Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

234. Santa Luzia eliza (Zanbrana)

7. ETAPA: LA PUEBLA DE ARGANZÓN • BRIÑAS

Zanbrana, fundazio berantiarreko hiribildua

Zanbranaren lehen aipamen dokumentala XI. mendekoa da, Antso Gartzez IV.a Nafarroako erregeak Fortun Sanchez noble nafarrari baratzeak eta larrainak zituen orube batzuk dohaintzan ematen zizkion dokumentua. Erdi Aroan, Zanbrana Berantevillako herrixka bat zen, San Bizenteri eskainitako parrokia zuen, eta gaur egungoa ez den beste toki bat hartzen zuen. Erdi Aroko herrigunea Zanbrana garaikidearen ekialderantz zegoen, Portillarako bidean zegoen La Torre zeritzon gunean. Han dorre bat egon zen (hortik datorkio izena), Mendozatarren leinuarena, eta bere azken hondarrak 1996an desagertu ziren. Gaur egun, ez da geratzen Erdi Aroko Zambrana hartako elementu bakar bat ere.

XVII. mendean aldatu zuten gunea gaur dagoen kokalekura, batez ere Errege Bidearen trazaduraren aldaketak eraginda. Bere kokapen berria merkatari eta bidaiari asko igarotzen ziren bide baten ertzean zegoen, eta hala, Zanbrana berriak bide horrek eragiten zuen jarduera ekonomiko oparoan parte har zezakeen. Lekualdatzeko, Santa Luzia ermita (XVI. mendean herrigunetik hurbil eraikitakoa) herri berriko parrokia-eliza bihurtu zuten. Hala, Araba Errioxarekin eta Nafarroarekin komunikatzen zuten bide garrantzitsuenen komunikazio-korapilo garrantzitsu batean kokatu zen herri berria. Gainera, hiru korronte hidrografiko garrantzitsu elkartzen diren lekutik gertu zegoen: Ebro, Inglares eta Ayuda ibaiak.

XVIII. mendean, Zanbranak oparotasun-aro bat bizi izan zuen, demografiaren gorakada eta bideetako joan-etorrien areagotzea ekarri zuena. Oparotasun hori bere eraikuntzetan ere ikusten da: horietako asko, gaur egun mantentzen direnak, garai horretan eraikiak izan ziren. Horrez gain, mende horretan (1744) Zanbranak errege pribilegioa lortu zuen Filipe V.a Espainiakoaren eskutik, behin betiko hiribildu bihurtuz.

Hiribildu berriarekin bat datorren eliza Errege Bidearen ertzean

Zanbranako Santa Luzia elizaren egungo eraikina XVIII. mendeko tenplu barrokoa da. Gurutze-formako burualdea du, kapera nagusi angeluzuzena, eta ganga barrokoez estalita dago. Fisionomia bitxia du, eta hainbat fasetan eraiki zenez, XVIII. eta XIX. mendeen artean eraikuntzak izandako bilakaera ikus daiteke.

Elizan, lekualdaketaren ondoren eraitsitako San Bizente tenplutik datozen elementu erromanikoak ikus daitezke: batetik, kanpandorreko harlanduak berak, eta bestetik, kanpaiak dauden arkuen apaingarriak (bolaz egindako dekorazioa). Bestalde, eliz atarian dagoen portadako elementu erromanikoak: dekorazio-motiboak, eta horien artean nabarmentzen dira Maiestas Mariae (Birjina haurrarekin, biak mandorlan kokatuak), eta inguruan dituen dobelak, non animalia erreal eta fantastikoak irudikatzen dituen bestiario bat ageri den.

Tenpluaren barruan, erdiko nabeak jatorrizko ermitaren hormak mantentzen ditu. XVII. mendean gangak eta bi kaperak eraiki ziren gainean. Kaperetako batean bataiarria dago. XVIII. mendearen amaieran eliza handitu zuten, eta burualdea eraiki (nabearekin alderatuta oso handia). Gurutzadura ere fase honetan eraiki zuten; rococo estilokoa da, kupula apaintzen duten motiboek (arrokaiak) erakusten duten bezala.

Erretaula nagusia churriguereskoa da eta Santa Luziaren irudia du buru. Bere neurriak txikiak dira burualdeko hormarekin alderatuta, eta beraz, XVIII. mendeko obraren aurreko burualdean jartzeko pentsatua izango zen agian. XIX. mendean absideko espazio huts horiek estaltzeko margoak egin ziren, hain zuzen ere tamainen arteko aldea konpontzeko: gortina handi batzuen irudiak daude antzerki-oihal gisa, eta irekita daudenez, ikuslea atzean ageri den erretaula nagusia ikustera gonbidatzen dute.

Partekatu

unesco