Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2019ko irailaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko 2019-2021 aldirako dirulaguntzetarako deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 185
  • Hurrenkera-zk.: 4431
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/09/11
  • Argitaratze-data: 2019/09/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 76. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta haren lurralde historikoen administrazioek lan publikoa finantzatzera zuzendutako aurrekontu-atalen % 1 baliatu behar dute, gutxienez, Euskal Kultura Ondarea osatzen duten ondasunak kontserbatzeko, zaintzeko, haien zabalkundea egiteko eta haien balioa nabarmentzeko.

Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 aurreko Legean aipatu betebeharra xedatzen zuen artikulua garatuz, Eusko Jaurlaritzak uztailaren 28ko 204/1998 Dekretua eman zuen, aurrekontu-erreserba horren arau erregulatzaileak onartzen dituena. Bertan xedatzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokionez, erreserba hori bihurtzea, zatika edo osorik, kultura-arloan eskumenak dituen sailaren kargurako diru-atal, eta, hala, aurrekontu-erreserba horrek dituen helburuak benetan gauzatzea.

Era berean, Euskal Kultura Ondarea zaindu, aberastu, babestu, hedatu eta sustatzeko inbertsioetarako aurrekontu-funtsak aplikatzeko jarraitu behar diren irizpideak oraindik indarrean den 1999ko otsailaren 19ko Aginduan jasota daude. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko ekainaren 30eko Aginduak aldatu egin zuen agindu hori.

Agindu hau, gainera, sartuta dago sailak 2018-2020 aldirako duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina onartu baitzen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez. Halaber, sartuta dago sailburuaren 2019ko maiatzaren 6ko Agindu bidez onartutako 2019rako Dirulaguntzen Urteko Planean.

Aipatutako aurrekontu-erreserbatik datozen kopuruak zuzen bideratzeko eta behar bezala erabiltzeko xedez, agindu honen helburua da aipatu dirulaguntzetarako deialdia egitea, eta, halaber, haiek zein baldintza eta eratan eskatuko eta ebatziko diren arautzea, betiere helburu horretarako esleituko den zenbatekoaren kargura, hau da, «ehuneko bat kulturala» deritzonaren kontura.

Hori dela eta, hau

Agindu honen xedea da, batetik, Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko jarduerak sustatzeko dirulaguntzetarako deialdia egitea, eta, bestetik, dirulaguntza horiek emateko araubidea finkatzea. Agindu honen helburutik kanpo geratzen dira Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeko 3.3.a) artikuluan jasotako jarduketa oro; izan ere, lurralde historikoetako foru aldundien eskumenekoak dira. 2019tik 2021era bitartean burutu beharko dira diruz laguntzen diren proiektuak.

Agindu honen babesean laguntzen diren jarduerek bat etorri behar dute, nahitaez, babes-araudiarekin eta araudi hori garatzen duen hirigintza-plangintzarekin. Hona zein kategoriatan sailkatzen diren jarduerok:

  1. Diruz lagunduko dira babes bereziko edo ertaineko kultura-ondareak, aitortuak edo aitortuak izateko espedientea hasita dutenak, taldeko kategoriarekin; batik bat, jarduera hauek:

    Babestutako multzoa balioan jartzeko oztopo diren elementuak eta zatiak, baita eraikuntzak eta eraikin osoak ere, deuseztatzea, eraistea edo kentzea.

    Alde zaharretan dauden jabetzen lotekako banaketari eustea, oro har partzela gotiko esaten zaienetan egiturazko ordezkatze-jarduketa bati ekiten zaionean, babes-araubideko irizpideei jarraituta.

    Erakinak berrerabiltzea. Berrerabilpentzat ulertuko da eraikinarekin bateragarria den erabilera bereizgarria aldatzea, edota, landa izaera duten multzoei dagokienez, gutxienez azken bost urteetan etendako erabilera bereizgarriari berriro ekitea. Kontzeptu horren ondorioz, honako hauek lagundu daitezke diruz: erakina berrerabiltzeko beharrezko diren instalazio orokorrak, obra-zuzendaritzak eta proiektu teknikoak.

    Aztarnategi arkeologikoetan garrantzizkoak diren egiturak sendotzea; betiere, balio emateko proiektuak agindu honen aldian hastekoak izan behar dira, bestela deialditik kanpo geratuko dira.

    Orubearen edo egituren aurretiko azterlanak (arkeologikoak, dokumentalak, eta abar); betiere, horien helburua balioa ematea, birgaitzea, eta abar bada. Ondasunean esku hartzeko proiektuaren parte gisa geldituko dira azterlanak.

  2. Diruz lagunduko dira babes bereziko edo ertaineko kultura-ondasunak, landa- edo industria-izaerakoak, aitortuak edo aitortuak izateko espedientea hasita dutenak, banako kategoriarekin; batik bat, aipatu ondareari balioa eman eta hura berrerabiltzeko helburua dutenak, betiere kontzeptu hauen barruan: proiektu teknikoak eta obra-zuzendaritza; erabilera berrira egokitzeko barneko esku-hartzeak eta beharrezkoak diren instalazioak. Berrerabilpentzat ulertuko da eraikinarekin bateragarria den erabilera bereizgarria aldatzea, edota gutxienez azken bost urteetan etendako erabilera bereizgarriari berriro ekitea.

