Arautegia
Inprimatu171/2018 DEKRETUA, azaroaren 27koa, zeinaren bidez Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratu bat eratzen baita, Hezkuntza Sailaren titulartasuneko beste ikastetxe bat eraldatuta.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 231
- Hurrenkera-zk.: 5905
- Xedapen-zk.: 171
- Xedapen-data: 2018/11/27
- Argitaratze-data: 2018/11/30
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, irakaskuntza Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da, bere luze-zabalean, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, betiere bazter utzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua, artikulu hori garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenak, eta hori betetzeko eta bermatzeko behar den goi-ikuskaritza ere.
Lege-agindu hori garatuz, abenduaren 30eko 3195/1980 Errege Dekretuak eskumenak ematen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoak sortu, eraldatu, handitu, batu, sailkatu eta kentzeko (3195/1980 Errege Dekretuaren bidez osatzen da Estatuak irakaskuntzaren arloan dituen zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko prozesua).
Bestalde, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak lanbide-heziketako ikastetxe integratuen sorrera eransten die lehenago aipatutako eskumenei, eta, 11. artikuluan xedatzen duenez, Gobernuak ezarriko ditu ikastetxe horiek bete beharreko oinarrizko baldintzak, eta horiek sortzea, baimentzea, homologatzea eta kudeatzea Administrazioen egitekoak izango dira haien eskumen-eremuan. Artikulu horren arabera, halaber, profesionaltasun-tituluak eta ziurtagiriak eskuratzeko irakaskuntzako zentro gisa definitzen dira ikastetxe integratuak. Titulu eta ziurtagiri horiek, hain zuzen, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko lanbide-heziketako eskaintza osatuko dute.
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuak lanbide-heziketako ikastetxe integratuentzako oinarrizko baldintzak arautzen ditu. Ikastetxe integratuen xedeak errege-dekretu horren sarreran bertan daude laburbilduta, era honetan: ikastetxe horiek sortzen dira eskaintza integratu bat ziurtatzeko, gaikuntza emango duena hainbat lanbidetan era kualifikatuan aritzeko, eta pertsona helduei etengabeko prestakuntzarako eta enplegagarritasun-baldintzak hobetzeko aukera emango diena.
Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen II. kapituluan jasotzen da lanbide-heziketako euskal sistema integratua. Kapitulu horretan bertan adierazten denez, lanbide-heziketako ikastetxeen sarea da sistema horretako tresnetako bat. II. kapituluaren hirugarren sekzioan, lanbide-heziketako eskaintza integratua deskribatzen da; eskaintza horren oinarrian, ikastetxe-sare zabal bat dago, hasierako eta enplegurako lanbide-heziketa eskainiko duena. Sare horretan, lanbide-heziketako ikastetxe integratuak daude besteak beste. Ikastetxe integratuek irakaskuntza hauek eskainiko dituzte prestakuntza-jardueretan: hasierako lanbide-heziketari dagozkionak; langileen laneratzeko eta birlaneratzeko ekintzei dagozkienak, eta etengabeko prestakuntzari dagozkionak, lanean dabiltzan langileentzat direnak. Ikastetxe integratuek, baimenduta dituzten lanbide-familiei edo -arloei dagokien prestakuntza-eskaintzaz gainera, lanbide-informazioko eta -orientazioko zerbitzuak eskainiko dituzte, eta, hala badagokio, baita beste ikaskuntza ez formal batzuen bidez edo laneko eskarmentuaren bidez kualifikazioen eta lanbide-heziketaren sistema nazionalaren esparruan lortutako gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuak ere.
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8.2 artikuluan ezartzen duenez, hezkuntza- edo enplegu-arloko sailen menpeko lanbide-heziketako ikastetxe integratu publikoak sortu, eraldatu eta kendu ahal izango dira, bi sail horietako edozeinen ekimenez.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuan adierazten denez, Lanbide Heziketako Sailburuordetzari dagokio, lanbide-heziketaren arloan, irakaskuntza-unitate eta -ikastetxe pribatuak baimentzeko, eraldatzeko eta kentzeko proposamena egitea, bai eta unitate eta ikastetxe publikoak sortzeko, eraldatzeko eta kentzeko proposamena egitea ere.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 10.1.j) artikuluan xedatuaren arabera esleituta dituen eginkizunen baitan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendariak, 2018ko uztailaren 13ko dataz, baimena ematen du Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratu bat sortzeko, Hezkuntza sailaren titulartasuneko beste ikastetxe bat eraldatuta.
Ondorioz, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua jakitun jarrita, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko azaroaren 27an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8. artikuluan, adierazitakoarekin bat etorriz, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren menpe egon eta lanbide-heziketako irakaskuntzak eskaintzen dituen Galdakaoko IES Andra Mari institutuak (Kodigoa 014279) lanbide-heziketako ikastetxe integratu bihurtuko da, 2019-2020 ikasturtean izango ditu ondorioak. Lehengoa eraldatuz sortutako ikastetxe berriak izen generiko hau izango du: Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua.
Titulartasun publikoko lanbide-heziketako ikastetxe integratuen sarearen barnean sartzen da aipatu ikastetxea.
Lanbide-heziketako ikastetxe integratu eraldatuak irakaskuntza hauek eskainiko ditu prestakuntza-jardueren barruan: hasierako lanbide-heziketari dagozkionak; langileen laneratzeko eta birlaneratzeko ekintzei dagozkienak eta etengabeko prestakuntzari dagozkionak, lanean dabiltzan langileentzat direnak. Irakaskuntza horiek finkatzerakoan, ekoizpen-ingurunearen eskaerak hartuko dira aintzat, eta sail edo erakunde eskudunak baimenduta beharko du.
Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 2. artikuluaren 3. paragrafoan adierazitakoarekin bat etorriz, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek, baimenduta dituzten lanbide-familia edo arloei dagozkien prestakuntza-eskaintzaz gain, lanbide-informazio eta orientazioko zerbitzuak ere eskainiko dituzte, eta, hala badagokio, berariazko araudian zehazten denaren arabera, baita beste ikaskuntza ez formal batzuen bidez edo lan-eskarmentuaren bidez koalifikazioen eta lanbide-heziketaren sistema nazionalaren esparruan- lortutako gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuak eta kalitatezko prestakuntza, enplegagarritasuna, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen duten beste zerbitzu batzuk ere.
Hezkuntza sailak ezarriko du dekretu honen 1. artikuluan aipatzen den ikastetxe eraldatuaren plantilla, eta, halaber, giza baliabideak egoki banatzeko beharrezkoak diren administrazio-jardunak sustatuko ditu, lanpostuak betetzeko ezarritako arauekin bat etorriz.
Aurreko paragrafoan adierazitakoaren ondorioetarako, Hezkuntza Sailak argitara emango du, dekretu bidez, dekretu honen 1. artikuluan aipatzen den ikastetxe eraldatuaren lanpostu-zerrenda. Dekretu horretan, zehaztuko da zein diren langileen berratxikitzeek dituzten ondorioak.
Ondorio berberetarako, prozesu bat jarriko da abian, eraldatzen den ikastetxearen behin betiko destinoa duten langileak ikastetxe eraldatuari atxikitzeko. Atxikitze hori arau hauek oinarri hartuta egingo da:
Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren lehen xedapen gehigarria; dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide-Heziketako Ikastetxe Integratuak arautzen ditu.
Apirilaren 16ko 86/2002 Dekretua, Lanpostu Zerrendak, ikasturtez ikasturte, Bigarren Hezkuntzako institutuetako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako Berariazko institutuetako zein irakaslerengan duen eragina zehazteko irizpideak ezarri eta irakasleak euren ikastetxeei berriro atxikitzeko prozesua arautzen duena.
Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegoko, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko langileek ikastetxe eraldatuan sartzea hauta dezakete, dituzten eskubideak galdu gabe, edo, bestela, lanpostua ezabatu zaienen egoerara iragan daitezke, horrek dakartzan eskubide eta obligazioekin.
190/2004 Dekretua, urriaren 13koa, euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzeko dena.
Eraldatzen den ikastetxeko lanpostuei atxikitako Administrazio Orokorreko langileak ikastetxe eraldatuko lanpostuei atxikiko zaizkie, herri-administrazioetako langile funtzionarioentzat horretarako ezarritako prozedurei jarraituz.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ikastetxe eraldatutako zuzendaria kargutik kentzea.
Ikastetxea lanbide-heziketako ikastetxe integratu bihurtu aurreko egunean utziko du kargua eraldatzen den ikastetxeko zuzendariak, hala ezarrita baitago otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 20. artikuluan, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren azken xedapenetatik lehenengoaren bidez emandako idazkeraren arabera (22/2009 Dekretua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeko zuzendariak aukeratzeko eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak izendatzeko eta kargugabetzeko prozedura arautzen duena). Lanbide Heziketako sailburuordeak izendatuko du zuzendari berria, 46/2014 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kontseilu Soziala eratzea.
Irakasleen klaustroa eratu ondoren, ikastetxeko zuzendaritzaren ekimenez Kontseilu Soziala eratzeko jarduerak gauzatu beharko dira. Horretarako, gehienez urtebeteko epea egongo da, ikastetxe integratua jardunean hasten denetik hasita. Lanbide Heziketako sailburuordeak behar diren jarraibideak emango ditu ikastetxeetako hauteskunde-prozesuak burutu daitezen. Kontseilu Soziala bi urtetik behin berrituko da, eta, horretarako, Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeetarako oro har aurreikusitako prozedurak aplikatuko dira.
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko azaroaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.