Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

85/2015 DEKRETUA, ekainaren 9koa, zeinaren bidez Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak eratzen baitira, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren titulartasuneko beste ikastetxe batzuk eraldatuta.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 109
  • Hurrenkera-zk.: 2610
  • Xedapen-zk.: 85
  • Xedapen-data: 2015/06/09
  • Argitaratze-data: 2015/06/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluak dioenez, irakaskuntza Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da, bere luze-zabalean, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, betiere bazter utzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua, artikulu hori garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenak, ez eta hori betetzeko eta bermatzeko behar den goi-ikuskaritza ere.

Lege-agindu hori garatuz, abenduaren 30eko 3195/1980 Errege Dekretuak eskumenak ematen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoak sortu, eraldatu, handitu, batu, sailkatu eta kentzeko (3195/1980 Errege Dekretuaren bidez, Estatuak irakaskuntzaren arloan dituen zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko prozesua osatzen da).

Bestalde, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak lanbide-heziketako ikastetxe integratuen sorrera eransten die lehenago aipatutako eskumenei, eta, 11. artikuluan xedatzen duenez, Gobernuak ezarriko ditu ikastetxe horiek bete beharreko oinarrizko baldintzak, eta horiek sortzea, baimentzea, homologatzea eta kudeatzea Administrazioen egitekoak izango dira haien eskumen-eremuan. Artikulu horren arabera, halaber, profesionaltasun-tituluak eta ziurtagiriak eskuratzeko irakaskuntzako zentro gisa definitzen dira ikastetxe integratuak. Titulu eta ziurtagiri horiek, hain zuzen, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko lanbide-heziketako eskaintza osatuko dute.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuak lanbide-heziketako ikastetxe integratuentzako oinarrizko baldintzak arautzen ditu. Ikastetxe integratuen xedeak errege-dekretu horren sarreran bertan daude laburbilduta, era honetan: ikastetxe horiek sortzen dira eskaintza integratu bat ziurtatzeko, gaikuntza emango duena hainbat lanbidetan era kualifikatuan aritzeko, eta pertsona helduei etengabeko prestakuntzarako eta enplegagarritasun-baldintzak hobetzeko aukera emango diena.

Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak II. Kapituluan jasotzen du lanbide-heziketako euskal sistema integratua. Kapitulu horretan bertan adierazten denez, lanbide-heziketako ikastetxeen sarea da sistema horretako tresnetako bat. II. Kapituluaren Hirugarren Sekzioan, lanbide-heziketako eskaintza integratua deskribatzen da; eskaintza horren oinarrian, ikastetxe-sare zabal bat dago, hasierako eta enplegurako lanbide-heziketa eskainiko duena. Sare horretan, lanbide-heziketako ikastetxe integratuak daude besteak beste. Ikastetxe integratuek irakaskuntza hauek eskainiko dituzte prestakuntza-jardueretan: hasierako lanbide-heziketari dagozkionak; langileen laneratzeko eta birlaneratzeko ekintzei dagozkienak, eta etengabeko prestakuntzari dagozkionak, lanean dabiltzan langileentzat direnak. Ikastetxe integratuek, baimenduta dituzten lanbide-familiei edo -arloei dagokien prestakuntza-eskaintzaz gainera, lanbide-informazioko eta -orientazioko zerbitzuak eskainiko dituzte, eta, hala badagokio, baita beste ikaskuntza ez formal batzuen bidez edo laneko eskarmentuaren bidez kualifikazioen eta lanbide-heziketaren sistema nazionalaren esparruan lortutako gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuak ere.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak 8.2 artikuluan ezartzen duenez, hezkuntza- edo enplegu-arloko sailen menpeko lanbide-heziketako ikastetxe integratu publikoak sortu, eraldatu eta kendu ahal izango dira, bi sail horietako edozeinen ekimenez.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuan adierazten denez, Lanbide Heziketako Sailburuordetzari dagokio, lanbide-heziketaren arloan, irakaskuntza-unitate eta -ikastetxe pribatuak baimentzeko, eraldatzeko eta kentzeko proposamena egitea, bai eta unitate eta ikastetxe publikoak sortzeko, eraldatzeko eta kentzeko proposamena egitea ere.

Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua jakitun jarrita, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko ekainaren 9an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren menpe egon eta lanbide-heziketako irakaskuntzak eskaintzen dituzten institutuak (Dekretu honen eranskinean daude jasota) lanbide-heziketako ikastetxe integratu bihurtuko dira, 2015eko irailaren 1etik aurrera. Lehengoak eraldatuz sortutako ikastetxe berriek izen generiko hau izango dute: Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua.

Titulartasun publikoko lanbide-heziketako ikastetxe integratuen sarea eratzen da. Ikastetxe eraldatuak sartuko dira sare horretan, dekretu honen bidez. Hala ere, sare hori zabal daiteke ikastetxe integratu izendatutako beste ikastetxe batzuetara, edo alda daiteke, sareko ikastetxeren bat kenduta edo eraldatuta.

