Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2023ko abuztuaren 23koa, Hizkuntza Politikarako sailburuordearena, Euskaraz Barra-Barra bereizgarria establezimendu pribatuetan arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 169
- Hurrenkera-zk.: 4118
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2023/08/23
- Argitaratze-data: 2023/09/05
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Ebazpen honen bidez, Euskaraz barra-barra bereizgarria lortzeko prozesuaren zenbait alderdi garatzen dira, honako hauek kontuan hartuta:
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskararen lurralde osoan marka bakar bat erabiltzeko beharra sumatu zuen, eta, horren ondorioz, euskararen bereizgarri bateratu bat sortzeari ekin zion, bezeroei adierazteko bereizgarri hori erabiltzen duten establezimenduetan euskara lasai erabil dezaketela, ulertuko dietelako. Azken batean, proiektu berri honek jarraipena eman nahi dio Euskaraldiak euskararen erabilera sustatzeko duen asmo nagusiari, ez bakarrik ekitaldiak irauten duen hamabost egunetan, baizik eta urte osoan zehar.
Euskararen bereizgarri publiko horren helburua da bereizgarri hori duten establezimenduetan bezeroen hizkuntza-estresa murriztea edo ezabatzea, euskaldunak ikusgarri egiteaz gain, euskararen erabilera areagotu dadin. Proiektuaren asmoa da, beraz, bezeroei euskaraz komunikatzeko aukera ematen dieten establezimenduak identifikatzea. Ikusten denez, helburua «erabilerarekin» lotuta dago, eta ez euskararekiko atxikimenduarekin bakarrik, euskararen aldeko beste bereizgarri batzuekin gertatzen den bezala.
Oraindik ere, euskaldun asko establezimendu batera joaten dira eta gaztelaniaz hitz egiten dute euskaraz hitz egitera ausartzen ez direlako, baina bereizgarri berria ikustean jakingo dute dendan, tabernan, farmazian eta abarretan euskaraz hitz egin dezaketela, lokaleko langileek ulertu, behintzat, ulertzen dietelako.
Aitorpen berria ez da bakarrik Euskal Autonomia Erkidegorako proiektu bat, euskararen lurralde osorako proiektua baizik (EAE, Nafarroa eta Iparralde, Hiruko Itunari jarraiki). Horrela, euskaldunek irudi bakarra aurkituko dute euskaraz elkar komunikatzeko aukera modura. Bereizgarri berriaren proiektua proiektu iraunkorra izateko sortu da, hau da, epe luzera mantenduko den bereizgarria izateko. Era berean, bereizgarria akuilu modura jardutea lortu nahi da, hots, bereizgarriarekin hastea, eta, denborarekin, nahi izanez gero, hura erabiltzeko urrats gehiago ematen jarraitzea (errotulazioa, euskalduntzea...).
Establezimendu batek bereizgarri hori lortu nahi badu, egiaztatu beharko du euskaraz hizkuntza-gaitasuna duela, gutxienez, bezeroen ahozko mezuak ulertzeko, mezu horiek establezimenduaren jarduerari buruzkoak badira behintzat, eta establezimendua irekita dagoen une guztietan. Bestela esanda, bereizgarri berri hori eskatu eta lortu ahal izateko, mostradorearen edo leihatilaren beste aldean dagoenak ez du zertan «ahobizi» izan (ahoz euskal hiztun aktiboa); nahikoa da «belarriprest» izatea (ahoz ulertzeko gaitasuna du, baina euskaraz hitz egiteko ez); izan ere, bereizgarri berriarekin bermatu nahi da bezeroek bereizgarri hori duten establezimenduetan euskaraz lasai eta eroso hitz egin ahal izatea, gutxienez ulertuko zaiela jakinda.
Establezimendu batean jendaurreko langile bat baino gehiago badago, eta guztiek ez badute euskarazko arreta bermatzeko behar besteko hizkuntza-gaitasunik, protokolo bat eduki behar dute aurreikusita, euskara ulertzen duen pertsona batek gutxienez eta une oro euskaraz hitz egiten duten bezeroei arreta emateko.
Proiektu hau gauzatu da Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko euskararen sustapenari buruzko lankidetza-protokolo orokorraren barruan. Erakunde horiek arduratuko dira proiektua euskararen lurralde osoan hedatzeko behar diren kanpainak antolatzeaz, koordinatzea, jarraitzeaz eta ebaluatzeaz. Nolanahi ere, herri eta hirietako establezimenduetan bereizgarriak kudeatzeko erantzukizuna udal bakoitzeko euskara-zerbitzuei dagokie. Aldez aurretik erakunde guztietan zabalduko den gida metodologikoaren arabera, erakunde horiek bisitatuko dituzte establezimenduak, eta bereizgarri hori lortzeko baldintzak betetzen badira, haiek izango dira horren erabilera baimentzeko arduradunak. Era berean, establezimendu horien jarraipena egingo dute, eta, baldintzak betetzen ez direnean, bereizgarria kenduko diote kasuan kasuko establezimenduari.
