Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2015eko apirilaren 27koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinen bidez iragartzen baita 2015-2016 ikasturtean Lanbide Heziketarako sarbide-probak prestatzeko ikastaroak emateko laguntzetarako deialdia.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 88
  • Hurrenkera-zk.: 2096
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2015/04/27
  • Argitaratze-data: 2015/05/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak ezartzen du Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoaren hezkuntza-eremuan.

Era berean, dekretu horretako 13. artikuluan hezkuntza sistemako lanbide heziketako erdi-mailako eta goi-mailako zikloetan sartzeko bideak zehazten dira. Erdi-mailako prestakuntza-zikloetara sartzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua eduki beharko da, eta goi-mailako prestakuntza-zikloetara sartzeko, berriz, batxilergoko titulua. Berariazko proba bidez ere sartu ahalko da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko apirilaren 13ko Aginduaren bidez, Lanbide Heziketako Heziketa Zikloetarako sarbidea arautzen da. Aginduaren 2. artikulua lanbide heziketara proba bidez sartzeari dagokio, eta, bertan ezarrita dagoenez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hezkuntza-zikloetara sartzeko probak deituko ditu gutxienez urtean behin; probak kasu bakoitzean zehaztutako egunean eta lekuan egingo dira.

Alde horretatik, eta bizitza osoan zeharreko ikaskuntza sustatu eta pertsona helduei heziketa zikloetara sartzeko aukera zabaldu nahirik, ebazpen honen bidez itunpeko Ikastetxe pribatuei dei egiten zaie sarbide-proba horiek prestatzeko ikastaroa antola dezaten, ebazpen honetan ezarritako baldintzetan.

Ondorioz, honako hau

  1. Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuentzako diru-laguntza deialdia egitea Lanbide Heziketako erdi eta goi-mailako zikloetarako sarbide-probak prestatzeko ikastaroak antolatu eta irakatsi ditzaten 2015-2016 ikasturtean. Ikastaroak 18 urtetik gorako herritarrei zuzendurik egongo dira, hain zuzen ere, lanbide heziketako zikloak ikasi nahi baina horretarako beharrezko titulaziorik ez dutenentzat.

  2. Erdi-mailako heziketa zikloetarako sarbide-proba prestatzeko ikastaroak 360 orduko iraupena izango du. Goi-mailako heziketa zikloetarako sarbide-probak bi zati ditu, orokorra eta espezifikoak. Horietako bakoitzak 180 orduko iraupena izango du eta ikastetxeek bi zatiak edo horietako bakar bat irakatsi ahal izango dute.

  3. Talde bakoitzean 15 ikasle egon beharko dute gutxienez, helburu horretarako bideratutako diru-baliabideen efizientzia bermatzeko.

  1. Lanbide Heziketako zikloak eta Batxilergoa irakasten duten EAEko itunpeko ikastetxe pribatuek eskatu ahal izango dute diru-laguntza.

  2. Irakaskuntza horiek ez dute ondorio akademikorik izango ikasleentzat.

  3. Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak jasotzeko ikastaroak doakoak izan behar dira partehartzaile guztientzat.

  1. Diru-laguntza hori jaso ahal izateko, erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte. Betebeharrak eskabidean sartutako erantzukizunpeko adierazpenen bidez egiaztatuko dira:

    1. Klaustroak eskaera eta ondoriozko jarduerak ezagutzen ditu eta proiektu horrek ikastetxearen barne-antolakuntzan izan dezakeen ondorioaren erantzukizuna bere gain hartzen du.

    2. Ordezkaritza Organo Gorena eskaerarekin bat etortzen da, osatzen duten ekintzak ezagutzen eta onartzen ditu, eta proiektua egiteko behar diren neurriak hartzeko eta Ikastetxearen Urteko Plangintzan sartzeko konpromisoa hartu dua, diru-laguntza emanda izango balitz.

    3. Erakunde eskatzailea ez dago laguntzarik jasotzen ari xede eta helburu berarekin Administrazio Publikoen edo erakunde pribatuen eskutik.

    4. Erakunde eskatzailea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik ez dauka, eta ez dago laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen lege-debekuen eraginpean, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.

