Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2023ko irailaren 1ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko hirugarren mailako, Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasketak egiten ari diren ikasleei eskola-garraioko zerbitzua ematen jarraitzea agintzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 169
- Hurrenkera-zk.: 4116
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2023/09/01
- Argitaratze-data: 2023/09/05
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ogasun
Testu legala
Eskola-garraioaren prestazioa Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzko maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuak arautzen du, eta, hezkuntza-zerbitzurako berdintasunezko sarbide hori bermatzeko, Hezkuntza Sailak ikasturte bakoitzerako antolatu eta finantzatzen du eskola-garraioa, irakaskuntza-zerbitzu publikoari hertsiki lotutako zerbitzu gisa.
Eskola-garraioko zerbitzu horren zati handi bat, 69/2015 Dekretuaren bigarren artikuluaren lehenengo apartatuko «a)» letran xedatutakoaren babesean, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak kontratatutako ibilgailuen ibilbideen bidez ematen da, eskola-umeak errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregularra (erabilera berezikoa) ematen baitute ibilgailuok.
Aipatutako kontratuen lizitazioa auzigai izan da maiz azken urteotan. Horrela, bada, Sailak 2021ean izapidetutako hiru (3) kontratazio-espedienteen aurrean, hamalau (14) helegite jarri zituzten garraio-elkarte eta enpresek Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoan (KEAO); era berean, zazpi (7) helegite jarri ziren Sailak 2022an lizitatutako hiru (3) espediente berrien aurka.
Elkarte eta enpresek lizitazio-prozedura horiek arautzen dituzten pleguen aurka jarritako errekurtso ugariek eragotzi egin zuten 2022-2023 ikasturtearen hasieran eskola-garraioko zerbitzua osatzen duten ibilbideetan enpresa esleipendun berriak izatea zerbitzua emateko.
Aurrekoaren ondorioz, 2022ko irailaren 7an, Hezkuntza Sailak eta Euskadiko eskola-garraioko zerbitzuak ematen dituzten enpresen elkarteek akordio bat lortu zuten, 2022-2023 ikasturtean aurreko esleipendunek eskola-garraioko zerbitzua ematen jarraituko zutela bermatzeko, honako baldintza hauetan: (i) une horretan indarrean zegoen zerbitzu-prestazioaren prezioa ehuneko hogeita lau koma bat (% 24.1) igotzea erabaki zen, eta (ii) erregaiari egotz zekiokeen kostua eguneratzeko formula bat adostu zen, prezioak izan zezakeen aldaketaren arabera. Ehuneko hogeita lau koma bateko igoera hori (% 24.1) 2021ean adostutako ehuneko zazpiko hazkundearen (% 7) osagarri zen.
2023. urtean, Hezkuntza Sailak hiru (3) kontratazio-espediente berri jarri ditu abian. Berdintasuna, lehia eta ETEen kontrataziorako sarbidea sustatze aldera, kontratazio-espedienteen kudeaketa eraginkorrago eta efizienteago baten beharrarekin eta lizitatu beharreko ibilbide kopuru handia dela eta, Hezkuntza Sailak espedienteak lurraldeka banatu zituen. Horrela, kontratazio-espediente bat lizitatu zen lurralde historiko bakoitzeko:
C02/028/2022 espedientea Araba, lehiaketarako 140 ibilbide eskaini zituena (2023ko urtarrilaren 16an argitaratua).
C02/003/2023 espedientea Gipuzkoa, lehiaketarako 145 ibilbide eskaini zituena (2023ko martxoaren 31n argitaratua).
C02/027/2022 espedientea Bizkaia, lehiaketarako 199 ibilbide eskaini zituena (2023ko urtarrilaren 16an argitaratua).
Lizitazio horien aurka, berriz ere, enpresa eta elkarte ezberdinen partetik, sei (6) helegite jarri ziren Kontratuen inguruko Errekurtsoen Organoan (KEAO). Guztiak ezetsi ziren.
Helegite horiei dagokienez, esanguratsua da hainbat alderdi nabarmentzea. Lehenik eta behin, errekurtsogileetako batzuek lizitazioaren oinarrizko aurrekontua egokia ez zela edo garraio-enpresen egungo errealitatearekin edo egoera ekonomikoarekin bat ez zetorrela esanez egindako alegazioen aurrean, Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak ulertu zuela alegazio orokorrak zirela, oinarririk gabeak, eta ezetsi egin zituela, uste baitzuen errekurtsoan ez zegoela lizitazioaren oinarrizko aurrekontu horren zuzentasunik eza egiaztatzeko eta kuantifikatzeko kalkulu zehatzik.
Egoera hori aurreko urteetan ere errepikatu zen; izan ere, Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak banan-banan ezetsi zituen Lizitazioaren Oinarrizko Aurrekontua merkatuaren errealitatera egokitzen ez zela argudiatu zuten errekurtsoetan aurkeztutako antzeko alegazio guztiak.
