Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2020ko irailaren 16koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez handitzen baita mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketetarako laguntzen ehunekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 188
- Hurrenkera-zk.: 3814
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2020/09/16
- Argitaratze-data: 2020/09/23
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Europako Batzordearen 2020ko apirilaren 30eko 2020/592 (EB) Erregelamendu Eskuordetuak ezartzen ditu bai Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren xedapen jakin batzuen salbuespenak baimentzen dituzten aldi baterako salbuespenezko neurriak, COVID-19 pandemiak fruta eta barazkien sektorean eta mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean eragindako merkatuaren nahasmenduari aurre egiteko, eta bai horri lotutako neurriak, 2020ko ekitaldian onartu behar diren laguntza-eskabideei dagokienez. Neurri horietako batek ahalbidetzen du, 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 46.6 artikuluan xedatutakoa gorabehera, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko kostu errealetarako Europar Batasunak egiten duen ekarpena ehuneko 60raino igotzea gutxien garatutako eskualdeak ez diren eskualdeetan.
Bestalde, Espainiako mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko 2019-2023 programako neurriak aplikatzeko azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 37. artikuluak aukera ematen die autonomia-erkidegoei finantzaketaren ehunekoa ezartzeko, betiere Europako erregelamenduan ezarritakoa gainditzen ez bada.
Euskal Autonomia Erkidegoan, otsailaren 26ko 26/2019 Dekretuak garatzen eta aplikatzen du Euskal Autonomia Erkidegoan mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketetarako Europako laguntza-neurria. Dekretu horren 10. artikuluan ezartzen duenez, «Laguntzak ezin izango du gainditu I. eranskinean zehaztutako zenbatekoen % 50», hau da, Europako araudiak baimentzen duen gehienekoa. Halaber, dekretu horren azken xedapenetako lehenengoak ahalmena ematen dio nekazaritzaren arloan eskumena duen saileko titularrari dekretuaren eranskinen edukia aldatzeko agindu bidez.
Horrenbestez, Europar Batasunak mahastien berregituraketa- eta birmoldaketa-kostu errealetarako egiten duen ekarpena % 60raino igo daitekeenez ekitaldi honetan, egokia da ehuneko horretaraino handitzea otsailaren 26ko 26/2019 Dekretuaren I. eranskinean aurreikusitako kostuetarako laguntza. Hori dela eta,
Lehenengoa. 2020ko ekitaldian onartu behar diren laguntza-eskaeretarako, 2020ko urriaren 16a baino lehen onartuz gero, mahastiak birmoldatzeko eta berregituratzeko eragiketetarako laguntza otsailaren 26ko 26/2019 Dekretuaren I. eranskinean aurreikusitako kostuen % 60raino irits daiteke. Dekretu horren bidez, mahastia berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketetarako Europako laguntza-neurria garatu eta aplikatu zen Euskal Autonomia Erkidegoan.
Bigarrena. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke nekazaritza-gaietan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena. Sinatzen den egunetik bertatik izango da indarrean agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 16a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.