Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2023ko urriaren 13koa, Hizkuntza Politikarako sailburuordearena, EAEko arlo sozioekonomiko pribatuan euskararen erabilera, kudeaketa eta konpromisoari loturiko Harrobi diploma berria lortzeko prozesua garatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 201
- Hurrenkera-zk.: 4793
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2023/10/13
- Argitaratze-data: 2023/10/20
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko 97/2023 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluetan adierazitakoa aintzat hartuz, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen bitartez EAEko arlo sozioekonomiko pribatuan Harrobi diploma lortzeko prozesuaren zenbait alderdi garatuko dira, honakoak kontuan hartuta:
Bikain egitasmoa 2007an sortu eta 2008an inplementatu zen lehenengoz. Hamar urte geroago, 2017ko 162/2017 Dekretuaren bidez, erakunde publikoen ezaugarrietara egokitu zen Bikain ebaluazio-prozesua. Hainbat urtetako kanpo-ebaluazioen ondoren eta hausnarketa sakon baten ostean, arlo publikorako eta pribaturako prozesu bereiziak egiteko beharra antzeman da, eta behar horri erantzunez argitaratu da 97/2023 Dekretua.
Dekretu horrek, halaber, arlo sozioekonomiko pribatuan aitortza-sistema osatzeko aukera ematen du. Izan ere, hainbat urtetako hausnarketaren ondoren eta eremu sozioekonomikoko eragile askorekin izandako parte hartze prozesu baten ondorioz, Eusko Jaurlaritzak abian jarri du «Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-2023», eta bertan, Bikaini lotutako helburu estrategikoa jasotzen du: «Ziurtagirien eskema egokitu, bezeroen aukerak zabaltzeko».
Helburu estrategiko horrek honako hau dio: «Gaur egun indarrean dagoen ziurtagiri eskema hizkuntzaren kudeaketan maila aurreratua duten erakundeei zuzenduta dago. Erakunde txiki edo baliabide gutxi dutenei zuzendutako eskaera maila baxuagoko aitortza-eskema edo sistema sortu beharko litzateke, harrera edo oinarrizko arreta euskaraz eskaintzen duten zerbitzu enpresentzat».
Hori horrela, euskararen kudeaketaren aitortza-sistema osatzea ahalbidetzen duen 97/2023 Dekretuaren babesean, ebazpen honen bidez arlo sozioekonomiko pribaturako Harrobi diploma berria lortzeko prozesua garatzen da.
Lehenengoa. Erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen 97/2023 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluek xedatzen dutena kontuan hartuta,
Bigarrena. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari emandako eskumenak ikusita,
Lehenengoa. Euskararen erabilera, kudeaketa eta konpromisoari loturiko Harrobi diploma eskuratzeko ebaluazio-prozesua garatzea.
Bigarrena. Ebazpen honen eranskinera jasotzea Harrobi aitortza-diplomaren helburuak, entitate hartzaileak, gobernantza moduak eta ebaluazio-prozesuan parte hartzeko izapideei buruzko informazioa.
Hirugarrena. Entitate interesdunei jakinaraztea, administrazio-bidea agortzen ez duen Ebazpen honen aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epearen barruan.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 13a.
Hizkuntza Politikarako sailburuordea,
MIREN DOBARAN URRUTIA.
Harrobi aitortza-diplomaren helburuak eremu pribatuan.
Aitortza-sistema osatzea, momentu jakin batean Bikain ziurtagiri-maila bat egiaztatzeko aukerarik ez duten erakundeetara egokitutako ebaluazioa eskaintzea eta horiek euskararekin duten konpromisoa aitortzea.
Esparru sozioekonomiko pribatuan euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa indartzea.
Bikain ziurtagirien harrobia sortzea, hots, euskararen erabileran eta kudeaketan lehen pausoak ematen ari diren erakundeak Bikainera bideratzea.
Euskararen erabilera areagotzeko eta kudeaketa sendotzeko dinamikan diharduten erakundeei ekarpen kualifikatuak jasotzeko aukera ematea, kanpoko adituen ebaluazioaren bitartez beren indarguneak sendotu, zer hobetuak begiz jo, eta aurrera egiteko oinarrizko orientabideak jaso ditzaten.