Zuzenbideko oinarriak.
Lehenengoa. 2023ko uztailaren 12an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen ekainaren 27ko 97/2023 Dekretua, sektore publiko eta pribatuko entitateen jarduera eta kudeaketan euskararen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duena. Eta artikuluetan xedatutakoa kontuan hartuta, 97/2003 Dekretuaren 2., 3. eta 4. artikuluak.
Bigarrena. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren 16. artikuluak euskararen erabilera normalizatzearen arloan esleitzen dizkion eskumenak ikusita, honako hau
Lehenengoa. Euskaraz barra-barra bereizgarria establezimendu pribatuetan lortzeko ebaluazio-prozesu bat sortzea eta garatzea, entitate eskatzailearen egoera edo hizkuntza-ezaugarrietara egokitzeko.
Bigarrena. Ebazpen honen eranskinean Euskaraz barra-barra bereizgarria establezimendu pribatuetan zabaltzeko helburuei, hartzaileei, gobernantza-moduei eta izapideei buruzko informazioa ematea.
Hirugarrena. Interesdunei jakinaraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakiokeela Hizkuntza Politikarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 23a.
Hizkuntza Politikarako sailburuordea,
MIREN DOBARAN URRUTIA.
Eranskin honen xedea.
97/2023 Dekretuaren bidez, (sektore publiko eta pribatuko entitateen jarduera eta kudeaketan euskararen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duena, hain zuzen, Dekretuaren 3., 4. eta 5. artikuluei jarraikiz) Euskaraz barra-barra bereizgarria establezimendu pribatuetan zabaltzeko helburuei, hartzaileei, gobernantza-moduei eta izapideei buruzko informazioa ematea.
Euskaraz barra-barra bereizgarria zabaltzearen helburuak.
Bezeroekin komunikazio zuzena duten esparru sozioekonomiko pribatuko enpresa eta establezimenduetan euskaldunei hizkuntza estresa ekiditeko bereizgarria sortzea.
Enpresa eta establezimenduen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistemaren oinarrizko bereizgarria arautzea, momentu horretan euskara ziurtagiriak edo aitortza-diplomak lortzeko pausoa egin nahi edo ezin duten enpresa eta establezimenduetara egokituta.
Euskararen erabilera sektore sozioekonomiko pribatuan areagotzea.
Ikasketak euskaraz egin dituzten langileei euskaraz ere lan egiteko aukera ematea.
Euskarazko eskaerari ere erantzun dakiokeela adierazteko marka bateratu bakarra abian jartzea, bezeroekiko harremana duten edonolako establezimenduetan, izan aurrez aurrekoak edo digitalak (merkataritza, ostalaritza, turismoari lotutako zerbitzuak, bestelako erakundeak...).
Euskaraz barra-barra bereizgarria establezimendu pribatuetan.
Ebazpen honen edukiak establezimendu pribatuetan aplikatuko dira. Ebazpen honen aplikazio eremutik kanpo geratzen dira sektore publikoko entitateak. Azken horiek 3/2022 Legea, maiatzaren 12koa, Euskal Sektore Publikoarenak definitzen dituenak dira.
Euskaraz barra-barra bereizgarriaren hartzaileak.
Bereizgarri honen hartzaileak industria, finantza, zerbitzu eta merkataritza jarduera egiten duten entitateak dira. Entitate onuradun horiek jendaurreko establezimendu fisiko edo elektronikoetan jarriko dute bereizgarria, betiere azken hauetan zerbitzu telefonikoa ematen bada. Entitate horien tamaina eta jabetza mota guztietakoa izan daiteke.
Euskaraz barra-barra bereizgarriaren gobernantza.
Euskaraz barra-barra bereizgarri-sistemaren eragileak.
Establezimendu pribatuak dauden udaletako Euskara Zerbitzuek dute ahalmen osoa Euskaraz barra-barra bereizgarria zein establezimendu pribaturi eman erabakitzeko, aitortzaren jarraipena egiteko eta baita bereizgarria erabiltzeko aukera kentzeko ere, gutxieneko baldintzak betetzen ez diren kasuetan.
Euskaraz barra-barra bereizgarria udalerri bakoitzean zein establezimendu pribatuk duten jakin behar du Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen organoak. Horretarako, erregistro bat eta aplikazio bat sortuko ditu.
Euskaraz barra-barra bereizgarriaren kudeaketa organo nagusia.
Euskaraz barra-barra bereizgarriaren kudeatzaile nagusia Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Artezkaritza Kontseilua izango da.
Euskaraz barra-barra bereizgarria eskuratzeko kontuan hartzekoak.
Euskaraz barra-barra bereizgarria eskuratzeko gutxieneko baldintza da dena delako establezimendu pribatuan, irekita dagoen bitartean, bezero euskaldunaren mezuak ulertzea, alegia, bezeroa hizkuntza aldatzera ez behartzea.
Establezimendu pribatuak identifikatuko lirateke bereizgarriarekin; dagokion udalerriari egoki irudituz gero, establezimenduaz gain, bereizgarri horrekin saltzaileak edo arreta ematen dutenak ere identifikatu ahal izango dira.
Bereizgarriaren estilo liburu bat egongo da marka honen erabilera azaltzeko. Marka leku eta produktuetan nola erabili ahal izango den zehaztuko da estilo liburu horretan.
Euskaraz barra-barra bereizgarriaren zabalkunde lana.
Bereizgaria zabaltzeaz tokian tokiko euskara zerbitzuak arduratuko dira.
Merkataritza eta enpresa zentro handiez euskararen normalizazioaren ardura duen Eusko Jaurlaritzako organoa arduratuko da, dagokien sektore publiko eta pribatuko entitateekin koordinatuta.
Euskaraz barra-barra bereizgarria lortzeko prozesuaren faseak.
Udalak Euskaraz barra-barra bereizgarriarekin bat egin, eta webgunean alta emanda egon beharko du.
Udalak Euskaraz barra-barra bereizgarriari buruzko informazioa zabalduko die interesatuta egon daitezkeen establezimenduei:
Bereizgarria zer den.
Eskatzeko baldintzak zeintzuk diren:
Jende aurreko establezimendua izatea.
Irekita dagoenean, une oro, bezeroei euskaraz berba egiteko eta ulertuak izateko aukera ematea.
Aurreko baldintzak eman ez diren udalerrietan establezimendu pribatu, enpresa edo erakundearen ordezkariak eskatu beharko dio udalari Euskaraz barra-barra bereizgarria eskuratzeko prozesua abiatzea, udalak ezarritako bidea erabilita.
Udalak establezimendu eskatzaileek baldintzak betetzen dituztela ziurtatzeko sistematika garatuko du.
Udalak establezimendu eskatzailearen hizkuntza egoera ebaluatu ondoren, erabakia hartu eta eskatzaileari jakinaraziko dio.
Udalak aitortza berri bakoitzaren datuak helaraziko dizkio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza edo hizkuntza politikan ardura duen organoari, azken honek jarritako aplikazioan, Euskaraz barra-barra bereizgarriaren erregistroa eguneratzeko, betiere 3/2018 Lege Organikoari men eginez, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Baldintzak betez gero, udaleko euskara zerbitzuak markarekin lotutako material guztia eskuratuko dio establezimenduari, Euskaraz barra-barra bereizgarriaren irudiak establezimenduan jartzeko.
Udalak aitortza berri bakoitzaren datuak helaraziko dizkio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza edo hizkuntza politikan ardura duen organoari, azken honek jarritako aplikazioan, Euskaraz barra-barra bereizgarriaren erregistroa eguneratzeko.
Aitortza eman eta establezimenduan Euskaraz barra-barra bereizgarria emateko baldintzak aldatzen badira eta establezimendua ez bada gauza bereizgarriak eskatzen duena ziurtatzeko establezimenduak udalari jakinaraziko dio eta bereizgarria kendu egingo du. Honen berri ere emango dio udalak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza edo hizkuntza politikan ardura duen organoari, azken honek jarritako aplikazioan, Euskaraz barra-barra bereizgarriaren erregistroa eguneratzeko.
Euskaraz barra-barra bereizgarriaren irudia jarrita daukan establezimenduaren kontra kexak badaude markaren baldintzak betetzen ez dituelako, Udaleko Euskara Zerbitzuak kexa aztertu eta hala izan dela egiaztatzen badu, edozein momentutan bereizgarriaren irudia kentzeko aukera egongo da. Era berean, Udaleko Euskara Zerbitzuak aldizkako behaketak egingo ditu marka duten establezimenduen artean, baldintzak betetzen direla ziurtatzeko eta, horiek bete ezean, bereizgarriak kentzeko.
Marka bakarrik jarri ahalko da Euskaraz barra-barra bereizgarria lortzeko baldintzak betetzen dituzten ataletan, ez denda osoan, ez bada denda osoan betetzen direla baldintzak.
Zerbitzu hori tartean, aldeek konfidentzialtasun-printzipioa gorde beharko dute.
Establezimenduen betebeharrak.
Beharrezko lege-nortasunez horniturik egon eta, aldi berean, dagokion erregistroan izen emanda izatea.
Ezin izango dute ebaluazio-prozesuan parte hartu: dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren baten edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen baten menpe dauden eskatzaileak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea dela bide debeku horrekin zigortuak ere, betiere zehapenean finkatutako epe-barrutian.
Sektore publikoko eta pribatuko entitateen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistemaren ekitaldia (urteko Bikain ekitaldia).
Establezimenduen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko antolatzen den ekitaldian Euskaraz barra-barra urte hartan duten entitate guztiei, multzoan nolabait, errekonozimendua egingo zaie, eta horretarako behar diren formulak bilatuko dira.