Arautegia
Inprimatu29/2015 DEKRETUA, martxoaren 17koa, industria-jarduerak hasteko erregimenari eta Industria Erregistroari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 80
- Hurrenkera-zk.: 1925
- Xedapen-zk.: 29
- Xedapen-data: 2015/03/17
- Argitaratze-data: 2015/05/04
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia
Testu legala
2009ko abenduaren 25ean jarri zen indarrean zerbitzu-jardueretarako sarbide libreari eta jarduera horiek gauzatzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legea, hain zuzen ere barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraua (aurrerantzean Zerbitzuen Zuzentaraua) ordenamendu juridikoan txertatzeko xedearekin. Hilabete bat geroago zerbitzu-jardueretarako sarbide libreari eta jarduera horiek gauzatzeari buruzko Legera egokitzeko hainbat lege aldatzen dituen abenduaren 22ko 25/2009 Legea argitaratu zen.
Zuzentarauaren 9. artikuluan xedatzen denaren arabera Estatu kideek zerbitzu-jarduera baterako sarbidea eta haren jarduna baimen-erregimen baten menpe jarri ahal izango dute soilik honako baldintza hauek betetzen direnean: erregimenak ez ekartzea zerbitzu-emailearen aurkako diskriminaziorik, baimen-erregimen baten beharra interes orokorreko nahitaezko arrazoi bategatik justifikatuta dagoenean edo hain murriztailea ez den beste neurri baten bitartez helburua lortzea ezinezkoa denean, zehazki, a posteriori egindako kontrola eraginkorra izateko beranduegi denean.
Estatuak Zuzentarauaren printzipioak zabaldu egin zituen sektore batzuei dagokienez; horrela jasotzen da abenduaren 22ko 25/2009 Legearen zerbitzu-jardueretarako sarbide libreari eta jarduera horiek gauzatzeari buruzko Legera egokitzeko hainbat lege aldatzen dituenaren zioen azalpenean. Horrela, aipatutako Legearen 13. artikuluak uztailaren 16ko Industriari buruzko 21/1992 Legea aldatu zuen, oro har Erregistroan aldez aurretik inskribatzea beharrezkoa izan beharrean interesdunaren aurretiazko jakinarazpena edo erantzukizun-adierazpena nahikoa izateko, salbu eta berariazko araudi batek aldez aurreko baimena ezarri eta eskatzen duen kasuan.
Zuzentarau hori argitaratu zenean (2006ko abenduaren 27ko Europar Batasuneko Egunkari Ofiziala) administrazio publiko guztiek zegozkien transposizio-prozesuak gauzatu behar izan zituzten eta azaroaren 23ko 17/2009 Legearen eztabaidatu gabeko oinarrizko izaera zela-eta, Autonomia Erkidego honetako araudian txertatu zen Estatuak egindako aldaketa; prozesu hori apirilaren 23ko 7/2012 Legearen barne-merkatuko zerbitzuei buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentaraura egokitze aldera zenbait lege aldatu zituenaren bitartez gauzatu zen.
Euskadiko industriak erregistroan erregistratzeari dagokionez, apirilaren 23ko 7/2012 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 4. eta 5. artikuluak aldatu zituen. Artikulu horien aldaketak industria-jardueraren hasierarako jokaleku berri bat ezarri zuen.
Oro har, industria-jarduerari hasiera emateko eta haren funtzionamendurako eta aldaketetarako ez da beharrezkoa izango industriek jarduera hasi aurretik baimena eskatzea ezta Industria Erregistroan inskribatuta egotea ere (salbu eta honako baldintza hauek ezartzen direnean: «inor ez baztertzea, premia eta proportzionaltasuna behar bezain ondo arrazoituta egotea eta legez ere hala ezarrita egotea»). Beraz, industria-jarduera hasteko soilik beharko da, zehaztutako kasuetan izan ezik, jarduera hasi aurretik industriak Administrazioan erantzukizun-adierazpena edo aurretiazko jakinarazpena aurkeztea bere ardurapean honako hauek adieraziz: aurkeztutako erantzukizun-adierazpenean edo jakinarazpenean biltzen den jarduera gauzatu ahal izateko eskubidea onartzeko aplikagarriak diren arauetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela, hori egiaztatzen duen dokumentazioa baduela, erantzukizun-adierazpenean biltzen den jarduera egikaritzen den denbora guztian eskakizunak betetzeko konpromisoa hartzen duela eta agintaritza eskudunari helaraziko diola beharrezkoa den informazio guztia jarduera kontrola dezan.
Bestalde, esan behar da azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 4 artikuluak erregistroaren izena aldatu zuela eta «Industria Erregistroa» izena hartu zuela; aldaketa hori egin aurretik «Industrien Erregistroa» deitzen zen.
Industria Erregistroaren izaera eratzailea izatetik ez eratzailea izatera igaro da, jarduera hasteko ez baita beharrezkoa izango Industria Erregistroan inskribatuta egotea, zenbait berariazko legek ezartzen dituzten salbuespenetan izan ezik. Administrazioak EAEko industria-jardueren eta zerbitzuen inguruan eta industria-segurtasunaren inguruan behar duen informazioa eskuratzeko erreminta bihurtu da Industria Erregistroa.
Hori guztia horrela, orain arte zegoen sistema egokitu behar izan da; horrek aldaketa handia ekarri du industriek jarduerari hasiera emateko moduan eta Erregistroaren funtzioaren funtsezko aldaketa ere eragin du.
