Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

1208/2022 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mende dauden zerbitzu-erakundeetako profesionalei dagokien ezohiko deialdiko lanbide-garapeneko maila aitortzeko baldintzak, eskaerak eta prozedura arautzen diren.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 122
  • Hurrenkera-zk.: 2889
  • Xedapen-zk.: 1208
  • Xedapen-data: 2022/06/02
  • Argitaratze-data: 2022/06/24

Testu legala

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lan egiten duten lizentziadun sanitarioen, diplomadun sanitarioen eta langile ez-sanitarioen eta lanbide-heziketako profesional sanitarioen lanbide-garapena arautzen duten azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari dagokio langileak mailetan kokatzeko ebaluazio-prozesuaren deialdia egitea.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren abenduaren 29ko 1930/2011 eta 1931/2011 ebazpenek araututako lanbide-garapeneko deialdiak ebatzi ondoren ematen da ebazpen hau. Ebazpen horien bidez, hain zuzen, 2011ko ekitaldiari dagokion lanbide-garapeneko mailaren esleipena arautzen da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko profesionalentzat.

Ohiko eta ezohiko deialdi horiek bertan behera geratu ziren Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren maiatzaren 8ko 558/2014 Ebazpenaren bidez; ebazpen horretan, hain zuzen, deialdiok bertan behera uztea erabaki zen egoera ekonomikoa zela-eta eta aurrekontu-legeak aplikatuz.

558/2014 Ebazpen horren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zen, eta Administrazioarekiko Auzien Vitoria-Gasteizko 1. Epaitegiaren irailaren 28ko 246/2017 Epaia eman zen. Epai horrek partzialki baietsi zuen administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eta onartu zuen deialdietan parte hartu zuten Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek eskubidea zutela deialdiak ebatz zitezen, harik eta maila egokiak esleitu arte, parte-hartzaile bakoitzari zegokion maila esleituz, ondorio ekonomikorik gabe.

Abenduaren 18ko 243/2017 Autoaren bidez agindutako epai hori behin-behinean betez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak otsailaren 1eko 36/2018 Ebazpena eman zuen, eta haren bidez etendako deialdiak amaitzeko jarduketak hasi ziren. Dena dela, deialdi horiek etenda egon arte egindako jarduketa guztien baliozkotasunari eutsi zioten.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren maiatzaren 9ko 225/18 Epaiak langileei aitortu zien karrera profesionalarengatiko ordainsariak jasotzeko eskubidea, zegozkien atzerapenak barne.

Lanbide-garapeneko mailak ebaluatzeko eta esleitzeko prozesuak amaituta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren 2018ko azaroaren 30eko 1250, 1251, 1252 eta 1253 ebazpenen bidez (2018ko abenduaren 17ko EHAA 241. zk.), ebaluazio-prozesuaren ondoriozko lanbide-garapeneko mailaren behin betiko esleipena argitaratu zen.

Abenduaren 29ko 1930/2011 eta 1931/2011 ebazpenen bidez araututako deialdiak dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan egindako azkenak, eta, lanbide-garapenaren maila ebaluatzeko eta esleitzeko prozesuak etetearen ondorioz sortutako egoera konpontzeko, beharrezkoa zen ezohiko deialdi bat egitea, etenak askotariko kolektibo profesionalengan dituen ondorioak kontuan hartuko dituena.

Horregatik, Osasuneko Mahai Sektorialean, negoziazio-prozesu baten ondoren, 2021eko uztailaren 8an egindako bileran, akordio bat sinatu zen LAB, CC.OO. eta UGT sindikatuekin, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko profesionalen lanbide-garapenerako ezohiko deialdi horren mailak eta ordainketa-ondorioak eskatzeko baldintzak, moduak eta epea eta esleitzeko prozedura arautzeko. Ebazpen honetan araututako prozesuaren deialdia jasotzen da bertan.

Maiatzaren 10eko 60/2022 Dekretuaren bidez, Osasuneko Mahai Sektorialak 2021eko uztailaren 8an egindako bileran adostutako Akordioa onartu zen.