  3. Babes bereziko edo ertaineko kultura-ondasunen garrantzia nabarmentzea, izan aitortuak zein aitortuak izateko espedientea hasita dutenak, edozein kategoriatakoak: bereziki aintzat hartuko dira halako ondasunen garrantzia nabarmentzeko eta eginkizun hori exekutatzeko premiari buruzko azterketa global batetik abiatzen diren ekimenak, eta, haien artean, aipatu kultura-ondasunak babesteko premiaz gizartea sentsibilizatzea helburutzat duten proiektuak (bisita gidatuak egiteko programak....).

    Halaber, diruz lagundu ahalko dira apartatu horretan, balioan jartzea xede duten proiektuak, kasuan kasuko ondasuna balioan jartzearekin bateragarriak ez diren eraikuntzen eta eraikinen elementu edo zati batzuk kentzea barne hartzen badute, edota are eraikuntzak eta eraikinak beraiek osorik kentzea ere, hala nola behar diren aurretiazko azterlanak eta egitura arkeologikoen kontsolidazioa.

    Helburu nagusitzat honako hauetariko baten bat duten proiektuak kanpo geratzen dira: babestutako lurrak eta ondasunak erostea; kurtsoak eta biltzarrak; lehiaketak; programa informatikoak; eta web-orriak sortu eta mantentzea, eta argitalpenak (liburuak, monografiak...); azken kasu horretan, salbuespen izango dira diruz lagundutako jarduera ulertzeko beharrezkoak direnak.

  4. Babes berezi edo ertaineko kultura-ondasun higiezinak edo haien ingurunea desjabetzeko finantzaketa. Kategoria honetan, tokiko administrazioak aipatu diren ondasunak eta haien ingurunea eskuratzea bakarrik lagun daiteke diruz. Toki Administrazio dira: udalak, mankomunitateak, koadrilak, kontzejuak eta hura osatzen duten gainontzeko entitateak. Desjabetzearen helburua izango da deklarazioan sartzen den ondasun kulturalari edo haren parte garrantzizko bati balioa ematea.

    1. Ondare arkeologikoa:

    Kontzeptu horregatik diruz lagunduko da soilik honako hauek desjabetzea: labar-artedun haitzuloen ingurunea, hiri-eremuetatik kanpoko gotorlekuak eta monumentu megalitikoak, baita bi azken horietako inguruneak ere.

    2. Ondare eraikia:

    Babes bereziko kultura-ondasun higiezinen eta beren inguruaren desjabetzea bakarrik lagundu ahalko da diruz kontzeptu horrengatik, baldin eta monumentu-deklarazioa badute edo multzo bateko parte badira.

  5. Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartutako ondasunak edo babestuak izateko espedientea irekia dutenak zaindu, aberastu, babestu eta sustatzeko beste edozein jarduera; betiere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean jasotako helburuekin bat badator, eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren beste agindu espezifiko batzuetan jasota ez badago.

  1. Deialdi honetan deskribatzen diren eta diruz lagundu daitezkeen jarduerak burutzen dituzten ondasunen jabe diren pertsona fisikoek edo irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko publiko zein pribatuek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntza hauek, honako zehaztapen hauek aintzat hartuta.

    Onuradun izan daitezke, halaber, pertsona fisiko edo juridikoen elkarteak (publikoak zein pribatuak), ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, diruz lagundutako jarduerak garatu ditzaketenak, nahiz eta nortasun juridikorik izan ez, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan.

    Elkarteak badira (pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, nortasun gabeak), berariaz jaso beharko dute, eskabidean nahiz laguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak exekuzioan zer konpromiso hartu duen bere gain eta haietako bakoitzari zenbateko dirulaguntza aplikatu behar zaion, onuraduntzat joko baitira. Betiere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu behar da, nahiko ahalorde duena elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko. Taldea ezingo da desegin, harik eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea bukatu arte.

  2. Agindu honen 2. artikuluko a), b), c) eta e) letretan deskribatutako jarduerei dagozkien dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte artikulu horretan aipatu jarduerak burutzen dituzten ondasunen jabe diren pertsona fisikoek, irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatu zein publikoek edo nortasun juridikorik gabeko erakundeek.

  3. Agindu honetako 2. artikuluko d) letrako jarduerei dagozkien dirulaguntzak honako hauek bakarrik eskatu ahal izango dituzte: Toki Administrazioko entitateek edo haren menpeko diren organoek; baldin eta aipatu dirulaguntzen helburu diren ondasunak eta lurrak eskuratzen badituzte.

  4. Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak aipatzen dituen birgaitzeko hirigintza-sozietateak baldin badaude, sozietate horien bitartez bideratu ahal izango dira 2. artikuluaren (kultura-ondasun aitortuak edo izaera kolektiboko kategoriakotzat deklaratzeko espedientea hasita dutenak) a) letrako jarduerak diruz laguntzeko eskabideak, eta, hala badagokie, horien eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren artean hitzarmen bat sinatu ahal izango da (317/2002 Dekretua, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa).

