174. Santa Klara komentua (Tolosa)
3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA
Emakumeen komentuak
Antzinako Erregimenean zehar, klero erregularraren eta komentuen ugaritze-prozesu garrantzitsu bat egon zen: erlijio-fundazioen benetako fenomeno bat gertatu zen, garai gorena XVI. mendearen bigarren erdian eta XVII. mendearen hasieran izan zuena. Euskadin, emakumeen komentu-fundazioak gizonezkoenak baino aski ugariagoak izan ziren (73 moja-komentu eta 37 fraide-komentu). Elite sozialaren leinuek, zalantzarik gabe, hedapen horretan lagundu zuten, fundazio ugari eragin baitzituzten. Ekimen horiek helburu bikoitza zuten: espirituala, mundu honetan ekintza on bat eginez heriotza ondoko bizitza ziurtatzea; eta lurtarra, leinuari ikusgarritasun handiagoa ematea eta gizarte-nagusitasuna erakustea.
Familien estrategia bat izateaz gain, emakumeen komentuak andre askorentzat irteera-bide izan ziren garai hartan. Antzinako Erregimeneko gizartean, lau izan zitezkeen emakume baten egoerak: dontzeila, ezkondua, alarguna edo moja. Emakumearen ezkongabetasuna ez zegoen ondo ikusita, baina gainera, oso zaila zen bizirautea, gizarteko rolak zurrunak baitziren: kide bakoitzak bete beharreko zeregina zuen, eta oso zaila zen hortik ateratzea. Abitu-hartzeak ezkonduaren antzeko estatusa ematen zien emakumeei, ezkongabe egoeratik salbatu eta beren kastitatea babesten baitzuen, izan ere, dontzeilen birjintasun eta ospe onak ohorea ematen zion leinuari.
Komentu batean sartzeko, moja-saria ordaindu behar zen, ezkonsaria baino askoz txikiagoa, eta irtenbide bat zen alaba guztiak ezkondu ezin zituzten familientzat. Hala ere, familia guztiek ezin zuten ordaindu. Horregatik, komentu asko tokiko hierarkietako emakumez osatutako erakunde bihurtu ziren, eta goi mailako emakumeentzako bizilekuen itxura hartu zuten.
Ez dugu ahaztu behar, ordea, erlijiotasunak oso eragin sakona zuen gizarte batean, abitu-hartze guztiak ez zirela familia-estrategia baten ondorio, emakume asko erlijio-konbikzioagatik sartzen baitziren komentuan, baina betiere ezkonsaria ordaindu ondoren.
Santa Klara klausurako komentua
1612an, Miguel Perez Mendiolakoa eta Iturritzakoa, eta Magdalena Huaene senar-emazteek Tolosako herrian klaratarren komentu bat sortzeko 10.000 dukat eman zituzten, eta fundatzailearen dorretxean bertan ezarri zen, Iturritzako dorrean. 1666an egungo kokalekura lekualdatu zen, harresiz kanpo eraiki zen komentu berri batera, Oria ibaiaren beste aldean, Nafarroako zubiaren ondoan.
Komentuak lotuta dauden bi zati ditu: komentu-instalazioak eta tenplua. Multzoaren albo bat eta atzeko aldea horma batez inguraturik daude, non lorategia eta baratzea gordetzen diren.
Komentuko aldearen erdigunea arkupedun patio bat da, eta horren inguruan gelak antolatzen dira. Hiru altuera ditu: beheko solairua harlangaitzezkoa da, lehen solairua zuriz luzituta dago, eta, hirugarrena, tradizio mudejarreko adreiluz egina. Goiko bi altueretan, egurrezko ate-zangoak dituzten bao angeluzuzen txikiak irekitzen dira.
Elizak gurutze latindarreko oinplanoa du, luneta-gangaz estalitako hiru ataletan banatutako nabea, eta gurutzaduran kupula bat. Nagusiki harlangaitzez egina dago, zati batzuetan harlanduarekin konbinatuz, baina hormak luzituta eta modu aberatsean apainduta daude. Barrualdean, XVIII. mendearen erdialdeko erretaula nagusi barrokoa nabarmentzen da, Ignacio Ibero XVIII. mendeko arkitekto gipuzkoar garrantzitsuak egina. Fatxada kareharrizko harlanduz egina dago eta erdi-puntuko hiru arku dituen eliz ataria du. Arkupe horren gainean, Santa Klararen irudia duen horma-hobi bat ageri da.