Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko martxoaren 22koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko 2023-2025 aldirako dirulaguntzetarako deialdia arautzen eta egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 61
  • Hurrenkera-zk.: 1501
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/03/22
  • Argitaratze-data: 2023/03/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 76. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta haren lurralde historikoen administrazioek lan publikoa finantzatzera zuzendutako aurrekontu-atalen % 1 baliatu behar dute, gutxienez, Euskal Kultura Ondarea osatzen duten ondasunak kontserbatzeko, zaintzeko, haien zabalkundea egiteko eta haien balioa nabarmentzeko.

Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 aurreko Legean aipatutako betebeharra xedatzen zuen artikulua garatuz, Eusko Jaurlaritzak uztailaren 28ko 204/1998 Dekretua eman zuen, aurrekontu-erreserba horren arau erregulatzaileak onartzen dituena. Bertan xedatzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokionez, erreserba hori bihurtzea, zatika edo osorik, kultura-arloan eskumenak dituen sailaren kargurako diru-atal, eta, hala, aurrekontu-erreserba horrek dituen helburuak benetan gauzatzea.

Era berean, Euskal Kultura Ondarea zaindu, aberastu, babestu, hedatu eta sustatzeko inbertsioetarako aurrekontu-funtsak aplikatzeko jarraitu behar diren irizpideak oraindik indarrean den Kulturako sailburuaren 1999ko otsailaren 19ko Aginduan jasota daude. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko ekainaren 30eko Aginduak aldatu egin zuen Agindu hori.

Gainera, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu zen plan hori, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren honako agindu hauen bidez aldatu zen: 2021eko uztailaren 15eko Agindua, 2021eko irailaren 13ko Agindua, 2022ko otsailaren 16ko Agindua, 2022ko ekainaren 2ko Agindua, 2022ko uztailaren 26ko Agindua eta 2023ko urtarrilaren 26ko Agindua. 2023ko Dirulaguntzen Urteko Plana, bestalde, 2023ko urtarrilaren 26ko Agindu beraren bidez onartu zen. Plan horiek aipatutako sailaren webgunean daude argitaratuta: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/

Aipatutako aurrekontu-erreserbatik datozen kopuruak zuzen bideratzeko eta behar bezala erabiltzeko xedez, agindu honen helburua da aipatutako dirulaguntzetarako deialdia egitea, eta, halaber, zein baldintza eta eratan eskatuko eta ebatziko diren arautzea, betiere helburu horretarako esleituko den zenbatekoaren kargura, hau da, «ehuneko bat kulturala» deritzonaren kontura.

Hori dela eta, honako hau

  1. Agindu honen xedea da, batetik, Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko jarduerak sustatzeko dirulaguntzetarako deialdia arautzea eta egitea. Agindu honen helburutik kanpo geratzen dira Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 3.3.a) eta e) artikuluetan jasotako jarduketa oro; izan ere, lurralde historikoetako foru aldundien eskumenekoak dira.

  2. 2023 urtarrilaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitartean burutu beharko dira diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

  1. Agindu honen arabera diruz lagundu daitezkeen jarduerak babes bereziko edo babes ertaineko kultura-ondareetan egin beharko dira, nahiz aitortza hori dutenetan nahiz aitortza egiteko espedientea hasita dutenetan, 6/2019 Legearen 9. eta 10. artikuluetako edozein kategoria badute, eta bateragarriak izan beharko dira garatzen duen hirigintza-plangintzarekin.

  2. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak honako hauek dira:

    1. Kultura-ondareari balioa ematea, hau da, kultura-ondasunak ezagutzeko, balioa emateko, aitortzeko eta erabilera emateko jarduerak:

      Kultura-ondasunari ondare-balioa emateko oztopo diren elementuak eta zatiak, baita eraikuntzak eta eraikin osoak ere, deuseztatzea, eraistea eta/edo kentzea.

      Hirigune historikoetako jabetzak lotizatzeko araubidea mantentzea.

      Higiezinak berrerabiltzea, hau da, higiezinaren ondare-balioekin bat datorren erabilera berri baterako edo ohiko erabilerarako birgaitzea. Izaera kolektiboko kategoria aitortuta duen ondasuna izanez gero, babes indibiduala duten higiezinen berrerabilpena baino ezingo da diruz lagundu, betiere higiezinean egindako esku-hartze globala bada. Kontzeptu horren barruan, honako hauek lagundu daitezke diruz: eraikina berrerabilpenera egokitzeko proiektu teknikoen eta obra-zuzendaritzen ordainsariak eta higiezina berrerabiltzeko beharrezko obrak.

      Aztarnategi arkeologikoetako egitura arkeologiko esanguratsuak sendotzea, albo batera utzita balioa emateko proiekturik ez dutenak.

      Ondasunaren eta/edo orubearen aurretiazko azterketak (arkeologikoak, dokumentalak, historikoak, erabilerei buruzkoak, diagnostikoenak eta abar) kultura-ondasunaren garrantzia nabarmentzeko badira eta esku-hartze proiektuaren baitan sartzen badira.

    2. Kultura-ondarea hedatzea, hau da, sentsibilizazioaren, sozializazioaren eta ondarearen interpretazioaren bidez ondare-balioen berri ematea.

      Helburu nagusitzat honako hauetariko baten bat duten jarduerak kanpo geratzen dira: babestutako lurrak eta ondasunak erostea; kurtsoak eta biltzarrak; lehiaketak; programa informatikoak; eta web-orriak sortu eta mantentzea, eta argitalpenak (liburuak, monografiak...); azken kasu horretan, salbuespen izango dira diruz lagundutako jarduera nagusia ulertzeko beharrezkoak direnak.

    3. Babes berezi edo ertaineko kultura-ondasun higiezinak edo haien ingurunea desjabetzeko finantzaketa. Kategoria honetan, tokiko administrazioak ondasun horiek eta haien ingurunea eskuratzea baino ezin izango da lagundu diruz. Tokiko administraziotzat hartzen dira udalak, mankomunitateak, kuadrillak, kontzejuak eta tokiko administrazioa osatzen duten gainerako entitateak. Desjabetzearen helburua izango da deklarazioan sartzen den kultura-ondasunari edo haren zati esanguratsu bati balioa ematea.

