Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 9koa, Langileak Kudeatzeko zuzendariarena, zeinaren bidez prozedura baterako deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendariaren karguan jarduteari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan ezarritakoaren ondorioz zuzendariaren kargua bete duten petsonentzat.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 6
  • Hurrenkera-zk.: 96
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/11/09
  • Argitaratze-data: 2021/01/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legeak ikastetxe publikoetako zuzendarien esku uzten du ikastetxeen kudeaketa orokorraren eta funtzionamenduaren ardura, eta bereziki nabarmentzen du irakaskuntza-jarduerari eman behar dioten arreta. Lege horrek zuzendariaren irudia indartzeko asmoa adierazten du eta, horretarako, eginkizun horiek betetzeko behar den prestakuntza duten langileak sustatu nahi ditu.

Hain zuzen, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendaritza-lana arautzen duten oinarrizko printzipioak, zuzendaritza-karguen eskumenak eta egitekoak, zuzendariak hautatzeko prozedura eta zuzendaritza-funtzioaren aintzatespena ezarrita daude bi lege hauen bidez: 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa; eta 3/2008 Legea, ekainaren 13koa, Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legea aldatzen duena.

Lege horiek ezarritakoa betetzeko, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuak Hezkuntza Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko, eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak izendatzeko eta kargugabetzeko prozedura arautzen du.

Dekretu horretako 18. artikuluak arautzen du ebaluatuko direla izendatutako zuzendariek nola betetzen duten kargua eta nolako jarduerak egiten dituzten, betiere izendapenaren agintaldia betetzen badute. Laur urterako izendatzen dira, eta dekretu horrek berak arautzen duen prozedurari jarraituz hautatu.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 22. artikuluan ezartzen denez, Lanbide Heziketako ikastetxe publiko integratuetako (Hezkuntza Sailaren mendekoetako) zuzendari, ikasketa-buru eta idazkariak agintaldiaren amaieran ebaluatuko dira, hots, lau urteko agintaldiaren amaieran, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan eta hura garatzen duten xedapenetan ezartzen den prozedurari jarraikiz.

Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 139. artikuluan, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan egindako zuzendaritza-lana aitortzen du. Artikulu horren 4. paragrafoak dio ezen, ikastetxe publikoetako zuzendariek, hezkuntza-administrazio bakoitzak finkatzen duen denboraldian kargua balioespen positiboarekin betetzen badute, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dutela aktibo dauden bitartean; betiere, hezkuntza-administrazioek finkatutako neurriak, baldintzak eta betekizunak errespetatuta.

Halaber, Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, 33 sexies artikuluko 4. paragrafoan, ekainaren 13ko 3/2008 Legearen laugarren artikuluak xedapen horretarako arautu duen idazketan, hau ezartzen du: Euskal Eskola Publikoko ikastetxeetako zuzendariek, arau bidez finkatzen den denboraldian kargua balioespen positiboarekin bete badute, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dutela aktibo dauden bitartean, betiere, araudi bidez finkatutako neurriak, baldintzak eta betekizunak errespetatuta.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 22. artikuluak zehazten duenez, zuzendariek, balioespen positiboarekin bete badute kargua, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dute aktibo dauden bitartean, betiere urriaren 16ko 204/2012 Dekretuaren bidez ezarritako prozedurari eta zenbatekoei jarraituz.

Horrenbestez, urriaren 16ko 204/2012 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen zuzendariaren karguari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko modua arautu zen. Ordainsari-osagarri hori zuzendariaren kargua betetzen duten pertsonek jasoko dute, betiere, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuak zuzendariak hautatzeko arautzen duen prozesuari jarraituz izendatuak izan badira.

Urriaren 16ko 204/2012 Dekretuan ezarri ziren berariazko ordainsari-osagarriaren zati hori finkatzeko baldintzak, adituen bateraezintasunak, prozedurak eta zenbatekoak. Izan ere, 4. artikuluaren arabera, Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen batean ezarritako deialdian adieraziko da zein den eskariak aurkeztu eta ebazteko prozedura. Deialdi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Horrenbestez, hau

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren urriaren 16ko 204/2012 Dekretuarekin bat etorriz (2012ko urrriaren 26ko EHAA), deialdi bat egiten da. Deialdi horren helburua da: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendariaren karguan jarduteari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko prozedura abiatzea. Otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan ezarritakoaren babespean deitutako hautaketa-prozesuen ondorioz zuzendariaren kargua bete duten pertsonek jasoko dute berariazko ordainsari-osagarriaren zati hori (22/2009 Dekretuaren bidez, Hezkuntza Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak izendatzeko eta kargugabetzeko prozedura arautzen da).

Deialdi honetako aitortza lortzeko, urriaren 16ko 204/2012 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dira:

  1. Eskabidea aurkeztea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako Saileko Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenean ezartzen den moduan eta epean, dekretu honen 4. artikuluan aipatuta.

  2. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko bateko zuzendari izendatua izatea, 4 urterako, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretua aplikatuz deitutako merezimendu-lehiaketa baten ondorioz.

  3. Zuzendariaren kargua bete izana izendapenaren agintaldi guztian.

  4. Zuzendariaren kargua betetzearen gaineko ebaluazio positiboa izatea, karguan jardun duen denboraldiari dagokionez.

  5. Izendapenaren denboraldia amaitu izana.

    Kalterik egin gabe dekretu horren lehenengo xedapen gehigarrian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 22.3 artikuluan xedatutakoari.

Eskatzaileek ebazpen honen eranskineko eskabidea bete beharko dute (I. eranskin orokorra; edo II. eranskina, baldin eta zuzendari izan badira bategite-, integrazio-, zatiketa- edo eraldaketa-prozesu baten ondorioz desagertutako ikastetxe batean). Eranskin bat aurkeztu beharko dute, finkapena eskatzen den aldi bakoitzeko. Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu behar dira eskabideak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein erregistrotan.

Eskabidea aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritzek sail horretako Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari bidaliko dizkiote jasotako eskabideak, txosten batekin batera, non zehaztuko baita eskatzaileek deialdiko helburuak betetzen dituzten ala ez.

Hezkuntza Sailaren Langileak Kudeatzeko zuzendariak, eskabideak eta dagokien txostena jaso ondoren, berariazko ebazpen bat emango du, deialdi honi jarraituz eskatutako finkapena onartu edo ukatzeko. Aldeko ebazpena emanez gero, finkatutako osagarria ordaintzeko edo atzeratzeko proposamena egingo du, 204/2012 Dekretuaren hirugarren apartatuan ezarritako bateraezintasun-araubidea aplikatuta.

Ebazpen horren aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Eskatzaileek emandako datu pertsonalak deialdi hau kudeatzea xede duen datu pertsonalen fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategi horren ardura Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzarena da, eta haren aurrean baliatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, eramateko, aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua Datu pertsonalak babesteari buruzko eta jabetza publikoko datu pertsonalen fitxategiei buruzko legedian ezarritakoaren araberakoa izango da (3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa, eta 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa).

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

ERREKURTSOAK

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan, 112.1 artikuluari dagokionez.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 9a.

Langileak Kudeatzeko zuzendaria,

BLANCA MARIA GUERRERO OCEJO.

(Ikus .PDF)