Ebazpen hau, beraz, etetearen ondorioz deialdirik egon ez dela kontuan hartuta eman da, eta helburua da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko kolektibo profesionalei eman dituzten zerbitzu-urteekin bat datorren lanbide-garapeneko maila bat esleitzeko aukera ematea, erakundeari emandako esperientzia kontuan hartuta eta profesional bakoitzari maila hori eskuratzeko eskatutako zerbitzu-urteak betetzearen arabera aitortuz. Maila horiek, hain zuzen, azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2005 Dekreturen eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 4. artikuluan daude ezarrita.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta azaroaren 22ko 395/2005 Dekretua, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretua, abenduaren 26ko 248/2007 Dekretua, ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren eranskineko 5. apartatuan jasotako aldaketa aplikagarriak eta 2022ko maiatzaren 10eko 60/2022 Dekretua, Osasuneko Mahai Sektorialak 2021eko uztailaren 8an adostutako Akordioa onartzen duena,

Ebazpen honen xedea da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileentzako lanbide-garapenerako deialdi honetan parte hartzeko baldintzak, eskatzeko modua eta epea eta maila aitortzeko prozedura arautzea. Izan ere, ebazpen hau etetearen ondorioz deialdirik egon ez dela kontuan hartuta eman da. Hala, helburua da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko kolektibo profesionalei eman dituzten zerbitzu-urteekin bat datorren lanbide-garapeneko maila bat esleitzeko aukera ematea, erakundeari emandako esperientzia kontuan hartuta eta profesional bakoitzari maila hori eskuratzeko eskatutako zerbitzu-urteak betetzearen arabera aitortuz. Maila horiek, hain zuzen, azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2005 Dekreturen eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 4. artikuluan daude ezarrita.

Prozesu honetan parte hartzea eskatu ahal izango dute Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanbide-talde guztietako profesional finkoek eta ez-finkoek, baldin eta, Ebazpenaren 3. artikuluan ezarritako eskakizunez gain, baldintza hauetakoren bat ere betetzen badute:

  1. Eskaerak aurkezteko ezarritako epean Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeetan aktibo egotea edo eszedentzian egotea senideak zaintzeko, genero-indarkeriagatik edo zerbitzu berezietan, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legean ezarritakoaren arabera.

  2. 2019ko urtarrilaren 1ean aktibo egotea eta data horren ostean inaktibo egotea heriotzagatik, erretiroagatik edo ezintasun iraunkorragatik (halako kasuetan, langilea ofizioz sartuko da deialdian) edota zerbitzu-eginkizunetan egotea Osasun Sistema Nazionaleko beste osasun-zerbitzu batean.

  3. Langile ez-finkoak, ez daudenak aktibo deialdiaren eskaera-epean baina Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan gutxienez 6 hilabetez lan egin dutenak eskaera egiteko epea hasi aurreko 12 hilabeteetan.

    Ezohiko deialdi honen salbuespenezko izaera kontuan hartuta, eta administrazio-jarduerek jarraitu behar duten eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioei jarraikiz, 395/2005, 35/2007 eta 248/2007 dekretuetan ezarritako zerbitzu-urteen eskakizuna betetzen duten lanbide-garapeneko mailetako edozein eskatu ahal izango da, hurrengo artikuluan ezarritako kalkuluaren arabera, eta ez da beharrezkoa izango aurretiko maila aitortua izatea, ezta, aitortutako maila baino goragoko maila bat eskatzeko, beheragoko mailan denbora-tarte jakin bat egotea ere.

    Langile finkoek jabetzako lanpostua duten lanbide-taldean eskatuko dute maila. Langile ez-finkoek, aldiz, eskaera-epean aktibo dauden lanbide-taldean egingo dute maila-eskaera, edo, artikulu honen 3. puntuan jasotako kasuan, aktibo egon diren taldean. Era berean, honako kontsiderazio hauek aplikatuko dira:

    1. 2014-2015eko eta 2016-2017ko EPE-etan barne-sustapeneko txandaren bidez plaza lortu dutenek bi aukera izango dute deialdi honetan lanbide-garapena eskatzeko: batetik, eskaera egiteko unean duten kategoriatik, eta, bestetik, aipatutako hautaketa-prozesua baino lehen zeukatenetik.

    2. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lanbide-talde batean baino gehiagotan lan egin duten langile ez-finkoek emandako zerbitzuen baldintzak betetzen dituzten edozein taldetan eskatu ahalko dute lanbide-garapeneko maila, baldin eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan gutxienez 6 hilabete eman badituzte aktibo talde horretan eskaera egiteko epea hasi aurreko bi urteetan.