      1. Ondare arkeologikoa:

      Kontzeptu honetan, honako hauen desjabetzea baino ez da lagunduko diruz: labar-artedun haitzuloen ingurunea, eremu urbanoetatik kanpoko gotorlekuak eta monumentu megalitikoak, baita bi azken horietako inguruneak ere.

      2. Ondare eraikia:

      Kontzeptu honetan, modu indibidualean Babes Berezia duten Kultura Ondasun Higiezinen edota beren inguruaren desjabetzea bakarrik lagundu ahalko da diruz, baldin eta monumentu-deklarazioa badute edo multzo baten parte badira, eta xedea baldin bada kultura-ondare horri balioa ematea.

    4. Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartuta dauden kultur ondasunak edo babestuak izateko espedientea irekita dutenak zaindu, aberastu eta babesteko beste edozein jarduera; betiere, jarduera hori bat baldin badator 6/2019 Legean jasotako helburuekin, eta ez badago jasota Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren beste agindu espezifiko batzuetan.

  1. Dirulaguntza hauek eskatu ahal izango dituzte deialdi honetan deskribatutako dirulaguntzaren xede diren jarduerak garatzen dituzten ondasunen jabe diren pertsona fisiko eta juridikoek, edo irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko publiko zein pribatuek, honako zehaztapen hauek aintzat hartuta.

    Onuradun izan daitezke, halaber, pertsona fisiko edo juridikoen elkarteak (publikoak zein pribatuak), ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, diruz lagundutako jarduerak garatu ditzaketenak, nahiz eta nortasun juridikorik izan ez, aurreko paragrafoan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan.

    Elkarteak badira (pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, nortasun gabeak), berariaz jaso beharko dute, eskabidean nahiz laguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak exekuzioan zer konpromiso hartu duen bere gain eta haietako bakoitzari zenbateko dirulaguntza aplikatu behar zaion; izan ere, haiek ere onuraduntzat joko dira. Nolanahi ere, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da. Ordezkari edo ahaldun horrek nahikoa ahal izango du zenbait obligazio betetzeko; hain zuzen ere, taldeari, onuradun gisa, dagozkion obligazioak betetzeko. Taldea ezingo da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

  2. Agindu honetako 2. artikuluaren c) apartatuko jarduerei dagozkien dirulaguntzak honako hauek bakarrik eskatu ahal izango dituzte: Toki Administrazioko entitateak edo entitateek, edo haien mendeko organoek; baldin eta aipatutako dirulaguntzen xede diren ondasunak eta lurrak eskuratzen badituzte.

  3. Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak (Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoak) aipatzen dituen birgaitzeko hirigintza-sozietateen bitartez bideratu ahal izango dira aitortza duten hirigune historikoetan edo kultura-ondasun aitortzeko espedientea hasita dutenetan jarduerak diruz laguntzeko eskabideak.

  1. Jarduteko gaitasuna izatea, eta, pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea, eta, beharrezkoa bada, dagokion erregistroan inskribatuta egotea.

  2. Pertsona nahiz erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

  3. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratzeko, pertsona edo erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

  4. Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskatu, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zehapen administratibo edo penalik duten pertsonek edo erakundeek, ezta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzarako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen ondorioz debeku hori dutenek ere. Ezingo dute eskatu, halaber, berdintasun-plana indarrean izan behar arren horrelakorik ez duten enpresek, ezta 50 langile baino gehiago izan eta indarrean den legeriarekin bat etorriz sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitzeko eta aurka egiteko neurriak hartuta dituztela ziurtatzen ez dutenek ere.

  5. Lehenago aipatutako baldintzez gain, betetzekoak izango dira pertsona edo erakunde onuradun izateko gainerakoak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan bildutakoak.

Lehenengo artikuluan aurreikusitako helbururako baliabide ekonomikoak hiru milioi euro (3.000.000) izango dira; horietatik 1.000.000 euro 2023. urteko ordainketa-kredituei dagozkie, 1.000.000 euro 2024. urteko konpromiso-kredituei eta, azkenik, 1.000.000 euro 2025. urteko konpromiso-kredituei.

Agindu honetan aurreikusitakoaren arabera ematen diren dirulaguntzen gehieneko muga honako zenbateko hauetatik txikiena izango da: 250.000 euro edo diruz lagun daitekeen zenbatekoaren % 100, salbu eta hirigune historikoetan jabetzak lotizatzeko araubidea mantentzeko, araubide hori % 15ekoa izango baita.

Hori guztia, betiere, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bere aurrekontuetan helburu horretarako esleitzen dituen kopuruen barruan.

Diruz lagundutako jarduerak 2023ko ekitaldian hasi beharko dira edo hasita egon beharko dute, eta, beranduenik ere, 2025eko azaroaren 30a baino lehenago amaitu beharko dira.

Agindu honen bitartez deitzen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako deitzen duten beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik helburu bererako jasotako dirulaguntza izendunak izan ezik, bai eta beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere; betiere, laguntzen helburu den jarduerarako jasotzen diren zenbateko guztien baturak gainfinantzaketarik eragiten ez badu haiek emateko erabili den aurrekontuarekiko. Halakorik jazotzen bada, deialdi honen babespean emandako laguntza murriztuko da, gehiegizkoa den partea kenduta.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Pertsona fisiko interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz nahiz presentzialki eskatu, kontsultatu eta gauzatu ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak, non eta administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko betebeharrik ez dagoen, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan. Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.

    Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte, nahitaez, prozedura administratiboaren edozein izapide egiteko.

  3. Eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean sartu eta aurrez hitzordua eskatuta soilik, EAEko erregistro osagarrietan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean; betiere, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko den (aipatutako erregistro osagarriak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan). Eskabide-eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0034809

  4. Eskabideak, halaber, bitarteko elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0034809

    Eskaera egin osteko izapide elektronikoak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  5. Eskabidea eta ondorengo izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu. Horretarako, ordezkaritza ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak. Dena dela, izapide elektronikoak egin beharko dira administrazioarekin harreman elektronikoa izateko betebeharra duen pertsona interesdun baten ordezkaria izanez gero.