    5. Entitate eskatzaileak bere gain hartzen du, erabakian kontuan hartutako baldintzetako eragiten dien edozein zirkunstantzia aldatuz gero, aldaketa hori jakinarazteko konpromisoa.

    6. Erakunde eskatzaileak laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak betetzen ditu.

    7. Eskabide honetan bildutako eta eskabideari erantsitako dokumentazioan bildutako datuak egiazkoak dira.

    8. Erakunde eskatzaileak egunean ditu indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Betebehar hau organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko du; horretarako ez du erakunde eskatzaileen baimenik behar izango, beti ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

  2. Diru-laguntzak jasotzeko eskatzailea edo ordezkari den erakundea ez da diru-laguntzak itzultzeko edo zigortzeko inolako prozeduratan egon behar, ezta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organo autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik tramitazio-fasean dauden prozeduretan ere.

  3. Agindu honen bidez ez dira diruz lagunduko 15 ikasle baino gutxiago dituzten taldeak.

  1. Baliabide elektronikoak erabili behar izango dituzte erakunde interesdunek eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

  2. Izapidetze elektronikoa arautu egiten dute otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzeko Informatika eta Teknologiako zuzendariaren otsailaren 9ko Ebazpenak.

  3. Eskabidearekin, justifikazioarekin eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideak egiteko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, honako helbide honetan:

    https://euskadi.net/diru_laguntza/2015/sarbideproba/y22-izapide/eu

  4. Eskabidearen ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira.

    Https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

  5. Eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, aipatutako egoitza elektronikoan sartuta.

    Eskabideak aurkezteko argibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira, ondorengo helbide honetan:

    https://euskadi.net/diru_laguntza/2015/sarbideproba/y22-izapide/eu

    Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera eta berorri atxikitako dokumentazioa. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

    Eskabideak aurkezteak adierazten du deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla.

  6. Eskabidearekin batera ondoko derrigorrezko dokumentazio hau, 2015-2016 ikasturteari dagokion datuekin, aurkeztu behar da:

    1. Laburpen-fitxa, ikasturtean garatuko den ikaskuntza deskribapenarekin non oinarrizko argibideak adieraziko diren, «Laburpen-fitxa» inprimaki normalizatuan ezarritako eskemaren arabera eginda. Inprimaki hau eskuratzeko, jo euskadi.net helbide elektronikora.

    2. Honakoa adierazten duen justifikazio-txostena: ikastaro horiek emateko dagoen beharra; benetako eskea zein den eta proposatutako ikastaroak nola egokitzen diren eske horri; zein ikasleri zuzenduta dagoen, ikasle horien ikaskuntza-beharretara nola egokitzen diren, ikastaro horiek nola osatzen diren dagoeneko zonaldean dagoenarekin edota zonalde bereko beste ikastetxe batzuek dituztenekin edo aurkeztu dituztenekin.

      Justifikazio-memoria honetan, gutxienez honako alderdi hauek jaso beharko dira:

      Ikastaro horiek antolatu eta emateko arrazoiak: benetan dagoen eskaera, ikasle hartzaileen ezaugarriak eta beren prestakuntza-beharrak.

      Ikastetxearen ibilbidea prestakuntza-ikastaroak ematen edota pertsona helduei prestakuntza ematen: matrikulatutako ikasleak, uzteak, probetara aurkeztuak, proba gainditu dutenak.

      Ikastetxearen eraginpeko zonaldean dagoen eskaintza.

      Finantzaketa zein ikastarotarako eskatzen den, ikastaro horietan parte hartuko duten ikasleen jarraipenerako plana: sarbide-proba gainditu duten ikasleak eta benetan lanbide-heziketako zikloetan matrikulatzen direnak.

      Ikastaroak emateko erabiliko diren giza baliabideak eta baliabide materialak.

      Erabiliko den metodologia eta baliabide didaktikoak.

      Antolamendua, egutegia eta ordutegia.