Industria Erregistroak izaera informatzailea izango du; enpresaburuek aurkezten dituzten erantzukizun-adierazpenetan, aurretiazko jakinarazpenetan edo hala badagokio, baimenetan biltzen den informazioaz baliatuko da. Gainera, Erregistroa izapidetze telematikoak eskaintzen dituen aukera berrietara egokitu da, betiere dekretu honen xede eta helburuak arinago eta modu eraginkorragoan betetzea ahalbidetuko duen tresna gisa baliatzeko.
Bestalde, Industriako Erregistro Integratuaren Erregelamendua onartzen duen maiatzaren 7ko 559/2010 Errege Dekretua kontuan izan behar da, izaera informatzailea duen estatu-eremuko oinarrizko dekretua delako. Erregistro horretan biltzen da, besteak beste, Estatu osoko industria-jarduerari buruzko informazioa. Horretarako, Autonomia Erkidegoek, beren eskumenen esparruan, Errege Dekretuan bildutako zenbait eduki helaraziko dizkiote aipatutako Industriako Erregistro Integratuari. Agindu horren betetzea arau honetan jasota dago.
Arau hau bost kapitulutan egituratu da; I. kapituluan xedapen orokorrak biltzen dira, II. kapituluan industria-jardueraren hasieraren eta funtzionamenduaren erregimen orokorra, III. kapituluan Industria Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua eta IV. kapituluan zehapen-erregimena. Arauaren azken zatian Xedapen Indargabetzaile bat eta lau Azken Xedapen biltzen dira. Araua argitaratzen denetik 30 eguneko epean jarriko da indarrean.
Industria-arloan eskumena duen Sailak egin du Dekretu hau, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19.22. artikuluetan xedatutakoa kontuan hartuta.
Dekretu hau egiteko, eraginpean hartutako sektoreko erakunderik adierazgarrienak kontsultatu dira eta nahitaezko txosten guztiak baliatu dira, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz.
Horren ondorioz, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko martxoaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honek honako xede hau dauka: industria-jarduerak hasteko erregimena eta Industria Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzea.
Dekretu honen ondorioetarako, honela ulertu behar dira jarraian datozen definizioak:
Industria-jarduerak: industria-produktuak lortzeko, konpontzeko, mantentzeko, eraldatzeko, berrerabiltzeko, ontziratzeko eta paketatzeko jarduerak, baita hondakinak edo azpiproduktuak aprobetxatzeko, berreskuratzeko eta deuseztatzeko jarduerak ere, erabilitako baliabideak eta prozesuak edozein izanik ere.
Industrien instalazioa: ekipo-ondasunen eta haiek behar dituzten azpiegitura eta instalazio osagarrien ezarpena da, industria-jarduera independente gisa funtzionatuko duen produkzio-prozesu bat eragin dezan.
Ekipo-ondasunak: manufaktura- eta prozesu-industrien ondarearen parte izateko eskuratzen diren ondasun ukigarriak dira. Produkzio-jardueran modu zuzenean eta iraunkorrean parte hartzen dute, landutako edo erdi-landutako produktu bihurtzeko lehengaiak.
Jadanik instalatutako industrien datuen aldaketa edo aldakuntza esanguratsuak: Honako kasu hauek hartzen dira kontuan:
Industriaren titularraren titulartasuna, izen soziala edo forma juridikoa aldatzea: industriak erregistroko fitxan duen titulartasuna aldatzea izango da edo sozietatearen izen edo deitura aldatzea edo industriaren forma juridikoa aldatzea.
Lekualdatzea: industriaren kokalekua aldatzea da, aintzat hartu gabe haren prozesuak, ahalmenak edo ekipo-ondasunak aldatzen diren ala ez.
Jarduera aldatzea: landutako edo egindako produktuak funtsean aldatzea da. Ematen diren zerbitzuen edo fabrikatutako produktuen izaera, mota edo klasea nabarmen aldatzen badira, jarduera-aldaketatzat joko da, eta berdin izango da eskuragarri dituzten bitarteko materialak edo ekoizpen elementuak aldatzen diren edo ez.
Handitzea: ekipo-ondasunen egoera aldatzea da, baina beti instalazioen ahalmen osoak edo partzialak handitzeko egiten bada. Handitzea izango da, era berean, instalazioak aldatzea eraikitako azalerak handitzeko edo industria-jarduera berri bat egitea, indarrean dagoen erregistro-inskripzioan ageri direnaz bestelakoa.
Txikitzea: industriaren ahalmen osoa edo partziala txikitzea dakarren aldaketa da, bai haren ekipo-ondasunei dagokienez, bai eraikitako azalerei dagokienez, bai erregistratuta dauden industria-jarduerei dagokienez.
Jarduera amaitzea edo jardueraren baja: industriaren jarduera egiteari uztea da.
Industria-jarduerak jartzeko, instalatzeko, handitzeko eta lekuz aldatzeko askatasuna aitortzen da, azaroaren 12ko Euskal Autonomia Erkidegoko Industriako 8/2004 Legearen 4. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoari jarraiki.
Dekretu honen 3. artikuluan aparte utzi gabe, industria-jarduerak garatzen dituzten industria-erakunde edo -enpresek erantzukizun-adierazpena edo jakinarazpena aurkeztuko dute, kasuen arabera.
Honako kasu hauetan aurkeztu beharko da aurretiazko jakinarazpena:
Industria-produktuak lortzeko, konpontzeko, mantentzeko, eraldatzeko edo berrerabiltzeko industria-jarduerak, baita produktuak ontziratzeko eta paketatzekoak ere eta garraioarekin eta telekomunikazioekin zerikusia dutenak.
