263. San Migel Goiangeruaren parrokia (Mutiloa)
3B. ETAPA: BIDANIA • ZEGAMA
San Migelen gurtza, Asia Txikitik Goierriraino
San Migelen gurtza Kristandade osoan zehar hedatu zen VIII. mendetik aurrera. Ekialde Hurbiletik Italiako Penintsulara zabaldu zen Erromatar Inperioaren azken mendeetan (K. a. III. mendetik V. mendera) eta, azkenik, VI. mendetik VIII. mendera, ia kontinente osora. Iberiar Penintsulan, San Migelen eliza gehien-gehienak azken mende horietakoak dira, hain zuzen ere Europan eliza asko sortu ziren garaikoak, 700. urtetik aurrera.
Gipuzkoan ez dugu Goiaingeruaren gurtzaren inguruko hain antzinako ebidentziarik, baina geroago oso presentzia handia izan zuen, San Migeli eskainitako 30 tenplu baino gehiago egon baitziren. Horien heren bat Altzagan, Ezkion, Gabirian, Gaintzan, Idiazabalen, Lazkaon, Legazpin, Legorretan, Mutiloan eta Seguran kokatu ziren, hau da, Goierri eskualdean. Litekeena da arrakasta horren arrazoia Aralarko San Migel Excelsis Santutegia (Uharte-Arakil, Nafarroako iparraldean) izatea, eta haren ospearen bidez Gipuzkoako probintziaren hegoaldean San Migelen gurtza zabaltzea.
Parrokia horietako batzuk (Lazkao, Idiazabal eta Mutilokoa, bai eta Ataungoa ere) Lazkaotarren leinuko patronatukoak izan ziren, eta guztiek ezaugarri bera dute: erretauletan San Migel Goiaingeruaren tailua agertzen da, ikonografia ia berdinarekin: gazte baten irudia da, hegoduna, oin batez deabru bat azpiratzen duena; kontrako besoak ezpatari eusten dio eta altxatua dago; piztiari zorigaiztoko kolpea emateko prest dago irudia, besoari bultza egiteko soina biratua duela; beste besoan ezkutu bat du. Erromatarren uniforme legionarioak gogorarazten dituzten arropak dituzte (haien interpretazio fantasiazkoak dira, hala ere): gona, sandalia altuak, luma-gandorrez apaindutako kaskoa, etab.
Gipuzkoan, San Migelen lehen irudia Lazkaoko Santa Ana komentukoa da (1714-1716, egile ezezaguna). Estilo arkaizantea duen arren eta ezkutuaren ordez zetro bat daraman arren, agian Gipuzkoan goiaingeruak izan zuen ikonografia klasikoaren ordezkapena inspiratu zuena izan daiteke. Izan ere, antzina lantza batekin irudikatzen zuten San Migel, jarrera erabat estatikoan. Eredu berria, Goierriko herrietan ikusi dugun modukoa, XVIII. mendeko 40ko hamarkadaren hasieran sartu zen erabat garatua, Luis Salvador Carmona gorteko eskultore ospetsuaren eskutik. Eredu berri hori Oxirondoko (Bergara) Santa Marina parrokiaren albo-erretaula batean ageri da, bai eta Idiazabalgo San Migel parrokian ere. Azken horren kasuan, ia ziurra da egilea Carmona maisua izan zela, eta frogatuta dago irudia Lazkanotarren jauregiko jaun (eta aipatutako tenpluen patroi) izan zen Juan Raimundo Arteagak enkargatu (Madrilen) eta ordaindu zuela.
Lazkao, Ataun eta Mutiloko parrokietako eskulturak askoz ere xumeagoak dira, baina Carmonak garatutako ereduan inspiratuta daude edonola ere. Bitxikeria gisa, Mutiloan San Migelen bi eskultura daude: bata hegoaldeko fatxadako portadaren buruan dago, eta irudi ona izan arren aurrekoak baino soilagoa da (data eta egile ezezagunak). Besteak, erretaula nagusiko horma-hobi nagusian integratuta dagoenak, jantzien garapen eta lasaiera handiagoa du. Francisco Azurmendik zizelkatu zuen 1771 eta 1773 artean, eta nolabaiteko estetika neoklasikoa erakusten du.
Mutiloko parrokia
Eraikinaren gorputz nagusia hareharrizko harlanduz eraiki zen XVI. mendearen amaieran eta XVII. mendearen hasieran, eta XVIII. mendearen erdialdean amaitu zen, dorrea, koruko arkua eta portadak gehitu zitzaizkion garaian (1739-1759). Barrualdean areto-oinplanoko eliza da, izar-gangaz estalia, eta hegoaldeko fatxadako kontrahormen artean irekitzen diren leiho dinteldun eta txaranbelduek argitzen dute (iparraldeko horma, aldiz, itsua da). Erretaula nagusiak eragin neoklasikoa du, nahiz lehenagoko elementuak dituen: abside oktogonalera egokitutako oinplano erdizirkularra eta arkitekturaren plano aldaketak (aurreratuak eta atzeratuak).