  1. Agindu honen xedea betetzeko, 2015-2016 ikasturtean, 235.280 euro erabiliko dira Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

  2. Zenbateko hori gehitu egin ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak ahitu gabe geratu badira. Gertaera hori ematen bada, diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da eta aipatutakoaren berri eman behar da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

  1. Diru-laguntzaren esleipena lehiaketa bidez erabakiko da, eskaintzaren finantzaketa eskatu eta agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituztenen artean.

  2. Eskaerak ondorengo irizpide hauen arabera balioetsiko dira:

    1. Aurkeztutako eskaintzaren egokitasuna eskaera egin duen ikastetxearen eraginpeko zonaldean dauden beharrekiko. Kontuan hartuko da eskaeraren eta izena eman duten ikasleei buruzko datu errealak: 20 puntu, gehienez.

      Irizpidearen banakapena: kontuan hartuko da eskaeraren eta izena eman duten ikasleei buruzko datu errealak.

      (Ikus .PDF)

    2. Ikastaroaren bideragarritasuna, ikastetxearen funtzionamenduaren eta eskarmentuaren ikuspuntutik. Funtzionamenduari dagokionez, kontuan hartuko dira sailaren ageriko inplikazioa ikastaroan eta ikastaroa emateko denbora-plangintzaren zehaztasuna. Bestalde, eskarmentua neurtzeko, aurretik ikastaro hau eman duten ikastetxeen ibilbidea hartuko da kontuan, hau da, talde finkatuak, bertan behera uzteak, aurkeztutakoak, gainditu dutenak: 20 puntu, gehienez.

      Irizpidearen banakapena:

      (Ikus .PDF)

      (Ikus .PDF)

      (Ikus .PDF)

    3. Eskatutako aurrekontuaren konparaketa agindu honen 7. artikuluari jarraituz, kontuan hartuko dira doikuntza eta desbiazioa: 10 puntu, gehienez.

      Irizpidearen banakapena:

      (Ikus .PDF)

  3. Punturik gehien daukaten eskaerak aukeratuko dira, erabilgarri dauden aurrekontu-kredituak edo horien gehikuntzatik sortutakoak agortu arte. Edonola ere, ez dute deialdi honen kontura diru-laguntzarik izango gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten eskaerek. Berdinketa emanez gero kontuan hartuko da aurreko 3 ikasturteko ikastetxearen ibilbidea nolakoa izan den eskolak ematen eskaintza honi dagokionez eta ondorengo datuen ekarpena baloratuko da: baimendutako taldeak, kontsolidatutako taldeak, matrikulatutako ikasleria, ikasketa uzteak, probetan aurkeztutakoak eta gaindituak.

  1. 2015-2016 ikasturtean heziketa-zikloetarako sarbide-probak prestatzeko emango diren ikastaroen diru-laguntzan langileria gastuak eta funtzionamendu gastu guztiak egongo dira barne ondorengo muga hauekin:

    1. Emandako diru-laguntza ezingo da izan inolaz ere, irakaskuntza horiek irakastetik sortutako eta behar bezala justifikatutako aurrekontu-defizita baino handiagoa.

    2. Ezin izango ditu inolaz ere honako muga hauek gainditu:

      Goi-mailakoa:

      Atal komuna: 8.000 euro (180 ordu).

      Atal espezifikoa: 8.000 euro (180 ordu).

      Erdi-mailakoa:

      000 euro (360 ordu).

    3. Diruz lagundu daitezkeen gastuen kontzeptuak honakoak dira:

      Langile gastuak.

      Funtzionamendu gastuak.

  2. Funtzionamendu-gastuek ezingo dute gainditu finantzatutako gastuen % 30.

    Halaber, funtzionamendu-gastu honetatik, bai zuzendaritza, koordinazio, kudeaketa eta administrazio-gastuek bai lokalen alokairuarenek ezingo dute gainditu biok batera funtzionamendu-gastuen herena.

Eskabideak aurkezteko hilabetekoa izango da Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik hasita.

Diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun baliodunen epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

Eskabideen balioespena, xede horretarako sortutako Ebaluazio Batzordeak egingo du. Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzako bi teknikari; bata batzordeburuaren egitekoak beteko dituena eta bestea idazkari-lanetan arituko dena, biak Lanbide Heziketako Sailburuordetzak izendatua.