Hondakinak edo azpiproduktuak aprobetxatzeko, berreskuratzeko eta ezabatzeko jarduerak, horretarako erabilitako baliabide edo prozesu teknikoak, eta hala badagokio, horretarako behar diren instalazioak edozein izanik ere, eta betiere dagozkion enpresak hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen aplikazioari jarraiki duten baimen- edo komunikazio-erregimena aparte utzi gabe.
Sendagaiekin eta osasunarekin zerikusia duten industria-jarduerak, arlo horretako enpresen baimen-erregimena aparte utzi gabe.
Kultura sustatzearekin zerikusia duten industria-jarduerak.
Ondoko kasuetan aurkeztu beharko da erantzukizun-adierazpena.
Industriarekin zuzenean lotuta dagoen industria-arloko laguntza teknikoa.
Kontrol-erakundeen eta industria-segurtasunaren eta -kalitatearen arloko beste agente batzuen jarduerak, betiere berariazko sektoreko araudirik ez badago.
Erantzukizun-adierazpena edo jakinarazpena aurkezten den egunetik aurrera garatu ahal izango da jarduera Estatu osoan mugagabeko iraupenarekin.
Soilik dagozkion segurtasuneko erregelamendu teknikoek ezaugarri jakin batzuk biltzen dituen establezimenduaren eskakizuna aurreikusten dutenean egingo da establezimendu horri lotutako eskakizunak betetzeari buruzko erantzukizun-adierazpena edo jakinarazpena zerbitzuak ematen diren establezimendu fisiko bakoitzeko, azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 4. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoari jarraiki.
Industria-erakunde eta -enpresei industria-jarduna hasi aurreko administrazio-baimena eska dakieke, soil-soilik, baldintza hauek ezartzen direnean: inor ez baztertzea, premia eta proportzionaltasuna behar bezain ondo arrazoituta egotea eta legez ere hala ezarrita egotea, eta Europako Erkidegoko arauetatik edo nazioarteko hitzarmen eta itunetatik datozen obligazioak betetzeko ezinbestekoa denean, azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 4. artikuluko 10. paragrafoan xedatutakoari jarraiki.
Zenbait kasutan sektoreko legeriak bestelakorik ezartzen duenean salbu eta artikulu honen 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera kasu gehiago biltzea aparte utzi gabe, hurrengo kasuetan eskatu beharko da administrazio- baimena industria-jarduera hasi aurretik:
Energia eta energia-produktuak sortu, banatu eta hornitzeko jarduerak.
Meatokiak eta gainerako geologia-baliabideak ikertzeko, ustiatzeko eta baliatzeko jarduerak, baliabide horien jatorria eta egoera fisikoa edozein izanik ere.
Instalazio nuklear eta erradiaktiboak.
Armak, lehergaiak eta pirotekniako eta kartutxogintzako artikuluak fabrikatzeko industriak, eta nazioaren defentsarako egokitzat jotzen direnak.
Egiaztatze-erakundeak eta industriako segurtasun- eta kalitate-arloko beste agente batzuk, sektoreko araudiaren arabera nahitaezkoa denean Autonomia Erkidegoak izendatzea.
Jarduera hasi aurreko erantzukizun-adierazpenak eta jakinarazpenak industria-administrazioan eskumena duen Zuzendaritzak ezartzen dituen ereduetara egokitu beharko dira, betiere azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 5. artikuluko 3. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako eskakizunak bilduz.
Ereduak www.euskadi.net webgunean daude eskuragarri.
Erantzukizun-adierazpena, jakinarazpena edo borondatezko jakinarazpena Euskal Autonomia Erkidegoan aurkezten denean Lurralde Ordezkaritza bakoitzeko organo eskudunari zuzenduko zaio.
Erantzukizun-adierazpena edo jakinarazpena beste Autonomia Erkidego batean aurkeztu duten enpresek askatasunez eskain ditzakete beren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoan baita beren egoitza bertan ezarri ere. Egoera hori administrazioak bere eskura dituen baliabideen bidez egiaztatuko da.
Erantzukizun-adierazpena, jakinarazpena edo hala badagokio, 15. artikuluan aurreikusitako datuen borondatezko jakinarazpena honela aurkez daiteke:
bitarteko elektronikoen bidez, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sarrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuaren arabera,
edo zuzenean industria-arloan eskudun den Sailak Lurralde Historikoetan dituen Lurralde Ordezkaritzen bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetan, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sarrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan xedatutakoari jarraiki.
Erantzukizun-adierazpena, jakinarazpena edo 15. artikuluan aurreikusitako datuen borondatezko jakinarazpena zuzenean aurkezten denean, 6. artikuluan adierazitakoa bete beharko da. Eredu hori informatikoki bete eta grabatu behar da, inprimatu eta izenpetuta igorri.
Instalatuta dauden industrietan, betiere instalatzeko erantzukizun-adierazpena edo jakinarazpena aurkeztu behar izan den kasuan, dekretu honetako 2. artikuluaren 4 paragrafoan aurreikusitako aldaketaren bat gertatzen denean edo dagokion industriaren jarduera amaitzen denean, aipatutako inguruabarrei buruzko erantzukizun-adierazpena edo jakinarazpena aurkeztu beharko da, 6. artikuluan adierazitakoa betez. Aldaketak gertatu ondorengo hiru hileko epean aurkeztu ahal izango da dagokion agiria.
Era berean, dekretu honen 15. artikuluan aurreikusitako kasuetan, 2. artikuluaren d) paragrafoan aurreikusitako aldaketarik gertatzen bada horien borondatezko jakinarazpena egin ahal izango da baita jardueraren amaierari buruzkoa ere.