  1. Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea, eta, beharrezkoa bada, erregistro egokian inskribatuta egotea.

  2. Pertsona fisiko nahiz juridikoek beteta izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

  3. Agindu honetan jasotako dirulaguntzak emateko ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozedura amaituko balitz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriz, eta itzulketa ez balitz gauzatuko ordainketa egiteko borondatezko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza hori indargabetu egingo litzateke, onuradun izateko debekua dakarren egoeretako batean egoteagatik.

  4. Administrazio publikoek egiaztatu egin beharko dute jarduera egiteko kreditu nahikoa dagoela haien aurrekontuetan; halakorik ezean, organo eskudunak erabaki bat hartu beharko du jarduera hori burutzeko aurrekontu-partida bat gaitzeko.

  5. Lehenago aipatutako baldintzez gainera, aplikatzekoak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan bildutako onuradun izateko debeku oro.

Lehenengo artikuluan aurreikusitako helbururako baliabide ekonomikoak bi milioi eta ehun mila euro (2.100.00) izango dira; horietatik 700.000 euro 2019. urteko ordainketa-kredituei dagozkie, 700.000 euro 2020. urteko konpromiso-kredituei eta, azkenik, 700.000 euro 2021. urteko konpromiso-kredituei.

Agindu honetan xedatutakoaren arabera emango diren dirulaguntzen gehieneko muga hauxe izango da: diruz lagundu daitekeen aurrekontuko diru-zenbatekoaren (BEZa barne dela) ehuneko ehun (% 100). Alde zaharretan diren jabetzen lotekako banaketa-erregimenari eusteko dirulaguntzen kasuan, berriz, diruz lagundu daitekeen aurrekontuko diru-zenbatekoaren ehuneko hamabost (% 15) izango da gehieneko muga (BEZa barne dela). Inoiz ere ez da onartuko gainfinantzaketarik. Agindu honen babespean ematen den dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa ez da inoiz izango 200.000 eurotik gorakoa. Hori guztia, betiere, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bere aurrekontuetan helburu horretarako esleitzen dituen kopuruaren barruan.

Diruz lagundutako proiektuak 2019ko ekitaldian hasi beharko dira edo hasita egon beharko dute, eta, beranduenik ere, 2021eko abenduaren 31 baino lehenago amaitu beharko dira.

Agindu honen bitartez deitzen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako deitzen duten beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin helburu bererako Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik jasotako dirulaguntza izendunak izan ezik, bai eta beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere; betiere, laguntzen helburu den jarduerarako jasotzen diren guztien baturak gainfinantzaketarik eragiten ez badu, hain justu ere haiek emateko kontuan izan den aurrekontuarekiko. Halakorik jazotzen bada, deialdi honen babespean emandako laguntza murriztuko da gehiegizkoa den partea kenduta.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

  2. Pertsona fisiko interesdunek bitarteko elektronikoak nahiz presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta gauzatzeko, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 14. artikuluan. Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte, nahitaez, prozedura administratiboaren edozein izapide egiteko.

  3. Eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean; betiere, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko den (aipatu erregistro osagarriak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan). Eskabide-eredua eskuragai egongo da euskadi.eus helbidean eta erregistro-gaietan laguntzeko administrazio-publikoen arreta-bulegoetan.

    Eskabideak, halaber, bitarteko elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako erregistro elektronikoetan.

  4. Eskabide-eredua eskuragai dago, formatu editagarrian, egoitza elektronikorako esteka hauetan:

    Gaztelaniaz: www.euskadi.eus/servicios/0034805

    Euskaraz: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0034805

  5. Pertsona fisikoek, eskaera egiteko eta dokumentuak aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzen badute, ez dituzte nahitaez baliabide horiek erabili behar prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

    Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  6. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoan nola izapidetu jakiteko xehetasunak egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

    Gaztelaniaz: www.euskadi.eus/servicios/0034805

    Euskaraz: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0034805

  7. Erakunde edo pertsona eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Halaber, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, hala xedatuta baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

  1. Pertsona edo erakunde eskatzailearen betekizunak egiaztatzeko, izan pertsona fisiko edo juridiko, organo emaileak ofizioz bildu eta kontsultatu ahalko ditu administrazio publikoen esku dagoen dokumentu eta datu oro, zerga-betekizunak eta gizarte-segurantzarekikoak betetzearen egiaztagiriak barne. Hala ere, pertsona fisikoen kasuan, horiek kontsultatzea berariaz aurkaratu daiteke. Horretarako, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

    Interesdunek, Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 artikuluari jarraituz, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

    1. Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

    2. Eskaera egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena).

    3. Halaber, erakunde edo pertsona eskatzaileak adierazi behar du eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

  1. Jarduera edo proiektuaren gaineko txosten zehatza, non berariaz jasoko baita zer epetan gauzatuko den diruz lagundutako jarduera; epe hori, betiere, ez da izango 2021eko abenduaren 31z geroztikoa.

