179. San Salbador eliza (Legorreta)
3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA
Parrokiaren erakundea Antzinako Erregimenean
Iraultza liberalaren (Frantziar Iraultza) aurreko Elizaren ezaugarrietako bat zen juridikoki eremu zibiletik banandua zegoela, eta teorian, lege eta agintari laikoek ez zutela botererik erakunde erlijiosoen gainean, ezta elizgizon eta erlijiosoen gaineko jurisdikziorik ere. Hortaz, paperaren gainean behinik behin, soilik elizako auzitegiek epaitu zitzaketen kasu jakin batzuk edota eliz hierarkiako kideak.
Praktikan, goi kleroaren eta nobleziaren arteko harremana oso estua zen, eta goi eliz politikako erabakiak errege eta goi erakunde zibilen eraginpean zeuden, nahiz eta elizak arauak jarri etengabe laikoen esku-sartzea eragozteko.
Hala ere, bazen instituzio bat, non beso laikoaren eta eliz besoaren arteko mugak modu ofizialean lausotzen ziren: parrokia. Elizaren erakunderik oinarrizkoena da, eta tokiko komunitatea du oinarri, nekazaria zein hiritarra. Parrokia izenak berak erakundea definitzen duten oinarrizko hiru alderdiak biltzen ditu: fededunen komunitatea, jurisdikzio-lurraldea eta tenplua esan nahi du aldi berean.
Hiru elementuok erakundearekin zerikusia duen ia guztian nahasten dira. Adibidez, 1564an, Baltasar Beroztegik, izen bereko etxearen jaunak eta parrokiako kide ospetsuenetako batek, elizan kokatutako hilobi bat zegokiola eskatzen zuen, eta eskubide hori ukatu nahi zioten. Izan ere, bere etxea tokiko elizaren erreferentziazko lurraldean zegoen, eta beraz, berari eta bere etxeko hildakoei toki bat zegokien tenpluan.
Ikus dezagun beste adibide bat. 1583an, Juan Zabala elizgizonak Legorretako erretoretza nahi zuen, titulu hori ematen zioten Aita Santuaren buldak zituelako. Auzotarrek eta herriko kontzejuak eliz auzitegietara jo zuten izendapen hau ezeztatzeko, komunitateko patronatuko parrokia baitzen, eta beraz, beraiei zegokien elizgizonen izendapena. Hori ohikoa zen Gipuzkoako eliza askotan: eliz kargua beteko zuen elizgizonaren aukeraketa parrokia-elkarteko kideen artean bozkatuz egiten zen. Ez dezagun ahaztu apaizak jasotzen zituen errentak parrokiak bere ardurapean zuen lurraldeko fededunek ordaintzen zituzten hamarrenen bidez ordaintzen zirela. Gainera, komunzki, herriko seme ziren apaizak nahiago izaten zituzten, eta, hala, parrokiaren eta komunitatearen arteko sinbiosia oso sakona zen.
Tokiko komunitatea osatzen zuten laikoek ere parrokien kudeaketan parte hartzen zuten. Jaunen patronatupean zeuden elizetan ere bai, nahiz jaunek hamarrenak kobratzeko, elizgizonak izendatzeko eta tenpluko leku pribilegiatuak okupatzeko ahalmena zuten. Izan ere, eraikina eta parrokiari zegozkion ondasunak elizgizon eta maiordomo laiko bat edo zenbaiten artean administratzen ziren; haiek kontrolatzen zituzten eguneroko diru-sarrerak eta gastuak, baina baita aparteko inbertsio handiak ere (hala nola handitzeak, erretaulen fabrikazioa, etab.). Batzuetan euren arteko ezadostasunak izaten ziren, eta laikoak izan arren eliz justiziaren aurrean konpontzen ziren, Legorretako Migel Egia eta Pedro Auliaren artean 1598an gertatu zen bezala: maiordomo laiko kargurako hautagaiak ziren biak, eta euren jardunaren hainbat alderdiri buruzko eztabaidak izan zituzten.
San Salbador tenplua
Legorretako eliza harlanduxkoz egindako eraikina da, oinplano angeluzuzeneko nabea eta abside oktogonala dituena. Gaur egun ikusten dugun eraikuntza oro har Errenazimentuko berreraikuntzaren emaitza den arren, portada gotiko berantiarra da (elementurik zaharrena), eta kanpandorrearen errematea barrokoa, hareharrizko harlanduz egina.
Barrualdean, gurutze-gangaz estalia, erretaula nagusia eta albokoak nabarmentzen dira: Tolosako tailerreko kide zen Juan Bautista Sagues maisu emankorraren lanak dira eta 1695ean kontratatuak izan ziren. Barroko churrigueresko estiloa dute, eta ezaugarri nagusi gisa, besteak beste, tauletan landare- eta fruta-dekorazio kargatua ageri da. Aldarearen buruan dagoen erretaula elizaren titularrari eskainia dago, Kristo Salbatzaileari, eta bertan dauden sei margoek haren bizitzako eszenak kontatzen dituzte (Deikundea, Adorazioa, Azken Afaria, Atxiloketa, Gurutziltzatzea eta Igokundea). Arkitektura oparo batean kokatuak daude eta beheko pisuko lau koloma salomonikoak nabarmentzen dira.