Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2020ko martxoaren 13koa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez formalki aktibatzen baita Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana, Covid-19 delakoaren hedapenaren ondoriozko osasun-alertak eragindako egoera dela eta.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 52
- Hurrenkera-zk.: 1578
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2020/03/13
- Argitaratze-data: 2020/03/14
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Segurtasuna eta justizia; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Herrizaingoa
Testu legala
2020ko urtarrilaren 30ean, Nazioarteko Osasun Erregelamenduaren Larrialdietako Batzordearen gomendioz, Munduko Osasun Erakundeko zuzendari nagusiak koronabirus 2019 (nCoV) delakoaren sorrera Nazioarteko Garrantzizko Osasun Publikoko Larrialditzat jo zuen.
Harrezkero, nazioartean, estatuan eta gure autonomia-erkidegoan antolatze- eta euste-neurriak hartu dira, gaixotasunari goiz antzemanez birusaren hedapena eteteko, kasuak isolatu eta artatzeko, kontaktuen jarraipena egiteko eta arriskuaren araberako gizarte-urruntzeko neurriak sustatzeko.
Ildo horretatik, osasun arloko agintariek euste-neurri orokorrak hartu dituzte lurralde osorako, eta bereziki, zenbait herritan, hor euste-neurri indartuak behar izan dira, guztiak ere proportzionaltasun- eta gardentasun-irizpideekin bat etorriz.
2020ko martxoaren 13an, Osasuneko sailburuak Segurtasun Sailari eskatu dio Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana formalki aktiba dezan, Covid-19 delakoaren hedapenaren ondoriozko alerta epidemiologikoari aurre egiteko.
Azken asteotan, nazioarteko bihurtu da koronabirus berriaren hedapena, eta oraindik guztiz zabaldu ez bada ere, osasun arloko agintariek hartutako neurriak indartu beharra dago, larrialdiak eta babes zibila kudeatzen dituen euskal sistemak eskaintzen duen antolamenduaren laguntzarekin, haren arrisku-inbentarioan arrisku epidemiologikoa jasota baitago.
Gaur egun behar diren euste-neurriek erantzun egin behar diete aditu epidemiologikoek osasun publikoaren arloan dituzten irizpideei: hala ere, larrialdiak eta babes zibila kudeatzen dituen euskal sistema aktibatzeak egoera honetan ere lagundu dezake gutxitzen honelako egoera batek gizartean eragin lezakeen nahasmendua, uneoro behar diren sorospena eta laguntza ematen ditu eta.
Euskadiko Babes Zibileko Planak Euskal Autonomia Erkidegoaren antolaketa-esparru orokorra ezartzen du mota guztietako larrialdiei aurre egiteko, larrialdiaren nolakotasunak, zabalkundeak edo administrazio bat baino gehiago koordinatu beharrak autonomia-mailako zuzendaritza eskatzen duenean (Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 29.e) artikulua).
Euskadiko Babes Zibilaren Plana ekainaren 24ko 153/1997 Dekretuaren bidez onartu zen. Dekretu haren bidez, orobat, Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izenekoa onartu zen, eta larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak dituen integrazio-bideak arautu ziren. Plan hura urtarrilaren 13ko 1/2015 Dekretuaren bidez aldatu zen (dekretu hark onartu zuen Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labiren aparteko berrikusketa).
Plan horren funtzionaltasuna bere malgutasunean oinarritzen da, bere aktibatzea eta unean-unean hartu beharreko neurriak egokituko baititu egoerak eskatzen duenera. Labiren aktibatzeak ez dakar dagoeneko badagoen antolamendua zokoratzea, ez eta osasun-erantzukizunak zokoratzea ere, Labiren beste mekanismo batzuekin bateratzea baizik, mekanismo hori beharrezkoak baitira funtsezko zerbitzuak bermatzeko edo osasun arlotik haratago doazen zenbait jarduera koordinatzeko.
Aktibatzea da, funtsean, agintari eskudunak Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Plana martxan jartzea. Aktibatzea jende guztiari jakinarazi behar zaio, guztiak jakinaren gainean egon daitezen.
Segurtasuneko sailburuak formalki aktibatu behar du Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Plana (Labi), Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 11.h) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Segurtasuneko sailburuaren ardura izango dira, orobat, haren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa. Hala ere, Lehendakariak bere gain hartu ahal izango ditu eskumen horiek, haren hedapena berezia dela edo intentsitatea larria dela ikusiz gero.
