224. Santuaren Jauregi Etxea (Armentia, Gasteiz)
6. ETAPA: VITORIA-GASTEIZ • LA PUEBLA DE ARGANZÓN
San Prudentzioren jatorria eta jauregiaren sinbologia
Santuaren Etxea deritzon jauregia Armentiako kontzejuaren erdigunean dago, alderik garaienean. Tradizioak, eta izenak ere hala adierazten du, San Prudentzio bertan jaio zela dio. Tarazonako apezpiku izatera iritsi zen elizgizon eta anakoreta arabarra Armentian jaio zen IV. eta VI. mendeen artean (ez da ezagutzen bere jaiotzaren data zehatza) eta arabarren artean debozio handia sortzen du; XVII. mendeaz gero Arabako santu zaindaria da. Hala ere, esan beharra dago gaur egungo jauregiak ez duela zerikusirik santuaren jatorriarekin, eta orubeari dagokionez, ez dago aztarna arkeologikorik ez dokumentalik, haren jaiolekua izan zela frogatzen duenik.
Jauregia Díaz Espada familiaren egoitza da. Juan José Díaz de Espada Fernández de Landa Habanako apezpikua izan zen 1800 ezkero (artean Kuba espainiar kolonia zen) eta jauregia eraikitzeko agindu zuen 1806an. Arroiaben (Araba) jaio zen 1756an. Berari egozten zaio kilometro askotara baina helburu bera zuten bi eraikinen eraikuntza: bata, Armentiako Santuaren Etxea jauregia, 1827an eraikia; bestea,La Habana Zaharreko Armen Plazan kokatuta dagoen El Templete izeneko eraikina. Bi eraikinek, Armentiakoak eta Kubakoak, kristau jatorriaren sorrerarekin edo hasierarekin lotutako sinbologia dute, eta biak oroitzapen kutsu berdinak bultzatuta eraiki ziren. Hala, Armentian, lehen santu autoktonoa omendu nahi zen Arabako hasierako Elizaren seme bezala; Habanan, aldiz, zeiba zuhaitz tropikalaren azpian egindako lehen meza gogoraraztea zen helburua.
Santuaren Etxea jauregiaren eraikuntza Justo Antonio Olagibel gasteiztarrari eman zitzaion, euskal arkitekto neoklasiko garrantzitsuenetako bati, Gasteizko hirian arrasto handia utzi zuena besteak beste Plaza Berriaren (1791) eraikuntza garrantzitsuari esker. Landa-inguruan zegoen etxe zahar baten gainean egin zuen bere proiektua. Etxearen inguruan nekazaritzarakoak izandako baina pixkanaka funtzio hori galduz joan ziren eraikinak aurkitzen ziren.
Santuaren Etxea Jauregia
Jauregia estilo neoklasikoko eraikin exentua da, oinplano karratua, bi altuera eta lau isurkiko teilatua dituena. Artearen ikuspegitik alde interesgarriena eta nabarmenena fatxada nagusia da, finki landutako harlanduz egina baitago. Alboetako aldeak, aldiz, harlangaitzezkoak dira.
Justo Antonio Olagibel fatxada nagusiaren konposizioan oreka bilatzen saiatu zen, eta horretarako simetrian oinarritu zen. Hala, hiru zatitan banatuta dagoela ikus daiteke, ordena erraldoiko bi zutabe toskanarrek bereizten dituela. Erdiko atalean sarrerako atea dago, pilastra, ateburu eta erlaitzez markoztatuta. Ate horren gainean, obraren sustatzailea izan zen Habanako gotzainaren armarria dago. Erdiko ataleko bigarren solairuan inskripzio bat ageri da, eta bi aingeruz inguratuta dagoen San Prudentzioren bustoak koroatzen du. Alboko ataletan leiho batzuk ageri dira lehen solairuan, eta balkoiak bigarrenean, burdinazko barandadunak.