Lurralde-ordezkaritza bakoitzeko teknikari bat, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak izendatua.

  1. Agindu honetan ezarritako diru-laguntza emateko prozedura ebazteko epea gehienez ere, 6 hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

  2. Deialdi honetan aurkezten diren eskaera guztiak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta Heziketa eta Ikaskuntza zuzendariari dagokio deialdiaren ebazpena ematea, Ebaluazio Batzordearen proposamenez.

  3. Ebazpenean erabakiko da eskatutako diru-laguntzak eman edo ukatu. Ematen den kasuetan, erakunde onuraduna, diruz lagundutako ikastaroak eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatutako kasuan, diru-laguntza ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

  4. Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta jakinarazi eta biharamunetik izango du eragina.

    Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

  5. Goiko paragrafoan adierazitako epea igaro eta prozeduraren ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek euren eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluari jarraituz.

  6. Administrazio-bidea agortzen ez duen ebazpenaren prozeduraren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide Heziketako sailburuordeari, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.

Diru-laguntzaren ordainketa epe bitan egingo da; lehenengoa, jaso beharreko diru guztiaren % 40, 15.4.a) artikuluan aipatutako epea igarotakoan egingo da, diru-laguntzari uko egin ez bazaio; eta geratzen den zenbatekoaren bigarren ordainketa, berriz, artikulu beraren 3) eta 4.e) ataletan adierazitako agiriak aurkeztu eta horiek ebaluatu ondoren.

Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean sartuta: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

Justifikazioari buruzko zehaztapenak ondorengo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan xehatzen dira:

https://euskadi.net/diru_laguntza/2015/sarbideproba/y22-izapide/eu

  1. Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan aldaketarik gertatu bada aldatu egin ahal izango da diru-laguntzak ematen dituen ebazpena betiere ezarritako gutxienezko betekizunak gordez gero.

  2. Jasotako diru-laguntzaren itzulketa eta dagokion berandutza-korritua ondorengo arauetan zehazten da: Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Arautzaile Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Testu Bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan.

  3. Ondoren goian aipatu den Araudia eta bereziki gorabehera hauetakoren bat gertatuz gero, ikastetxeek jasotako diru-laguntza eta sortutako legezko interesak itzuli beharko dituzte:

    1. Burutzen den proiektuaren eta ikastetxe onuradunek aurkeztutako azken txostenaren jarraipenetik jarduera onartzerakoan, hasierako proiektuan aurreikusitako gutxieneko helburuak ez dituztela lortzen ondorioztatzea.

    2. Agindu honetan eta Agindua garatuko duten ebazpenetan xedatutakoa nola edo hala ez betetzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten eginbeharrak ez betetzea.

  4. Itzultzeko prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan araututa dago (1992ko otsailaren 17ko EHAA).

Heziketa-zikloetarako sarbide-probak prestatzeko ikastaroak ezarritako baldintzetan gauzatzen direla bermatzeko Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak horien jarraipena egingo du Hezkuntza Ikuskaritzaren bidez.

  1. Deialdi honen barruan, 2015-2016 ikasturtean lanbide heziketarako sarbide-probak prestatzeko diruz laguntzen diren ikastaroak, Ikastetxearen Urteko Plangintzan sartu beharko dira.

  2. Ikasketa Burutzak diruz lagundutako ikastaroa abian jartzen dela zaindu eta horretarako jarduerak koordinatu beharko ditu. Lan hori Ikasketa Burutzak berak egingo du edo, bestela, berak eskuordetzen duen irakasleak, modalitate horretako prestakuntza-koordinatzailea izango denak. Koordinatzaile horrek, aldiro, eskaintzaren eta euren jardueraren garapenari buruzko informazioa emango dio ikasketa-burutzari, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da gai horrekin zerikusia duten gaiak aztertzen direnean.

  3. Ikastetxe onuradunek azken txosten bat egingo dute, eta bertan, diruz lagundutako ikastarorako aurreikusitako helburuen lorpen-maila eta emaitza partzialen berri emango dute. Aipatutako txostena «Azken memoria» inprimaki normalizatuan ezarritako eskemaren arabera egin eta «Nire Kudeaketak» bide elektronikoz bidez bidali egin beharko da. Inprimaki hau eskuratzeko, jo euskadi.net helbide elektronikora. Ikastetxeek txostena 2016ko uztailaren 31 baino lehenago helaraziko diote.