      Lanbide-garapenaren maila eskatzea borondatezkoa da, eta interesdunak egiaztatu beharko du baldintzak betetzen dituela edo baldintza horiek eskaerak aurkezteko epearen barruan betetzeko moduan dagoela, artikulu honetan adierazitako ofiziozko eskabideetan izan ezik.

Azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan eta ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren eranskinaren 5. apartatuan eta Osasuneko Mahai Sektorialaren 2021eko uztailaren 8ko bileran adostutako akordioa onartzen duen maiatzaren 10eko 60/2022 Dekretuan jasotzen denaren arabera, honako baldintza hauek ezartzen dira lanbide-garapeneko maila aitortzeko deialdi honetan parte hartzeko:

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko erakundeetan zerbitzuak emateari dagokionez, honako baldintza hauek ezartzen dira:

  1. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lanpostua jabetzan duten langile finkoek egiaztatu beharko dute benetan eman dituztela zerbitzuak Osakidetzan maila lortu nahi duten kategorian, eta zerbitzu horiek gutxienez urtebetekoak izan direla, zerbitzu aktiboan edota senideak zaintzeko, genero-indarkeriagatiko edo zerbitzu bereziengatiko eszedentzian, deialdiko eskaera-epea hasi aurreko azken hiru urteetan.

  2. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langile ez-finkoek, ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuak ezartzen duen bezala, egiaztatu beharko dute benetan eman dituztela zerbitzuak Osakidetzan maila lortu nahi duten kategorian, eta zerbitzu horiek gutxienez urtebetekoak izan direla, zerbitzu aktiboan edota senideak zaintzeko, genero-indarkeriagatiko edo zerbitzu bereziengatiko eszedentzian, deialdiko eskaera-epea hasi aurreko azken hiru urteetan.

  3. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan enplegu finkorik ez duten langileek gutxienez hiru urtez eman behar izan dituzte zerbitzuak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan deialdiko eskaera-epea hasi aurreko bost urteetan.

    Maila lortzeko behar diren emandako zerbitzuak kalkulatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan:

    1. Osasun Sistema Nazionalean edo Europar Batasuneko estatu kideetako osasun-sistemetan antolakuntzaren eta funtzioen aldetik integratutako erakunde sanitarioetan zerbitzu aktiboan edo eszedentzian egotea senideak zaintzeko, genero-indarkeriagatik edo zerbitzu berezietan:

      1. Azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren eta otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren bidez araututako lanbide-talde sanitarioen kasuan, honako hauek hartuko dira kontuan:

        Aitorpena eskatzen den kategoriako (eta, hala badagokio, espezialitateko) edo lanbide-talde bereko beste kategoria batzuetako lanpostu funtzionalak betetzea, betiere lan hori egiteko lizentziadun edo diplomadun mailako titulu sanitarioa (edo baliokidea) eskatzen bada. Ez dira kontuan hartuko Osasun Zientzietako espezialisten titulu ofizialak lortzeko prestakuntza-urteak, salbu eta zerbitzu berezietan izan badira.

        Ikerketa-zentro ofizialetan edo Osasun Sistema Nazionalari atxikitako erakundeetan ikerlari gisa emandako zerbitzuak, lizentziadun edo diplomadun mailako eta dagokion espezialitateko titulu sanitarioa (edo baliokidea) eskatzen duen kontratuarekin.

      2. Abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuari jarraikiz araututako lanbide-talde ez-sanitarioen eta lanbide-heziketako lanbide-talde sanitarioen kasuan, honako hauek hartuko dira kontuan:

        Aitorpena lortu nahi den kategoriako edo beste kategoria batzuetako lanpostu funtzionalak betetzea, betiere lanbide-talde berekoak edo goragokoak badira.

        Osasun Ministerioaren 1984ko ekainaren 14ko Aginduan ezarritakoaren arabera, «Erizaintzako laguntzaile espezialista» gisa teknikari espezialistaren funtzioetan emandako zerbitzuak kontuan hartuko dira lanbide-garapenerako.

        Lanbide-garapena eskatzen den lanbide-taldean emandako zerbitzuei, baldin eta talde horretan gutxienez bost urte betetzen badira, Osasun Sistema Nazionalean edo Europar Batasuneko estatu kideei dagozkien osasun-sistemetan emandako zerbitzuak gehitu ahal izango zaizkie, honako balio hauen arabera:

        (Ikus .PDF)

    2. Beste administrazio publiko batzuetan lanbide-garapeneko maila aitortzeko eskatzen den kategorian/lanbide-taldean emandako zerbitzuak % 50ean baloratuko dira.