Agiri horiek jardueraren hasierari buruzkoa aurkezten den modu berean aurkeztuko dira, dekretu honen 7. artikuluaren 2. eta 3 paragrafoetan xedatutakoari jarraiki.
Aldaketei edo jardueraren amaierari buruzko erantzukizun-adierazpena edo jakinarazpena zuzenean aurkezten badira, dekretu honen 7. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoaren arabera zuzendu eta aurkeztuko dira, 6. artikuluan adierazitakoa betez. Eredu hori informatikoki bete eta grabatu behar da, inprimatu eta izenpetuta igorri.
Bitarteko elektronikoak balia daitezke erantzukizun-adierazpena edo jakinarazpena, baimen-eskaera eta 15. artikuluan aurreikusitako borondatezko jakinarazpena aurkezteko eta prozedura horren gainerako izapideak egiteko, Dekretu honetan arautzen den moduan. Borondatezkoa izango da bitarteko horien erabilera.
Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren arabera arautuko da.
Bitarteko elektronikoak erabil daitezke prozedurako izapide guztiak egiteko, harik eta hura amaitzen den arte. Eskabideak egiteko eta agiriak aurkezteko baliabide elektronikoak eta telematikoak erabiltzeak ez dakar prozedurako hurrengo izapideetan haiek erabili beharra, eta erakunde interesdunak edozein unetan alda dezake izapide horiek egiteko komunikazio-kanala. Industria-administrazioaren arloan eskudun den Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio erabaki hori, eta, beharrezkoa bada, jakinarazpenak egiteko leku bat adierazi beharko du interesdunak, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak arautzen duena betez.
www.euskadi.net egoitza elektronikoan izango dira eskuragarri prozedura bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko jarraibideak eta prozeduraren baitako ereduak.
Erantzukizun-adierazpena aurkeztu ondoren www.euskadi.eus/nirekudeaketak webgunea baliatuko da gainerako izapide elektronikoak egiteko eta espedientea ikusteko.
Industria-administrazioaren arloan eskudun den organoak egoki irizten dituen ikuskapenak, egiaztapenak eta dokumentazio-eskaerak egin ditzake, baldin eta beharrezkoak irizten baditu jasotako datuen egiazkotasuna eta erregelamendu-baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.
Erantzukizun-adierazpeneko edo jakinarazpeneko nahitaezko edozein datu, adierazpen edo dokumentutan funtsezkoa ez den zer edo zer ez baldin bada zehatza, gezurra baldin bada edo faltan baldin badago eta haiek aurkeztea ezinbestekoa baldin bada, industria-arloan eskudun den Saileko industria-segurtasunean eskumena duen administrazio-organoak emango dio horren berri interesdunari, hain zuzen egutegiko 15 eguneko epean zehatza ez den, gezurra den edo falta den hori konpon dezan.
Erantzukizun-adierazpena edo jakinarazpena ez dela aurkeztu egiaztatzen bada zigor-espediente bat ireki daiteke edo isun hertsatzailea ezar daitekeela ohartaraziz, beharrezkoa den dokumentazioa eskatu; hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legeari jarraiki.
Industria Erregistroak izaera administratiboa du, industria-arloan eskudun den Sailari atxikita dago, publikoa da eta bakarra da Euskal Autonomia Erkidego osorako.
Industria-administrazioaren arloan eskudun den administrazio-organoaren titularra izango da Industria Erregistroko arduraduna. Industria-arloan eskudun den Sailak Lurralde Historikoetan dituen Lurralde Ordezkaritzak izango dira Industria Erregistroaren organo arduradunak.
Industria Erregistroak honako helburu hauek ditu:
Industria-segurtasunerako beharrezkoa den informazioa eskuratzea baita industria-jarduerei eta haiekin zerikusia duten zerbitzuei buruzkoa ere; bereziki, erantzukizun-adierazpenaren edo aurretiazko jakinarazpenaren erregimenaren pean dauden jarduerei buruzkoa. Era berean, Egiaztapen Erakundeen, Kontrol Erakundeen, laborategien eta industria-segurtasunaren eta -kalitatearen arloko bestelako agenteen inguruko informazioa eskuratzea, betiere, Administrazio Publikoei ekonomiaren eta industriaren arloan esleitutako eskumenak gauzatzeko.
Adierazi berri diren industria-jarduerei buruzko informazio-tresna izatea, zerbitzu bat eman diezaien Administrazio Publikoei, herritarrei, eta, bereziki, enpresen sektoreari. Hala ere, beti izango da betetzekoa Dekretu honek, Izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko 15/1999 Legeak eta alor honetan betetzekoak diren gainerako arauek agintzen dituzten konfidentzialtasun-betebeharrak.
Euskal Estatistika Planetan eta Urteko Estatistika Programetan zehazten diren estatistika-eragiketak egiteko behar diren datuak ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Erakundearen maila operatiboa eratzen duten erakundeei. Apirilaren 23ko 4/1986 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzkoa eta Estatistikaren Euskal Planari dagokion legeak arautzen dituzte haiek, estatistika-jarduerak antolatzen dituzten aldetik.
Industria-arloan eskudun den Ministerioari atxikitako Industria Erregistro Integratuarekiko lotura-tresna izatea eta Erregistro Integratuaren Erregelamendua onartzen duen maiatzaren 7ko 559/2010 Errege Dekretuan eskatzen diren datuak eta informazioa ematea.
Lurralde-eremua.