Honelako prozesuak abian dituzten erakundeei egindako lanaren eta ahaleginaren aitortza egitea eta berme instituzionala eskaintzea.
Ebazpenaren xedea.
Ebazpen honen bidez, 97/2023 Dekretuak sortzen duen Harrobi diploma eskuratzeko prozesua garatzen da, erakundeek euskararekin duten konpromisoa aitortzeko prozesua arautzen da, baita kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jaso nahi duten erakundeek egin behar duten eskabidea eta bete beharreko baldintzak ere.
Harrobi diplomaren indarraldia.
Harrobi diplomak hiru urteko balioa izango du gehienez ere, eta indarraldia diploma hori lortu ondoren erakundeari emango zaion logoan islatuko da. Diploma lortu izanaren ebazpena jakinarazten den urtea izango da logoan agertzen den lehena, eta bigarrenak diplomaren indarraldia bukatzen den urtea adieraziko du. Adibidez:
(Ikus .PDF)
Agiria eskuratu duen erakundeak ezingo du Harrobi berritzeko ebaluazioa berriro eskatu, harik eta diplomaren indarraldia bukatu arte, hau da, logoan agertzen den azken urtea bukatu arte. Erakunde horrek, ordea, Bikain-Euskararen Kalitate ziurtagiria eskuratzeko prozesuetako batean (oinarrizkoa eskuratzeko ebaluazio-prozesu sinplifikatua edo ohiko ebaluazio prozesua) parte hartu ahal izango du Harrobi ebaluazioari dagokion ebazpena eman eta 12 hilabeteko epea igaro ostean.
Harrobi aitortza-diplomaren erakunde hartzaileak.
Ekainaren 27ko 97/2023 Dekretuak, erakundeen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duenak, 2.1.a) artikuluan Harrobi ebaluazioa honako hauek eska dezaketela zehazten du: «Beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duten esparru sozioekonomikoko erakunde pribatuek, osorik edo partzialki».
Boluntarioekin jarduten duten elkarteek Harrobi ebaluazio-prozesua jaso ahal izango dute, eta boluntario horiek ere erakundearen partetzat hartuko dira ebaluaziorako.
97/2023 Dekretuaren 2.2 artikuluak ezarritakoa kontuan hartuta, erakunde bateko langileak sakabanatuta daudenean edota egitura, osaera eta antolaketa bereziki konplexua denean, kasu bakoitzean ebaluazioaren bideragarritasuna edo ebaluazioa egiteko modurik egokiena aztertuko da.
Erakunde baten egitura, osaera eta antolamendua bereziki konplexua dela ulertuko da erakundea egoitza batek baino gehiagok osatzen dutenean, lantoki bat baino gehiago duenean, edo ebaluazio-prozesua egitea eragozten duten ezaugarri bereziak dituenean.
Ebaluazioa eskatzen duten erakundeek gutxieneko autonomia izan behar dute ebaluatuak izan ahal izateko, hortaz, erakunde baten atal, unitate edo negozio bat aurkezten bada, ebaluazioaren bideragarritasuna aztertuko da. Azkenean, ebaluazioa egiten bada, matrizean edo zentralean kudeatzen diren eta erakunde osoaren funtzionamenduan eragiten duten gaiak ebaluatuko dira: hizkuntza-politika, irudia eta komunikazioa, kontratazioa, prestakuntza eta abar.
Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren gobernantza.
Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Jarraipen Batzordea.
97/2023 Dekretuaren 5. artikuluak Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Jarraipen Batzordea sortzen du. Berari dagokio aitortza-sistemaren koordinazioa, eta ondorengo eginkizun hauek izango ditu, besteak beste: esparru publiko eta sektore sozioekonomiko pribatuari dagokien aitortza-sistemaren zabalkundea egitea; bi sektore edo esparru horien arteko beharrezko koordinazioa bermatzea sistemaren koherentzia mantentze aldera, aitortza-sistemari jarraipena egitea eta beharrezko hobekuntzak inplementatzea.
Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Jarraipen batzordean bilduko dira, hizkuntza-politikaren eskumena duen sailburuordearen gidaritzapean, sektore publiko eta pribatuan hizkuntza-politikaren eskumena duten zuzendariak eta zuzendaritza horietako bina langile publiko.
Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Artezkaritza Kontseilua.
Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Artezkaritza Kontseilua partaidetza sozialeko organo aholku-emailea da, hizkuntza-politikaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikia, baina haren egitura hierarkikotik at dagoena.
Organo honetan parte hartuko duen erakunde bakoitzak proposatuko du bere ordezkaria, eta hizkuntza-politikaren eskumena duen organoak izendatuko ditu kide horiek.
Hona hemen Artezkaritza Kontseilua osatzen duten kideak:
Lehendakaritza: hizkuntza politikaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuordea.
Idazkaria: sektore sozioekonomiko pribatuan hizkuntza-politikaren eskumena duen zuzendaria.
Sektore publikoan hizkuntza politikaren eskumena duen zuzendaria.
Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatuta izendatutako kide bana.
Euskal Udalen Elkarteak (Eudel) proposatuta izendatutako kide bat.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) proposatuta izendatutako kide bat.
Euskal Enpresaren Konfederakuntzak (Confebask), Gipuzkoako Enpresen Elkarteak (ADEGI), Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak (CEBEK) eta Arabako Enpresak (SEA) proposatuta kide bana.
Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak (Konfekoop) proposatuta izendatutako kide bat.
Halaber, Artezkaritza Kontseiluan esku hartu ahal izango dute Artezkaritza Kontseiluak hala erabakita egoki iritzitako beste erakunde batzuetako ordezkariek ere, gehienez 20 kideko kopurura heldu arte.
Artezkaritza Kontseilua osatzeko edo horretan parte hartzeko pertsonak izendatu eta aukeratzean, trebakuntza, gaitasuna eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu behar da. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo bestelakoak hartuko dira.
Artezkaritza Kontseiluak hizkuntza politikaren eskumena duen organoko zerbitzu teknikoen laguntza izango du.
Artezkaritza Kontseiluaren funtzionamendua eta berau osatzen duten kideen ordezkapen-erregimena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean ezarritakoari lotuta egongo dira.
Honako hauek dira Artezkaritza Kontseiluaren eginkizunak:
Urteko ekintza-plana onartzea, Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistema zabaldu eta inplementatzeko.
Aholkuak ematea, hizkuntza-kudeaketaren ebaluazio- eta egiaztapen-ereduaren garapenari eta horrek dakartzan prozedurei dagokienez.
Jarraipena egin eta hobekuntza-jarduerak proposatzea, ezarritako ebaluazio-, egiaztatze- eta aitortza-sistema garatzeko.
Artezkaritza Kontseilua aldiro-aldiro bilduko da, hau da, bilkurak egitea, beharrezko irizten dionean; dena dela, urtean behin gutxienez bilduko da.
Ebaluazio-, egiaztatze eta aitortza-sistema honetan adituak diren teknikarien laguntza jaso ahal izango du Artezkaritza Kontseiluak. Teknikari horiek Eusko Jaurlaritzan hizkuntza politikaren eskumena duen arlokoak izango dira. Era berean, gai honetan adituak diren pertsonen laguntza jaso ahal izango du Artezkaritza Kontseiluak, bere egitekoak hobeto betetzeko, betiere egoki iritziz gero eta horretarako berariaz hartutako erabakiaren bidez.
Artezkaritza Kontseiluko kideek ez dute dietarik eta konpentsaziorik jasotzeko eskubiderik izango organo horretan parte hartzearen ondorioz izandako gastuengatik.
Harrobi aitortza-diplomaren kudeaketa.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak kudeatuko du Harrobi ebaluazio-prozesua.
Harrobi aitortza-diplomaren edukia.
Hizkuntza-kudeaketaren kalitatea ebaluatzeko eta egiaztatzeko sistemak oinarrian duen osagaia Erreferentzia Marko Estandarra (EME) da. EME lanerako markoa da, ez-arauemailea. Grafikoki, laguntza-koadro bat da erakundean hizkuntzaren presentzia eta erabilera (zerbitzuari eta lan-hizkuntzari dagokienez) zertan gauzatu ohi den adierazten duena modu eskematiko eta ordenatuan, baita erabilera-presentzia horien azpian dauden barne-mekanismoak eta kudeaketa ere.