Parte-hartzaile bakoitzak eskaera bakarra egin beharko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Lanbide Garapeneko aplikazio informatikoaren bidez (https://dp.osakidetza.eus/ helbidean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean dago erabilgarri). Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak jarriko ditu, bere zerbitzu-erakundeen bitartez, paragrafo honetan adierazitako moduan eskabidea aurkezteko behar diren baliabide informatikoak.

Profesionalak 2021eko abenduaren 31n bete beharko ditu lanbide-garapeneko mailara iristeko baldintzak, bai eta zerbitzuan emandako urteak ere.

Ebazpen hau indarrean jartzen denetik, eskatzaileek 20 egun balioduneko epea izango dute eskabidea eta dagokion dokumentazioa bete eta aurkezteko, artikulu honetan ezarritakoaren arabera.

Profesionalak Lanbide Garapeneko aplikazioan egingo du eskabidea, eta, hala badagokio, Osasun Sistema Nazionaleko beste osasun-zerbitzu batzuetan edo beste administrazio batzuetan emandako zerbitzuak erregistratu eta egiaztatuko ditu Curriculum Vitae aplikazioan. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik kanpo emandako zerbitzuak baliozkotuta dituzten pertsonek alegatutako zerbitzu berriak baino ez dituzte erregistratu beharko, eta baliozkotzeko behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Kanpoan emandako zerbitzuak baliozkotzeko, jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eta, konpultsa horretan, data, izen-abizenak eta konpultsaren arduradunaren sinadura irakurgarria jasoko dira. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak EAEn ofizialak ez diren hizkuntzetan aurkeztutako dokumentuen zinpeko itzulpena eskatu ahalko dio interesdunari.

Ez dira zenbatuko erabiltzaileak eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren Curriculum Vitae aplikazioan sartu edo aldatu dituen zerbitzuak.

Aurkeztutako eskaeran, dokumentazioan edota informazioan datu faltsurik aurkituz gero, ezereztatu egingo da eskabidea; horrez gainera, ez zaio uko egingo bestelako lege-neurriak hartzeari.

Lanbide Garapeneko aplikazioan eskaera bete ondoren, profesionalek egindako eskabidearen frogagiria lortu eta artxibatu ahalko dute.

Prozesuan onartua izateko, dagokion eskabidea eta egiaztagiriak behar den epean eta moduan bete eta aurkeztu behar dira.

Zerbitzu aktibokoa ez den beste egoeraren batean daudenek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetan edo Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan aurkeztu beharko dute dokumentazio hori, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritako bideen bitartez.

Osakidetzakoa aplikazioko (https://osakidetzakoa.osakidetza.eus) Datu pertsonalak atalean adierazitako helbideak bakarrik balioko du jakinarazpenetarako, eta eskatzailearen erantzukizuna izango da helbide hori beteta edukitzea, bai eta edozein aldaketa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari jakinaraztea ere.

Ezohiko deialdi honen salbuespenezko izaera kontuan hartuta, lanbide-garapeneko I., II., III. eta IV. mailak aitortuko dira eskaera egiten den lanbide-taldean emandako zerbitzu-urteen baldintzak betetzearen arabera, 2007ko abenduaren 22ko 395/2005 Dekretuaren 4. artikuluan eta 2007ko otsailaren 27ko 35/2007 eta 248 dekretuetan ezarritakoari jarraikiz; hots, 5 urte I. mailarako, 11 urte II. mailarako, 18 urte III. mailarako eta 25 urte IV. mailarako.

Lanbide-garapeneko maila esleitzeari dagokionez, emandako zerbitzuen zenbaketa ebazpen honen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da.

Ezohiko deialdi honetan, honako hau izango da lanbide-garapeneko mailak esleitzeko prozedura:

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak maila-esleipenaren behin-behineko proposamena egingo die deialdi honetan parte hartzeko baldintzak eta maila lortzeko zerbitzu-urteak betetzen dituzten profesionalei, eskaera egiteko epea hasten den egunean eskuragarri dauden datuetan oinarrituta.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak egindako behin-behineko esleipen-proposamen horri dagokionez, eskatzaileak honako aukera hauek izango ditu:

  1. Maila behin-behinean esleitzeko proposamena onartu ahalko du, eta maila behin betiko esleituko zaio.

    Eskatzaileak berariaz adierazten badu ados dagoela Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak egindako behin-behineko esleipen-proposamenarekin, esleipen hori behin betikotzat joko da, eta maila behin betiko esleituko zaio profesionalari.

