145. Santa Elena baseliza eta iturria (Irun)
1. ETAPA: IRUN • HERNANI
Jatorri paganotik kristau bihurtzera
Duela 2000 urte, gaur egungo Irunen Oiasso erromatar civitasa sortu zen, Bidasoa ibaiaren ertzean eta Txingudi badiari begira. Garairik oparoena K.o. II. mendean izan zuen, batez ere Aiako Harriko meategien barrutia (zilarra eta beruna ustiatzen ziren batez ere) kudeatzeko gune gisa. Arkeologiari esker kokagune horretako hainbat elementu argitara atera ditu: termak, portuko, etxebizitzetako eta merkataritza-lokaletako azpiegiturak, biltegiak, ekoizpen-instalazioak eta abar, erakusten digutenak Oiasso asentamendu garrantzitsua izan zela eskualde horretan.
Oiassori dagokion ebidentzia arkeologiko azpimarragarrienetako bat Ama Xantalen ermitan aurkitutakoa izan da: zoruaren azpian erromatar garaiko errauste-nekropoli baten aztarnak (Gipuzkoako lehena) daude, ohitura erromatartuak zituen gizarte baten erakusgarri. Halako hilerriak tradizionalki hirien kanpoaldean eta komunikabide nagusien ertzean kokatu ohi zirela badakigu, beraz, inguru hori aspaldi-aspalditik izan da igarobidea.
Aurkitutako aztarnen artean azpimarratzekoa da I. mendeko in antis mausoleo bat (hilobi-eraikin txiki bat da, portikoa eta haren sarreran bi zutabe dituena) eta tokiko zeramikazko 106 kutxa. Horrez gain, garaiko material ugari aurkitu zuten: beirazko aleak, fibulak, ukendu-ontziak, txanponak, tresnak, etab.
Erromatar garaiaren ondoren, zehaztea lortu ez den une batean (Goi Erdi Aroan izan zela uste dute ikerlariek), mausoleoa berritu, tenplu kristau bilakatu, eta aldare bat jarri zuten. Litekeena da Estebenea errekaren etengabeko uholdeek tenpluaren eraikina arriskuan jartzea, eta horregatik, Erdi Aroaren amaieran (1500 aldera) berreraiki eta handitzea, eraikina errekaren mailatik goratzeko. Aro Modernoan zehar berriro berritu zuten.
Gaur egungo eraikinak oinplano angeluzuzena du, lau isuriko teilatua, nabe bakarra eta ekialderanzko norabidea. Harlanduz egina egon arren oso itxura sinplea du. Nabarmentzekoa da ate nagusia, isabeldar estiloko molduradun arkua duena. Aipagarria da, halaber,fatxadako kanpai-horma, kanpai bakarrekoa eta gurutze batez burutua.
Laburbilduz, hogei mendez kultu erlijiosorako gune izan den kokaleku baten aurrean gaude. Tenplu barruan Santa Elenaren irudia nabarmentzen da; izan ere, herriak Ama Xantalen esaten dio, baina Xantalen hitza gaztelaniazko Santa Elena hitzen euskal forma laburtua da.
Ama Xantalen iturria
Kokaleku berean eta ermitatik metro gutxira, multzo horretako beste elementua aurkitzen da: Ama Xantalen iturria. Done Jakue bidearekin oso lotuta dago, Korrokoitz zubiaren parean baitago, hain zuzen ere Behobiako ibira zeraman bidearen ertzean.
Harlanduz eginda dago, kanoi-ganga du estalki gisa barrualdean, eta XVIII. mendeko fatxada barrokoa kanpoaldean. Kanoi-gangaren gainean, fatxadan, Santa Elenaren irudia dago horma-hobi batean, buruan koroa eta eskuan martirioaren ikur den palma dituela.