Industria Erregistroak honako hauen datuak bilduko ditu:
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldean kokatutako industria-erakunde, -enpresa- eta -establezimenduenak.
Artikulu honetako 2. paragrafoaren 2.2 atalaren a) azpiatalean aurreikusitako enpresen eta zerbitzu-erakundeenak, betiere Europar Batasuneko beste edozein estatu kidetan dagokigun arloko jarduera gauzatzeko legalki ezarrita egonik beren jarduera Espainiako lurraldean eta zehazki, lehen aldiz EAEko lurralde-eremuan hasi nahi badute, zerbitzuak aske emateko erregimenean.
Eremu materiala.
Araudi espezifikoa dagoen kasuan izan ezik, Industria Erregistroak ondoko jardueraren bat garatzen duten erakundeei eta enpresei buruzko datuak bilduko ditu:
Industria-produktuak lortzeko, konpontzeko, mantentzeko, eraldatzeko edo berrerabiltzeko jarduerak, baita produktuak edo azpiproduktuak ontziratzeko, paketatzeko, aprobetxatzeko, berreskuratzeko eta deuseztatzeko jarduerak ere, erabilitako baliabideak, prozesu teknikoak eta, hala badagokio, instalazioak edozein izanik ere.
Energia eta energia-produktuak sortu, banatu eta hornitzeko jarduerak.
Meatokiak eta gainerako geologia-baliabideak ikertzeko, ustiatzeko eta baliatzeko jarduerak, baliabide horien jatorria eta egoera fisikoa edozein izanik ere.
Industria nuklear eta erradiaktiboak.
Armak eta lehergaiak fabrikatzeko industriak, eta defentsarako egokitzat jotzen direnak.
Elikagaien, nekazaritzaren, abereen, basoen eta arrantzaren industriak.
Garraioarekin eta telekomunikazioekin zerikusia duten industria-jarduerak.
Sendagaiekin eta osasunarekin zerikusia duten industria-jarduerak.
Kultura sustatzearekin zerikusia duten industria-jarduerak.
Industria Erregistroak nortasun fisikoa edo juridikoa duten honako zerbitzu-erakunde eta enpresa hauen datuak bilduko ditu:
Artikulu honen 2. paragrafoko 2.1 atalean adierazten diren establezimendu eta jarduerekin zuzenean lotutako industria-arloko ingeniaritzako, diseinuko, aholkularitza teknologikoko eta laguntza teknikoko zerbitzuak eskaintzen dituztenak.
Egiaztapen Erakundeen, Kontrol Erakundeen, laborategien eta industria-segurtasunaren eta -kalitatearen arloko bestelako agenteak, Administrazio Publikoekin lankidetzan aritzeko.
Industria-erloan eskudun den Sailak 2.2 ataleko b) paragrafoan adierazitako jarduerak eta establezimenduak zehatzago mugatu, deskribatu eta sailkatu ahal izango ditu.
Artikulu honen 2.1 eta 2.2 ataletan adierazten diren jardueraren deskribapen literalak indarrean dagoen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren kodeen arabera transkribatu beharko dira.
Erantzukizun-adierazpena edo jakinarazpena aurkeztea eskatzen ez duten industria-jarduerak garatzen dituzten eta jarduera hasi aurreko administrazio-baimenaren erregimenari lotuta ez dauden industria-erakunde eta -enpresek jarduera hasi ondoren beren jarduerari buruzko datuak biltzen dituen borondatezko jakinarazpena aurkez dezakete industria-administrazioaren arloan eskumena duen organoan, ondoren datu horiek Industria Erregistroan sartzeko, azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 5. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoari jarraiki.
Jarduerari buruzko datuak (ondoren Industria Erregistroan sartzeko) borondatez aurkezten diren kasuak maiatzaren 7ko 559/2010 Errege Dekretuaren 4. artikuluan jasotzen dira, eta besteak beste, honako hauek dira:
Ingeniaritzako, diseinuko eta aholkularitza teknologikoko zerbitzuak.
Laborategiak.
Industria Erregistroko inskripzioa honela egingo da:
Industria-arloan eskudun den Sailak Lurralde Historikoetan dituen Lurralde Ordezkaritzek ofizioz egingo dute, betiere oinarritzat hartuta interesdunek erantzukizun-adierazpenetan edo jakinarazpenetan aurkeztutako datuak dekretu honen 4. artikuluan aurreikusten direnak edo eskudun den organoak jarduera hasi aurretik emandako baimenetan edo dekretu honen 15. artikuluan aurreikusitako borondatezko jakinarazpenetan jasotako datuak.
Edo Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Erregistroak edo hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko beste Erregistro batzuek emandako datuak oinarritzat hartuta,
Edo Beste Administrazio Publiko edo Erakunde Ofizial batzuek emandako datuak oinarritzat hartuta.
Modu berean egingo dira dekretu honen 2. artikuluko 4 paragrafoan aurreikusitako aldaketei nahiz jardueraren amaierari buruzko oharrak.
Inskripzioa baliabide informatikoen bidez egingo da, betiere bizkortasunaren, arintasun administratiboaren eta gutxieneko kostuaren printzipioei jarraiki.
Industria Erregistroko datuak etengabe eguneratuak egon daitezen beharrezkoak diren jardunak garatu eta egiaztapenak egingo dira.
Honako datu hauek bilduko dira Industria Erregistroan:
Oinarrizko datuak.
Erakundeei edo enpresei buruzkoak:
Identifikazio fiskaleko zenbakia.
Autonomia Erkidegoak esleitutako identifikazio-zenbakia.