  2. Jarduerako diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua, egoitza elektronikoan formatu editagarrian eskura dagoen «Gastuen eta sarreren aurrekontua» izeneko ereduaren araberakoa:

    Gaztelaniaz: www.euskadi.eus/servicios/0034805

    Euskaraz: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0034805

    Administrazio publikoek, aipatutako aurrekontu-ereduarekin batera, egiaztagiri bat aurkeztu beharko dute, jarduera egiteko aurrekontu nahikoa dagoela egiaztatuko duena; halakorik ezean, organo eskudunak erabaki bat hartu beharko du, jarduera hori burutzeko aurrekontu-partida bat gaitzea onartzen duena.

  3. Edozein administrazio edo erakunde publikoen edo pribaturen baliabideak edo laguntzak eskatu edo eskuratu izanaren agiriak, egoitza elektronikoan (lehen aipatutako esteketan) formatu editagarrian eskura dagoen «Bestelako finantzaketa-iturriak» ereduaren arabera.

  4. Jabetza-agiriak, eskatzaileak pertsonak fisikoak badira.

  5. Jardueren proiektu teknikoak, lizentziak eta baimenak, aurreikusi diren esku-hartzeetan beharrezkoak badira, edo horiek eskatu izanaren agiriak, behin lortuz gero horren egiaztagiriak aurkezteko betebeharra baztertu gabe, dirulaguntza justifikatzeko.

  6. Gutxienez azken bost urteotan etendako higiezinaren erabilera bereizgarriari berriz ekitea helburu duten proiektuen kasuan, gorabehera horren berri ematen duen zinpeko adierazpena, bai eta eraikinaren azken bost urteotako ur eta argiaren ordainagiriak ere.

  7. Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartutako kultura-ondasunak eta beren ingurunea desjabetzeari loturiko agiriak.

  8. Eta, oro har, eskatutako dirulaguntzaren berme izango den beste edozein agiri, betiere dagokion kalifikazioa eta balorazioa egiteko balio badu.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak.

  1. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiaztatuko du eskaera epe barruan eta behar bezala egin dela eta eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela.

  2. Eskaera izapidetzea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta hau ohartaraziko zaio: eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela (ebazpen baten bidez emango zaio horren berri).

    Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, pertsona juridiko batek edo nortasun juridikorik ez duen entitate batek modu presentzialean aurkezten badu eskabidea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak interesdunari eskatuko dio akatsa zuzen dezan eskabidea bitarteko elektronikoz aurkeztuta. Horretarako, zuzenketa egin zen eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

  1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, eskabideok aztertu eta horiek onartu ala ez ebazteko eta onartutako eskabideen jarduerak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera. Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako sailburuordeari. Honako hauek osatuko dute batzordea:

    1. Kultura Ondarearen zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona. Batzordeburua izango da, eta boto-berdinketak gertatuz gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu.

    2. Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko arduraduna.

    3. Kultura Ondarearen Zuzendaritzako bi teknikari, Kulturako sailburuordeak izendatuak. Haietako bat batzordeko idazkaria izango da. Idazkariaren egitekoa izango da kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

      Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Balorazio Batzorderen osaera, hala ezarritako baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan.

  2. Balorazio Batzordeak, egoki deritzonean, proiektuari dagokion gai zehatz eta espezifikoan aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

  3. Balorazio Batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da batzordeburua eta idazkaria presente izatea.

  4. Balorazio-batzordeko kideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Norgehiagoka-prozedura hau erabiliko da agindu honetan jasotako dirulaguntzak emateko:

  1. Behin eskabideak aurkezteko epea bukatu ostean, eta, kasua bada, 13. artikuluan aurreikusitako izapidea gauzatutakoan, agindu honetan ezarritako betekizunak konplitzen dituzten jarduerak ebaluatuko ditu Balorazio Batzordeak, hurrengo artikuluan finkatzen diren irizpideekin bat etorriz.

  2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, jarduerek gutxienez hirurogei (60) puntu lortu beharko dituzte ebaluazio-fasean.

Irizpide hauek erabiliko dira jarduketak ebaluatzeko eta hautatzeko.

1. 2. artikuluaren a), b), c) eta e) apartatuetan aipatzen diren diruz lagun daitezkeen jardueren kasuan:

  1. Jardueraren interesa eta kalitatea, kulturaren ikuspegitik.

    Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 45 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

    1. Ondasunaren interesa era honetan ebaluatuko da:

    Babes berezi edo ertaineko Kultura Ondasunak, izaera kolektiboko kategoriarekin:

    Gehienez, 45 puntu: kultura-ondasun osoari eragiten dioten jarduerak.

    Gehienez, 40 puntu: izaera kolektiboko kategoria duen ondasunean sartutako babes berezi indibidualeko kultura-ondasunen gaineko jarduerak, harresiei eta gotorlekuei eragiten dieten esku-hartzeak eta lotekako banaketari eustea (partzelazio gotikoari).