  6. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren esteka honetan eskura daitezke: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0034809

  7. Erakunde edo pertsona eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Halaber, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, hala xedatuta baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

  1. Pertsona edo erakunde eskatzailearen betekizunak egiaztatzeko, izan pertsona fisikoa zein juridikoa, organo emaileak ofizioz jaso eta kontsultatu ahalko ditu administrazio publikoen esku dauden dokumentu eta datu guztiak, zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko egiaztagiriak barne. Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileek kontsultatzea berariaz aurkaratu dezakete. Horretarako, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

  2. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 artikuluari jarraituz, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

    1. Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

    2. Itzulketa-prozeduraren batean sartuta ez egotea.

    3. Pertsona edo erakunde eskatzailea ez egotea dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean, sexu-bereizkeria dela-eta zehapen administratibo edo penalei dagozkienak edo debeku hori dutenak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.

    4. Betetzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.5 artikuluan ezarritako baldintzak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartuak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legea bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenak emandako idazketan.

    5. Halaber, erakunde edo pertsona eskatzaileak adierazi behar du eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

  1. Egoitza elektronikoan eskura dagoen eskabidearen formularioa informazio honekin bete beharko da:

    1. Pertsona edo entitate eskatzailearen datuak.

    2. Jardueraren laburpen-fitxa.

    3. Jarduerako sarrera eta gastuen aurrekontu banakatu eta zehaztua.

    4. Edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen beste baliabide edo laguntza batzuk eskatu edo lortu izana.

  2. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Jardueraren memoria zehatza, hiru urteetako bakoitzean egingo diren jarduerekin; jarduera horiek gutxi gorabeherako kronograma bidez adieraziko dira.

    2. Jabetza-agiriak, eskatzaileak ondasunaren jabe diren pertsona fisikoak edo pertsona juridiko pribatuak badira.

    3. Ondasunaren jabearen ziurtagiria, pertsona edo erakunde eskatzaileak garatu beharreko jarduerarekin bat datorrena, baldin eta hau ez jabeduna bada, salbu eta eskaeraren xede den jarduerak ez badio zuzenean eragiten ondasunari.

    4. Proiektu teknikoak. Eraikingintza arloan indarrean den legediaren arabera, egikaritze-proiektua behar duten obrek eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute proiektua kultura-ondarearen alorreko organo eskudunaren nahitaezko baimenarekin batera, proiektuaren idazketa aurretiazko fase batean diruz lagundu ahal izatea galarazi gabe.

    5. Aurreikusitako esku-hartzeetarako nahitaezko lizentziak eta baimenak. Horien eskabidea ere onartuko da (aurreko puntuan aurreikusitako jarduketena izan ezik), eman ondoren aurkeztu beharra galarazi gabe, eta esku-hartzea hasi aurretik beti.

    6. Hala badagokio, eta 16.1.e) artikuluko irizpidearen arabera baloratzeko, memoria zehatza, jardueraren eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurri zehatzekin. Memoriak datu banakatuak, aurrekontua eta adierazleak jaso beharko ditu, aplikatutako berdintasun-neurrien eraginkortasuna ebaluatu ahal izateko jarduera gauzatu ondoren.

    7. Hala badagokio, eta 16.1.f) artikuluaren irizpidearen arabera baloratzeko, jarduera gauzatzean gizarte-erantzukizuneko irizpideak aplikatu direla egiaztatzea, hala nola, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan indarrean dagoen egiaztapena; desgaitasuna duten pertsonen, pertsona behartsuen edo talde kalteberetako kideen gizarteratzea eta laneratzea; edo enplegu-zentro berezien edo laneratze-enpresen bidezko azpikontratazioa.

    8. Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartutako kultura-ondasunak eta beren ingurunea desjabetzeari loturiko agiriak.

    9. Oro har, eskatutako dirulaguntzaren berme izango den beste edozein txosten, dagokion kalifikazioa eta balorazioa egiteko balio badu.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak.

  1. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiaztatuko du eskaera epe barruan eta behar bezala egin dela eta eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela.

  2. Eskabidea izapidetzea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio pertsona edo entitate interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; hartarako, ebazpen bat emango da aldez aurretik.

    Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko betebeharra duen pertsona edo entitate batek modu presentzialean aurkezten badu eskabidea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak pertsona edo entitate interesdunari eskatuko dio akatsa zuzen dezan, eskabidea bitarteko elektronikoz aurkeztuta. Horretarako, zuzenketa egin zen eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

  1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, eskabideok aztertu eta horiek onartu ala ez ebazteko eta onartutako eskabideen jarduerak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako Sailburuordetzako titularrari.

  2. Batzordeak osaera orekatua izan beharko du. Hain zuzen ere, bi sexuek gutxienez % 40ko ordezkaritza izango dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera. Honako hauek osatuko dute batzordea:

    1. Kultura Ondarearen zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona. Batzordeburua izango da, eta, boto-berdinketak egonez gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu.

    2. Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren arduraduna.

    3. Kultura Ondarearen Zuzendaritzako talde teknikoko bi pertsona, Kultura Sailburuordetzako titularrak izendatutakoak.

  3. Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko teknikari bat, Kultura Sailburuordetzako titularrak izendatua. Batzordeko idazkaria izango da, eta hitza izango du, baina botorik ez. Idazkariaren egitekoa izango da kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

  4. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da balorazio-batzorderen osaera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.

  5. Balorazio Batzordeak, egoki deritzonean, proiektuaren gai zehatz eta espezifikoan edo zeharkako gaietan (adibidez, genero-ikuspegian) aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

  6. Balorazio Batzordea balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da, gutxienez, batzordeburua eta idazkaria bertaratzea edo urrunetik aritzea, bai eta, gutxienez, batzordekideen erdiak ere.