Erreferentzia Marko Estandarraren (EME) edukia hizkuntza politikan eskumena duen sailburuak onartu zuen agindu bidez, eta www.euskadi.eus atarian argitaratuta dago. EME aldatu edo egokitu beharko balitz, sailburuordearen ebazpen bidez egingo litzateke eta EME berriak webgunean dagoena ordeztuko luke.
Erreferentzia Marko Estandarrak bi ardatz ditu:
Zerbitzu-hizkuntza.
Lan-hizkuntza.
Zerbitzu-hizkuntza da erakundeak irudian eta komunikazioan erabiltzen duena, eta lanpostuari dagozkion zereginak betetzerakoan herritarrekin ahoz, idatziz nahiz euskarri informatikoetan erabiltzen duena.
Lan-hizkuntza da erakunde bateko langileak lan jarduketan erabiltzen duen hizkuntza; hau da, erakundeko zereginak eta jarduerak egiteko ahoz, idatziz nahiz euskarri informatikoan erabiltzen duena: pertsonen kudeaketan, sistemen kudeaketan, komunikazio horizontal eta bertikalean, lan-prestakuntzan eta abar.
Bi ardatz horietan erakunde bateko hizkuntza baten erabileraren, presentziaren eta kudeaketaren berri ematen duten osagaiak modu ordenatuan eta integratuan jasotzen dira. Ardatz bakoitza elementu eta azpi elementuetan hedatzen da, orokorrenetik zehatzenera, erakundeei buruzko ikuspegi xeheagoa eman eta zer ebaluatu errazteko.
Harrobi aitortza-diplomaren oinarrian EME dago, baina prozesu honetan lehen mailako 6 elementuak aztertuko dira.
Ebaluatu beharreko gaiak eta ebaluazioan egiaztatu beharrezko gutxieneko baldintzak.
Harrobi diploma eskuratzeko ebaluazioan euskararen presentzia eta erabilera aztertuko dira, Erreferentzia Marko Estandarraren ardatz eta jardun-eremu nagusi bakoitzean erakundeak aitortutako egoera aztertuz eta langileen hizkuntza-gaitasuna kontuan hartuta.
Harrobi aitortza-diploma lortzeko, gutxieneko baldintza hauek bete beharko ditu erakundeak:
Zerbitzu-hizkuntzari dagozkion ondorengo bi elementuetako baldintzak bete beharko ditu:
Erakundearen irudian: ingurune digitalean, errotuluetan, publizitatean, jendaurreko ekitaldietan eta erakundearen irudia osatzen dutenetan euskararen erabilera gutxienez % 25ekoa izatea.
Herritarrekin harremanak: harrera egiteko eta idatzizko eta ahozko harremanetarako euskararen erabilera bultzatzeko irizpideak izatea, eta elementu hauetan gutxienez % 25ean euskaraz ere eskaintzea.
Lan-hizkuntzari dagozkion ondorengo elementuetan jasotako baldintzetatik bat bete behar du, gutxienez:
Barne komunikazioan eta lan-tresnak: lanari lotutako hizkuntza paisaian, langileen arteko ahozko eta idatzizko harremanetan, lan-tresna eta aplikazioetan euskara erabiltzeko pausoak ematea.
Pertsonen kudeaketa: gehien erabiltzen diren dokumentu eta komunikazioetako batzuetan euskara ere erabiltzea.
Kanpo harremanetan: irizpide batzuk izatea administrazioekin eta enpresa pribatuekin (bezero zein hornitzaileekin) euskara erabiltzeko, ahoz eta idatziz, eta harreman hauetan euskara erabiltzea % 15ean, gutxienez.
Kudeaketa-sistema: erakundeak euskarari lotutako helburuak izatea, irizpideak zehaztuta, ardurak banatuta eta baliabideak aurreikusita. Langileen hizkuntza-gaitasuna hobetzeko ekintzak izatea.
Prozesuan zehar, erakundeak aipatutako gutxienekoak betetzen dituen egiaztatuko dute ebaluatzaileek, eta hala bada, Harrobi diploma eskuratuko du.
