Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2020ko abenduaren 7koa, Plangintza eta Antolaketako zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko 2021. urteko probetarako deialdia.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 3
- Hurrenkera-zk.: 34
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2020/12/07
- Argitaratze-data: 2021/01/07
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Hezkuntza
- Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Lanbide Heziketako heziketa-zikloetara sartzea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 2.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak heziketa-zikloetara sartzeko proba baterako deialdia egingo du gutxienez urtean behin.
Hori dela eta, honako hau
Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko 2021. urteko probetarako deialdia egiten da, irakaskuntza horietara zuzenean sartzeko betekizun akademikoak betetzen ez dituztenentzat.
Plaza-kopuru hauek sartzen dira deialdian: erdi-mailako probarako, bostehun plaza, eta, goi-mailako probarako, mila plaza.
Erdi-mailako edo goi-mailako probetarako eskatzaileen kopurua txikiagoa bada dagokion kuporako iragarritako plaza-kopurua baino, soberakin hori erabili ahal izango da beste kupoan eskaera gehiegi egonez gero.
Ebazpen honetan aipatzen diren datak eta epeak ebazpenaren 12. artikuluan dagoen taulan ezarritakoak dira.
Ebazpen honetan aipatzen diren zerrendak Ikasgunean eta izena emateko edo erreferentziazko ikastetxeko idazkaritzan kontsultatu ahal izango dituzte izangaiek.
Eskaera-kopurua handiagoa bada deialdian jasotako plaza-kopurua baino, lehentasun-ordena ezarriko da, lehentasun-irizpide hauen arabera:
a Aurreko bi urteetako deialdietan Euskal Autonomia Erkidegoko sarrera-probaren zatiren bat gainditu izana, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 5. artikuluko 3. puntuaren arabera.
a Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Erantsitako errolda-ziurtagirian agertzen dena hartuko da.
a Antolamendu alfabetikoa, abizenen eta izenaren arabera. Antolamendu hori «V» letratik hasiko da, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2020ko otsailaren 7ko Ebazpenean zehaztutakoaren arabera. Ebazpen horren bidez, 2020-2021 ikasturtean ordezkapenetarako hautagaiak kudeatzeko prozesuan ordena alfabetikoa zehaztuko duen letraren zozketaren emaitza argitaratu zen, bai eta 2020-2021 ikasturtean zehar iragar daitekeen beste edozein hautaketa-prozesutan ere.
Proba horiek egiteko eta, hala badagokio, dagozkien salbuespenak lortzeko, izangaiek izena emateko aldian izena eman beharko dute eta salbuespenak eskatu, kasu bakoitzean dagokion dokumentazioa erantsita.
Honako bi era hauetako batean aurkeztu ahal izango dira eskabideak:
Eranskinean adierazitako zentroetan, interesduna identifikatu ondoren.
Online, Ikasgunearen bitartez (https://ikasgunea.euskadi.eus).
Probak euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dira.
Inskribatzeko unean, egiaztatuko da interesdunak baliozko erabiltzailea eta pasahitza dituela Ikasgunean.
Eranskinean jasotako inskripzio-ikastetxeek honako hauei buruzko informazioa emango diete interesdunei: sartzeko baldintzak, salbuespen-eskaerak, prozesuaren datak, proben edukia eta proba horiekin lotutako gainerako informazioa.
Ikasturte berean, pertsona batek ezin izango du sarrera-probetarako izena eman autonomia-erkidego batean baino gehiagotan. Baldintza hori betetzen ez bada, inskripzioa baliogabetu egingo da. Betekizun hori betetzen dela azaltzen duen zinpeko adierazpena jasoko du matrikula eskatzeko dokumentuak.
Online eginiko eskaeretarako, izena emateko unean entregatu beharko da dokumentazio guztia, eta, aurrez aurrekoetan, izena emateko epea amaitu arte aurkeztu ahal izango da. Honako dokumentazio hau aurkez daiteke:
Gehienez 3 hilabeteko antzinatasuna duen erroldatze-ziurtagiria: aurkeztu ezean edo behar bezala aurkeztu ezean, baremazioan ezingo da lehentasunik lortu irizpide horrengatik.
Hala badagokio, tasei nahiz azterketa-zatiei dagokienez eskatutako salbuespenak justifikatzeko dokumentazioa: aurkeztu ezean edo behar bezala aurkeztu ezean, ez da geratuko salbuetsita dagozkion azterketa-zatietatik.
Izena emateko epea amaitu ondoren, eta parte hartzeko eskaerak eta tasak eta azterketaren zati batzuk salbuesteko eskaerak aztertu ondoren, honako zerrenda hauek argitaratuko dira:
Ordainketa egin aurretik onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.
Proben zatietarako salbuespenen behin-behineko zerrenda.
Ondoren, zerrenda horiei erreklamazioak egiteko epea irekiko da, bai izena emateko ikastetxeen idazkaritzan, bai Ikasgunearen bidez.
