Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Argitalpen-data: 2017/03/23

Berritu dezagun Euskadik arreta soziosanitarioan darabilen eredua. InterRAI CA, euskal Historia Soziosanitarioaren ernamuina.

Gizarte-arloak eta osasun-arloak mintzaira bera erabiltzea eta bi arloen artean premia soziosanitarioen balioespen bat egiteko aukera izatea; horra hor Euskadik arreta soziosanitariorako jarriak dituen lehentasun bi. Halaxe dago jasota Euskadiko arreta soziosanitarioaren ildo estrategikoetan, “Informazio eta komunikazio soziosanitarioko sistema bat ezartzea” aipatzen baita bigarren lerroan.

Hori dela-eta, 2011n, ikerketa-proiektu bat egin zen, bi helburu horiek erdiesteko moduko tresna bat identifikatzeko. Europan darabilten tresna bat baino gehiago aztertu zen, eta, azkenean, pentsatu zen InterRAi CA tresna egokia dela horretarako, artapenari buruzko informazio erkidea eta zientifikoki balioztatua lortzeko aukera ematen duelako.

Ondorio hartatik abiaturik, 2015ean, InterRAI CA tresna Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari aurkeztu zitzaion, erakunde arteko proiektu baten antzera. Hark baietz esan zuen, EAEn ezartzeko modukoa zela, eta, orduz gero, Historia soziosanitarioaren ernamuina da, arreta soziosanitariorako balioespen eta plan partekatuak lortzeko duen gaitasunean oinarriturik.

Hala, eta koordinazio soziosanitariorako Euskadiko lan-taldea buru zela, tresna 2016ko urtarrilean hasi ginen ezartzen. Diziplina anitz kontuan hartuz, batez ere gizarte-zerbitzuetako lehen osasun-arretako profesionalenganaino nahi genuen iritsi (gehien bat medikuak, erizainak eta gizarte-langileak). Gerora, beste eragile batzuk bildu zitzaizkigun, hala nola, Beti on telelaguntzako zerbitzua, buruko osasunerako ditugun 3 sareak, egonaldi ertaineko/luzeko ospitaleak eta Kontseilu sanitarioa (Osarean).

Jendartean galbahe-lanak egiteko balio du InterRAI CA-k. Premia soziosanitarioak dituzten helduen artean erabiltzen da, eta, lehen balioespen bat egin ondoren, pertsona jakin baten diagnosi bat ematen du: ea momentu horretan zer egoeratan dagoen eta zer-nolako premia soziosanitarioak dituen.

Diagnosi horrek 4 algoritmo ditu oinarrian: autonomia pertsonala, balioespen xehe bat egiteko premia (behar handieneko esparruetan sakontzearren), zerbitzu urgenteen beharra (kontuan izanik zer-nolako premiak dituen bete gabe edo zer-nolakoak ari zaizkion areagotzen eta eskatzen duten berehala esku-hartzeko), eta errehabilitazio funtzionalari ekiteko edo jarraipena emateko premia.

Eta, gehigarri modura, balioespena osatzeko, pertsonaren premia sozialei eta inguruneari buruzko informazioa ere batzen da; adibidez, besteak beste normalean zer ingurunetan bizi den; bakarrik bizi den edo etxean jende gehiagorekin bizi den; zer-nolako harremana duen haiekin; ohiko bizilekua nolakoa duen (bizitzeko baldintzak, oztopo arkitektonikorik bai edo ez, etxebizitzaren ekipamendua, hornigaiak eskura bai edo ez), edo zaintzailerik ba ote duen eta hark zenbaterainoko gainkarga duen.

Eta, azkenik, bakoitzarentzat bere artapen-plana egiteko aukera ematen du. Esku hartu duten profesional guztien artean adostuko da, eta lehen-lehenik zeri ekin behar zaion zehaztuko du.

Dauzkan ezaugarri teknikoez gainera, gaur egun arreta eta koordinazio soziosanitariorako erabiltzen dugun ereduari berritu bat ematen dio; horixe da tresna honek daukan ahalmen handienetako bat. Izan ere, aurrerantzean RAI erabiltzaileek dena delako kasu soziosanitariora sartzeko eta hartan “batera lan egiteko” modua izango baitute, berdin diolarik hasierako balioespena nondik datorren eta zein profesionalek egin duen.

Horrela, alde batetik, arlo soziosanitarioan esku hartzen duten profesionalen lana erraztea lortuko dugu, dena delako gizon-emakumearen diagnosi erkide bat izango dutelako, haren kasura sartu ahal izango direlako, zer bilakaera duen ikusi, eta artatzeko plana denen artean definitu ahal izango dutelako. Eta, beste alde batetik, praktikan, sistema elkarreragileetara hurbiltzea lortzen dugu, eta, horrenbestez, Historia Soziosanitario partekatuaren atarira edo hasierara.

Gaur egun, 150 baino gehiago dira InterRAI CA tresna darabilten profesionalak; eta, kopuruz, ia pare-parean daude gizarte-zerbitzuetatik datozenak eta osasun-sistematik datozenak, denak ere hiru lurralde historikoetakok.