  7. Balorazio Batzordeko kideak abstenitu egingo dira, eta errekusatuak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Norgehiagoka-prozedura hau erabiliko da agindu honetan jasotako dirulaguntzak emateko:

  1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ostean, eta, hala badagokio, 13. artikuluan aurreikusitako izapidea gauzatutakoan, Balorazio Batzordeak ebaluatu egingo ditu agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten jarduerak, hurrengo artikuluan finkatzen diren irizpideen arabera. Ebaluazioa hasi aurretik, Batzordeak eskabideak araztu ahal izango ditu, eta hasierako aurrekontutik kanpo utziko ditu dirulaguntzen aginduaren xede ez diren kapituluak.

  2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, jarduerek gutxienez hirurogei (60) puntu lortu beharko dituzte ebaluazio-fasean.

Irizpide hauek erabiliko dira eskabideak ebaluatzeko.

1. 2. artikuluaren a), b) eta d) apartatuetan aipatzen diren jardueren kasuan:

  1. Jardueraren kalitatea eta interesa, jardueraren kalitate-faktorea ondasunaren interesari aplikatzearen ondorioz (gehienez, 45 puntu):

    1. Jardueraren xede-ondasunaren interesa:

    Gehienez, 45 puntu: izaera kolektiboko kultura-ondasunak eta izaera kolektiboko ondasun batean sartutako izaera indibidualeko babes bereziko kultura-ondasunak eta izaera indibidualeko kategoria duten babes bereziko kultura-ondasunak.

    Gehienez, 40 puntu: babes ertaineko kultura ondasunak, izaera indibidualeko kategoriarekin.

    Gehienez, 35 puntu: izaera kolektiboko ondasun batean sartutako izaera indibidualeko babes ertaineko kultura-ondasunak.

    Gehienez, 30 puntu: izaera kolektiboko ondasun batean sartutako izaera indibidualeko oinarrizko babeseko kultura-ondasunak.

    2. Jardueraren kalitatea:

    Kalitate handia (1): ondasunaren ondare-balio guztiak balioan jartzeko edo ezagutarazteko behar diren helburu, ekintza, teknika edo material onenak barne hartzen dituzten jarduerak.

    Kalitate ertaina (0,7): ondasunaren ondare-balioetako edo elementuetako batzuk balioan jartzeko edo partzialki ezagutarazteko behar diren helburu, ekintza, teknika edo material egokiak barne hartzen dituzten jarduerak.

    Kalitate txikia (0,5): ondasunaren ondare-balioetako batzuk balioan jartzeko edo ezagutarazteko behar diren helburu, ekintza, teknika edo material onargarriak barne hartzen dituzten jarduerak eta/edo ondare-balio edo elementuetako bat balioan jartzeko edo ezagutarazteko direnak.

    Kalitate oso txikia (0,2): kultura-interesik gabeko edo txikiko jarduerak.

  2. Proiektuaren ezaugarri teknikoak (gehienez, 25 puntu).

    Gehienez ere 25 puntu emango zaizkie proposatutako ekimenarekin lortu nahi diren helburuak zehatz adierazten dituzten proiektuei eta proiektuaren garapen zehatza aurkezten dutenei, finkatutako helburuak erdiesteko egin behar diren obra-motak adierazten badituzte, betiere.

  3. Jardueraren eragina eta kanpoko zabalkundea (gehienez, 10 puntu).

    Gehienez 10 puntu: Donejakue Bideari eta Ignazio Bideari atxikitako ondasunen gaineko jarduerak.

    Gehienez 7 puntu: udalaz gaindiko eragina duten jarduerak.

    Gehienez 5 puntu: udalerrian eragina duten jarduerak.

  4. Jardueraren autofinantzaketa-maila (gehienez, 10 puntu):

    10 puntu emango zaizkie guztizko aurrekontuaren % 50 gutxienez eskatzaileen funtsekin edo beste baliabide pribatu edo publiko batzuen bitartez ordaindu bada. Hala, premisa horretan oinarriturik eta hiruko erregelaren bidez logika matematikoa aplikatuz lortuko da eskabide bakoitzari dagokion puntuazioa.

  5. Genero-ikuspegiaren integrazioa (gehienez 5 puntu).

    Honako jarduerak hauek puntuatuko dira:

    Emakumeek euskal kultura-ondareari egiten dioten ekarpena balioesteko, hedatzeko eta ikusarazteko eragin nabarmena dutenak.

    Emakumeen taldeak dituztenak hartzaile edo zuzeneko azken erabiltzaile.

    Jardueraren eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurri zehatzak jasotzen dituzten, bai onuradunei dagokienez, bai jarduera gauzatuko duten langileei dagokienez.

  6. Interes soziala (gehienez, 5 puntu):

    5 puntu emango dira pertsona eskatzaileak jarduera egitean honako inguruabar bat edo gehiago egiaztatzen badu:

    Irabazi-asmorik gabeko entitatea izatea:

    Emakumeen eta gizonen berdintasunerako gaietan indarrean dagoen egiaztapena.

    Desgaitasunen bat duten pertsonak, pertsona behartsuak edo talde zaurgarrietako pertsonak gizarteratzea eta laneratzea.

    Enplegu Zentro Berezien edo Laneratzeko Enpresen bidezko azpikontratazioa.

    2. artikuluaren c) apartatuan aipatzen diren eta diruz lagundu daitezkeen jardueren kasuan:

  1. Jardueraren kalitatea eta interesa, jardueraren kalitate faktorea ondasunaren interesari aplikatzearen ondorioz (gehienez, 40 puntu).

    1. Jardueraren xede-ondasunaren interesa:

    Gehienez, 40 puntu: Babes Bereziko Eremu Arkeologikoak edo Babes Bereziko Kultura Ondasun Higiezinak, izaera kolektiboko kategoria duen Babes Bereziko Kultura Ondasun batean sartuta daudenak.

    Gehienez, 35 puntu: Babes Ertaineko Eremu Arkeologikoak, izaera kolektiboko kategoriarekin, edo Babes Bereziko Monumentuak.