Erreklamazioak aztertu ondoren, honako hauek argitaratuko dira:
Ordainketa egin aurretik onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.
Proben zatietarako salbuespenen behin betiko zerrenda.
Ordainketa egin aurretik onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, azterketa-eskubideak ordaindu beharko dira. Matrikula dagokion prezio publikoa ordaindu ondoren bakarrik izango da eraginkorra.
Inskripzio-frogagirian agertzen den web-helbidean (URL) edo inskripzio-ikastetxeko idazkaritzan eskuratu beharko da ordainketa-gutuna.
Hezkuntza-arloan eskumena duen saileko sailburuaren 2013ko uztailaren 10eko Aginduaren 6. artikuluaren arabera horren bidez, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dira:
Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko probarako aplikatu beharreko prezio publikoa 18 eurokoa izango da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu betegina onartzeko irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak aipatzen dituen modalitateen bitartez ordaindu ahal izango da. Kreditu-erakunde kolaboratzaileek lagunduko dute horretan.
Prezio publikoaren salbuespenak eta hobariak:
Lanbide Hastapeneko bigarren maila batetik datozen ikasleak prezio publikotik salbuetsita egongo dira.
Prezio publikotik salbuetsita egongo dira, halaber, kategoria bereziko familia ugarietako ikasleak, bai eta Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 25. artikuluan jasotako kasuetan dauden ikasleak ere.
Prezio publikoaren % 50eko hobaria izango dute kategoria orokorreko familia ugarietako ikasleek.
Azterketa-eskubideak ordaindu ondoren, ikastetxe bakoitzeko eskatzaileen kopuruaren arabera, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak berresleipenak egin ahal izango ditu ikastetxeen artean. Berresleitutako ikasleen espedienteak berresleitzearen ondorioz dagokien ikastetxeetara bidaliko dira. Interesduna inskribatu den ikastetxea arduratuko da lekualdaketa hori egiteaz.
Jarraian, ordainketa egin ondoren onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta, zerrenda horretan, pertsona bakoitzari probak egiteko esleitu zaion ikastetxea adieraziko da. Une horretatik aurrera, ikastetxe hori izango da proba horiek egiteko erreferentziazko zentroa.
Prozesuaren faseen jarraipena interesdunek egingo dute, Ikasgunerako sarbide pertsonalaren bidez; horrez gain, izena emateko edo erreferentziazko ikastetxearen idazkaritzan ere kontsultatu ahal izango da.
Prozesuari buruzko informazio orokorra Lanbide Heziketako web-orrian eskuratu ahal izango da: www.euskadi.eus/fp-lh
Probak non egingo diren:
Azterketa-eskubideak ordaindu ondoren onartutakoen behin betiko zerrendan pertsona bakoitzari adierazi zaion lekuan egingo dira probak.
Probak egingo diren ikastetxeetako zuzendaritzen ardura izango da tokiak antolatzea eta proben antolaketa ikuskatuko duten langileak nortzuk izango diren zehaztea. Halaber, ikastetxe horietako idazkaritzek proben kalifikazio-aktak zainduko dituzte.
Probei buruzko gainerako agiriak, deialdi bakoitzari dagozkion ariketak barnean direla, aplikatu beharreko araudiaren arabera gordeko dira.
Probak lantzea.
Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 2. artikuluaren arabera:
Probak eta ebaluazio-irizpideak komunak izango dira ikasle guztientzat, eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak zehaztuko ditu.
Ebaluazio-batzordeak eratuko dira zehaztutako ikastetxe publikoetan.
Hezkuntza Ikuskaritzak egingo ditu prozesuaren gaineko ikuskaritza- eta aholkularitza-lanak.
Adierazitako egunean argitaratuko dira behin-behineko emaitzak. Une horretatik aurrera, erreklamazioak egin ahal izateko epea irekiko da, bai Ikasgunearen bitartez, bai erreferentziazko ikastetxeko idazkaritzan.
Erreklamazioak aztertu ondoren, adierazitako egunean argitaratuko dira proben behin betiko emaitzak.
Proba osoa gainditu duten ikasleek ziurtagiria eskuratu ahal izango dute. Horretarako, Ikasgunean sartu beharko dute, edo erreferentziazko ikastetxeko idazkaritzan jaso ahal izango dute.
Proben prozesu osoaren datak honako hauek dira:
(Ikus .PDF)
Azterketen zatien datak eta orduak honako hauek dira:
(Ikus .PDF)
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan arautzen ez den guztirako, prozedura-arloan osagarri gisa aplikatuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
Proben garapenarekin eta edukiarekin lotutako beste gai batzuetarako, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduan xedatutakoa bete beharko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 7a.
Plangintza eta Antolaketako zuzendaria,
NICOLÁS SAGARZAZU ALZUA.
(Ikus .PDF)