Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

259. Santa Marinako multzoa (Albiztur)

3B. ETAPA: BIDANIA • ZEGAMA

Santa Marina, antzinako igarobidea

Santa Marina herrigunea Albizturko auzo txiki bat da, populazio nagusitik pixka bat aldenduta dagoena, baina nortasun propioa duena. Elementu ugarik erakusten digute historian zehar igarobide-izaera izan zuela. Batetik, Albizturtik Santa Marinara iristen zen eta Mandubirako bidean Murumendira zihoan Erdi Aroko galtzada zoragarri baten baitan zegoen. Bide zahar hori mendilerroz mendilerro igarotzen zen, Aizkorriko mendigunean dagoen San Adriango pasabiderantz. Argisaingo Santa Marina baselizaren portada erromanikoak (XII. edo XIII. mendea) erakusten digu garai hartan bazegoela herrigune edo herrixka bat, ziurrenik lehenago sortua. Bestetik, , gaur egun ermitaren ondoan dagoen Santa Marina Haundia baserrian ospitale bat kokatzen zen, eta horrek argi eta garbi adierazten du bideari lotutako herrigunea zela, ospitaleak bidaiariak eta beharra zuten pertsonak hartzeko eta zaintzeko azpiegiturak baitziren.

Ermitaren lehen aipamen dokumentala 1353. urtekoa da, eta Goiatz, Errezil, Beizama, Bidania eta Albizturko kontzejuen eta Pedro Iñigez Albisukoaren arteko konpromisoa ageri da bertan. Mendeen bilakaeran, ermita kategoriaz aldatuz joan zen, eta hasieran parrokia izatetik Erdi Aroaren amaieran ermita izatera igaro zen. 1431ko dokumentu batek elizaren egoera kritikoa erakusten du, izan ere, bi fraideren zaintzapean utzi zuten lur partikular batzuen erabileraren truke: horrek erakusten du tenplua ez zela bere kabuz mantentzen, ziur aski hamarrenak eta primiziak jasotzeari utzi ziolako, edo zerga horien bidez biltzen zuena ez zelako nahikoa. XIX. mendean, ordea, parrokia-estatusa berreskuratu zuen, baina Albizturkoari atxikita jarraitu zuen.

Serora-etxea, Santa Marina Haundia izenez ezagutzen dena, 1550ean eraiki zuten. Handik urte gutxira, 1580an, sute bat izan zen eta berreraiki egin behar izan zuten. Baserria berreraikitzeko lanak Juan Aizalde arotzak egin zituen. Etxearen eta lurren errentek ermitaren eta hura zaintzen zuen seroraren mantenua ordaintzen zuten. Eraikinak, gainera, ospitale xume bat zuen, erromesak edo behartsuak hartzeko oheak zituena.

Santa Marina multzoa

Santa Marina auzora errepidez iristean, plaza txiki-txiki bat irekitzen da bisitariaren aurrean, eta aurrez aurre Argisaingo Santa Marina ermita altxatzen da. Bere dorre puntazorrotza auzoko beste eraikuntzen artean nabarmentzen da. Eskuinean eta bideak bereizita, Santa Marina Haundia baserria dago, eta ezkerrean, gaur egungo benta. Argisaingo Santa Marina ermita neurri txikiko tenplua da, nabe bakarrekoa. Oinplano karratua eta bi isurkiko teilatua ditu. Fatxadan, eraikinari atxikitako dorrea nabarmentzen da, eta eskuinean, portada erromanikoa. Zuriz luzituta dago eta harlanduzko ertz-kateak eta baoak ditu. Atentzioa ematen dute fatxada nagusian irekitzen diren hiru okuluek, bat dorre handienean eta beste biak dorrearen alde banatan. Barrualdean, nerbiodun ganga ikusten da, floroiduna: gehienek gai astralak dituzte, hala nola ilargia, eguzkia edo izarrak. Erretaula nagusian Santa Marinaren irudia ageri da: esku batean liburu bat du irekita eta bestean dragoi bat. Tenplu honetako XVI. mendeko kaliza errenazentista bat Donostiako Elizbarrutiko Museoan gordetzen da.

Auzoan Santa Marina Haundia baserria nabarmentzen da, gainerako eraikinen aldean bolumen handia baitu. Oinplano angeluzuzeneko eraikina da, harlangaitzezkoa, eta bi zati bereiziz osatuta dago, bata besteari atxikita. Hiru altuera ditu: beheko solairua, lehen solairua eta teilatupea. Teilatua asimetrikoa da eta bi isurki ditu, etxea luzetara zeharkatzen duen hormapikoan batzen direnak. Ermitatik hurbilen geratzen den aldean, arku konopialez errematatutako leiho bikiak eta ojiba-arkudun ate bat irekitzen dira: XVI. mendeko lehen laurdenekoak eta erdialdekoak dira, eta erakusten digute zati hori landa-jauregi baten hondakinak izan daitezkeela. Beste aldea, ordea, XVI. mendeko ezaugarriak dituen baserri bat da, fatxada nagusiko egurrezko bilbadura, adibidez. Eraikinaren gainerako zatia, aldiz, Aro Modernokoa eta are Aro Garaikidearen bukaerakoa da.

Partekatu

unesco