    1. Eskatzaileen lanbide-garapeneko mailak behin betiko esleitzeko ebazpena.

      Eskatzaileek behin-behineko esleipena onartu ondoren, lortutako mailaren behin betiko esleipena egingo da.

      Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak esleitutako mailaren behin betiko zerrenda EHAAn argitaratzea aginduko du, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak egindako maila behin-behinean esleitzeko proposamena onartu duten eskatzaileei dagokiena.

      Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpena hori EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Maila behin-behinean esleitzeko proposamena ez onartzea erabaki ahal du.

    Eskatzaileak uste badu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak egindako proposamena ez dela zuzena edo ez baletoz bat berak eskura dituen datuak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak egindako proposamenean aurkezten direnak, berrikusteko edota zuzentzeko eskaera egin beharko du, horretarako prestatutako formularioaren bidez.

    1. Lanbide-garapeneko mailak esleitzeko behin-behineko ebazpena.

      Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak egindako proposamenarekin ados ez daudenek aurkeztutako eskabideak berrikusi egingo dira, eta pertsona horiek maila lortzeko baldintzak eta emandako zerbitzu-urteak betetzen dituztela egiaztatuko. Horren ondoren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak, ebazpen bidez, egiaztatutako mailen behin-behineko zerrenda Osakidetzaren webgunean argitaratzeko aginduko du.

      Lanbide-garapeneko mailak esleitzeko Giza Baliabideen zuzendariaren behin-behineko ebazpen horren aurka, erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira. Horretarako, hamar egun balioduneko epea egongo da, ebazpena Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

      Epearen barruan eta behar bezala aurkeztutako erreklamazioak lanbide-garapeneko mailak esleitzeko behin betiko ebazpenaren bidez onartu edo baztertuko dira.

    2. Lanbide-garapeneko mailak esleitzeko behin betiko ebazpena.

      Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak aginduko du EHAAn argitaratzeko maila behin-behinean esleitzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak egindako proposamena onartu ez eta deialdi honen 5. artikuluko 2. aukera hautatu zuten eskatzaileen maila-esleipenaren behin betiko zerrenda.

      Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuan lizentziadun sanitarioentzat ezarritako zenbatekoak eta ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuan gainerako lanbide-taldeentzat ezarritakoak dira lanbide-garapeneko maila bakoitzari dagozkionak, dagozkien eguneratzeekin.

Esleitutako mailaren ordainsari-ondorioak honako hauek izango dira:

2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, baldin eta aitortzeko eman beharreko zerbitzu-urteak 2018ko abenduaren 31n bete badira.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, baldin eta eman beharreko zerbitzu-urteak 2019ko abenduaren 31n bete badira.

2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, baldin eta eman beharreko zerbitzu-urteak 2020ko abenduaren 31n bete badira.

2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, baldin eta eman beharreko zerbitzu-urteak 2020ko abenduaren 31n bete badira.

Azken hiru kasuetan, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, deialdi honetan onartutako mailaren aurre-aurreko mailari dagokion zenbatekoa ordainduko da, betiere interesduna maila hori jasotzen ari ez bada.

Goragoko mailako titulu-talde bateko kategoria batean lanpostu finko bat lortzen duten langileek, aldez aurretik lanbide-garapeneko maila jakin bat aitortuta badute, garapen-maila horri dagokion zenbatekoaren baliokidea den ordainsari-osagarria mantenduko dute, kategoria berrian garapen-maila horren zenbatekoa gainditzen duen garapen-maila aitortu arte.

Aitortutako azken mailari dagokion zenbatekoa bakarrik jaso ahal izango da, eta ezingo da aldi berean jaso garapen-osagarria lanbide-kategoria batean baino gehiagotan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz xedatu ez den guztirako aplikagarriak izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lan egiten duten lizentziadun sanitarioen, diplomadun sanitarioen, langile ez-sanitarioen eta lanbide-heziketako profesional sanitarioen lanbide-garapena arautzen duten azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuan, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuan eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuan jasotako arauak, baita 2008ko ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren 5. apartatuan jasota dauden egokitzapenak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, bi hilabeteko epean, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 2a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (7)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.