Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

256. Santa Marina ermita (Asteasu)

2B. ETAPA: HERNANI • BIDANIA

Ermitak: sendaketa-guneak

Kristau eremu osoko ermitek tradizio herrikoiak gordetzen dituzte, inguruan bizi ziren pertsonen pentsamoldea islatzen dutenak. Horietako batzuk Elizak sustatzen eta erregulatzen dituen errito eta liturgietan gauzatzen dira; beste batzuk, berriz, diskurtso katoliko kanonikotik kanpo dagoen esparru batean kokatzen dira. Tradizio horien artean tenpluaren jatorri mitikoari buruzkoak daude; horietako batek dio, adibidez, ermita leku batean eraikitzen hasi eta biharamunean mirariz materialak beste leku batean agertu zirela, Ama Birjinak aukeratutako lekuan, hain zuzen ere.

Horrelako narrazioez gain, ermita gehienen inguruan gordetzen den ezagutza immateriala oso zabala da, eta hein handi batean praktika informalekin lotuta dago. Ez dira isilpean gordetzen, magia zuriaren gaineko permisibitateaz baliatzen direlako, baina gaitzetsiak dira eta jazarpena jasotzetik gertu daude, eduki superstiziosoa izateagatik. Ermiten inguruan askotariko erritoak daude (dela maitasuna edo, gutxienez, ezkontidea lortzeko, dela mota guztietako gaitzak sendatzeko), bai eta mota askotako sinesmenak ere, tenplua inguruko herri edo eskualdeko bizilagunentzako gune terapeutiko bihurtzen dutenak, esaterako.

Fededunek ermitetara jo izan dute haurdun geratzeko eskatzera, erditzeak ondo joan daitezen eskatzera, larruazaleko era guztietako gaixotasunak sendatzera (garatxoak, sarnak, etab.), ahoko eta buruko minak eta abar. Bada garrantzi berezia duen multzo bat, hain zuzen ere patologikoak izan gabe gurasoengan kezka handia eragiten zuten (eta duten) fenomeno jakin batzuentzat erremedioa eskaintzen zuten ermitena (hitz egiten edo ibiltzen berandu hastea, amesgaiztoak, gernua gauez ez kontrolatzea –enuresia–).

Indar ongileen eragina jasotzeko erritoei dagokienez, era askotakoak dira, eta tenplu horietan dauden substantziak (ur bedeinkatua edo lanparetako olioa, adibidez) “kaltea” dagoen organo edo atalean zuzenean aplikatzean oinarritzen dira: digestio-gaitzetarako, sabela; mintzamen berantiarrentzako, mihia; oinez hasten ez diren haurren kasuan, hankak; garatxoen kasuan, garatxoa bera. Getariako San Prudentzion, adibidez, lurraren kontra igurzten den harri batek sortzen duen hautsarekin gurutzearen seinalea egin behar da buruko minik ez izateko.

Beste kasu batzuetan, ordea, prozedurak ez du gaitzarekin zerikusirik: mesedea lortzeko, elementu jakin baten inguruan hainbat buelta eman behar dira (3 zenbakia edo multiploak errepikatzen dira): adreilu batzuk (Oñatiko San Estebanen), aldarea (Arrasateko San Valeron), ermita (Atxarreko San Pedron – Ibarrangeluan –, Geldoko San Bartolomen –Zamudion–, Ereñozarko San Migelen –Ereño– eta abar. Askotan haurra aldarean jarri behar da sendaketak eragina izan dezan, eta beste batzuetan harri berezi batek edo eraikuntzan bertan dagoen zulo batek balio du katalizatzaile gisa.

Asteasuko Santa Marina ermita mota horretako tenplua da, eta honako erritu hau egiten zen bertan: fededunak burua aldarearen azpian dagoen zulo batean sartzen zuen Kredoa errezatzen zuen bitartean, eta amaitzean aitaren egiten zuen. 1924an jasotako tradizioaren arabera, prozedura horrek loaren nahasmenduak uxatzen laguntzen zuen (loezina, adibidez). Gainera, amesgaiztoak zituzten haurrak ere ermitara joaten ziren gaueko beldurrotatik libratzeko. Horretarako, amak haurrekin santuaren irudipean kokatu eta haurren alde eskatzen zuten.

Tenplua

Eliza hau lehen aldiz XVI. mendearen erdialdean aipatzen da, baina eskualdeko zaharrenetakoa dela uste dugu. Muino baten gainean dago, Asteasuko herriaren haranean, Andazarrateko pasabidera igotzen den bidearen ondoan. Kokapena arras estrategikoa du, eta litekeena da lehen aipamen dokumentala baino lehenagoko garaietan zaintza-funtzioren bat betetzea, erlijiosoaz gain.

Eraikinaren egiturari dagokionez, lau angeluko oinplanoa eta bi isurkiko teilatua du, eta sakristia moduko beste atal bat atxiki zitzaion hegoaldean. Burualdean, bi ojiba-leiho txaranbeldu eta bi okulu ditu. Sarrera bakarra du hegoaldean, dobelatua eta erdi-puntuko arkuduna. Kanpaia, herriko bizilagunen heriotza iragartzeko balio izan duena, tenplua oinaldean koroatzen duen kanpai-horma txiki batean kokaturik dago.

Barrualdea, oso soila, bi zatitan banatuta dago erdian ate bat eta harlangaitzezko oinarri bat dituen egurrezko burdin sare batez. Erretaula neogotiko estilokoa da, pinakuluz koroatuta dago eta horma-hobi bakarra du, non Santa Marinaren irudia ageri den.

Partekatu

unesco