    Gehienez, 35 puntu: izaera kolektiboko kategoria duen ondasunean sartutako babes ertain indibidualeko kultura-ondasunen gaineko jarduerak.

    Gehienez, 25 puntu: izaera kolektiboko kategoria duen ondasunean sartutako oinarrizko babes indibidualeko kultura-ondasunen gaineko jarduerak.

    Babes berezi edo ertaineko Kultura Ondasunak, izaera indibidualeko kategoriarekin: gehienez, 40 puntu.

    Kultura Ondasuna balioan jartzeko beste proiektu batzuk: gehienez, 35 puntu.

    2. Jardueraren kalitatea lortutako puntuazioaren eta jardueraren interesaren gainean aplikatu beharreko faktore honen bidez baloratuko da:

    Kalitate handia: 1. Ondasunaren ondare-balio guztiak balioan jartzeko edo ezagutarazteko behar diren helburu, ekintza, teknika edo material onenak barne hartzen dituzten jarduerak.

    Kalitate ertaina: 0,7. Ondasunaren ondare-balioetako batzuk balioan jartzeko edo ezagutarazteko behar diren helburu, ekintza, teknika edo material egokiak barne hartzen dituzten jarduerak.

    Kalitate txikia: 0,5. Ondasunaren ondare-balioak zati batean soilik balioan jartzeko edo ezagutarazteko behar diren helburu, ekintza, teknika edo material onargarriak barne hartzen dituzten jarduerak.

  2. Eskabideko helburu den proiektuaren edo ekimenaren ezaugarri teknikoak.

    Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 25 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

    Gehienez ere 25 puntu emango zaizkie proposatutako ekimenarekin lortu nahi diren helburuak zehazten dituzten proiektuei eta proiektuaren garapen zehatza aurkezten dutenei, finkatutako helburuak erdiesteko egin behar diren obra motak adierazten badituzte, betiere.

  3. Jardueraren eragina eta kanpoko zabalkundea.

    Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 15 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

    EAEn eragin handia duten ekimenei gehienez 15 puntu emango zaizkie; lurralde-mailako eragina dutenei 10 puntu gehienez, eta udalerri-mailakoa dutenei, berriz, gehienez 5 puntu.

  4. Jardueraren autofinantzaketa-maila, aurkeztutako aurrekontu globalari dagokionez. Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 10 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

    Dirulaguntzaren helburua betetzeko guztizko aurrekontuaren % 50 beste baliabide pribatu edo publiko batzuen bitartez ordaindu zaien proiektuei gehieneko puntuazioa (10 puntu) emango zaie. Hala, premisa horretan oinarriturik eta hiruko erregelaren bidez logika matematikoa aplikatuz lortuko da proiektu bakoitzari dagokion puntuazioa.

  5. Dirulaguntzaren eskatzailea irabazi-asmorik gabeko erakunde izatea:

    5 puntu emango dira baldintza hori betetzen bada.

    2. artikuluaren d) apartatuan aipatzen diren diruz lagun daitezkeen jardueren kasuan:

  1. Ikuspegi kulturaletik jardueraren interesa eta kalitatea, eta proiektuaren ezaugarri teknikoak. Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 40 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

    1. Ondasunaren interesa era honetan ebaluatuko da:

    40 puntu gehienez: Babes bereziko eremu arkeologikoak edo babes bereziko kultura-ondasun higiezinak, izaera kolektiboko kategoria duen babes bereziko kultura-ondasun batean sartuta daudenak.

    35 puntu gehienez: Babes ertaineko eremu arkeologikoak, izaera kolektiboko kategoriarekin, edo babes bereziko monumentuak.

    30 puntu gehienez: Babes ertaineko eremu arkeologikoak, izaera indibidualeko kategoriarekin.

    2. Jardueraren kalitatea lortutako puntuazioaren eta jardueraren interesaren gainean aplikatu beharreko faktore honen bidez baloratuko da:

    Kalitate handia: 1.

    Kalitate ertaina: 0,7.

    Kalitate txikia: 0,5.

  2. Ingurunean egin izan den jarduerak eragin kaltegarria izan du ondasun kulturalaren babes egokian.

    Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 35 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

    35 puntu gehienez: ingurune ez hiritarretako gotorlekuak edo babes bereziko monumentu megalitikoak edo edozein kategoriako babes bereziko kultura-ondasun higiezinak balioan jartzearen harrera ona.

    20 puntu gehienez: ingurune ez hiritarretako gotorlekuak edo babes ertaineko monumentu megalitikoak balioan jartzearen harrera ona.

    15 puntu gehienez: labar-artea duten leizeak edo haizpeak balioak jartzearen harrera ona.

  3. Jardueraren eragina eta kanpoko zabalkundea.

    Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 15 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

    EAEn eragin zabala duten ekimenei gehieneko puntuazioa (15 puntu) emango zaie; lurralde mailako eragina dutenei 10 puntu, eta udalerri mailakoa dutenei, berriz, 5 puntu.