Harrobi prozesuko ebaluatzaileak.
97/2023 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoari jarraiki, beste erakunde publiko edo pribatu batzuk homologatzeko aukera egongo da sektore sozioekonomiko pribatuko erakundeen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko.
Homologazio-prozesuaren baldintzak sektore pribatuan hizkuntza politikaren eskumena duen zuzendariaren ebazpen bidez zehaztuko dira.
Ebaluazio-prozesua eta faseak.
Establezimendu, enpresa edo erakundearen ordezkariak eskatu beharko du Harrobi aitortza-diploma eskuratzeko ebaluazioa, ebazpen honetan ezarritako prozedurari jarraikiz.
Kanpo-ebaluazioaren prozesuan hiru izango dira parte hartuko duten aldeak: ebaluazioa jasoko duen erakundea, ebaluatzailea eta Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.
Ebaluazio-prozesuaren fase nagusiak honako hauek izango dira:
Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak eskaerak aztertuko ditu eta ebazpen bidez jakinaraziko die erakundeei onartuak izan diren ala ez.
Onartutako erakundeek aurkezpen-dokumentua egin eta Bikain aplikaziora igoko dute.
Ebaluatzaileak kontrastea egiteko eguna hitzartuko du erakundearekin.
Kontraste bilera egingo da.
Ebaluatzaileak ebaluazio-txostena idatziko du eta erakundeak Bikain aplikazioaren bidez jasoko du.
Ebaluazio-prozesuak ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituzten erakundeek Harrobi diploma jasoko dute aplikazioaren bidez, eta iragarkia argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Harrobi diploma eskuratu duten erakundeei aitortza publikoa egingo zaie Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatutako ekitaldi publikoan.
Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak eta ebaluatzaileek aipatutako fase nagusi horien gaineko informazio osagarria unean-unean helaraziko diete entitateei, prozesua egoki burutu dadin.
Ebaluazio-prozesua amaitu eta gero, ebaluatzaileek txostena eta ebaluatutako erakundeek lortutako emaitzak eskuratuko dizkie Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari, eta zuzendariak ebazpen-proposamena egingo dio hizkuntza politikan eskumena duen sailburuordeari, ebaluatutako erakundeek egiaztatutako Harrobi diploma aitortzeko, eta horren ebazpena har dezan. Ebaluazio partzialen kasuan, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak hala jasoko du eratortzen diren agirietan.
Aldeek konfidentzialtasun-printzipioa gorde beharko dute.
Harrobi aitortza-diploma eskuratzeko kanpo-ebaluazioa jasotzeko erakundeek bete beharrekoak.
Hizkuntza-esparruko betebeharrak.
Ebaluatuak izateko onartzen diren erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:
Erakundeko plantillako pertsona bat solaskide izendatuko dute, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzarekiko nahiz ebaluatzaileekiko harremana bidera dezan prozesu osoan.
Aurkezpen-dokumentua ebaluatzaileek eskuratuko dieten ereduaren arabera osatuko dute. Agiri horren bitartez, erakundearen hizkuntza-egoera objektiboaren berri jasoko da, ebaluazio-prozesuarekin hasi aurretik.
Zerbitzu honek iraun bitartean ebaluatzaileen esku jarriko dituzte eskatzen zaien informazioa nahiz baliabideak, ebaluazio-prozesua egoki burutu dadin. Baldintza horiek betetzen ez badira, kanpo ebaluazio-prozesua eten ahal izango da.
Ebaluatzaileek zehaztuko dute ebaluatzeko onartuak diren erakundeekin erabiliko diren komunikazio- eta koordinazio-euskarriak.
Hizkuntza esparrukoak ez diren bestelako betebeharrak.
Beharrezko lege-nortasunez horniturik egon eta, aldi berean, dagokion erregistroan izen emanda izatea. Erakundearen lege-ordezkariak izendatuko du eskabidean zein diren ebaluatu behar diren guneak (negozio-unitateak edota lan-zentroak badira, adibidez). Eskabidean izendatu ez den gunerik ez da ebaluatuko.