    Gehienez, 30 puntu: Babes Ertaineko Eremu Arkeologikoak, izaera indibidualeko kategoriarekin.

    2. Jardueraren kalitatea:

    Kalitate handia: 1.

    Kalitate ertaina: 0,7.

    Kalitate txikia: 0,5.

  2. Ingurunean egin izan den jarduerak eragin kaltegarria izan du ondasun kulturalaren babes egokian (gehienez, 35 puntu).

    Gehienez 35 puntu: ingurune ez urbanoetako gotorlekuei edo Babes Bereziko Monumentu Megalitikoei edo edozein kategoriatako Babes Bereziko Kultura Ondasun Higiezinei balioa eman izanaren eragin ona.

    Gehienez 20 puntu: ingurune ez urbanoetako gotorlekuei edo Babes Ertaineko Monumentu Megalitikoei balioa eman izanaren eragin ona.

    Gehienez 15 puntu: labar-artea duten leize edo haizpeei balioa eman izanaren eragin ona.

  3. Jardueraren eragina eta kanpoko zabalkundea (gehienez, 15 puntu).

    15 puntu: udalaz gaindiko eragina duten jarduerak.

    10 puntu: udalerrian eragina duten jarduerak.

  4. Jardueraren autofinantzaketa-maila, aurkeztutako aurrekontu globalari dagokionez (gehienez, 10 puntu).

    Dirulaguntzaren helburua betetzeko guztizko aurrekontuaren % 50 beste baliabide pribatu edo publiko batzuen bitartez ordaindu zaien proiektuei gehieneko puntuazioa (10 puntu) emango zaie. Hala, premisa horretan oinarriturik eta hiruko erregelaren bidez logika matematikoa aplikatuz lortuko da proiektu bakoitzari dagokion puntuazioa.

  1. Balorazio-prozesua amaitu ondoren, baztertu egingo dira 15. artikuluan aurreikusitako gutxieneko puntuazioa (60 puntu) lortu ez duten jarduerak, eta gainerako jarduerei eman beharreko zenbatekoak zehaztuko dira, prozedura honen arabera:

    1. Puntuaziorik handiena lortu duen jarduerarekin hasi eta 6. artikuluan ezarritako gehieneko mugak dituen dirulaguntza emango zaio edo eskatutako zenbatekoa, eta esleitutako zenbatekoa muga horietan txikiena izango da.

    2. Prozedura errepikatu egingo da aurreikusitako zuzkidura agortu arte, artikulu honetako 1. atalean adierazitako irizpidea gainditu duten gainerako jarduerekin; jarduera horiek puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira eta aurreko puntuan adierazitako gehieneko kopuruei faktore proportzional bat ezarriko zaie kalkulatutako dirulaguntza-proiektuak lortutako puntuazioaren eta puntuaziorik handiena lortu duenaren artean dagoen arrazoiaren parekoa, formula honen arabera:

      Si= (Ei x Pi) / Pmax

      non,

      Si = Jarduera bakoitzari eman beharreko zenbatekoa.

      Ei = Zenbateko hauetatik txikiena: 6. artikuluan ezarritako gehieneko zenbatekoak edo eskatutako zenbatekoa.

      Pi = Batzordeak jarduera bakoitzari emandako puntuazioa.

      Pmax = Batzordeak emandako gehieneko puntuazioa.

  2. Aurreko prozedura horren ondorioz soberakina geratuz gero, puntuazio handienetik txikienera dagokion hurrengo eskabideari emango zaio, betiere, honako zenbateko hauetatik txikienaren % 60ra iristen bada: 6. artikuluan ezarritako gehieneko zenbatekoak edo eskatutako zenbatekoa. Hala ez bada, gehiegizko zenbatekoa eskaera onuradun guztien artean hainbanatuko da, formula honen arabera:

    (Ikus .PDF)

    non,

    Si= Jarduera bakoitzari eman beharreko behin betiko zenbatekoa.

    D = Deialdiaren aurrekontua, guztira.

    Si = Jarduera bakoitzari eman beharreko hasierako zenbatekoa, aurreko formularen arabera kalkulatuta.

  3. Formula horiek aplikatuta lortutako zenbatekoak aurreko edo ondorengo zenbaki oso hurbilenera biribildu ahal izango dira. Biribiltzearen ondorioz, finantzatu beharreko guztizkoa deialdian finkatutako kreditua baino handiagoa bada, alde hori kendu egingo zaio finantzaketa handiena lortzen duen proiektuari.

  4. Pertsona edo entitate onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero 19.a) artikuluan aurreikusitako moduan, dirulaguntza eman duen organoak adostuko du, deialdi berri bat egin beharrik gabe, puntuazioaren arabera hurrena dauden pertsona edo entitate eskatzaileei ematea dirulaguntza, uko egitearen ondorioz behar adina kreditu askatu bada atzera botatako eskabide bat artatzeko, eskabideek Agindu honetako 15. artikuluan aurreikusitako gutxieneko puntuazioa lortu badute.

  1. Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta, espediente osoarekin batera, Kulturako sailburuordeari igorriko dio, ebazpena eman dezan.

  2. Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:

    1. Onartu gabeko eskaerak, arrazoia zehaztuta.

    2. Diruz lagundutako eskabideak, honako hauek zehaztuta eta arrazoituta: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, dirulaguntzaren xede diren partidak zehaztuta (jarduera osoa hala ez denean), ordainketaren sekuentziazioa eta justifikatu beharreko guztizko zenbatekoa.

    3. Eskatutako laguntza eman ez zaien eskabideak, nahiz Agindu honen 15. artikuluan aurreikusitako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutenak, nahiz puntuazio hori lortu arren, atzera bota direnak deialdian finkatutako kredituaren gehiengo zenbatekoa gainditu dutelako. Kasu bietan bakoitzari emandako puntuazioa adieraziko da, Agindu honetan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera.

    4. Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, agindu arautzailearen 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

    5. Behin proiektua amaituta, emandako dirulaguntzak justifikatzeko era eta epea, agindu honetako 24. artikuluak dioenari jarraituz.