  4. Jardueraren autofinantzaketa-maila, aurkeztutako aurrekontu globalari dagokionez. Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 10 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

    Dirulaguntzaren helburua betetzeko guztizko aurrekontuaren % 50 beste baliabide pribatu edo publiko batzuen bitartez ordaindu zaien proiektuei gehieneko puntuazioa (10 puntu) emango zaie. Hala, premisa horretan oinarriturik eta hiruko erregelaren bidez logika matematikoa aplikatuz lortuko da proiektu bakoitzari dagokion puntuazioa.

Balorazio-prozesua amaitu ondoren, onuradunen artean banatzekoak diren dirulaguntzen zenbatekoak finkatuko dira. Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa finkatzeko, Balorazio Batzordeak deialdiari zuzendutako gehieneko diru-kopuru osoaren hainbanaketa egingo du artikulu honetako 15. artikuluan aipatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten eskabideen artean, betiere jarraian zehazten diren formulak aplikatuz:

  1. Hainbanaketa hori bi aldagai kontuan hartuta egingo da: lortutako puntuazioa eta kasu bakoitzean hasieran proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Formula hau erabiliko da horretarako:

    (Ikus .PDF)

    non,

    Si = programa edo jarduera bakoitzari dagokion hasierako diru kopurua.

    Ei = Kasu bakoitzean hasieran proposatutako laguntzaren zenbatekoa.

    Pi = Batzordeak programa edo jarduera bakoitzari emandako puntuazioa.

  2. Baldin eta aurreko atalean ezarritako prozeduraren arabera kalkulatutako zenbatekoen baturak aurrekontu-muga gainditzen badu, kasu bakoitzean eman beharreko laguntzaren zenbatekoa formula honen bidez zehaztuko da:

    (Ikus .PDF)

    non,

    Si= Jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren behin betiko diru-kopurua.

    D = Laguntzagai diren jarduera guztien artean banatu beharreko diru-kopurua.

    Si = Aurreko formularen arabera programa edo jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren hasierako zenbatekoa.

  1. Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta, espediente osoarekin batera, Kulturako sailburuordeari igorriko dio, ebazpena eman dezan.

  2. Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:

    1. Onartu gabeko proiektuak, arrazoia zehaztuta.

    2. Diruz lagunduko diren proiektuak, emandako laguntzen zenbatekoa adierazita, baita, hala behar bada, proiektuaren zer partida lagunduko diren diruz (proiektu osoa diruz laguntzen ez baldin bada) eta ordainketen sekuentzia ere.

    3. Eskatutako laguntza ukatu zaien proiektuen zerrenda, horretarako arrazoiak azalduta.

    4. Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, agindu arautzailearen 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

    5. Behin proiektua amaituta, emandako dirulaguntzak justifikatzeko era eta epea, agindu honetako 24.2 artikuluak dioenari jarraituz.

    6. Diruz lagundutako jarduera gauzatuko dela bermatzeko bidezkotzat jotzen den beste edozein betebehar.

  3. Ebazpena, gehienez, bost hilabeteko epean jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita.

    Nolanahi ere, interesdunari akatsak zuzentzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak edo epaitzeko bestelako datuak aurkezteko errekerimendua egiten zaionean, epe hori bertan behera geratuko da errekerimenduaren jakinarazpena egiten denetik hartzaileak bete beharrekoa bete arteko denboran edo, hala dagokio, horretarako emandako epea agortu arte, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

  4. Esandako epeetan ez bada ebazpenik jakinarazten, eskabideei uko egin zaiela ulertu ahal izango da, isiltasun administratiboaren bidez, administrazio-prozedurari buruzko arauen arabera.

  5. Laguntza-eskatzaileei jakinaraziko zaie Ebazpena, eta, halaber, edonork jakin ahal izateko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (39/2015, urriaren 1ekoa) 45.2 artikuluan xedatutako edukiarekin.

  6. Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa aurkez dezakete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatuari jarraikiz. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko epea zenbatzen hasteari begira, jakinarazpen-data izango da banakako jakinarazpenaren dataren eta aldizkarian argitaratu den dataren artean lehenik egin dena.

Honako betebehar hauek bete beharko dituzte agindu honetan zehaztu eta arautzen diren dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

  2. Helburua betetzea, proiektua exekutatzea edo jarduera gauzatzea, dirulaguntzaren oinarri diren aldetik.

  3. Dirulaguntza erabiltzea eman den xederako.

  4. Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu badira, horren berri eman beharko da.

  5. Laguntza ematerakoan kontuan izandako dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea. Batez ere, ahal den lasterren jakinarazi beharko dira diruz lagundutako jardueren exekuzioan atzerapenak eragin ditzaketen jazoerak edo zirkunstantziak baldin eta proiektua exekutatzeko ezintasuna badakarte.

  6. Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak egiten ari direla eskatzen duten informazioa ematea, jasotako dirulaguntzei dagokienez, eta, orobat, erakunde horiek eta, hala badagokio, Erkidegoko organo eskudunek diruz laguntzen diren jardueren gainean egiten dituzten ikuskatze-, segimendu-, egiaztapen- eta kontrol-ahalmen zein -funtzioei men egitea.