  4. Diru-laguntza jaso duten ikastetxeek ondorengo beste betebehar hauek ere izango dituzte:

    1. Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, deialdiaren ebazpena jakinarazten den biharamunetik aurrera, hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek esanbidezko ukapena egiten ez badiote eta idatziz horren berri ematen ez badute, diru-laguntza onartzen dutela ulertuko da.

    2. Diru-laguntza, eman den xede jakinerako erabiltzea.

    3. Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta EAEko Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazioa ematea, deialdi honen kargurako jasotako diru-laguntzei buruz.

    4. Lanbide Heziketako zikloak eskaintza partzialean irakasteko diruz lagundutako ikastetxeek artikulu honetan adierazitako betebehar guztiak ere betetzea.

    5. Txosten ekonomikoa eta egindako gastuaren laburpena aurkeztu beharko da, ondorengo agiriak erantsita: gastu guztien zerrenda exhaustiboa, kapituluak eta kontzeptuak kontuan hartuta ordenatuta, fakturen zerrenda kronologikoki antolatuta eta beste edozein frogagiri, betiere legez onartuta badaude eta emandako diru-laguntzari badagozkio; guztia 2016ko uztailaren 31 baino lehen. Txosten hau «Txosten ekonomikoa» inprimaki normalizatuan ezarritako eskemaren arabera egin eta «Nire Kudeaketak» bide elektronikoz bidez bidali egin beharko da. Inprimaki hau eskuratzeko, jo euskadi.net helbide elektronikora.

      Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak laginketa-tekniken bidez egiaztatuko ditu diruz lagundutako jardueraren ziurtagiriak, hain zuzen ere egoki irizten dituenak, diruaren kopuru osoak, diru-laguntzen kopuruak zuzenak direla eta diru-laguntzak eurak ondo erabili direla ziurtatzeko.

      Ikastetxe onuradunek jasotako funtsen erabileraren egiaztagiriak gorde beharko dituzte, egiaztatu eta kontrola daitezkeen bitartean.

Ikasturtea amaitzean, ikastetxeek bidalitako txostenean edo beharrezkoa den beste edozein datu nahiz txostenetan oinarrituta, dagokien Etengabeko Ikaskuntzako Lurralde Unitateak ondoko agiriak igorriko dizkio Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari:

Ikastetxeen zerrenda. Zerrenda horrekin batera ikastetxe bakoitzari onartutako ikastaroak aurreikusitako helburuak zenbateraino bete dituzten adieraziko da eta gutxieneko helburuak lortu ez badira, aipatu egingo da espresuki.

Ikastetxeka, ikastaro bakoitzean parte hartu duten ikasle-kopuruari eta ikasleek izan dituzten emaitzei buruzko txostena.

Irakaste-aldian, prestakuntza garatzean, gorabeherarik egongo balitz ikastaroak antolatu eta irakasteko diru-laguntza jaso duten ikastetxeetan, dagokien Ikuskaritzako Lurralde-Burutzak txostena igorriko dio Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzari diru-laguntza emateko kontuan hartutako balditzetan izan diren aldaketak adieraziz edota helburu bererako jasotako beste diru-laguntza batzuk jaso dituela adieraziz. Horrenbestez, zuzendaritza horrek behar diren neurriak hartuko ditu diru-laguntzak esleitzeko ebazpena aldatzeko, baldin eta laguntzen onuradun izateko gutxieneko baldintzak betetzen jarraitzen badu; hori guztia azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.1.i) artikuluaren arabera. Dekretu horren bidez onartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimentzen dituztenak, Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzaren Eskaintza Partzialaren fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek, Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek aurreikusi ez duenari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta diru-laguntza publikoak arautzen dituen legedia hartuko dira aintzat.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, hilabete biko epean. Epe biok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak beharrezkoak diren ebazpenak erabakitzeko eskumena izango du, agindu honek ezarritakoa behar bezala bete dadin.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 27a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.