Horregatik guztiagatik, eta Osasuneko sailburuaren eskariz, honako hau
Lehenengoa. Formalki aktibatzea Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana, Covid-19 delakoaren hedapenaren ondoriozko alerta epidemiologikoari aurre egiteko.
Bigarrena. Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko planean aurreikusitako zuzendaritza-egitura beharren araberakoa izango da, eta barruan hartuko ditu orain arte alerta epidemiologikoaren kudeaketan ari diren organo, batzorde, talde eta azpibatzorde guztiak, eta haiei guztiei Labiren egiturak babesa emango die.
Hirugarrena. Agindu hau sinatzen den unean bertan jarriko da indarrean Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana aktibatzea, eta aktibatze hori biztanleriari jakinaraziko zaio Planean aurreikusitako bideak erabiliz, eta Lehendakariari, Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariari, udal- eta foru-agintariei ere jakinaraziko zaie, bai eta gainerako agintariei eta Plana giza baliabidez edo baliabide materialez hornitzen duten zerbitzuei ere.
Laugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 13a.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (13)
- Ikus: AGINDUA, 2020ko martxoaren 24koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira bai dirulaguntza itzulgarriak itzultzeko egutegiaren eta inbertitzeko eta enplegua sortzeko aldiaren aparteko geroratze-eskaera, Gauzatu Industria, Bideratu eta Bideratu Berria programen onuradunei dagokienez, eta bai Indartu programako ordainketa aurreratzeko neurriak, Covid-19aren inpaktu ekonomikoari aurre egiteko.
- Ikus: 290/2020 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2020ko ohiko lehenengo deialdia (51/2020 Ebazpenean argitaratua) indarrik gabe uzten duena.
- Ikus: AGINDUA, 2020ko maiatzaren 14koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Lehendakariari eskatzen baitio Euskadiko Herri Babeseko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (LABI), modulatzeko, osasun-zaintzako fase berrira egokitzeko.
- Ikus: AGINDUA, 2020ko martxoaren 26koa, Osasuneko sailburuarena, SARS-Cov-2 (Covid-19) delakoak eragindako pandemia dela-eta hileta-osasunaren arloan salbuespenezko neurriak hartzen dituena.
- Ikus: AGINDUA, 2020ko apirilaren 6koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldi baterako eteten baitira Euskal Autonomia Erkidegoan elikagai eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen zuzeneko salmentako merkatu eta azoka tradizionalak eta arautzen baita Euskadiko zenbait udalerritan denda-ibilgailuak baliatuz denda ibiltariek garatzen duten jarduera SARS-CoV-2 (Covid-19) birusak sortutako pandemia dela eta.
- Ikus: EBAZPENA, 2020ko apirilaren 6koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez indarrik gabe uzten baita 2020ko lehen seihilekoari dagozkion hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen deialdia.
- Ikus: AGINDUA, 2020ko apirilaren 3koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Covid-19aren eragin ekonomikoaren ondorioz krisi-egoeran dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituen Bideratu Covid-19 Programa.
- Ikus: 7/2020 DEKRETUA, martxoaren 17koa, Lehendakariarena. Horren bidez, indarrik gabe uzten da Eusko Legebiltzarrerako 2020ko apirilaren 5eko hauteskundeak egitea, Covid-19aren ondoriozko osasun-krisia dela-eta, eta deialdi berria egitea zehazten da.
- Ikus: AGINDUA, 2020ko martxoaren 15ekoa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren funtsezko zerbitzuei buruzkoa.
- Ikus: AGINDUA, 2020ko martxoaren 24koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko asistentzia-jarduerari dagokionez eta koronabirusak (Covid-19) eragindako egoeraren eta bilakaeraren ondorioz.
- Ikus: 1/2017 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, apirilaren 27koa, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duena.
- Ikus: 1/2015 DEKRETUA, urtarrilaren 13koa, zeinaren bidez onartzen baita berrazterketa berezi bat egitea «Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea - LABI» deritzan Euskadiko Herri Babeseko Planean.
- Ikus: 153/1997 DEKRETUA, 1997ko ekainaren 24koa, Larrialdiei aurregiteko bidea-LABI deritzan Euskadiko Herri Babeseko Plana onartzen duena eta larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak dituen integrazio-bideak arautzen dituena.