Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Belaunaldien arteko esku-hartzeen planifikazio, inplementazio eta ebaluaziorako gida.

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea

Irudia: adineko emakume bat eta emakume gazte bat elkarrizketan (Conncting generations, 2023 gidatik hartutako  irudia)

Irudia: adineko emakume bat eta emakume gazte bat elkarrizketan (Conncting generations, 2023 gidatik hartutako irudia)

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gida bat argitaratu berri du, belaunaldi arteko esku-hartzeak planifikatzen, garatzen eta ebaluatzen laguntzeko. Baliabide horrekin aurre egin nahi zaio adinagatiko diskriminazioari, eta diskriminazio mota hori murrizteko ebidentzian oinarrituriko estrategiak eskaintzen ditu.

Adinagatiko diskriminazioa (edo adinkeria) gertatzen da “adina erabiltzen denean banakoak kategorizatzeko eta gizarte-zatiketa eragiteko, bidegabekeria, kaltea eta belaunaldi arteko solidaritaterik eza dakarrela. Hori pairatzen duten adin-taldearen osasunari eta ongizateari erasaten diete haren ondorioek; beraz, aurre egin behar zaio, “kalteak prebenitzeko, bidegabekeria murrizteko eta belaunaldi arteko solidaritatea sustatzeko”.

Ildo horretatik,  Adinagatiko diskriminazioari buruzko txosten globala egin dute OMEk, Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoak, Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Gaietarako Sailak eta Nazio Batuen Biztanleria Funtsak; eta adinkeria murrizten laguntzen duten hiru estrategia nabarmentzen ditu, hala nola adinagatiko diskriminazioaren aurkako politikak eta legeak formulatzea; hezkuntza-alorrean esku-hartzea, enpatia sustatuta eta ikuskera okerrak eta estereotipatuak murrizteko informazio zehatza emanda; eta, azkenik, partekaturiko proiektu edo jarduera batean hainbat adin-talde uztartuko dituen esku-hartzeak bultzatuta. Belaunaldien arteko kontakturako esku-hartzeak izenez ezagutzen da, eta, adituek diotenez, estrategiarik eraginkorrenetakoa da adinagatiko diskriminazioa murrizteko.

Eta hori da, hain zuzen ere, gidaren helburu nagusia, hau da, beste herrialde batzuei laguntzea, belaunaldi arteko kontatuan oinarritzen diren esku-hartzeak garatzen. Horretarako, hainbat belaunaldik parte hartzeko moduko jarduerak nola garatu zehazten du, eta laguntza osoa eskaintzen, horiek planifikatu, inplementatu eta garatzeko; eta badago belaunaldien arteko jardueren zerrenda bat ere, zeinak erakutsi duten eraginkorrak direla adinkeria murrizteko, eta elkarrekiko errespetuzko harremanak eta belaunaldi arteko erantzunkidetasuna indartzeko.

Lan-metodologia hori ulertzeko, belaunaldi arteko praktika izenekotik abiatzen da. Hainbat adinetako taldeak biltzen dituen jarduera da, ekintza bateratua eta denentzako onuragarria dena garatzeko, eta hori egiteak beste taldearenganako gerturatzea eta ulermen handiagoa sortzen ditu, belaunaldi arteko errespetu handiagorako bide emanez. Ikuspegi horretatik, belaunaldi arteko praktika palanka bat da ikuspegi komunitarioa garatzeko ere, eta “adinagatiko diskriminazioa murrizteaz gain, beste emaitza on asko ere ekar  ditzake”.

Belaunaldi arteko praktika oro printzipio-multzo batek gidatu behar du, izan dadin praktika parte-hartzailea, inklusiboa, unibertsala, lagunkoia, ez kaltegarria, bidezkoa, giza eskubideekiko errespetuzkoa, diziplinartekoa, denetzako onuragarria eta aktiboetan eta ebidentzia enpirikoan oinarritua.

Halaber, haren irismenari dagokionez, ekintza konkretu bakar bat izan daiteke, edota denbora mugatu batean garatzeko jarduera gisa diseinatu daitezke, edota ekintza-elementu modura koka daiteke belaunaldi arteko proiektu edo egitasmo komunitario batean. Formula bat edo bestea bereiziko duen elementuetariko bat praktikan sortuko den belaunaldien arteko kontaktu-maila da. Ildo horretatik, gidak zazpi kontaktu-maila bereizten ditu, oinarrizkoenetik hasi (beste adin-taldeak ezagutzea, telebistako erreportaje bidez, esaterako; edota haiekin izandako kontaktu birtual bidez), eta interakzio handiagokoetaraino, esate baterako: bilerak edo aldizkako jarduerak egitea, proiektuak azaltzeko edo prestakuntza-jardueretarako ohiko bilerak, belaunaldi arteko egitasmoen ohiko planifikazioa, edota belaunaldi arteko komunitateak eratzea.

Belaunaldien arteko proiektuak planifikatzeko eta inplementatzeko gakoak ere ematen dira, eta bereziki interesgarria da haien ebaluazioari buruzkoa; izan ere, helburuak zenbateraino bete diren jakiteko balioko baitigu, edo hobetzeko arloak identifikatzeko eta sortutako ezagutza talde eta erakunde interesdunen artean zabaltzeko. Hala, ebaluazio orok kontuan hartu beharko du ea garaturiko proiektuak objetiboki erakutsi duen gai dela adinagatiko diskriminazioa murrizteko, belaunaldien arteko praktiken inguruan ebidentzia sortzeko, norentzat eta zergatik funtzionatzen duen edota zerk ez duen funtzionatzen egiaztatzeko; proiektutik ateratako ezagutza sustatu eta zabaldu beharko du, eta belaunaldien arteko praktikaren kalitatea sustatzen duten arrakasta-faktoreak identifikatu beharko ditu, besteak beste.

Barne- edo kanpo-ebaluazioa egin daiteke, eta adinagatiko diskriminazioa murrizteari loturiko dimentsio-multzo batean egituratu: partaideen artean autokonfiantza handiagoa lortzea, komunikazio-trebetasunak garatzea edo beste trebetasun batzuk ikastea, edota partaideen aldaketa psikikoekin zerikusia duten beste alderdi batzuk (adibidez: autestimua hobetzea, komunitatean hobeto gizarteratzea, bakardade-sentimenduaren aldaketak, etab.)

Ameran, gidak belaunaldi arteko praktika kopuru handia jasotzen du, hainbat herrialdetan garaturiko praktikak, hain zuzen; eta haien emaitzek onura handiak adierazten dituzte, bai adineko pertsonentzat, bai gazteentzat. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, adinagatiko diskriminazioa murriztea, osasun mentala hobetzea, gizarte-konexioa indartzea, ongizatea areagotzea eta, adineko pertsonen kolektiboan, zehazki, osasun fisikoa hobetzea.

Informazio gehiago nahi izanez gero, txosten osoa begiratu dezakezu esteka honetan: Connecting generations: planning and implementing interventions for intergenerational contact (OMS, 2023)