Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 9koa; Langileriak Kudeatzeko zuzendariarena, zeinaren bidez deialdi bat egiten baita, helburu duena Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendari-karguan jarduteari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko prozedura abiatzea. Otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan ezarritakoaren ondorioz zuzendari-kargua bete duten pertsonek jasoko dute berariazko ordainsari-osagarriaren zati hori.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 17
- Hurrenkera-zk.: 389
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2019/01/09
- Argitaratze-data: 2019/01/24
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa
Testu legala
Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legeak ikastetxe publikoetako zuzendarien esku uzten du ikastetxeen kudeaketa orokorraren eta funtzionamenduaren ardura, eta bereziki nabarmentzen du irakaskuntza-jarduerari eman behar dioten arreta. Lege horrek zuzendariaren figura indartzeko asmoa adierazten du, eta, horretarako, eginkizun horiek betetzeko behar den prestakuntza duten langileak sustatu nahi ditu.
Hain zuzen, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendaritza-lana arautzen duten oinarrizko printzipioak, zuzendaritza-karguen eskumenak eta egitekoak, zuzendariak hautatzeko prozedura eta zuzendaritza-funtzioaren aintzatespena ezartzen dira honako bi lege hauen bidez: 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa; eta 3/2008 Legea, ekainaren 13koa, otsailaren 19ko 1/1993 Legea, Euskal Eskola Publikoarena, aldatzen duena.
Lege horiek ezarritakoa betetzeko, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuak Hezkuntza Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko, eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak izendatzeko eta kargugabetzeko prozedura arautzen du.
Dekretu horretako 18. artikuluak arautzen du ebaluatuko direla izendatutako zuzendariek nola betetzen duten kargua eta nolako jarduerak egiten dituzten, betiere izendapenaren aginte-aldia betetzen badute. Laur urterako izendatzen dira, dekretu horrek berak arautzen duen prozedurari jarraituz hautatuak izan baitira.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 22. artikuluan ezartzen denez, Lanbide Heziketako ikastetxe publiko integratuetako (Hezkuntza Sailaren mendekoetako) zuzendari, ikasketa-buru eta idazkariak agintaldiaren amaieran ebaluatuko dira, hots, lau urteko agintaldiaren amaieran, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan eta hura garatzen duten xedapenetan ezartzen den prozedurari jarraikiz.
Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 139. artikuluan, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan egindako zuzendaritza-lana aitortzen du. Artikulu horren 4. paragrafoak dio, ikastetxe publikoetako zuzendariek, hezkuntza-administrazio bakoitzak finkatzen duen denboraldian kargua balioespen positiboarekin betetzen badute, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dutela aktibo dauden bitartean; betiere, hezkuntza-administrazioek finkatutako neurriak, baldintzak eta betekizunak errespetatuta.
Halaber, Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, 33 artikuluko 4. paragrafoan, ekainaren 13ko 3/2008 Legeko laugarren artikuluak xedapen horrentzat arautu duen idazketan, honako hau ezartzen du: Euskal Eskola Publikoko ikastetxeetako zuzendariek, arau bidez finkatzen den denboraldian kargua balioespen positiboarekin bete badute, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dutela aktibo dauden bitartean, betiere, araudi bidez finkatutako neurriak, baldintzak eta betekizunak errespetatuta.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 22. artikuluak zehazten duenez, zuzendariek, balioespen positiboarekin bete badute kargua, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dute aktibo dauden bitartean, betiere urriaren 16ko 204/2012 Dekretuaren bidez ezarritako prozedurari eta zenbatekoei jarraituz.
Horrenbestez, urriaren 16ko 204/2012 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen zuzendari-karguari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko modua arautu zen. Ordainsari-osagarri hori zuzendari-kargua betetzen duten pertsonek jasoko dute, betiere, zuzendariak hautatzeko otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuak arautzen duen prozesuari jarraituz izendatuak izan badira.
Urriaren 16ko 204/2012 Dekretuan ezarri ziren berariazko ordainsari-osagarriaren zati hori finkatzeko baldintzak, bai eta dituen bateraezintasunak, prozedurak eta zenbatekoak ere. Izan ere, 4. artikuluak esaten duenez, Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen batean ezarritako deialdian adieraziko da zein den eskariak aurkeztu eta ebazteko prozedura. Deialdi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Horrenbestez, hau
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren urriaren 16ko 204/2012 Dekretuarekin bat etorriz (2012ko urrriaren 26ko EHAA), deialdi bat egiten da, helburu duena Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendari-karguan jarduteari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko prozedura abiatzea. Otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan ezarritakoaren babespean deitutako hautaketa-prozesuen ondorioz zuzendari-kargua bete duten pertsonek jasoko dute berariazko ordainsari-osagarriaren zati hori (22/2009 Dekretuaren bidez, Hezkuntza Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak izendatzeko eta kargugabetzeko prozedura arautzen da).
Deialdi honetako aitortza lortzeko, honako hauetan ezarritako betekizunak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epean: urriaren 16ko 204/2012 Dekretuaren 2. artikuluan, dekretu horren lehenengo xedapen gehigarrian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 22.3 artikuluan ezarritakoak.
Eskatzaileek ebazpen honetako eranskinean bildutako eskabidea bete beharko dute (I. eranskin orokorra; edo II. eranskina, baldin eta zuzendari izan badira bat-egite-, integrazio-, zatiketa- edo eraldaketa-prozesu baten ondorioz desagertutako ikastetxe batean). Eranskin bat aurkeztu beharko dute, finkapena eskatzen den aldi bakoitzeko. Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu behar dira eskabideak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein erregistrotan.
Eskabide-orria aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Behin eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritzek sail horretako Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari bidaliko dizkiote jasotako eskabideak, txosten batekin batera, non zehaztuko baita eskatzaileek deialdiko helburuak betetzen dituzten ala ez.
Hezkuntza Sailaren Langileak Kudeatzeko zuzendariak, eskabideak eta dagokien txostena jaso ondoren, berariazko ebazpen bat emango du, deialdi honi jarraituz eskatutako finkapena onartu edo ukatuko duena. Aldeko ebazpena emanez gero, finkatutako osagarria ordaintzeko edo atzeratzeko proposamena egingo da, 204/2012 Dekretuaren hirugarren apartatuan ezarritako bateraezintasun-araubidea aplikatuta.
Ebazpen horren aurka egiteko, gora-jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Eskatzaileek emandako datu pertsonalak deialdi hau kudeatzea xede duen datu pertsonalen fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategi horren ardura Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzarena da, eta haren aurrean baliatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, eramateko, aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak (Donostia 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua Datu pertsonalak babesteari buruzko eta jabetza publikoko datu pertsonalen fitxategiei buruzko legedian ezarritakoaren araberakoa izango da (3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa, eta 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa).
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
ERREKURTSOAK
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan, 112.1 artikuluari dagokionez.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 9a.
Langileak Kudeatzeko zuzendaria,
JON KARLOS AGUIRRE HUERGA.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: 204/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendari-karguaren berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzekoa.
- Ikus: 22/2009 DEKRETUA, otsailaren 3koa. Honen bitartez, prozedura arautzen da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendaria aukeratzeko, eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoak izendatzeko eta kargua uzteko.