    6. Diruz lagundutako jarduera gauzatuko dela bermatzeko bidezkotzat jotzen den beste edozein betebehar.

  3. Ebazpena, gehienez, bost hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik aurrera.

    Nolanahi ere, pertsona interesdunari akatsak zuzentzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak edo epaitzeko bestelako datuak aurkezteko errekerimendua egiten zaionean, epe hori bertan behera geratuko da errekerimenduaren jakinarazpena egiten denetik hartzaileak bete beharrekoa bete arteko denboran edo, hala dagokio, horretarako emandako epea agortu arte, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

    17.4 artikuluan aurreikusitako kasuan, aukera horren berri emango zaie pertsona edo erakunde interesdunei, dirulaguntzen proposamena jaso dezaten, hamar eguneko epe luzaezinean. Pertsona edo erakunde eskatzaileek proposamena berariaz onartu ondoren, emate-erabaki berri bat aginduko da eta jakinarazi egingo da.

  1. Pertsonak edo entitateak itzultzeko prozeduraren bat badu tramitazioan, prozedura hori amaitzearen mende egongo da ematea, eta itzultzeko prozedura amaitu eta itzultzeko betebehar bat badu pertsonak edo entitateak, emakida eman ahal izateko ezinbestekoa izango da zorroa borondatezko epean artatzea eginbehar hori duen pertsonak edo entitateak edo atzeratu eta bermatzea edo etetea erabakitzea, itzultzeko ebazpena inpugnatu delako. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo entitatea ezingo litzateke pertsona edo entitate onuradun izan, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak egunean ez baditu, 1/2021 Dekretuko xedapen gehigarriak adierazi bezala (urtarrilaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duena).

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» bidez egingo dira jakinarazpen elektronikak helbide honetan https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/; hargatik eragotzi gabe administrazio publikoekin harreman elektronikoak izateko betebeharrik ez izan eta modu presentzialean egitea erabaki duten pertsona fisikoei posta bidezko jakinarazpena egitea.

  3. Esandako epeetan ez bada ebazpenik jakinarazten, eskabideak isiltasun administratiboaren bidez ukatu direla ulertu ahal izango da, administrazio-prozedura erkideari buruzko araudiari jarraituz.

  4. Laguntza-eskatzaileei jakinaraziko zaie Ebazpena, eta, halaber, edonork jakin ahal izateko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (39/2015, urriaren 1ekoa) 45.2 artikuluan xedatutako edukiarekin.

  5. Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatuari jarraikiz. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko epea hasteari dagokionez, jakinarazpen-datatzat hartuko da jakinarazpen indibidualaren dataren eta aldizkarian argitaratu den dataren artean lehenik egin dena.

Honako betebehar hauek bete beharko dituzte agindu honetan zehaztu eta arautzen diren dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da; 17.4 artikuluan jasotakoari buruz 18.4 artikuluan aurreikusitakoan izan ezik.

  2. Dirulaguntzaren oinarri den jardueraren helburua betetzea eta jarduera osorik gauzatzea. Jarduera handietarako, edo gerora sortu diren gorabeherek baldintzatuta egon daitezkeen jardueretarako, komenigarria izan daiteke faseka planteatzea zenbait deialditan.

  3. Dirulaguntza bere jatorrizko xederako erabiltzea.

  4. Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu badira, horren berri ematea.

  5. Laguntza ematerakoan kontuan izandako egoera objektibo edo subjektiboak aldatu egin badira, horren berri ematea. Batez ere, ahal den lasterren jakinarazi beharko dira diruz lagundutako jardueren exekuzioan atzerapenak eragin ditzaketen jazoerak edo egoerak, baldin eta proiektua exekutatzeko ezintasuna badakarte.

  6. Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak egitean eskatzen duten informazioa ematea jasotako dirulaguntzei buruz, eta, orobat, men egitea erakunde horiek eta, hala badagokio, Erkidegoko organo eskudunek diruz laguntzen diren jardueren gainean egiten dituzten ikuskatze-, segimendu-, egiaztapen- eta kontrol-ahalmen zein -funtzioei.

  7. Jarduerari buruzko kartel, argitalpen, liburuxka eta testuetan, berariaz aipatzea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso dela, eta Sailaren logotipo ofiziala ere jasotzea. Betebehar horiek bete egin beharko dira jarduera gauzatzeko epean ere.

  8. Herritarrei zuzendutako zabalkunde-jarduera guztiek, hala nola hitzaldiek, bisitek, aurkezpenek eta abarrek, bai eta diruz lagundutako jarduerari buruzko informazioek ere, edozein euskarritan, ikus-entzunezkoan zein idatzizkoan (seinaleak, argitalpenak, liburuxkak eta abar), honako ezaugarri hauek bete beharko dituzte:

    Gutxienez euskaraz egitea, eta, elebidunak badira, euskarari ematea lehentasuna.

    Hizkuntzaren eta irudien erabilera inklusiboa eta ez sexista egitea, emakumeen eta gizonen irudi anitza eta orekatua bermatzeko presentziari, proportzio formalari, ekintzen garrantziari eta jarreren tratamenduri dagokionez eta estereotipazioa ekiditeko.

  9. Dirulaguntza honen kargura jasotako funtsak itzultzea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan ezarritako kasuetan, eta zehapena ordaintzea, halakorik balego.

  10. Diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa 9/2017 Legean (azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora) kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak baino handiagoa denean, pertsona edo entitate onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik. Aurkeztutako hiru eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, ekonomikoki abantailatsuena den proposamena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean.

  11. Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako beste edozein betebehar, eta, bereziki, lege horren 14. artikuluan bildutakoak.

Pertsona edo erakunde onuradunak diruz laguntzen den jardueraren % 100 azpikontratatu ahal izango du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta lege orokor horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Erakunde publikoek, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko kontratuak esleitzerakoan, lehentasuna emango diete gizarte-erantzukizuneko irizpideak beren gain hartzen dituzten enpresei eta, bereziki, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen dutenei.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egingo du diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena, agindu hau kudeatzeko organo eskuduna den aldetik.

