Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

153. Santiagomendiko multzo prehistorikoa eta ermita (Astigarraga)

1. ETAPA: IRUN • HERNANI

Burdin Aroko aztarnategi arkeologikoa

Santiagomendi mendiaren goiko aldean historiaurreko multzo bat dago. Handik pasatzen zen Bidasoako lurrak eta probintziaren barrualdea lotzen zituen bide zaharra, Hernanirako norabidean. Multzoa osatzen duten elementuek denbora-tarte zabala hartzen dute, Burdin Aroan hasi (Arreginea eta Ermañaldeko monumentu megalitikoak) eta Erdi Aroa arte (Santiagomendi ermita).

Mendiaren goialdean egindako esku-hartze arkeologikoek Burdin Aroari buruzko informazioa eman zuten, eta garai hori Gipuzkoan aztertzeko aztarnategi arkeologiko garrantzitsuenetako bat izan zen. Aurkitutako aztarnarik antzinakoenak lehenagokoak izan arren (Kalkolito eta Brontze garaiak), Burdin Arotik aurrera adierazgarriagoak dira tokiaren okupazioari buruzko ebidentziak. Aurkitutako aztarnek populazio egonkor eta taldekatu bat duen kokaleku baten berri ematen digute, nekazaritza eta abeltzaintza ustiatuz bizi zena. Gunea hilobi-monumentuekin lotuta egon zitekeen, (Arreginea eta Ermañaldeko harrespilak), handik gertu baitzeuden; bien arteko lotura baieztatuko balitz berritasuna litzateke, orain arte ez baita aurkitu hileta-elementuekin lotutako Burdin Aroko populaketa-gunerik.

Populaketa-gunearen okupazioaren azken fasea Bigarren Burdin Arotik K.o. I. mendera doan aldiari dagokio. Gunearen Erroma aurreko garaiari buruzko informazio zabala eskaintzen du, lurraldea erromatar orbitan sartu zen une historikoan. Hipotesi jakin batzuen arabera, Santiagomendin oppida bat ezarri ahal izan zen. Oppidak muino edo ordoki baten tontorrean kokatutako guneei erreferentzia egiteko iturri klasikoek erabiltzen zuten izena da. Muino edo ordoki horien defentsa naturalak eraikinen bidez sendotzen ziren, harresien bidez adibidez. Kontuan izan behar da gunea Santiagomendi gainean egotea kokapen estrategiko ezin hobea zela, izan ere, ikusmen-eremu handia dago bertatik: Hondarribitik Donostiara doan lurraldea; barnealderantz, Hernani, Usurbil eta Andoain; eta itsaso-eremu zabala. Hala ere, Santiagomendin ez da harresien aztarnarik aurkitu, ezta aipatutako oppidetako defentsa-elementu bereizgarririk ere. Gunea K.o. I. mendean bertan behera utzia izan zen, Atlantikoko merkataritza-jardueraren garapen garrantzitsua gertatu zenean kostaldetik hurbilago zeuden gune berriak sortu baitziren.

Santiagomendiko ermita

Ermitaren lehen aipamen dokumentala 1525ekoa da, XIII. mendean sortu zela uste den arren. Elizak debozio handia izan du: bertan kofradia bat sortu zen, Santiago egunean Astigarragatik ermitara prozesioa egiten da, eta San Roke egunean ermitaren inguruan erromeria (gaur egun oraindik egiten dena). Ermita oso kaltetua izan zen Karlistaldietan, eta Espainiako Gerra Zibilean (1936) gudan parte hartu zuten indar guztiek okupatu zuten: errepublikanoek, erreketeek, falangistek eta armadak.

Santiagori eskainitako ermita da, oinplano angeluzuzeneko eraikin xumea, nabe bakar eta abside nabarmenekoa. Harlangaitzezko fabrika eta bi isuriko estalkia du, eta ekialderantz begira dago. Presbiterioa eta eliza banantzeko inposten gaineko arku fajoi dobelatu bat ageri da. Fatxadan dobeladun ate bat eta 5 leiho ditu, eta kanpai bakarreko kanpai-horma bat du buru. Hormak luzituta daude eta ertzetan kateak dituzte. Hegoaldean atxikita dagoen eraikina aterpe gisa erabiltzen da.

Barrualdean erretaula nagusia nabarmentzen da, Santiago Matamorosen behe-erliebea du, alboetan lau zutabe korintoar dituena. Garai batean, aldarean Santiago Erromesaren XIII. mendeko alabastrozko tailu bat zegoen, pordoi eta txirla zituena; gaur egun Donostiako Elizbarrutiko Museoak zaintzen du.

Partekatu

unesco