Ziurtagirian agertzen den izenak bat etorri behar du ebaluatu denarekin. Ekainaren 27ko 97/2023 Dekretuaren 4. artikuluak adierazten du Aitortza erakundearen zati batek edo batzuek lortu badute, baina ez erakundeak bere osotasunean, agiriaren erabileran modu argian adierazi beharko dela nori dagokion, agiria erakunde osoari dagokiola ulertzeko biderik eman gabe.
Hurrengo hauek ezin izango dute ebaluazio-prozesuan parte hartu: dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren baten edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen baten menpe dauden eskatzaileek eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua dela bide debeku horrekin zigortuek, betiere zehapenean finkatutako epe-barrutian.
Erakunde eskatzaileak zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzaren ordainketak egunean izan behar ditu. Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluaren arabera. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezarri bezala. Kasu horretan, edo eskatzailearen helbide fiskala Espainiako Estatutik kanpo egonez gero, interesdunak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
Eskatzailea pertsona fisikoa izanez gero, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du Autonomoen Erregistroan edo dagokion elkargo profesionalean alta emanda dagoela eta Jarduera Ekonomikoen zerga-ordainketan alta emanda dagoela eta ez du eskatzaileen baimenik beharko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluaren arabera. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezarri bezala. Kasu horretan, eskatzaileak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
Kasuan-kasuan, eta beharrezko iritziz gero, ebaluatzaileak bilera batera deitu ahal izango ditu erakunde eskatzaileak, banaka, kanpo-ebaluazioaren perimetroa hitzartzeko. Hitzartzen den hori izango da ebaluatuko den perimetroa.
Izen-ematea eta gainerako izapideak.
Eskaeren izapidetzea.
Eskaera egiteko epea une oro egongo da zabalik. Entitate interesdunek bide elektronikoa erabili beharko dute prozedurako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan dioenari jarraituz. Halaber, eskatzaileei egin beharreko jakinarazpen, komunikazio eta eskabidearen ondoko bestelako izapideak bitarteko berberak erabiliz egingo dira.
Pertsona fisikoek ere bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskaerak. Horretarako, erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko ekainaren 27ko 97/2023 Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuko zaie.
Eskabidea modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak ondoko helbidean daude eskuragarri: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1230303
Eskaeraren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko http://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunearen bitartez egin beharko dira.
Erakundeek bete eta erantsi beharreko agiriak.
Eskatzaileek dagokion eskabidea ondo bete beharko dute.
Horretaz gain, entitateari buruzko honako agiri hauek ere erantsi beharko dituzte:
Administrazio honetako Erregistroetan dauden fundazioak, elkarteak edo kooperatibak badira, ofizioz konprobatuko du Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak.
Administrazio honetako Erregistroetan izena emanda ez badaude, honako agiri hauek: eratze-eskrituraren kopia, entitateko estatutuen kopia eta dagokion erregistro publikoan izen emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia.
Erregistratzera beharturik ez dauden entitateek sortzeko behar izan dituzten dokumentuak erantsi beharko dituzte.
Aipatutako dokumentazioa Administrazioan aurkeztu izan bada eta eskabidea egitean indarrean badago, eskabide-orrian dokumentazioaren ordezko adierazpena markatu ahal da, eta dokumentazioa noiz eta non aurkeztu zen adierazi.
Beharrezkotzat jotzen denetan, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak entitate eskatzaileari behar beste informazio eta dokumentazio eskatu ahal izango dio.
Aurkeztutako eskabidean egindako akatsen zuzenketa.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edota aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio entitate interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egiten duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
Eskaerak egitea eta ebaztea, eta ebaluazioa egiteko epea.
Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak eskaerak jaso eta aztertuko ditu, eta eskatzaileek ebaluazioa jaso ahal izateko ezinbesteko baldintzak betetzen dituztela eta aurkeztu beharreko dokumentazioa zuzen dagoela egiaztatuko du. Ondoren, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariaren ebazpen bidez, eskatzaileetako bakoitzari kanpo-ebaluazioaren prozesuan parte hartzeko eskaera onartua izan den edo ez. Eskabidea aurkeztu, eta handik hiru hilabeteko epean ebazpenik jasoko ez balitz, administrazio-isiltasunak eskaeraren ukapena adierazten duela ulertuko da. Nolanahi ere, ebaluazioa amaitzeko epea, gehienez ere sei hilabetekoa izango da onartua izanaren ebazpena jaso zenetik.