Bigarrenik, oinarri horien gainean, zenbait helegiteren kasuan, Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak adierazi zuen errekurtsoa jartzean fede txarrez edo ausarkeriaz jokatu zela, errekurtsogileei «kontratua esleitzeko prozedura luzatzeko asmoaren zantzu argiak» ikusi zizkielako, hitzez hitz.
Hirugarrenik, helegite horiek ezetsi diren arren, errekurtsogileetako batek ere ez du erabaki administrazioarekiko auzibidera jotzea.
Hala ere, luzapen-asmo horiekin bat etorriz, lizitazio-espediente horietan, lizitatutako ibilbideen ehuneko hamazazpik (% 17) soilik izan du, gutxienez, eskaintza bat garaiz eta behar bezala aurkeztu duen lizitatzaileren bat.
Zehazki, Arabako Lurralde Historikoari dagokionez, lizitatzaileek ehun eta hogeita hemezortzi (138) ibilbideetatik hamalautan (14) bakarrik parte hartu dute lehian, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoari dagokionez, ehun eta hogeita hemeretzi (139) ibilbideetatik hirurogeita bostetan (65) aurkeztu dira lizitatzaileak. Daturik esanguratsuena Bizkaiko Lurralde Historikokoa da, lizitatutako ehun eta laurogeita hamar (190) ibilbideetatik enpresa lizitatzaile bakarra egon baita bertan, zeinak ibilbide bakarrerako eskaintza aurkeztu baitu.
Errealitate hori ikusita, 2023ko uztailaz geroztik, Hezkuntza Sailak zerbitzu horiek eskaintzen jarraitzeko eskaintza egin die gaur egun garraio-zerbitzuak ematen dituzten enpresei, lizitazio-prozesuan eskaintzarik jaso ez zuten ibilbideetan, harik eta esleipendun berririk egon arte lizitazio-prozesu berri baten ebazpenaren ondorioz.
Zerbitzu hori 2022-2023 ikasturteari dagozkion baldintza eta termino beretan ematea eskaini da, hau da, 2022ko irailaren 7an elkarteekin lortutako akordioaren arabera.
Eskaintza egin den arren, agindu honen eranskinean zerrendatzen diren ibilbideek, gaur-gaurkoz, ez dute zerbitzua emateko prest dagoen enpresarik.
Agindu honen datan, ibilbideen ehuneko hogeita hamaikak (% 31) baino ez du zerbitzua emateko moduan den konpainia edo aldi baterako enpresa-elkarte bat. Lurralde historikoka, Gipuzkoako ibilbideen ehuneko laurogeita hemezortzi (% 98) estalita daude, ehuneko bost (% 5) Arabaren kasuan, eta bat bera ere ez, Bizkaiaren kasuan.
Behin azaldu berri dugun errealitatea egiaztatuta, aurrekari judizialetara eta Kontratazioko Aholku Batzorde ezberdinek emandako ebazpenetara jo behar dugu, behin eta berriz ebatzi baitute litekeena dela, kontraturik indarrean egon ez arren eta betiere zerbitzu publikoan nahasmendu larririk ez sortzeko baldintza betetzen bada, administrazioak xedatu ahal izatea eta kontratistari agintzea zerbitzu hori ematen jarrai dezan, harik eta zerbitzu hori ez emateak ekarriko lukeen kaltea saihesteko neurri egokiak har daitezkeen arte.
Aurrekari horien barruan, salbuespenezko kausek, eskuartean dugunak kasu, justifikatzen dute kontratistaren prestazioa luzatu ahal izatea salbuespenezko egoera hori arintzeko ezinbestekoa den aldian, zerbitzua ematen jarraituko dela bermatzeko beharra kontuan hartuta.
Kasu horretan, behin eta berriz ebatzi den bezala, kontratistak eskubidea izango du egindako kostuarengatik kalte-ordain bat erreklamatzeko, bai eta dagokion industria-onura ere. Horrela, kontratistari inongo kalterik sortzea ekiditen da.
Antzeko beste erabaki batzuk ere berariaz jasota daude, adibidez, lurreko garraioari buruzko araudian. Hala, Lurreko Garraioari buruzko 16/1987 Legearen 85. artikuluak xedatzen duenez, bidaiarien erabilera orokorreko garraio erregularreko zerbitzu publiko bat eteten bada, edo etete hori gertatzeko arriskua berehala sortzen bada, Administrazioak larrialdi-neurri bat hartu ahal izango du, zuzeneko esleipenaren bidez edo zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratu bat luzatzeko edo zerbitzu publikoko betebehar jakin batzuk bete beharra exijitzeko akordio formalaren bidez.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan zehazten denez, honako hauek dira hezkuntza-sistemaren printzipioak: kalitatezko hezkuntza ikasle guztientzat, haien zirkunstantziak eta egoera edozein direlarik ere; ekitatea, hezkuntzaren bidez nortasuna erabat garatzeko aukera-berdintasuna bermatuko duena; hezkuntza-inklusioa eta eskubide- eta aukera-berdintasuna, edozein motatako diskriminazioa gainditzen laguntzeko, eta hezkuntza-irisgarritasun unibertsala, zeinaren bidez konpentsatuko baitira desberdintasun pertsonalak, kulturalak, ekonomikoak eta sozialak, arreta berezia jarrita desgaitasunen ondorioz gertatzen direnei.
