159. Santa Barbarako gotorlekua eta ermita (Hernani)
2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA
Santa Barbara muinoaren gaina
Santa Barbara garaiera handiko mendia ez izan arren, gailurra itsas mailatik 249 metrora dagoenez, talaia natural garrantzitsua izan da eta da, inguruko lurralde osoaren ikusmen-eremu zabala eskaintzen duena: Galarreta, Oriamendi, Urumearen bailara, Urnieta eta Andoain kontrolatzen dira handik. Santa Barbara mendiak harreman estua izan du historian zehar Hernaniko biztanleekin, bere oinetan eta bere babesean garatu baita herrigune hori.
Mendiak goialdean dagoen ermitari zor dio izena. Ermita XVI. mendetik aurrera dokumentaturik dago, eta sortu zenetik kontzeju-patronatua izan zuen, hau da, Hernaniko hiribildua arduratzen zen hura kudeatzeaz (mantentze-lanak, egin beharreko obrei buruzko erabakiak hartzea, maiordomoaren eta seroraren izendapenak egitea, etab.). Gaur egunera iritsi den ermita, hala ere, ez da hasierako tenplua, 1955ean erabaki baitzen mendiaren goialdean gaur egun duen tokira eramatea. Jatorrizko ermita gaur egun baserri-jatetxe bat dagoen tokian zegoen. Jatorrizko tenplutik kontserbatzen diren elementu bakarrak honako hauek dira: baserriko atea, erdi-puntuko arku dobelatu batez osatua, eta eraikin barruko horma-hobi batzuk.
Ermita mendiaren tontorrean berreraikia izan zen XX. mendearen erdialdean, Frankismoko erakundeek gorespen katolikoak bultzatzen zituzten garaian. Hala, garai horretan monumentu erlijioso ugari eraiki ziren, hala nola Santa Barbarakoa (berria) edo euskal mendi asko koroatzen dituzten hormigoizko gurutze handiak.
Gaur egun, gotorleku baten hondarren artean dago ermita, eta ondare multzo garaikidea da. Bere kokapen bikainaren eta Santa Barbara mendiak lurraldearen gainean duen ikusmen-kontrol handiaren ondorioz, ez da harritzekoa Santa Barbara mendia helburu militarrerako baliatu izana. Hala, XVII. mendearen amaieran muinoaren gaina gotortzeko aukera planteatu zuten (hala dio 1697ko dokumentu batek), baina azkenik Iraultza Liberalaren testuinguruan gertatu zen, XVIII. mendearen amaieran, 1793an Gipuzkoako Foru Aldundiak muinoa gotortzeko eskatu baitzion Hernaniko Udalari. Gotorlekua eraiki zenetik, behin baino gehiagotan erabili eta berreraiki zen hainbat gerratan, 150 urtetan lau borroka militarren eszenatoki izan baitzen: Konbentzioko Gerra (1793-1795), Lehen eta Hirugarren Karlistaldiak (1833-1840 eta 1872-1876; nagusiki haiei zor die gaur egungo itxura), eta Gerra Zibila (1936-1939).
Santa Barbarako gotorlekua eta ermitaren multzoa
Gotorlekua 1874an berreraiki zen azkenekoz, eta Lehen Karlistaldian eman zitzaion fisionomia mantendu zuen. Santa Barbara mendiaren ekialdeko gailurraren irtengune batean kokaturik dago, eta pasabide baten bidez mendebalderantz hedatzen da, mendiaren punturik gorenera, ermita dagoen lekurantz. Gotorlekuak oinplano poligonala eta harlangaitz-fabrikazko hormak ditu; hiru kuboz osatuta dago, eta almenak eta gezileihoak dituen dorre bat du. Bi sarrera ditu, bata iparraldean eta bigarrena hegoaldean. Barruan eraikuntza batzuk daude, horietako batzuk hormei itsatsita daudela.
Goiko aldera igotzen den pasabidea zeharkatu eta harmailadi txiki batetik gora, ermitara iristen da. Herriko bizilagunek auzolanean eraiki zuten, eta Udalak, Hernani Kirol Elkartearekin batera, laguntza materiala eman zien. Tenpluak oinplano zirkularra du, eta Gipuzkoan mota horretako beste ermita bat dago soilik, Errezilgo San Isidro. Estalki konikoa du, eta sarreran burdin hesi batez itxita dagoen erdi-puntuko arku bat. Sarrerako arkuaren gainean, kanpai-horma luze bat altxatzen da, lau isuriko teilatu txiki baten azpian kanpai bat duena. Tenplua gurutze batez burutzen da. Barrualdean, Santa Barbara eta San Inazioren tailuak daude erdiko aldarean.