Titularra (izen-abizenak, izen soziala edo izena).
Egoitza soziala (helbidea, herria, udalerria, posta-kodea, Lurralde Historikoa, telefono- eta fax-zenbakiak, helbide elektronikoa eta URLa).
Jarduera ekonomiko nagusia (indarrean dagoen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionaleko kodea) eta, hala badagokio, garatutako bestelako jarduerak.
Establezimenduari buruzkoak:
Identifikazio fiskaleko zenbakia.
Autonomia Erkidegoak esleitutako identifikazio-zenbakia.
Izena edo errotulua.
Kokapena. - (helbidea, herria, udalerria, posta-kodea, Lurralde Historikoa, telefono- eta fax-zenbakiak, helbide elektronikoa eta URLa).
Jarduera ekonomiko nagusia (indarrean dagoen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionaleko kodea) eta, hala badagokio, garatutako bestelako jarduerak.
Egiaztapen Erakundeei, Kontrol Erakundeei, Laborategiei eta industria-segurtasunaren eta -kalitatearen arloko bestelako agenteei buruzkoak:
Identifikazio fiskaleko zenbakia.
Titularra (izen-abizenak, izen soziala edo izena).
Egoitza soziala (helbidea, herria, udalerria, posta-kodea, Lurralde Historikoa, telefono- eta fax-zenbakiak, helbide elektronikoa eta URLa).
Jarduera ekonomiko nagusia (indarrean dagoen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren kodea).
Jardun-eremu materiala eta geografikoa.
Datu osagarriak.
Adierazitakoez gain, honako datu osagarri hauek jasoko dira Erregistroan:
Jarduera hasi aurreko administrazio-baimena zer egunetan aurkeztu den eta zer organo eskuduni aurkeztu zaion, baimen hori nahitaezkoa den kasuetan.
Erantzukizun-adierazpena edo jakinarazpena zer egunetan aurkeztu den eta zer organo eskuduni aurkeztu zaion. Aldaketei edo jardueraren amaierari buruzko jakinarazpenen kasuan, jakinarazpena zer egunetan aurkeztu den eta zer organo eskuduni aurkeztu zaion.
Eskakizunak, ikuskapenak eta zehapenak betetzearen egiaztapenei buruzko informazioa.
Zerbitzu-emaileen erantzukizun zibil profesionaleko aseguruei buruzko informazioa, horretara behartuta dauden kasuan.
Berariazko datuak.
Industria-arloan eskudun den Sailak artikulu honen 1. eta 2. paragrafoetan adierazten diren datuez gain, berariazko beste datu batzuk eska ditzake baita honako hauei buruzko datuak ere:
Kapital soziala.
Establezimenduaren deskribapena eta ezaugarriak, esaterako, eraikinei buruzkoak (orube-azalera, eraikitze-azalera eta kontratatutako potentzia elektrikoa).
Urteko batez besteko plantilla.
Lehengaiak eta bukatutako produktuak.
Lege-esparruak.
Industria Erregistroan bildutako informazioa honako dibisio eta sekzio hauetan egituratuko da:
dibisioa: Industria-establezimendu eta -jarduerak.
Dibisio horren sekzioak indarrean dagoen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren bi digituko taldeez osatuak egongo dira, 14. artikuluaren 2. paragrafoko 2.1 atalean bildutako jarduerei dagozkienak.
2. dibisioa: 14. artikuluaren 2. paragrafoko 2.2 atalaren a) azpiatalean biltzen diren industria-jarduerarekin lotutako enpresak eta zerbitzu-erakundeak, indarrean dagoen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren arabera azpizatitu eta antola daitezkeen honako sekzio hauekin:
Aholkularitza-enpresak.
Ingeniaritza-enpresak.
Proiektugileak eta diseinatzaileak.
Instalatzaileak.
Kontserbatzaileak eta mantentzaileak.
3. dibisioa: Industria-kalitatearen eta -segurtasunaren arloan Administrazio Publikoekin lankidetzan aritzeko gaitutako erakunde eta agenteak (14. artikuluaren 2. paragrafoko 2.2 atalaren b) azpiatalean biltzen dira), indarrean dagoen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren arabera azpizatitu eta antola daitezkeen honako sekzio hauekin:
Egiaztatze-erakundeak.
Normalizazio-erakundeak.
Kontrol-erakundeak.
Entsegu-laborategiak.
Kalibrazio-laborategiak.
Ziurtatze-erakundeak.
Auditoretza- eta ikuskaritza-erakundeak.
Ingurumen-egiaztatzaileak.
Berotegi-efektuko gasen emisio-txostenen egiaztatzaileak.
Beste erakunde laguntzaile batzuk (istripu larrien arloko erakunde ebaluatzaileak, profesional kualifikatuei prestakuntza emateko erakunde aitortuak).
Aurreko idatzi-zatian ezarritako dibisio bakoitzak lurralde-aurkibide bat izango du eta bertan ondoko datuak sartuko dira:
Titularraren identifikazioa.
Helbidea.
Jarduera, biltzen duen dibisioari eta sekzioari dagokiona.
Industria Erregistroan inskribatzeak identifikazio-zenbaki bat esleitzea dakar.
Industria-arloan eskudun den Sailak Lurralde Historikoetan dituen Lurralde Ordezkaritzek Industria Erregistroko kudeaketaren arduradunek dagokion enpresari inskribatua izan dela eta esleitu zaion identifikazio-zenbakia jakinaraziko diote hurrengo hamabost egun baliodunen barruan.