Pertsonek kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea dute, zenbait irakaskuntzatan, dohainik gainera, eta hezkuntza-administrazioek, pertsonek, aipatutako arauen eta printzipioen arabera hezkuntzarako eskubidea baliatzeko baldintzak ezartzeko betebeharra dute.
Eskola-garraioa eskubide horien egikaritza baldintzatzen duen faktorea da, eta, beraz, Hezkuntza Administrazioak egoera eta irakaskuntza jakin batzuetan bere gain hartu behar dituen betebeharren barruan dago. Gogorarazi behar da Konstituzioaren 27. artikuluan araututako oinarrizko eskubide baten aurrean gaudela.
Eskola-garraioa, beraz, hezkuntzarako oinarrizko eskubidearekin zuzeneko lotura duen funtsezko zerbitzua da, eta ikasturte bakoitzean, Euskal Autonomia Erkidegoan, milaka ikasle ikastetxera joatea bermatzen du.
Arestian aipatu diren ibilbideek 10.000 ikasle baino gehiagori eta horien familiei eragiten diete, eta, beraz, eskola-garraioko funtsezko zerbitzu hori ez emateak 10.000 pertsona baino gehiagoren hezkuntzarako oinarrizko eskubideari eragiten dio.
Kontratuen inguruko Errekurtsoen Organoaren (KEAO) aurka behin eta berriz jarritako errekurtsoen ondorioz lizitazio-prozedurak atzeratu egin direnez, lizitatzaileen lehia txikia izan denez, eta egungo zerbitzu-emaileetako batzuek zerbitzua ematen jarraitzeari uko egiten diotenez, gaur egun ez dago eskola-garraioko funtsezko zerbitzu osoa bermatuta.
Euskal Autonomia Erkidegoko funtsezko zerbitzu publikoen kudeaketa eraginkorra ziurtatzeko, ezohiko mekanismoak erabili behar dira, kasu berezietan, premiazkoak eta atzeraezinak diren beharrizanei erantzuteko, batez ere funtsezko sektoreetan, hezkuntzan kasu, zerbitzu horiek emango direla ziurtatzeko.
Horretarako, eta eskola-garraioaren funtsezko zerbitzua ematen jarraituko dela bermatzeko, eta aurretik aipatutako aurrekarien babesean,
Lehenengoa. Eskola-garraioko zerbitzua ematen jarraitzea.
Agindu honen bidez, Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko hirugarren mailako, Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzten ikasleentzako eskola-garraioko zerbitzua ematen jarrai dezaten agintzen zaie agindu honen I. eranskinean identifikatutako enpresei eta, hala badagokio, aldi baterako enpresa-elkarteei, aipatutako eranskinean enpresa eta Aldi Baterako Enpresa Elkarte bakoitzarentzat identifikatutako ibilbideetan, zerbitzu hori barne hartuko lukeen kontratu berri bat gauzatzen hasi arte.
Ibilbide bakoitzaren ezaugarriak, distantziak eta geralekuak 2022-2023 ikasturteko berak izango dira.
Bigarrena. Ordainsaria.
Hezkuntza Sailak I. eranskinean identifikatutako ibilbideei dagokien zerbitzuaren benetako kostua ordainduko die dagokien enpresei eta Aldi Baterako Enpresa Elkarteei, haiek kostu hori egoki justifikatu ondoren. Zenbateko horri etekin industrialaren kostuari dagokion ehuneko seia (% 6) gehituko zaio.
Hirugarrena. Justifikazioa eta ordainketa.
Hezkuntza Sailak gune egokia prestatuko du, enpresek eta Aldi Baterako Enpresa Elkarteek hilero identifikatu eta zerrendatu ahal izan ditzaten sortutako kostuak, eta kostu horiek egiaztatzeko eta justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu ahal izan dezaten.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu hau bete beharrekoa da eta EHAAn argitaratzen den egunean bertan izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 1a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: 69/2015 DEKRETUA, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari -garraioaren arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoari- buruzkoa.
- Ikus: AGINDUA, 2023ko irailaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez eskola-garraiorako banakako esleipenak iragartzen baitira, ohiz kanpo, horretarako eskubidea izanda ikasturte hasieran zerbitzu horren falta pairatu duten eta 2023-2024ko ikasturtean maila hauetan matrikulatuta dauden ikasleentzat: Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa.