Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2023ko maiatzaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakia, baliabide ekonomikoak bideratzekoa desgaitasunak dituzten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko laguntzak finantzatzeko 2023an. Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusi ziren laguntzok.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 104
- Hurrenkera-zk.: 2595
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2023/05/26
- Argitaratze-data: 2023/06/02
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Ogasun; Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko maiatzaren 25eko saioan hartutako erabakiaren bidez, baliabide ekonomikoak bideratu ditu desgaitasunak dituzten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko laguntzak finantzatzeko 2023an. Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusi ziren laguntzok. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren n) apartatuan xedatutakoaren arabera (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak bigarrenez aldatzen dituen abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak finkatutako testua), organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.
Horregatik guztiagatik,
Lehenengoa. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2023ko maiatzaren 25eko saioan hartutako erabakia argitaratzen da, zeinaren bidez baliabide ekonomikoak bideratzen baitira desgaitasunak dituzten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko laguntzak finantzatzeko 2023an. Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusi ziren laguntzok.
Bigarrena. Jakinaraztea argitara ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Erabakiak ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena. Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 26a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.
Urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa (2019ko azaroaren 28ko EHAA, 227. zk.; huts-zuzenketa, 2020ko urtarrilaren 24ko EHAA, 16. zk.). Bada, dekretu horren II. kapituluaren 1. atalean arautzen dira, hain zuzen ere, desgaitasunak dituzten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko laguntzak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzen dituen Dekretua aldatzen duen ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuaren (uztailaren 6ko EHAA, 132. zk.) azken xedapenetako hirugarrenak dekretu hori aldatu du, eta organismo autonomo horretako Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari esleitu dio 168/2019 Dekretuan araututako laguntzak kudeatzeko eta ebazteko eskumena.
Dekretu hori xedapen orokorra da, indarraldi mugagabea duena. Dekretu horren 7. artikuluan berariaz adierazten denez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki baten bidez, urtero ezarriko da 1. atalean araututako laguntzak finantzatzera bideratuko diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa.
Desgaitasunak dituzten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko laguntzak aurreikusita daude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2023ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2022ko abenduaren 21eko bileran hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus. Dirulaguntza horiek lagungarri dira «Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako enplegurako aukera-berdintasuna eta merkatu arruntean benetako laneratzea lortzeko tresnak indartzea» helburu estrategikorako (planean aurreikusita dago), eta estaldura ekonomikoa ematen dute lan-merkatu arruntean desgaitasuna duten pertsonen kontratazio mugagabea bultzatzeko.
Abenduaren 23ko 15/2022 Legearen bidez onartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorrak, zeinetan jasota baitago laguntza hauek estaltzeko kreditua.
168/2019 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Dirulaguntzak emateko prozeduran errespetatu behar den publikotasun-printzipioa betez, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, jakinarazi behar da zein den laguntza hauek finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa; horrela, erabaki honen edukiaren berri emango da EHAAn, organismo autonomo honen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo horren administrazio-kontseiluak, 2023ko maiatzaren 25eko bilkuran, erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa. Baliabide ekonomikoak.
850.000 euro bideratuko dira desgaitasunak dituzten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko laguntzak finantzatzeko 2023an. Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren II. Kapituluaren 1. atalean arautu ziren laguntzok.
Laguntzen bolumen osoak ez du gainditu behar zenbateko hori edo, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketaren bat onartzen baldin bada, aldaketak dakarren igoera egin ondorengo emaitza. Eguneratzerik izango balitz, EHAAn argitaratu beharko litzateke, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
Desgaitasunak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean kontratatzeko emandako laguntzak Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuko ditu % 40an, Euskal Autonomia Erkidegoko EGIF 2021-2027 Programaren barruan.
Bigarrena. Desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean kontratatzeko laguntzen baldintzak eta entitate onuradunen betebeharrak, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren ondoriozkoak.
Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduan xedatua aplikatu behar zaie. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGIF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.
Urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren II. kapituluaren 1. atalean eta 71. artikuluan aurreikusitako betebeharrak bete beharko dituzte laguntzen onuradunek, betebehar hauek batez ere:
Berariaz aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketarekin batera Europako Gizarte Funtsarena jaso dela EAEko 2021-2027 EGIF Plus Programaren barruan, diruz lagundutako jarduketak jakinarazteko, zabaltzeko edo argitaratzeko material eta ekintza guztietan.
Gastuaren kontabilitate-erregistro bat bermatzea, kontabilitate-identifikazio bereizia edo kontabilitate-kode egokia duela.
Laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa duten aldetik, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2021eko ekainaren 24ko bilkuran onartu zuen 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 82.1 artikuluak araututako epean gordeko dira egiaztagiriak (eta dokumentu elektronikoak).
Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.
Dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotako webgunean.
Hirugarrena. Administrazio-isiltasuna.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluaren 9. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua, eskabidea aurkeztu eta sei hilabeteko epea igaro ondoren urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren 8.3 artikuluan dago aurreikusita epe hori ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira.
Laugarrena. Eskaeren aurkezpena.
Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa; horra iristeko, esteka bat egongo da, Lanbideren webgunean.
Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak helbide honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1037011
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta//web01-sede/eu
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ahalordeen erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak