Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

98/2023 DEKRETUA, uztailaren 4koa, zeinaren bidez Plaiaundi Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua eratzen baita, Plaiaundi Bigarren Hezkuntzako Institutua, Hezkuntza Sailaren titularitatekoa, eraldatzearen ondorioz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 136
  • Hurrenkera-zk.: 3476
  • Xedapen-zk.: 98
  • Xedapen-data: 2023/07/04
  • Argitaratze-data: 2023/07/18

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, irakaskuntza Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da, bere luze-zabalean, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, betiere bazter utzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua, artikulu hori garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30.a artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenak, eta hori betetzeko eta bermatzeko behar den goi-ikuskaritza ere.

Lege-agindu hori garatuz, abenduaren 30eko 3195/1980 Errege Dekretuak eskumenak ematen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoak sortu, eraldatu, handitu, batu, sailkatu eta kentzeko (3195/1980 Errege Dekretuaren bidez osatzen da Estatuak irakaskuntzaren arloan dituen zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko prozesua).

Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren xedea da Lanbide Heziketako sistema bakar eta integratu bat eratu eta antolatzea (2022ko apirilaren 1eko BOE). Legeak 78. artikuluan ezartzen duenez, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek lanbide-heziketako eskaintzak eman ahal izango dituzte, besteak beste, aldez aurretik administrazio-baimena emanda eta erregistroan izena emanda. 79. artikuluan, lanbide-heziketako eskaintzak emateko baimena duten zentro guztien funtzionamendu-araubidea ezartzen da, eta adierazten da lanbide-heziketako zentroen espezializazioa, zentro integratuen sorrera eta haien arteko espezializazio adimenduneko sareen sorrera bultzatuko direla.

Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen II. kapituluan jasotzen da lanbide-heziketako euskal sistema integratua. Kapitulu horretan bertan adierazten denez, lanbide-heziketako ikastetxeen sarea da sistema horretako tresnetako bat. II. kapituluaren hirugarren sekzioan, lanbide-heziketako eskaintza integratua deskribatzen da; eskaintza horren oinarrian, ikastetxe-sare zabal bat dago, hasierako eta enplegurako lanbide-heziketa eskainiko duena. Sare horretan, lanbide-heziketako ikastetxe integratuak daude, besteak beste. Ikastetxe integratuek irakaskuntza hauek eskainiko dituzte prestakuntza-jardueretan: hasierako lanbide-heziketari dagozkionak; langileen laneratzeko eta birlaneratzeko ekintzei dagozkienak, eta etengabeko prestakuntzari dagozkionak, lanean dabiltzan langileentzat direnak. Ikastetxe integratuek, baimenduta dituzten lanbide-familiei edo -arloei dagokien prestakuntza-eskaintzaz gainera, lanbide-informazioko eta -orientazioko zerbitzuak eskainiko dituzte, eta, hala badagokio, baita beste ikaskuntza ez formal batzuen bidez edo laneko eskarmentuaren bidez kualifikazioen eta lanbide-heziketaren sistema nazionalaren esparruan lortutako gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuak ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak 8.2 artikuluan ezartzen duenez, hezkuntza- eta enplegu-arloko sailen mendeko lanbide-heziketako ikastetxe integratu publikoak Jaurlaritzaren dekretu baten bidez sortu, eraldatu edo ezeztatuko dira, bi sailetako edozeinen ekimenez. 7. artikuluan, Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuek bete behar dituzten baldintzak ezartzen ditu, eta e) atalean beste betekizun gehigarri bat gehitzen du lehendik dauden ikastetxeak eraldatzetik, bat egitetik edo banatzetik datozenentzat.

Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 17.1.h). artikuluan adierazten denez, Lanbide Heziketako Sailburuordetzari dagokio, lanbide-heziketaren arloan, irakaskuntza-unitate eta -ikastetxe pribatuak baimentzeko, eraldatzeko eta kentzeko proposamena egitea, bai eta unitate eta ikastetxe publikoak sortzeko, eraldatzeko eta kentzeko proposamena egitea ere.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuetako 12.1.b) eta 15. artikuluek esleitutako eginkizunak betez (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren, eta ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuaren eta abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuaren bidez aldatu ziren), 2023ko otsailaren 10ean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baimena eman zuen Hezkuntza Sailaren mendeko Lanbide Heziketako Zentro Integratu bat eraldatzeko.

Ondorioz, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua jakitun jarrita, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 4an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, hezkuntza-arloan eskumena duen sailaren mende egon eta lanbide-heziketako irakaskuntzak eskaintzen dituen Plaiaundi Bigarren Hezkuntzako Institutuak (Kodigoa 012108) lanbide-heziketako ikastetxe integratu bihurtuko da, 2023ko uztailaren 1etik aurrera. Lehengoa eraldatuz sortutako ikastetxe berriak izen generiko hau izango du: Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua.

Titulartasun publikoko lanbide-heziketako ikastetxe integratuen sarearen barnean sartzen da aipatutako ikastetxea.

  1. Lanbide-heziketako ikastetxe integratu eraldatuak irakaskuntza hauek eskainiko ditu prestakuntza-jardueren barruan: hasierako lanbide-heziketari dagozkionak; langileen laneratzeko eta birlaneratzeko ekintzei dagozkienak eta bizitza osoan zehar ikaskuntzari dagozkionak, langile landunei zuzenduak. Irakaskuntza horiek finkatzerakoan, ekoizpen-ingurunearen eskaerak hartuko dira aintzat, eta sail edo erakunde eskudunak baimenduta beharko du.

  2. Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 2. artikuluaren 3. paragrafoan adierazitakoarekin bat etorriz, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek, baimenduta dituzten lanbide-familia edo arloetako prestakuntza-eskaintzez gain, lanbide-informazio eta orientazioko zerbitzuak ere eskainiko dituzte, eta, hala badagokio eta berariazko araudian zehazten denaren arabera, baita beste ikaskuntza ez formal batzuen bidez edo lan-eskarmentuaren bidez kualifikazioen eta lanbide-heziketaren sistema nazionalaren esparruan- lortutako gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuak eta kalitatezko prestakuntza, enplegagarritasuna, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen dituzten beste zerbitzu batzuk ere.

  1. Behin betiko destinoa duten irakasle funtzionarioen berratxikitzeari ekingo zaio 86/2002 Dekretua bigarrenez aldatzen duen uztailaren 29ko 148/2008 Dekretuak ezartzen duen bezala. Dekretuak irizpideak ezartzen ditu zehazteko zer irakasleri eragiten dion, ikasturte bakoitzean, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako berariazko Institutuetako Lanpostu-Zerrendak, eta arautzen du irakasleak beren Ikastetxeetan atxikitzeko prozesua.

  2. Hezkuntza Sailak urtero onartzen du, dagokion dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetako lan-kontratuko irakasleentzat eta funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrenda, maisu-maistren kidegokoa izan ezik. Berratxikitze-prozesuak indarrean dagoen lanpostuen zerrendan azken oinarriarekin adierazitako araudi orokorraren arabera arautuko dira, zehazki urtarrilaren 24ko 10/2023 Dekretuaren arabera (2023ko otsailaren 13ko EHAA). 2023-2024 ikasturteari dagokionez onartu eta argitaratuko den dekretuan 1. artikuluan eraldatutako ikastetxeko irakasleen plantilla sartuko da.

  3. Eraldatzen den ikastetxeko lanpostuei atxikitako Administrazio Orokorreko langileak ikastetxe eraldatuko lanpostuei atxikiko zaizkie, herri-administrazioetako langile funtzionarioentzat horretarako ezarritako prozedurei jarraituz (urriaren 13ko 190/2004 Dekretua).

  4. Aurreko zenbakietan xedatutakoa gorabehera, eta 46/2014 Dekretuaren lehen xedapen gehigarriarekin bat etorriz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko lanbide-heziketako ikastetxe integratu publiko bat sortuz gero, Bigarren Hezkuntzako Katedratikoen Kidegoko, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko langileek ikastetxe berrian sartzea hauta dezakete, jatorrizko ikastetxean lortutako eskubideekin, edo, bestela, kenduaren izaera izatera iragan daitezke, horrek dakartzan eskubide eta obligazioekin. Nolanahi ere, 2023-2024 ikasturtearen hasieran egin beharko dute aukera. Era berean, administrazio eta zerbitzuetako langileak ikastetxe berriko lanpostuetan sartuko dira.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ikastetxe eraldatutako zuzendaria kargu-uztea.

    Ikastetxea lanbide-heziketako ikastetxe integratu bihurtu aurreko egunean utziko du kargua eraldatzen den ikastetxeko zuzendariak, hala ezarrita baitago otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 20. artikuluan, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren azken xedapenetatik lehenengoaren bidez emandako idazkeraren arabera (22/2009 Dekretua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendaria aukeratzeko, eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak izendatzeko eta kargugabetzeko prozedura arautzen duena). Lanbide Heziketako sailburuordeak izendatuko du zuzendari berria, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kontseilu Soziala eratzea.

    Irakasleen klaustroa eratu ondoren, ikastetxeko zuzendaritzaren ekimenez Kontseilu Soziala eratzeko jarduerak gauzatu beharko dira. Horretarako, gehienez urtebeteko epea egongo da, ikastetxe integratua jardunean hasten denetik hasita. Lanbide Heziketako sailburuordeak behar diren jarraibideak emango ditu ikastetxeetako hauteskunde-prozesuak burutu daitezen. Kontseilu Soziala bi urtetik behin berrituko da, eta, horretarako, Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeetarako oro har aurreikusitako prozedurak aplikatuko dira.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Plaiaundi Bigarren Hezkuntzako Institutuari buruzko aipamenak.

    Dekretu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera, indarrean dauden xedapenetan Plaiaundi Bigarren Hezkuntzako Institutua aipatzen denean, Plaiaundi Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua aipatzen dela ulertuko da.

Dekretu honek 2023ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko uztailaren 4an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.