Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

223. San Prudentzio Basilika (Armentia, Gasteiz)

6. ETAPA: VITORIA-GASTEIZ • LA PUEBLA DE ARGANZÓN

Armentia, gune espirituala

Goi Erdi Aroaz gero Armentia garrantzi handiko gunea izan da. Hein batean bidegurutze batean kokatuta egoteagatik izan da garrantzitsua; izan ere, handik pasatzen zen Ab Asturica Burdigalam erromatar galtzada zaharra, Bordele eta Astorga lotzen zituena. Armentian bide horretako mugarri bat zegoen (Suisaco), eta horrez gain, handik hurbil, Mariturrin, bidaiariei laguntzeko establezimendu bat egon zen I. eta V. mendeen artean. Hurrengo mendeetan ere galtzada erabiltzen jarraitu zuten, eta Santiagoko Bidearen zati bihurtu zen. Bestalde, San Prudentzio, bisigodoen garaiko santua eta lurraldean debozio handia eragin zuena, Armentian jaioa izateak Armentia Arabako gune espiritual garrantzitsuena izatea ekarri zuen.

Gainera, Arabako Elizbarrutiaren gotzain-egoitza izan zen. Elizbarrutiaren lehen aipamena 876 urtekoa da. Uste denez, egoitza antzinako Iruña-Veleia erromatar hirian zegoen jatorrian, eta ondoren Armentiara pasa zen. San Prudentzio tenplu zaharra, beraz, katedrala izan zen 1087. urtera arte, orduan hil baitzen Arabako Gotzaindegiko azken gotzaina, Fortunio. Ondoren, Arabako eliz geografia aldatu egin zen, bertako elizak Calahorrako Elizbarrutira pasa baitziren. Gaur egun ez da geratzen Armentiako gotzain-egoitzako tenpluaren hondarrik.

Ordutik aurrera, Calahorrako Gotzaindegia eta arabarren arteko harremanak oso konplexuak izan ziren eta liskarrak izan zituzten mendetan zehar. Desadostasun nagusia jarraitu beharreko errituari buruzkoa zen: Arabako Elizbarrutiak hispaniar errituari jarraitzen zion, baina Calahorrako Gotzaindegiak erromatar liturgi erritua ezarri nahi zuen, hala eskatzen baitzuen Erromatik bultzatutako erreforma gregoriarrak. Arabarrek erritu hori onar zezaten Calahorrako Gotzaindegiak honako estrategia hau baliatu zuen: bi tenplu erromaniko eraiki zituzten, Estibalizkoa eta Armentiakoa, erreformak proposatzen zuen liturgia berria bertan ezartzeko. Beraz, gaur egunera iritsi den Armentiako tenplua arabarrek erritu berria besarkatu zezaten XII. mendean eraikitakoa da.

San Prudentzio Basilika

Gaur egun Armentiako zelaietan altxatzen den tenplua XII. mendekoa da, antzinako katedrala kolejiata mailara beheratua izan zen garaian eraikia. Gaur egun, San Prudentzio basilika Euskal Herriko tenplu erromaniko garrantzitsuenetako bat da.

Gurutze latindarreko oinplanoa du eta nabe bakarra, ertz-gangaz estalia eta hiru ataletan banatua. Tenplua XII. menden zehar eraiki zen, hiru fase ezberdinetan, hiru tailer ezberdinen eskutik. Elizaren zatirik zaharrena zirkuluerdi-formako absidea da, non hiru leiho irekitzen diren gai sexualeko ikonografiadunak. Ondoren, eta bigarren tailer baten agindupean, gurutzadurako kapitelak egin ziren, landare apaingarriak eta animaliak (errealak eta fantastikoak) erakusten dituztenak, hala nola arranoak, grifoak eta zaldunen eta zentauroen arteko borroka.

Hirugarren tailerreko lanak, kalitate eskultoriko handikoak, gurutzaduran (tetramorfoa) eta eliz atarian daude. Atariko eskulturak tenplu barrutik atera eta atarian birkokatu zituzten, basilika hondamendi egoeratik salbatzeko XVIII. mendean egin ziren berrikuntzetan. Beste erliebe batzuk Estibalizko Santutegira edo Madrilgo Museo Nazionalera eraman ziren. Azpimarratzekoak dira, halaber, animalia fantastikoak, monjeak eta laikoak irudikatzen dituzten kanpoko hagaburutxoak.

Basilikaren inguruan belarra zaindua duten zelaiak dira nagusi, parke zabala osatuz. Zelai horietan ospatzen da apirilaren 28an urtero Arabako patroi San Prudentzioren Erromeria, debozio eta parte hartze handia dituena.

Partekatu

unesco