189. San Migel eliza (Idiazabal)
3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA
Lazkanotarren kontrolpeko eliza
Behe Erdi Aroan, Euskal Herriko leinu boteretsuenentzat parrokiak tresnak bilakatu ziren: aberastasunak lortzeko, gizartean eragina izateko, eta parrokiako gainerako kideak menpean izateko. Baliabide horiei patronatu esaten zitzaien, eta eskubide batzuk ematen zituzten. Patronaturik ez zuena hura eskuratzeko ahaleginetan aritzen zen, legez edo legez kanpo.
San Migel elizaren kasuan, ez dakigu Lazkanoko jaunek nola bereganatu zuten patronatua. Goierrin, oro har, kontsideratzen da eliztarrekin aldi baterako akordioak eginez lortu zirela patronatuak, eta gero jauntxoek ez zituztela itzuli nahi izan. Bando gerren garaian, seguruenik, ganboatarren erasoen aurrean babesa eskainiko zien oinaztarren buruak herrixketako biztanleei, eta hauek, ordainetan, tenpluaren gaineko nagusitasuna eman (belaunaldi kopuru jakin baterako).
Jaunek ez zituztenean betetzen patronatuak zekartzan betebeharrak, eliztarrek epaitegietara jotzen zuten. Zenbait kasutan presio horrek bi parteek akordio bat lortzea errazten zuen, baina sarritan elizak ez ziren behar bezala zainduak izaten. Hala, 1576an, Idiazabalgo herritarrak kexu ziren, Felipe Lazkanok bere arbasoak emandako hitza jan baitzuen: San Migel parrokiarako herriko apaiz bat aukeratu ordez, kanpokoa hautatu zuen.
Gatazkak gatazka, San Migel eliza kalitate handiz egina dago, eta beraz, patronatua jaunen esku egonagatik, ez zuen ondorio txarrik izan elizaren aberastasun artistikoan.
Balio estetiko handiko tenplua
Idiazabalgo gaur egungo San Migel elizako eraikuntzan hainbat arkitektura-estilo nahasten dira. Lehenik eta behin, tenpluaren oinetan dagoen portada nabarmentzen da, gotikoaren hasierakoa (XIV. mendekoa, ziur asko). Sarrerako baoa ojiba arkuz amaitzen diren arkiboltez inguraturik dago. Atariko teilatupeko baketoiaren arkubarnera arkutxo trilobulatuz apaindurik ageri da. Portadaren ezaugarririk esanguratsuenak arkiboltetako erliebe ilarak dira, dekorazio geometrikoz osatuak (otso-haginak), bai eta astroen sinbolo, elementu antropomorfo (aurpegiak), gurutze, monograma eta abarrez ere.
Ekialdean, gotiko amaieran eraikitako burualde oktogonala nabarmentzen da; gainerakoan, eraikina errenazentista da. Gorputza hiru nabetan antolatzen da, eta erdikoa alboetakoak baino zabalagoa da. Gurutze-ganga zutabe zilindriko sendotan eta albo-paretetan itsatsitako pilastra mehetan eusten da. Tenpluaren oinetan kanpandorre karratua dago, barroko garaian eraikinari atxiki zitzaiona. Tenpluko kanpoko horma guztiak hareharrizko harlanduz eginak dira.
Liturgia-elementuen artean, nabarmentzekoa da bataiarri monolitikoa. Jatorriz Gurutzetako Andre Maria ermitakoa da, ferra-arkutxoz apaindurik dago eta prerromaniko garaikotzat jotzen da. Bestalde, aldare nagusia azpimarratu daiteke, osorik urreztatua, rococo estilokoa, eta 1741 eta 1743 arten Migel Irazustak egina. Hiru kale ditu, eta goialdean laranja laurdeneko kaskaroia, abside oktogonalera egokitzen dena. Erretaularen egiturak erdiko kalea nabarmentzen du, non sagrario monumentala eta San Migelen eskultura diren azpimarragarri. Goiaingeruaren irudia elizaren patroiak enkargatu eta ordaindu zuen, eta ia ziur Luis Salvador Carmona izan zen egilea.