  1. Lanbide-heziketako ikastetxe integratu eraldatuek irakaskuntza hauek eskainiko dituzte prestakuntza-jardueren barruan: hasierako lanbide-heziketari dagozkionak; langileen laneratzeko eta birlaneratzeko ekintzei dagozkienak eta etengabeko prestakuntzari dagozkionak, lanean dabiltzan langileentzat direnak. Irakaskuntza horiek finkatzerakoan, ekoizpen-ingurunearen eskaerak hartuko dira aintzat, eta sail edo erakunde eskudunak baimenduta beharko dute.

  2. Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 2. artikuluko 3. paragrafoan adierazitakoarekin bat etorriz, lanbide-heziketako ikastetxe integratu eraldatuek, baimenduta dituzten lanbide-familiei edo -arloei dagokien prestakuntza-eskaintzaz gainera, lanbide-informazioko eta -orientazioko zerbitzuak eskainiko dituzte, eta, hala badagokio, berariazko araudian zehazten denaren arabera, baita beste ikaskuntza ez-formal batzuen bidez edo laneko eskarmentuaren bidez kualifikazioen eta lanbide-heziketaren sistema nazionalaren esparruan lortutako gaitasuna ebaluatzeko prozesuak ere. Ikastetxe horiek, era berean, zenbait jarduera garatuko dituzte berrikuntzaren eta ekintzailetzaren arloan.

  1. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ezarriko ditu dekretu honen 1. artikuluan aipatzen diren ikastetxe eraldatuen plantillak, eta, halaber, giza baliabideak egoki banatzeko beharrezkoak diren administrazio-jardunak sustatuko ditu, lanpostuak betetzeko ezarritako arauekin bat etorriz.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitakoaren ondorioetarako, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak argitara emango ditu, dekretu bidez, dekretu honen 1. artikuluan aipatzen diren ikastetxe eraldatuen lanpostu-zerrendak. Dekretu horretan, zehaztuko da zein diren eraldatutako ikastetxeen lanpostuak eta zein diren ikastetxe eraldatuetan sartzen direnak.

  3. Ondorio berberetarako, prozesu bat jarriko da abian, eraldatzen diren ikastetxeetan behin betiko destinoa duten langileak ikastetxe eraldatuei atxikitzeko. Atxikitze hori arau hauek oinarri hartuta egingo da:

    1. Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren lehen xedapen gehigarria; dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide-Heziketako Ikastetxe Integratuak arautzen ditu.

    2. Apirilaren 16ko 86/2002 Dekretua, Lanpostu Zerrendak, ikasturtez ikasturte, Bigarren Hezkuntzako institutuetako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako Berariazko institutuetako zein irakaslerengan duen eragina zehazteko irizpideak ezarri eta irakasleak euren ikastetxeei berriro atxikitzeko prozesua arautzen duena.

  4. Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegoko, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko langileek ikastetxe eraldatuetan sartzea hauta dezakete, jatorrizko ikastetxean zituzten eskubideak galdu gabe, edo, bestela, lanpostua ezabatu zaienen egoerara iragan daitezke, horrek dakartzan eskubide eta obligazioekin.

  5. Eraldatzen diren ikastetxeetako lanpostuei atxikitako Administrazio Orokorreko langileak ikastetxe eraldatuko lanpostuei atxikiko zaizkie, herri-administrazioetako langile funtzionarioentzat horretarako ezarritako prozedurei jarraituz.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ikastetxe eraldatuetako zuzendariak kargutik kentzea.

    Ikastetxea lanbide-heziketako ikastetxe integratu bihurtu aurreko egunean utziko dute kargua eraldatzen diren ikastetxeetako zuzendariek, hala ezarrita baitago otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 20. artikuluan, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren azken xedapenetatik lehenengoaren bidez emandako idazkeraren arabera (22/2009 Dekretua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak izendatzeko eta kargugabetzeko prozedura arautzen duena). Lanbide Heziketako sailburuordeak izendatuko ditu zuzendari berriak, 46/2014 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kontseilu Soziala eratzea.

    Irakasleen klaustroa eratu ondoren, ikastetxeko zuzendaritzaren ekimenez Kontseilu Soziala eratzeko jarduerak gauzatu beharko dira. Horretarako, gehienez urtebeteko epea egongo da, ikastetxe integratua jardunean hasten denetik hasita. Lanbide Heziketako sailburuordeak behar diren jarraibideak emango ditu ikastetxeetako hauteskunde-prozesuak burutu daitezen. Kontseilu Soziala bi urtetik behin berrituko da, eta, horretarako, Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeetarako oro har aurreikusitako prozedurak aplikatuko dira.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko ekainaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

85/2015 DEKRETUA, EKAINAREN 9KOA ERANSKINA

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILAREN MENPEKO IKASTETXEAK, LANBIDE-HEZIKETAKO IKASTETXE INTEGRATU BIHURTZEN DIRENAK

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.