena behatu ahal izango du.

    Ikastetxeko erreferentziako ikuskariak Kalifikazio Batzordeari bidaliko dizkio txosten guztiak.

    Gainera Batzordeak izangaiei azken memoria bat eskatu ahal izango die; horretan, egindako irakasle-praktika autoebaluatuko eta izandako zailtasunak eta jasotako laguntzak baloratuko dituzte.

  2. Kalifikazio Batzordeak izangaien azken ebaluazioa egingo du, irizpide hauen arabera:

    1. Praktiketako funtzionarioaren jarduerari buruz zuzendariak, irakasle-tutoreak eta ikastetxeko ikuskariak egindako txostenak, ebazpen honen I. eta II. eranskinen arabera.

    2. Izangaiaren azken memoria, Kalifikazio Batzordeak eskatuz gero.

      I. eta II. eranskinetan adierazitako adierazleekin edo praktikaldiaren araudian dauden baldintzekin erlazionatuta dagoen edozein beste dokumentazio osagarria.

    1. Hala badagokio, Hezkuntza Ikuskaritzak praktiketako funtzionarioaren ikasgela bisitatzean egindako oharren emaitza, haren irakaskuntza-eginkizuna bete bitartean.

      Egoki uste badute, Kalifikazio Batzordeak ikastetxeko Hezkuntza ikuskariari eskatu ahal izango dio izangaiaren praktiken garapenari buruzko txosten osagarri bat, Ebazpen honen I. eta II. eranskinetan azaltzen diren alderdietan oinarrituta. Eskaera berariaz egingo da eta ezarritako prozeduraren arabera, baldin eta zuzendariaren, irakasle-tutorearen edo ikuskariaren txostenak aipatutako eranskinetan ezarritako adierazleren batean ezezko edo gutxiegizko balorazioak baditu.

      Edozein kidegotako praktikako funtzionarioen kalifikazioa «Ez gai» izango da izangaia nahikotasun-mailetara heltzen ez bada dagozkion eranskinetan ezarritako adierazle guzti-guztietan.

  3. Emandako txostenak kontuan hartuta, kalifikazio Batzordeak izangaiaren azken ebaluazioa egingo du eta Langileak Kudeatzeko zuzendariari helaraziko dio praktiketako funtzionarioen zerrenda, dagokion kalifikazioekin.

  4. Praktikaldien kalifikazioa «gai» edo «ez gai» izango da. «Ez gai» kalifikazioa eman zaien praktiketako funtzionarioek, Langileak Kudeatzeko zuzendariak aldez aurretik jakinarazpen-data ondoren, bost eguneko epean, aditzera eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, alegazioak jarri ahal izango dizkiote kalifikazio horri, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Porzedura Erkidea onartzen duenak, 76. artikuluan xedatutakoaren arabera. Epe hori pasa ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak emango du ebazpena eta dagokion Kalifikazio Batzordeari eta interesdunari bidaliko zaie.

    Bigarrena. Kalifikazio batzordeak hilabeteko epean eratu beharko dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Kalifikazio batzordeek osatzeko, kide guztiek egon beharko dute, Langileak Kudeatzeko zuzendariak baloratu beharko dituen zirkunstantzia berezirik gertatu ezean. Batzordea osatzeko ekitaldiaren akta egingo da eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari bidaliko zaio.

    Hirugarrena. Kalifikazio batzordeek «gai» edo «ez gai» kalifikazioen behin betiko akta erredaktatu ahal izateko, batzordeburuak eta gainontzeko batzordekideen erdiak egon beharko dute. Edonola ere, batzordea eratu ondoren ezinbesteak bultzaturik edo ustekabeko arrazoiengatik batzordekideetako batzuk edo batzordeburua ezin badira agertu, Langileak Kudeatzeko zuzendariari eman beharko zaio horren berri eta behar dena erabakiko du.

    Laugarrena. Praktikak, oro har, amaitutzat joko dira eta ebaluatu egin ahal izango dira irakaskuntza zuzeneko egiazko sei hilabeteko zerbitzuak egin eta gero, gutxienez 2/3ko eguneko lanaldiarekin.

    Salbuespenezko kasuetan, praktiketako funtzionarioa aldi baterako ezintasun-egoeran, amatasun-bajan edo praktikaldiaren ohiko garapena eragozten dion ezinbesteko beste kasu batean badago (ezusteko eta saihetsezineko salbuespenezko egoera), eta Kalifikazio Batzordeak baloratu eta onartu ondoren, praktikaldiak gutxienez hiru hilabete eta egun bat izan beharko du jarraian (horietatik 60, gutxienez, zuzeneko irakaskuntzakoa izango da ikasgelan edo beste hezkuntza-testuinguru batean). Salbuespenezko kasu horietan, gutxienez 2/3koa izango da eguneko lanaldia. Kasu horietan, lehentasuna emango zaio ikuskaritzari bere irakaskuntza-jardueraren garapenaren saioren batera joateari.

    Kalifikazio Batzordeak egingo duen azken aktan ebaluazioa egin behar zaien praktiketako irakasle guztiak eta beren kalifikazioak agertuko dira. Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko zaizkio praktikak ebaluatzeko akta horiek.

    «Ez gai» kontsideratzen den izangaiak praktiketako funtzionario gisa hasi beharko du «Ez gai» izendatu eta hurrengo ikasturtean; praktikaldia behin bakarrik errepikatuko da. Hurrengo urtean deituko balitz kidego eta espezialitate bererako hautaketa-prozedura, sartu den promozio horretan, euren espezialitatean hautatutako azken izangaiaren hurrengo tokia beteko du zerrendan.

    Lanean hasten ez denak edo bigarrenez «Ez gai» kalifikazioa jasotzen dutenak karrerako funtzionarioaren izendapena jasotzeko eskubide guztiak galduko ditu. Ebazpen arrazoidun baten bidez, deialdia egin duen agintariak eskubide horien galera aldarrikatuko du.

    Bosgarrena. Praktikaldian, praktiketako funtzionarioei azterketa medikuak egiteko eskatu ahal izango du Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak, Kalifikazio Batzordearen proposamenez, irakaskuntzan behar bezala jarduteko baldintza fisiko eta psikikoak betetzen dituztela egiaztatzeko asmoz.

    Seigarrena. Langileak Kudeatzeko zuzendariari eskuduntzak ematen zaizkio, praktikaldi hau aurrera eramateko behar diren argibideak emateko.

    Zazpigarrena. Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.

    Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 24a.

    Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

    PATXI XABIER AIZPURUA TELLERIA.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)