190. Segurako Hirigune Historikoaren multzoa (Segura)
3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA
Mugako hiria
Segura garrantzi handiko gunea izan zen Gipuzkoan. Komunikabideei dagokienez, egoera estrategiko garrantzitsua izan zuen; izan ere, Gaztela eta Nafarroako Erresumen arteko mugan zegoen, eta gainera, Burgosetik Frantziako mugara zihoan bidean nahitaez igaro beharreko lekua zen (San Adriango pasabidetik sartzen zen Gipuzkoako lurraldean). 1256an Alfontso X.a erregeak hiribildu pribilegioa eman zion. Muino baten gainean egoteak defentsarako gaitasun handiagoak ematen zizkion, eta horiek indartu egin ziren harresi bat eraikiz. Hala, Nafarroako Erresumaren aurkako mugako gotorleku bilakatu zen Segura.
1290ean Antso IV.a erregeak hiribilduari eman zizkion salbuespen eta pribilegioek Segura erakargarri bihurtu zuten inguruko herrixkentzat: eskaintzen zituen abantailak interesatzen zitzaizkien, eta horiek lortzeko helburuarekin bere jurisdikziopean sartu ziren. Hala, Astigarreta, Zegama, Zerain, Gabiria, Gudugarreta, Idiazabal, Legazpi, Mutiloa eta Ormaiztegiko kolazioak Segurako jurisdikzioaren parte izatera pasa ziren.
XV. mendearen hasierako hondamendiaren ondoren, non hiribildua izurriteak eta sute batek suntsitu zuten, Segura berrosatu egin zen eta urrezko aro bat bizi izan zuen XV. mendearen bigarren erdian eta XVI.ean. Bere kokapen estrategikoa eta inguruko herrixka askoren mendekotasunaz gain, aduanatxo bat ezarri zen hirian, Nafarroatik sartzen edo ateratzen ziren salgaiak kobratzeko. Antzinako merkataritza-errenten sisteman, Gipuzkoako lurraldean, Nafarroako Erresumarekiko aduana-lerroa Tolosan kokatzen zen, aduana nagusia baitzen, eta Seguran eta Ataunen zeuden beste bi aduanatxoekin bermatzen zen. Horrez gain, Segurak bere jarduera ekonomikoa nekazaritza, abeltzaintza eta burdingintzan oinarritzen zuen, bere jurisdikziopean burdingintzaren tradizio handiko herrixkak baitzituen, Legazpi kasu, nahiz eta tokiko burdinolak ere bazituen, Arrabiolakoa, adibidez. Horrez gain, hiribilduak bost errotaren zerbitzua zuen.
XVII. mendean, ordea, hiribildu indartsua bere garrantzia galtzen hasi zen hainbat faktorerengatik, hala nola, kolazioen desanexioa, bidea Deba bailarara desbideratzen zuen Kotxeen Errege Bidearen trazadura berria, ondoren iritsi zen burdinolen gainbehera, edo aduanak kostaldera eta mugara lekualdatu zirela-eta aduanatxoaren etetea 1841ean. Horrela, eskualdean erreferentzia-puntu izan zen hirigunea landa-gune bihurtu zen.
Segurako hirigune historikoaren multzoa
Segurak Erdi Aroko morfologia eta ondare bikaina gordetzen ditu, hainbat garaitako elementuekin, denboran zehar izan zuen bilakaera arkitektonikoaren erakusgarri. Horrez gain, Erdi Aroan eta Aro Modernoaren zati handi batean hiribilduak izan zuen garrantzia islatzen du.
Hirigune historikoa kale batetik abiatuta egituratzen da, kale Nagusia, eta bitan banatzean Unzurrunzaga kalea sortzen da. Bi kaleek paraleloki jarraitzen dute, bigarrena bitan banatzen den arte, Lardizabal eta Zurbano kaleetan jarraituz.
Eraikuntzaren tipologiari dagokionez, hiru altuerako mehelin-etxeak dira nagusi. Hirigunea harresituta bazegoen ere, gaur egun ez da ezer kontserbatzen. Ikus daitezkeen azken aztarnak honako hauek dira: bi sarrera (bost zituen guztira), Zeraingo atea (mendebalderantz irekitzen da eta gaur egungo diseinua XVII. mendekoa da) eta Osinagakoa (Nafarroara begira zegoen); Zeraingo atetik Segurako parrokia-elizara doan harresi-zatia.
Eraikin aipagarrienen artean Andre Mariaren Jasokundea eliza dago, hirigunearen kanpoaldean kokatua, euskal estilo gotikokoa. Bere barnean XVIII. mendeko erretaula rococo interesgarri bat gordetzen du, non izen handiko artisauek parte hartu zuten, Luis Salvador Carmona eskultoreak kasu. Eliza Martin Lardizabal Elorzaren dohaintzari esker eraiki zen, Segurakoa eta Indietako Kontseiluko kidea.
Izaera zibileko eraikinen artean, garai desberdinetako ale azpimarragarriak kontserbatzen dira. XV. mende bukaerako eraikinen adibide gisa, Gebara jauregia nabarmentzen da, gotiko estilokoa eta Behe Erdi Aroko hiri-jauregiaren adibiderik onenetarikoa. Ardixarri etxea edo Don Garci, XVI. mendeko adibide interesgarria da, klase ertaineko familia baten hiri-etxe gisa, bereziki azpimarragarria egurrezko egituragatik. Lardizabal jauregia, gaur egun udaletxea dagoen tokia, Jauregi jauregia edo Arrue jauregia XVII. mendeko jauregi barrokoen erakusgarri bikainak dira.