  7. Jarduerari buruzko kartel eta testuetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso dela adierazi beharko da, eta, gainera, sailaren logotipo ofiziala jaso beharko da haietan. Afixa eta testuak euskaraz editatuko dira eta, hala nahi izanez gero, beste hizkuntza batzuetan. Betebehar horiek bete egin beharko dira jarduera gauzatzeko epean ere.

  8. Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dauzkaten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei. Halaber, dirulaguntza horiek ordaintzeko, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta hala eskatzen duen ebazpena ematen bada itzulketa-prozeduraren bukaeran.

  9. Diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak baino handiagoa denean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik. Aurkeztutako hiru eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko dituzte horiek), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean.

  10. Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako beste edozein betebehar.

Onuradunak diruz laguntzen den jardueraren % 100 azpikontratatu ahal izango du, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egingo du diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena, agindu hau kudeatzeko organo eskuduna den aldetik.

Horretarako, eta legez beste entitate eta erakunde publiko batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe, Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki jotzen dituen ikuskatze eta egiaztapenak egitea.

  1. Agindu honen babesean eman beharreko dirulaguntzak atalka ordainduko dira, era honetan:

    1. Lehenengo zatian, emandako dirulaguntzaren herena ordainduko da, behin 19.a) artikuluan aipatutako epea igaro ondoren, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

    2. Gainerako kopuruari dagokionez, laguntza emateko ebazpenean adierazitako moduan ordainduko da, aurrez gastua justifikatu ondoren. Zatika ere ordaindu ahal izango da, finantzatutako jardueraren gauzatze-mailaren arabera; bi ordainketa egin ahal izango dira, bat urtealdi bakoitzean.

      Kasu horretan, ordainketa bakoitzari dagokion laguntza 24. artikuluan adierazi moduan justifikatu beharko da.

  2. Zergei buruzko araudia aplikatzerakoan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio dirulaguntzaren zenbatekoari.

  3. Erregistratuta egon ezean, edo Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero:

    Gaztelaniaz:

    https://www.euskadi.eus/alta-modificacion-datos-terceros/web01-sede/es/

    Euskaraz:

    https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-sede/eu/

  1. Agindu honen ondorioetarako, baldintza hauek betetzen dituzten gastuak lagunduko dira diruz: diruz lagundutako jardueraren izaerarekin nabarmen lotuta egotea, erabat beharrezkoak izatea eta 7. artikuluan ezarritako epean gauzatzea, betiere agindu honetako 2. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta. Inola ere, diruz laguntzeko moduko gastuak eskuratzeko kostua ezin izango da izan merkatuko balioaren gainetikoa.

  2. Betiere, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 83. artikuluan xedatutakoa.

  1. Pertsona fisikoek modu presentzialean aurkeztu ahal izango dituzte justifikazio-agiriak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean (aipatu erregistro osagarriak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan). Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko erakundeek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte nahitaez, dirulaguntza justifikatzeko.

  2. Justifikazio-agiriak, halaber, bitarteko elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta webgunearen bidez eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako erregistro elektronikoetan.

  3. Kasu guztietan justifikatu beharko da eskabidean aurkeztu jarduketa osorik gauzatu dela, edozein dela ere aurrekontu osotik jasotako dirulaguntza-ehunekoa.

  4. Emandako dirulaguntza justifikatzeko, laguntza eragin duen jarduera gauzatu izana eta egindako gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Alegia, gutxienez, honakoa:

    1. Egin den jardueraren memoria, ahalik eta xehakatuena, barne hartuta, behar denean, egiaztapen teknikoa eta obra-amaieraren dokumentazioa, ondasuna desjabetu izana egiaztatzen dena.

    2. Egin den jardueraren kostuaren justifikazio-memoria ekonomikoa, gertatu diren desbideratzeak eta honakoak adierazita:

      Gastuen zerrenda sailkatua, eta bertan alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren identifikazioa, zenbatekoa, zer datatan eman den, eta, hala badagokio, ordainketa-data.

      Obra-amaierako likidazioa edo sortu diren gastuen fakturak, aurkeztu den gastu-aurrekontu osoarekiko baliokidea den zenbatekoan.

      i) artikuluan xedatzen diren kasuetan hiru aurrekontuak aurkeztu beharko dira, alegia, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikulua aplikatuz, onuradunak eskatu behar izan dituen hirurak.

      Fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritzako zirkulazio juridikoan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako agirien bidez egiaztatuko dira gastuak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, edota faktura elektronikoak aurkeztuta.

    3. Zinpeko adierazpen bidez, dirulaguntza jaso duen jardueraren gastu eta sarreren behin betiko balantze ahalik eta zehatzena, espresuki adieraziz erakunde publiko nahi pribatuetatik jasotako laguntzak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako laguntza barne dela.

    4. Onuraduna beste administrazio publiko bat denean, organo eskudunak ziurtagiri bat aurkeztu behar du, emandako dirulaguntzaren helburua bete dela adierazteko eta hartarako erabilitako zenbatekoak zehazteko.