Datuen publizitatea:
Izaera publikoa dute 17. artikuluko 1. atalean adierazten diren datu oinarrizkoek. Hala ere, titularrek eta interes zilegi eta zuzena egiaztatzen duten hirugarrenek soilik izango dute izaera pertsonaleko datuetara sartzeko aukera; izan ere, betetzekoak izango dira abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Izaera Pertsonaleko Datuen Babesari buruzkoa eta abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretua, Lege Organiko hori garatzeko erregelamendua onartu zuena.
Konfidentzialak izango dira Industria Erregistroan jasotzen diren gainerako datuak eta espedientean azaltzen diren bestelako datu teknikoak, eta haien tratamendu informatikoa edo estatistikoa egin ondoren soilik zabaldu ahalko dira, agregatuta.
Enpresa-sektorearentzat eta, oro har, herritarrentzat interesekoak diren Industria Erregistroko datuak argitaratuko ditu aldiro industria-arloan eskudun den sailak, industria-jardueraren, haren lurralde-banaketaren eta bilakaeraren berri emateko.
Datuetarako sarbidea.
Publikoa da Dekretu honen 17. artikuluko 1.a) eta 1.b) ataletan adierazi diren oinarrizko datuetarako sarbidea, eta www.euskadi.net webgunean ikusi ahal izango dira.
Dekretu honen 17. artikuluko 2. atalean adierazten diren datu osagarriak kontsultatzeko, aurretiazko kontsulta-eskaera bat egin beharko dute, idazki bidez, datu horiek jakiteko interes zilegia egiaztatzen duten pertsona fisiko eta juridikoek. Eskaera bitarteko elektronikoen bidez egiteko aukera izango da, baldin eta erregistroaren antolamenduak horretarako aukera ematen badu. Eskaera zehatzak egin behar dira, eta ondo mugatu behar da zer informazio eskatzen den.
Estatistika-sekretua.
Ez zaizkio Industria Erregistroko datuen sarbideari eta publizitateari aurreko idatzi-zatietan arautu zaizkion mugak ezarriko estatistika-sekretuaz bermatutako estatistika-informazioari, eta bete egingo da, ondorioz, apirilaren 23ko 4/1986 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzkoak, horri buruz arautzen duena.
Industria Erregistroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Erregistroa elkarreragileak izango dira elkarren artean eta informazioa bitarteko elektroniko edo telematikoen bidez koordinatuko dute. Bi erregistroetako sistema informatikoak elkarreragileak izango direla eta koordinatuko direla bermatzeko aplikazio informatikoak eta teknologiak eskuratuko dituzte eta hori egin ahal izateko neurriak hartuko dituzte.
Era berean, Industria Erregistroa Euskal Autonomia Erkidegoko beste Erregistro batzuekin harremanetan jar daiteke eta informazioa haiekin koordinatu, hain zuzen ere eraginpean hartutako erregistroetako sistema informatikoak elkarreragileak izango direla eta koordinatuko direla bermatzeko hartu beharreko neurriak hartuz eta beharrezko aplikazio informatikoak eta teknologiak ezarriz.
Industria Erregistroko datuak oinarritzat hartuta eta erakunde horrekin koordinatuta Administrazioko beste Organo batzuek ere esleituta dituzten helburuak betetzeko egokitzat jotzen dituzten datu-baseak sor ditzakete, Administrazio Erregistroen bikoiztasuna saihestuz. Kasu horretan, sortutako datu-base horiek Industria Erregistroarekin informatikoki koordinatzeko beharrezkoak diren neurri teknikoak hartuko dira.
Erregistroetan edo datu-baseetan jasota dauden datu komunetan izaten diren aldaketak hautemateko aukera eman behar dute ezartzen diren sistema informatikoek. Aldaketak hautematen direnean, erregistroetan edo datu-baseetan sartuko dituzte organo eskudunek beharrezkoak izan daitezkeen eguneratzeak eta aldaketak, eta behar bezala jakinaraziko dira guztiak ere.
Maiatzaren 7ko 559/2010 Errege Dekretuan xedatutakoa betez, industria-arloan eskumena duen ministerioari helaraziko zaizkio aipatutako Errege Dekretuaren 5. artikuluan aurreikusitako oinarrizko datuak eta datu osagarriak, ondoren Industria Erregistroan sartzeko. Datu horien bidalketarako, Industria Erregistro Integratua eta Industria Erregistroa elkarreragileak izango direla eta koordinatuko direla ziurtatzeko hartu beharreko neurriak eta beharrezko teknologiak ezarriko dira. Era berean, datuetan eta jarduera-eteteetan gertatzen diren aldaketa esanguratsuak jakinaraziko dira.
Dekretu honetan xedatutakoa ez betetzea, 11. artikuluan ezarritakoa barne, azaroaren 12ko 8/2004 Legearen VI. kapituluan (Arau-hausteak eta Zehapenak) jasotzen denaren arabera zigortuko da.
Era berean, dekretu honetan xedatutakoa ez betetzeak industria-jarduera garatzeko aplikagarria den sektore-legedian eskatzen diren baldintzak ez betetzea badakar, ez-betetze hori dagokion arloko indarreko legedian ezarrita dagoen eta aplikagarria den arau-hausteen eta zehapenen erregimenaren arabera zigortuko da.
Gabeziak ez badira aurreikusitako epean zuzentzen azaroaren 12ko 8/2004 Legearen VI. kapituluan (Arau-hausteak eta Zehapenak) xedatutakoari jarraituko zaio.
Honako xedapen hauek indargabetuta geratzen dira:
5/1996 Dekretua, urtarrilaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Establezimenduen Erregistroa eta establezimenduak instalatzeko, zabaltzeko eta tokiz aldatzeko Jardunbidea arautzen dituen Erregelamendua dena.
Agindua, 2002ko urtarrilaren 30ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Establezimendu Industrialen Erregistroan inskribatzeko prozedura onartzen duena.
Eta Dekretu honek xedatzen duenaren kontrakoa den edo Dekretu honek xedatzen duenarekin kontraesanean dagoen maila bereko edo txikiagoko beste xedapen oro.
AZKEN XEDAPENENETATIK LEHENENGOA
Urriaren 7ko 422/2013 Dekretuaren (nekazaritzako eta elikagaigintzako industrien erantzukizunpeko adierazpenen erregimena arautzekoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzkoa) aldaketa.
Urriaren 7ko 422/2013 Dekretuari (nekazaritzako eta elikagaigintzako industrien erantzukizunpeko adierazpenen erregimena arautzekoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzkoa) 8 bis artikulua gehitu zaio:
8 bis artikulua. Ez-betetzeak eta jarduera etetea.
Nekazaritza eta elikadurako industriek industria-jarduera garatzeko aplikagarria den legedian eskatzen diren funtsezko eskakizunak ez betetzeak, betiere jarduera motaren arabera, jarduera automatikoki etetea ekarriko du dagokion arduradunak ez-betetzearen berri izan bezain laster, ez-betetzea eragin duen egoera zuzentzen den arte.
Nekazaritza eta elikadurako industrien arloko Sail eskudunaren administrazio-organo eskudunak bere kontrol- eta ikuskapen-jardunean jarduera garatzeko aplikagarria den legedian eskatzen diren funtsezko eskakizunen ez-betetzea gertatu dela baina jarduera ez dela eten egiaztatzen duenean, jarduera horretarako emandako Ebazpenaren bidez geldiaraziko du berehala, betiere interesdunari zer esateko duen entzuteko hiru egun balioduneko epea emanez.
Jarduera eteteko ebazpenak beste ondorio bat ere ekar dezake: interesatua behartzea egoera juridikoa dena delako jarduera hasi baino lehenagora itzularaztera, eta urtebetez behintzat gauza berbererako beste prozedurarik eskatzen ez uztea. Jarduerari ezingo zaio berriz ekin jarduera geldiaraztea edo etetea eragin zuen egoera zuzendu arte eta nekazaritza eta prozeduran jarduten duen elikadurako industrien arloko Sail eskudunaren agintari eskudunak horrela egin dela egiaztatu arte, betiere uztailaren 16ko Industriari buruzko 21/1992 Legean ezarritakoari jarraiki.
Urriaren 7ko 422/2013 Dekretuaren (nekazaritzako eta elikagaigintzako industrien erantzukizunpeko adierazpenen erregimena arautzekoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzkoa) aldaketa.
Urriaren 7ko 422/2013 Dekretuari (nekazaritzako eta elikagaigintzako industrien erantzukizunpeko adierazpenen erregimena arautzekoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzkoa) 8 ter artikulua gehitu zaio:
8 ter artikulua.
Erantzukizun-adierazpenean jasotako funtsezko datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada edo horietakoren bat aurkeztu ez dela egiaztatzen bada, nekazaritza eta elikadurako industrien arloko Sail eskudunaren administrazio-organo eskudunak jarduera horretarako emandako Ebazpenaren bidez geldiaraziko du berehala, betiere interesdunari zer esateko duen entzuteko hiru egun balioduneko epea emanez.
Jarduera eteteko ebazpenak beste ondorio bat ere ekar dezake: interesatua behartzea egoera juridikoa dena delako jarduera hasi baino lehenagora itzularaztera, eta urtebetez behintzat gauza berbererako beste prozedurarik eskatzen ez uztea. Jarduerari ezingo zaio berriz ekin jarduera geldiaraztea edo etetea eragin zuen egoera zuzendu arte eta nekazaritza eta prozeduran jarduten duen elikadurako industrien arloko Sail eskudunaren agintari eskudunak horrela egin dela egiaztatu arte, betiere uztailaren 16ko Industriari buruzko 21/1992 Legean ezarritakoari jarraiki.
Erantzukizun-adierazpeneko edozein datu, adierazpen edo dokumentutan funtsezkoa ez den zer edo zer ez baldin bada zehatza, gezurra baldin bada edo faltan baldin badago eta horiek aurkeztea ezinbestekoa baldin bada, nekazaritza eta elikadurako industrien arloko Sail eskudunaren administrazio-organo eskudunak emango dio horren berri interesdunari, hain zuzen egutegiko 15 eguneko epean zehatza ez den, gezurra den edo falta den hori konpon dezan.
AZKEN XEDAPENENETATIK BIGARRENA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik 30 eguneko epean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko martxoaren 17an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Aldatutakoa: 81/2020, DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, segurtasun industrialarena.
- Aldatzen du: 422/2013 DEKRETUA, urriaren 7koa, nekazaritzako eta elikagaigintzako industrien erantzukizunpeko adierazpenen erregimena arautzekoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroaren antolamenduari eta funtzionamend
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2002ko urtarrilaren 30ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Establezimenduen Erregistroan inskribatzeko prozedura arautzen duena.
- Indargabetzen du: 5/1996 DEKRETUA, urtarrilaren 9koa, Euskal Autonomi Elkarteko Industri Establezimenduen Erregistroa arautzeko den Arautegia eta erregistro hori instalatzeko, hedatzeko eta tokiz aldatzeko jardunbidea onartzeko dena.