Horretarako, eta legez beste entitate eta erakunde publiko batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe, Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki jotzen dituen ikuskatze eta egiaztapenak egitea.

  1. Agindu honen babespean eman beharreko dirulaguntzak atalka ordainduko dira, era honetan:

    1. Lehenengo zatian, emandako dirulaguntzaren herena ordainduko da, behin 19.a) artikuluan aipatutako epea igaro ondoren, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

    2. Gainerako bi herenei dagokienez, laguntza emateko ebazpenean adierazitako moduan ordainduko da, aurrez gastua justifikatu ondoren. Zatika ere ordaindu ahal izango da, finantzatutako jardueraren gauzatze-mailaren arabera; bi ordainketa egin ahal izango dira (bat urtealdi bakoitzean, eta emandako dirulaguntzaren herenari dagokion zenbatekoan). Kasu horretan, ordainketa bakoitzari dagokion laguntza 24. artikuluan adierazitako moduan justifikatu beharko da.

  2. Zergei buruzko araudia aplikatzerakoan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio dirulaguntzaren zenbatekoari.

  3. Pertsonak edo entitateak itzultzeko prozeduraren bat badu tramitazioan, prozedura hori amaitzearen mende egongo da ordainketa, eta itzultzeko prozedura amaitu eta itzultzeko betebehar bat badu pertsonak edo entitateak, ordainketa egin ahal izateko ezinbestekoa izango da zorroa borondatezko epean artatzea eginbehar hori duen pertsonak edo entitateak edo atzeratu eta bermatzea edo etetea erabakitzea, itzultzeko ebazpena inpugnatu delako. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo entitatea ezingo litzateke pertsona edo entitate onuradun izan, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak egunean ez baditu, 1/2021 Dekretuko xedapen gehigarriak adierazi bezala (urtarrilaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duena).

  4. Pertsona edo erakunde eskatzailea Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta ez badago edo bankuko datuak aldatu nahi baditu, alta edo aldaketa hori modu presentzialean izapidetu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/) formatu editagarrian eskuragarri dagoen «Hirugarrenen alta» formularioa betez.

  1. Agindu honen ondorioetarako, baldintza hauek betetzen dituzten gastuak lagunduko dira diruz: diruz lagundutako jardueraren izaerarekin nabarmen lotuta egotea, erabat beharrezkoak izatea eta 7. artikuluan ezarritako epean gauzatzea, betiere agindu honetako 2. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta. Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezin izango da izan merkatuko balioaren gainetikoa, inondik ere.

  2. Ez dira diruz lagundu daitezkeen gastuak izango Balio Erantsiaren Zergari dagozkionak, pertsona edo entitate onuradunak horiek berreskuratzeko edo konpentsatzeko aukera badu. Ondorio horietarako, pertsona edo entitate onuradunak erantzukizunpeko adierazpen bidez adierazi beharko du dirulaguntzaren xede diren eragiketetan jasandako BEZ osorik edo zati batean kentzeko edo berreskuratzeko eskubidea duen.

  3. Beti aplikatu ahal izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 83. artikulua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretu bidez onartua.

  1. Administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko betebeharra ez duten pertsona fisikoek modu presentzialean aurkeztu ahal izango dituzte justifikazio-agiriak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen, establezimenduen eta egoitzen aurrean (aipatutako erregistro osagarriak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan).

  2. Justifikazio-agiriak, halaber, bitarteko elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/ webgunearen bidez eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako erregistro elektronikoetan.

    Administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko betebeharra dutenek nahitaez erabili beharko dituzte bitarteko elektronikoak, dirulaguntza justifikatzeko.

  3. Kasu guztietan, eta azkenean diruz lagundutako aurrekontuaren ehunekoa edozein dela ere, jarduera osoa eskabidean aurkeztutako aurrekontuaren arabera edo, hala badagokio, Batzordeak 15.1 artikuluan aurreikusitako arazketaren ondorioz zehaztutakoaren arabera egin dela justifikatu beharko da.

  4. Emandako dirulaguntza justifikatzeko, laguntza eragin duen jarduera gauzatu izana eta egindako gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Alegia, gutxienez, honakoa:

    1. Egin den jardueraren memoria deskriptibo zehatza. Bertan jaso behar dira, hala dagokionean, eskumena duten profesionalek sinatutako egiaztapen teknikoak eta obra-amaieraren dokumentazioa, edo ondasuna desjabetu izana egiaztatzen duten eskritura publikoak.

    2. Egin den jardueraren kostuaren justifikazio-memoria ekonomikoa, gertatu diren desbideratzeak adierazita eta justifikatuta, eta honakoak ere adierazita:

      Gastuen zerrenda sailkatua, honakoak adierazita: hartzekodunaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data, «Gastuen zerrenda sailkatua eta egiaztagiriak» inprimakiaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, formatu editagarrian).

      Jarduerari lotutako gastuen fakturak eta ordainagiriak, eta, hala badagokio, obra-amaierako likidazioa, eskumena duen profesional batek sinatuta. Fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritzako zirkulazio juridikoan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako agirien bidez egiaztatuko dira gastuak, edota faktura elektronikoak aurkeztuta.

      j) artikuluan xedatzen diren kasuetan, hiru aurrekontuak aurkeztu beharko dira, alegia, azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikulua aplikatuz, pertsona edo erakunde onuradunak eskatu behar izan dituen hirurak.

    3. Zinpeko adierazpen bidez edo organo eskudunaren ziurtagiri bidez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan formatu editagarrian eskuragarri dagoen «Zinpeko adierazpena/azken justifikazio-ziurtagiria» inprimakiaren arabera, honako informazio hau:

      Dirulaguntza jaso duen jardueraren gastu eta sarreren behin betiko balantze xehatua, eskabidean aurreikusitako aurrekontua eta egiaz egindakoa alderatuta, eta sarreren artean jasoz erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako laguntzak, bai eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako laguntza ere.

      Hala badagokio, berariaz aipatzea ez dela jaso jarduera finantzatzeko laguntza publiko edo pribaturik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain.