    5. Diruz lagundutako jarduerak lizentzia edo baimenik behar badu, eta eskabidea egin den unean agiri horiek eskatu izana baino ez bada egiaztatu, jasotako behin betiko lizentzia horiek aurkeztu beharko dira, lehenago aurkeztu ez badira.

    6. Diruz lagundutako jarduera burutzea dela-eta inprimakiak editatu badira edo haren hedapen publikoa egin bada, argitalpen edo hedapen horietan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso dela adierazi beharko da, eta sailaren logotipo ofiziala ezarri.

  5. Diruz lagunduko diren proiektuak justifikatzeko epeak honako hauek dira, gehienez ere:

    1. 2019an gauzatzekoak diren proiektuak: 2020ko urtarrilaren 15a baino lehen.

    2. 2019-2020 epealdian gauzatzekoak diren proiektuak: 2019an gauzatutako jarduerak 2020ko urtarrilaren 15a baino lehen; 2020an gauzatutako jarduerak, berriz, 2021eko urtarrilaren 15a baino lehen.

    3. 2019-2021 epealdian gauzatzekoak diren proiektuak: 2019an gauzatutako jarduerak, 2020ko urtarrilaren 15a baino lehen; 2020an gauzatutako jarduerak, 2021eko urtarrilaren 15a baino lehen, eta 2021ean gauzatutako jarduerak, 2022ko urtarrilaren 15a baino lehen.

  6. Diruz lagundu daitezkeen gastuak justifikatzeko, betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

  1. Helburua eta irizpideak:

    Dirulaguntza benetan egindakoari egokitzearren, eta behin betiko likidazioa egitearren, hasierako aurrekontua baino handiagoak diren gastuak justifikatzeak ez du eskubiderik emango dirulaguntzaren hasierako zenbatekoa handitzeko.

  2. Prozedura:

    1. Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak behin aztertuta egokitzat jotzen badira, ordaintzeke dagoen diru kopurua ordainduko da.

    2. Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, eta dirulaguntzaren xedea bete dela ikusten denean, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, dela egindako gastua aurrekontuetan dena baino txikiagoa delako, dela pertsona edo entitate onuradunek beste erakunde publiko zein pribatuetako sarrera edo laguntza batzuk jaso dituztelako ezarri diren mugak gaindituz.

    3. Salbuespenez, jarduera zati batean ez betetzea onartu ahalko da, baldin eta diruz lagundutako jarduerari loturiko helburuak eta konpromisoak betetzen egindako ahalegina argi eta garbi ziurtatzen bada, eta eskabidean aurkeztu jarduera osoaren aurrekontuaren gutxienez % 75 bada gauzatu den zatia. Kasu horretan, emateko ebazpena aldatu beharko da, azkenean eman den zenbatekoa aurrekontu osotik egiatan justifikatu den kopuruaren arabera murriztuta.

    4. Halaber, dirulaguntza osorik ezeztatzea bidezkoa bada edo agindu honetako 26. artikuluan zehaztutako kasuetan, aipatu ebazpena aldatu egingo da.

    5. Kulturako sailburuordeak emango du dirulaguntzaren zenbatekoak aldatzeko edo doitzeko likidazio-ebazpena. Horretarako, bi hileko epea izango du, justifikazio-agiriak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.

    6. Likidazio-ebazpenean jasotako parte bat edo guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar bazaio, itzulketa egiteko bi hilabeteko epea emango da, hura jasotzen denetik hasita; betiere, arau hauetan ezarritako prozedurari jarraituz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezartzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena. Dena den, aurretik, itzulketa-prozeduraren hasiera eta prozedura hori hasteko arrazoiak jakinaraziko zaizkio onuradunari, eta 15 eguneko epea emango egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko.

  1. Hauek dira ez-betetzeak:

    1. Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

    2. Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

    3. Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

    4. Dirulaguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutako ez-betetzeak.

  2. Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere bi arau hauen arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

    lehenengo XEDAPEN GEHIGARRIA

    Agindu honetan ezarritako laguntzak salbuetsita daude Europako Batzordeari haien berri emateko betebeharretik, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan (2014ko ekainaren 26ko EBAO, L 187/1) horretarako ezarritako betekizunak betetzen baitituzte, zehazki kulturari laguntzeko eta ondarea kontserbatzeko laguntzei buruzko 53. artikuluan ezarritakoa. Erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla aitortzen da, Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak betez.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

    Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

    Xedea: Euskal Kultura Ondarea balioan jartzeko eta ezagutarazteko dirulaguntzak kudeatzea.

    Legitimazioa: interes publikoko edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoei loturiko egitekoren bat gauzatzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

    Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

    Eskubideak: eskubidea duzu zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko, hala nola tratamendua mugatu zein aurkaratzeko. Ikus informazio gehigarria.

    Informazio osagarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu www.euskadi.eus/dbao/0034805 (euskaraz) www.euskadi.eus/rgpd/0034805 (gaztelaniaz).

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 11.

    Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

    BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.