Ebazpenaren aldaketa.
Ebaluatuak izango diren erakundeak onartzeko garaian kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta aldaketa horrek baldintzaren bat ez betetzea ekarriko balu, erakunde horrek ebaluazioa jasotzeko eskubidea galduko du.
Bikain aplikazioa.
Harrobi diploma eskuratzeko prozesua Bikain aplikazioaren bidez kudeatzen da. Aplikazio honek hiru erabiltzaile mota ditu: eskaera egiten duen entitatea, ebaluatzailea eta Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.
Entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoa erabiliko du eskaera egiteko, baina behin eskaera onartu eta gero, Bikain aplikazioa erabili beharko du ebaluazio-prozesuari dagozkion lanak egiteko.
Ebaluatzaileek aplikazioaren bidez egingo dute ebaluazioari dagokion lana.
Halaber, ebaluazioa jasotzen duten entitateek aplikazioaren bidez eskuratuko dute ziurtagiria, eta bertatik bete beharko dute prozesuari lotutako inkesta.
Aplikazioan sartzeko estekak Eusko Jaurlaritzako www.euskadi.eus atarian daude.
Harrobi diploma aitortzeko ebazpena eta egiaztatutako erakundeen zerrenda argitaratzea.
Ebaluazio-prozesuak amaitu eta gero, ebaluatzaileek txostenak eta erakundeek lortutako emaitzak eskuratuko dizkiete Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari, eta zuzendariak ebazpen-proposamena egingo dio hizkuntza-politikan eskumena duen sailburuordeari ebaluatutako erakundeek egiaztatutako Harrobi diploma aitortzeko, eta horren ebazpena har dezan. Ebaluazio partzialen kasuan, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak hala jasoko du eratortzen diren agirietan.
Horren ostean, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, erakunde eskatzaile bakoitzari ebazpen bidez jakinaraziko dio Harrobi diploma eskuratu duen ala ez.
Azkenik, urtean behin, gutxienez, iragarki bat argitaratuko da EHAAn Harrobi aitortza-diploma eskuratu duten erakundeen zerrendarekin, horrek bere ondorioak sor ditzan. Informazio hori ere www.euskadi.eus atarian emango da.
Aitortza-agirien erabilera.
Harrobi diplomaren marka eta Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sisteman dauden gainerako aitorpenen markak, bai eta horiek adierazten dituzten irudiak eta ikurrak ere, Eusko Jaurlaritzarenak izango dira, eta haren izenean egongo dira inskribatuta.
Hau da Harrobi aitortza-diplomaren marka:
(Ikus .PDF)
Erakundeek Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren baitan aitorpenei dagokien iruditegia erabili ahal izango dute beren barneko zein kanpoko dokumentuetan. Halaber, eskubidea izango dute publizitatean, beren webguneetan, kontsumitzaileei eta bezero potentzialei zuzendutako komunikazio orotan txertatzeko, baita enpresa-komunikazioan ere.
Aitorpena erakundearen zati batek edo batzuek lortu badute, baina ez erakundeak bere osotasunean, agiriaren eta honen marken erabileran modu argian adierazi beharko da nori dagokion; agiria erakunde osoari dagokiola ulertzeko biderik eman gabe.
Harrobi diplomak hiru urteko indarraldia izango du, eta hori diploma lortu duen erakundeari emango zaion logoan islatuko da.
(Ikus .PDF)
Marken zein horiek adierazten dituzten irudi eta ikurren erabilera bat etorriko da abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuaren bidez onartutako Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan markentzako ezarrita dagoen araudiarekin.
Halaber, markek zein horiek adierazten dituzten irudi eta ikurrek Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak onartutako erakunde-nortasunaren berariazko eskuliburua edukiko dute, eta eskuliburu hori erakundearen eskura jarriko da behin aitortza-agiria egiaztatuta. Markaren zein horiek adierazten dituzten irudi eta ikurren erabilera egitean, eskuliburuan ezarritako jarraibideak bete beharko ditu erakundeak.