      Emandako dirulaguntzaren xedea eta helburua bete ote diren.

    4. Diruz lagundutako jarduerak lizentzia edo baimenik behar badu, eta eskabidea egin den unean agiri horiek eskatu izana baino ez bada egiaztatu, jasotako behin betiko lizentzia horiek aurkeztu beharko dira, lehenago aurkeztu ez badira.

    5. Diruz lagundutako jarduera egiteagatik ikus-entzunezko materialen bat editatu bada edo jardueraren zabalkunde publikoren bat inprimatu edo egin bada, egiaztatu beharko da argitalpen edo zabalkunde horretan adierazita geratu dela Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso dela eta sailaren logotipo ofiziala ezarri dela, bai eta Agindu honen 19. artikuluan euskararen erabilerari buruz aurreikusita dauden betebeharrak bete direla ere.

    6. Jarduera diseinatzeko eta/edo gauzatzeko faseetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko aplikatutako neurrien betearazpen-mailari buruzko ebaluazio-txostena, neurri horiek eskabidearen dokumentazioan sartu badira eta hura baloratzeko irizpidetzat hartu badira.

      22.1.b) artikuluan aurreikusitako justifikazio partzialetarako, aurreko puntuko a) eta b) atalei dagozkien agiriak soilik aurkeztu beharko dira, kasu bakoitzean jardueraren gauzatze-maila egiaztatzeko; nolanahi ere, 4. paragrafoan aurreikusitako gainerako dokumentazioa aurkeztu beharko da azken justifikazioa egiteko unean.

      1. Diruz lagunduko diren jarduerak justifikatzeko epeak honako hauek dira, gehienez ere:

        1. 2023an gauzatzekoak diren jarduerak: 2023ko abenduaren 15a barne.

        2. 2023-2024 epealdian gauzatzekoak diren jarduerak: 2023an gauzatutako jarduerak 2023ko abenduaren 15a barne; 2024an gauzatutako jarduerak, berriz, 2024ko abenduaren 15a barne.

        3. 2023-2025 epealdian gauzatzekoak diren jarduerak: 2023an gauzatutako jarduerak, 2023ko abenduaren 15a barne; 2024an gauzatutako jarduerak, 2024ko abenduaren 15a barne, eta 2025eko azaroaren 30era arte gauzatutako jarduerak, 2025eko abenduaren 15a barne.

      2. Diruz lagundu daitezkeen gastuak justifikatzeko, betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

  1. Helburua eta irizpideak:

    Dirulaguntza benetan egindakoari egokitzearren, eta behin betiko likidazioa egitearren, hasierako aurrekontua baino handiagoak diren gastuak justifikatzeak ez du eskubiderik emango dirulaguntzaren hasierako zenbatekoa handitzeko.

  2. Prozedura:

    1. Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak aztertu eta egokitzat jotzen badira, ordaintzeke dagoen diru-kopurua ordainduko da.

    2. Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, eta dirulaguntzaren xedea bete dela ikusten denean, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, dela egindako gastua aurrekontuetan dena baino txikiagoa delako, dela pertsona edo entitate onuradunek beste erakunde publiko zein pribatuetako sarrera edo laguntza batzuk jaso dituztelako ezarri diren mugak gaindituz.

    3. Jarduera zati batean betetze partziala onartu ahalko da, baldin eta diruz lagundutako jarduerari loturiko helburuak eta konpromisoak betetzen egindako ahalegina argi eta garbi ziurtatzen bada, eta eskabidean aurkeztutako jarduera osoaren aurrekontuaren gutxienez % 65 bada gauzatu den zatia. Kasu horretan, emateko ebazpena aldatu beharko da, azkenean eman den zenbatekoa aurrekontu osotik egiatan justifikatu den kopuruaren arabera murriztuta.

      Salbuespen gisa, lehen ezarritako ehunekoan gauzatzen ez bada proiektua, dirulaguntza kudeatzen duen organoak betetze partzialak daudela baietsi ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren pertsona edo erakunde onuradunak egindako lanek berezitasun-ezaugarri objektiboak badituzte eta, berez, diruz lagundutako proiektuaren xedeari eta helburuari balio erantsia ekartzen badiote.

    4. Halaber, dirulaguntza osorik ezeztatzea bidezkoa bada edo agindu honetako 26. artikuluan zehaztutako kasuetan, aipatutako ebazpena aldatu egingo da.

    5. Kulturako sailburuordeak emango du dirulaguntzaren zenbatekoak aldatzeko edo doitzeko likidazio-ebazpena. Horretarako, bi hileko epea izango du, justifikazio-agiriak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera.

    6. Likidazio-ebazpenean jasotako parte bat edo guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar bazaio, itzulketa egiteko bi hilabeteko epea emango da, hura jasotzen denetik hasita; betiere, arau hauetan ezarritako prozedurari jarraituz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezartzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena. Dena den, aurretik, itzulketa-prozeduraren hasiera eta prozedura hori hasteko arrazoiak jakinaraziko zaizkio onuradunari, eta 15 eguneko epea emango zaizkio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko.

  1. Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

    1. Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

    2. Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

    3. Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

    4. Dirulaguntzen arloko beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein kasu ez betetzea; batik bat, azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutako ez-betetzeak.

  2. Artikulu honen aurreko zenbakiak aipatutako kasuren bat dagoela egiaztatuz gero, zenbatekoak eta dirulaguntza ordaintzen denetik ezarri daitezkeen legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere ondoko arauetan ezarritako terminoekin bat etorriaz eta zehaztapen horiek bete aurretik: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina; eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezartzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Datu pertsonalak tratatu eta «kultura eta sormen arlorako laguntzak eta sariak» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.

Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Xedea: Kultura eta sormen arloko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: Interes publikoan edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoak erabili bitartean eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua.

Hartzaileak: - Arloan eskumena duten administrazioak.

Eskubideak: Datuetarako irispidea izatea, datuak zuzentzea eta ezereztea, eta beste zenbait eskubide informazio gehigarrian daude.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/026100-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 22a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.